Politikoki ez zuzenak?
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 2000-6-9 eta 2000-6-16
Badira euskal literaturan politikoki hagitz zuzenak izan omen ez diren egileak, hau da, Euskal Herriaren kontra egon zirenen ondoan lerratu omen zirenak; guztiarekin ere, eta euskal idazleak izan diren aldetik, interesekoak direlakoan bagaude, haien lanak bederik ere ezagunagotu beharko genituzkela. «Cara al Sol» ereserkiaren gaineko azken gora-beherak baretu dira azkenekoz, alabaina, Zegamako Juan Telleria ez da euskaltzaleok politikoki zuzentzat joko ez genitzakeenen artean aipa daitekeen bakarra. Telleria honek Falangearen ereserkia ondu zuen 1934ean, erderaz eta euskalduna bazen ere. Pasa den apirilaren bostean Estatuko ordezkari batek bi milioi pezeta ordaindu zuen enkante batean benetakoa ez zen ereserkiaren partiturarengatik, izan ere, benetako partitura Espainiako Editoreen eta Egileen Elkarte Nagusiko bulegoetan baitago. Liburutegi Nazionaleko zuzendari berria den Juaristi jauna jatorrizko partituraren kopia batekin konformatu beharko da, haatik, bere ezpaleko norbaiten testuak eskuratu nahi baditu hona hemen ideia gutxi batzuk.
Antonio Arrue Zarautz (Asteasu, 1903-III-26; Donostia, 1976-XI-17)
Lehenbiziko ikasketak Baztango Lekarotzen egin ostean zuzenbidea Oviedoko Unibertsitatean burutu zuen. Comunión Tradicionalista Vasca alderdiko burua izan zen Gipuzkoan, baita alderdi bereko Batzar Nazionalaren kidea. 36ko gerratea irabazi zutenen ondoan izanki, Gipuzkoako diputadua izan zen Madrilgo Gorteetan. Euskal idazle bezala 1932an hasi zen bere lanak argitaratzen La Constancia izeneko argitalpenean, eta orduz geroz, La Voz de España, Euskera, Euzko Gogoa, El Fuerista, Zeruko Argia, edota Herria argitalpenekin ere kolaboratu zuen. Bere ideiak gora-behera, lan haundia egin zuen euskalgintzaren berpiztean frankismoaren garaian; Euskaltzaindia berrezartzeko euskaltzain oso izendatu zuten 1954ean, eta berari zor zaizkio Egan aldizkari literarioaren agerpena Aingeru Irigarairekin eta Koldo Mitxelenarekin batera zuzendu zuena zein Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegiaren sorrera.
Jose Artetxe Aranburu (Azpeiti, 1906-III-12; Donostia, 1971-IX-23)
Dudarik ez da Artetxe egilerik eztabaidatuenetakoa gertatzen dela egun. Familiaren egoera ekonimo kaxkarra zela bide gazterik-gazte hasi behar izan zuen lanean, ondorean erakutsi zuen erudizioa erabat autodidaktikoa izan zelarik. Gipuzkoako liburutegi probintzialaren liburuzaina zenak izkiriatu zuen gehiena erderaz egin bazuen ere, euskaraz ere zertxobait izkiriatu zigun aldizkari ezberdinetan: Yakintza, Argia, El Día, Egan, Aranzazu,..., eta Zeruko Argia-n astero-astero zutabe bat idazten zuen geroantzean bere seme-alabek honen bilduma liburu batean argitaratzeko saioa egin zuten arren jatorrizko testuak argitaletxeren batean galdu omen ziren. EAJko militantea, Gipuzkoako Buru Batzarreko idazkari izan zen 1934-1935 bitartean; 36ko gerratea hasi zenean Bilbora egin zuen eskapi atzerriratzeko asmoz, baina halako batean, hobe pentsatuz, erreketeen filetan sartu zen, aunitzek oraino barkatu ez diotena, tartean Pako Aristi idazleak. Honek Argia aldizkariaren 1594 zenbakian «Jose de Arteche, traidor» izenburuko kolaborazio gogorra atera zuen non Artetxeren lana mespretxuz baloratzeaz gainera honela zioen hartaz: «Arteche ez zen inoiz Gipuzkoako idazlerik onena izatera iritsi, ez, baizik eta gizatalde frankista, Espainiazale, klasista eta gauzak lehen bezala, hau da, haien eskuetan ongi lotuta mantentzea nahi zuenarentzat idazlerik egokiena, besterik ez (...) Ezetz, ez diogula Artecheri lekurik egin behar, fatxa bat zelako, geure iraganaren alderdirik zantarrena defendatu zuelako, idazle kaskarra zelako».
Eladio Espartza Aginaga (Lesaka, 1888-II-18; Lesaka, 1961-III-23)
Apezgaitegia 1909an largatu ostean, kazetari jardun zuen Madrilgo El Correo Español eta El Pensamiento Navarro egunkari karlistetan. La Voz de Navarra egunkari jeltzalean zuzendari lana bete zuen 1923-1925 bitartean, hau da, Lesakako idakaritza erdietsi zuen arte. Diario de Navarra-n goizian-goizik hasia zen idazten, 1912an hain zuzen, eta 1929z geroz erredaktore burua izendatu zuten, berau izan zelarik, Garcilasoren ondoan, Molaren altxamendurako giroa prestatzen hasi zena. Gerrate ostean Príncipe de Viana aldizkariaren zuzendari egin zuten 1940-1943 bitartean. Erdal idazle ezaguna izan zen, bere lanik gorenena Nere elaberria izan omen zelarik Bartzelona, 1930. Gerra bitartean Arabako gobernadore zibilarena bete zuen, eta frankismo garaian, eta Arruerekin gertatu antzera, Euskaltzaindiaren berregitea errazteko euskaltzain oso izendatu zuten 1941ean, nahiz eta bere bizitza osoan euskarazko lan bakarra tajutu, 1932an, Panpina izenburuko antezlana hain zuzen ere.
Antonio Lizartza
Antonio Lizartza Iribarren Leitzako Frantziskenean jaio zen 1891ko urtarrilaren 17an sendi karlista porrokatu baten altzoan. Belgikako Gembloux hirian ikasi ostean, Iruñera egin zuen Aldundiko mendi-begirale, eta familiaren ideologiari hertsiki atxekiz, gazteri jaimistan eman zuen izena, zerabilen indarkeriarengatik hasiera-hasieratik bere burua ezagutaraztera eman zuela. Honen adibide ezin garbiagoa zera dugu, 1917an gartzelan sartu zutela González Regueral gobernadore zibilaren aurkako eraso batean parte hartu izateagatik.
Errepublikarekin ez oso kontent edo, erreketeen berregintzan buru-belarri sartu zen. Horretarako Italiari buruz joan zen 1934eko martxoan Eskirozko Nikolas Beltzuntze, Zarrakazteluko Arbeloa, Getzeko Jose Sanz Orrio, eta Iruñeko Jose Millaruelo, Paskasio Osakar, Emiliano Larrea eta Jaime del Burgo adiskideekin. Hasierako asmoa erdietsi ez bazuten ere, hau da, Errepublikarekin bukatzeko Mussoliniren laguntza militarra eta ekonomikoa eskuratu ez zuten arren, bai lortu zutela, ordea, errekete-buruak trebatzeko laguntza logistikoa. Hortaz, gerratea iziotu aitzin 8500 errekete karlista inguru bazeuden Nafarroan borrokan sartzeko prest, hauen ordezkaria Lizartza bera zelarik 1934eko irailaren 5etik.
Gerratea iristen ez zen bitartean, erreketeek maniobrak eta erakustaldi militarrak egiten zituzten nonahi, baita ezkertiar eta abertzaleen kontrako erasoak ere. EAJ-ak Iruñean 1935eko ekainaren 29an egin zuen Aberri Egunean, esate baterako, ekintza boikotatzaile ugari prestatu zituzten: Nafarroako bideberrien eta Iruñeko bazterretan orotan Espainiako bandera monarkikoen paratzeak eta margotzeak sonatuena Atxitarte gainan jarri zena dudarik gabe, eta berezi-bereziki amai gabeko mokokaldi eta liskarrak jeltzaleen kontra egun osoan zehar. Lizartza bera, gorago esan bezala, arras ostikozalea genuen. Areson hitzaldi ematetik Leitza aldera zihoan batean bidaideek galdegin zioten eia zer gisa zegoen giro politikoa Leitzan, eta berak hagitz ongi, Baleztenatarrek eta Lizartzatarrek hiri osoa kontrolatzen zutela; huraxe esan eta Leitzan bat-batean sartu ziren. Bide bazterrean zegoen gizatalde baten ondoan igarotzerakoan hauetariko batek Gora Euzkadi!-ka hasi zitzaien, eta Lizartzak aditu huraxe zegoen-zegoenean ezin utziz kotxea geldiarazi, jeitsi eta dinbi-danba guztien kontra ukabilka hasi zen bakarrik geratu arte.
Lizartzak ere garrantzizko lotura izan zen bakoitza bere kasa altxamendua prestatzen ari ziren militarren eta karlisten artean. Nahiz eta Mola generalak altxamendu guztiz militarra defendatzen eta nahikoa ikusten zuen, bere hasierako asmoen gainetik Lizartzak errekete karlistek Espainiako bandera monarkikoaren pean borrokatzeko baimena sinarazi zion, Comunión Tradicionalistak erreketeen matxinada uztailaren 15erako agindu zuelarik. Uztailaren 17an Lizartza Sanjurjorengana joan zen Portugal aldeko Estorilera, baina erregaia hartzeko aitzakiz hegazkinak Burgosko Gamonalen lurra hartu zuela aprobetxatuz, errepublikaren aldeko soldaduek atxilotu eta Madrilgo gartzelan sartu zuten. Giltzapetik 1938ko urtarrilean atera zuten, Irujo ministrariaren eskariz eta falangistek Madrilen gainean eginiko bonbardaketengatik. Nafarroan heroi haundia bailitzan hartu zuten orduan, eta erreketeen koronela izendatu egin zuten. Gerrate ostean Lizartza bere funtzionari lanpostuari eutsi zion berriz ere. Bigarren mundu gerra amaitu berri zenean, berriz, makisaren kontrako gerrila antolatzeko agindua eman zion Rodeznoko konteak Yague generalaren partez. Urte beretsuetan, Lizartza Osasuna futbol taldearen lehendakaria izan zen, 1941-1947 bitartean. Bizitza publikoa jada guztiz abandonatu zuenean, berauk bizitakoak jaso zituen liburu txundigarri batean, Memorias de la conspiración (1931-1936), Iruñeko Gómez argitaletxeak 1953an inprimarazia, eta 1969an laugarren edizioa izan zuena. Antonio Lizartza Iruñean zendu zen 1974eko irailaren 27an.