Irigarai eta Astitzen arteko tira-biraz
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 2000-4-14
Badira 33 urte Príncipe de Viana erakundeak euskaraz karrikaratzen zuen paperaren orriotan Aingeru Irigarairen eta Andres Astitzen artean jazoriko eztabaida baten arrazoiak pausatu zirenetik. A. Apat Etxebarne ezizen ezagunaren atzean bere burua jada ezkutatzen ez zuen Aingeru Irigaraik «Kontzilioa eta kristau irakaspenak» izenburuko kolaborazioa agertarazi zuen 1967ko azaro-abenduko zenbakian. Bertan astero-astero Frantzisko Astitz Arregik ateratzen zuen «Ikasi-mikasi» sailaren funtsa eta asmoa gogor kritikatu zuen Berako medikuak. Bere ustez, fraile pasiotarraren idazkiak euskara jatorrean eginak bazeuden ere, herrietako euskaldun zaharrekiko mespretxuzko jarrera garbia bazerien, eta egilearen azkeneko asmoak zehazki bete beharrean, fedea galtzera eroaten zituen irakurleak tamalez. Hona hemen Irigarairen hitz gogor haiek: «Ikasi-mikasi izenburu daraman ataleko artikulutxoak irakurtzen ditugu maiz. Euskara pollita eta herrikoia derabillala Astiz-Arregui jaunak, gogotik aitortzen dugu. Bainan gure Fedea ahulago sentitzen dugula batzutan, horiek irakur eta, adiarazi beharko dugu ere, damurik. Iduri luke gure inguruko euskaldun arrontak, kaiku batzu direla, Konzilioaren edo Joanes XXIII Aita Sanduaren esanen berririk ez dituztenak. Baina ezta batere hola: umillak eta ixilak izateak ezdu esan nai, adimendu laburreko direla gure herritarrak».
Frantzisko Astitz Arregi, eliz izenez San Frantzisko Xabierrekoaren Andres aita pasiotarra, Goldaratzen sortu zitzaigun 1908ko azaroaren 22an. Bere aita Andres Astitz Oderitz Goldarazko bertsolari sonatua zen; bost seme-alabekin alargundu ostean Arruizko Josefa Arregirekin bigarrenez ezkondu eta beste hamalau seme-alaba izan zituen, haietariko bat gure Frantzisko izan zelarik. Gazte-gazte zela, eta etxean guztiendako tokia ez zelako edo, gauza nabarmena dena ordea, gure Frantzisko Gabiriako pasiotarren komentura joan zen 1919an, eta Arabako Angostako, Coruñako Mellideko zein Bilboko komentuetatik igaro eta gero, Tafallako etxera arribatu zen idazteuna eta zuzenbide kanoniko irakasle; Astitz Arregi Tafallan bertan zendu zen 1986an. Idazle moduan bai erderaz zein euskaraz izkiriatu eta argitaratu zuen; erderaz Redención eta La Cruz aldizkarietan atera zituen kolaborazioez gainera Los grandes interrogantes izenburuko liburua atera zuen Zallan 1952an. Euskaraz, eta Príncipe de Viana-ko «Ikasi-mikasi» sailaz aparte, bere aitaren bertsoak eta ipuinak biltzen dituen liburua apailatu zuen, Goldarazko bertsolariaren kontu eta bertsoak, Príncipe de Viana erakundeak berak 1960an argitara eman zuena. Príncipe de Viana-ko «Ikasi-mikasi» saila funtsean gai erlijiosoak lantzeko erabili zuen, baina ez zuen aukera ere galdu euskararen inguruan pentsatzen zituenak plazaratzeko, eta ohikoan zarabilen euskarari erreparatuz, bateko zein besteko berrikuntza zaleegia ez zela aisa usna daiteke.
Frantzisko Astitzek ez zuen utzi Irigarairen kolaborazioa erantzun gabe, eta «A. Apat Etxebarne'i ku-ku!» izenburupean, 1968ko lehenbiziko zenbakian bereak eta asto zaharrarenak ere esan zizkion Irigarai medikuari: «Zu, Etxebarne jauna, infernuko erlaztiñen zaztakoa eman deezu! Ez duzu beñee aithu Jesukristoen mandatu au: zure anaiak zerbait egin bado zure kontra, edo pekatun baten erori bada, zoaz berarengana eta esaiozu, biek bakarrik zaudetela? Zu ta biek, Príncipe de Viana-n langille bai gea, etziñakin non neon? Zergatik ez deezu itz bat'e esan, olako zalaparta atea baño len? Gauzeat, bakarrik, ekusten da zure idazkai ozpiñezko ortan: ni ezaizela zure santo debotoa. Beste arrazoik ez dezula».
Irigarai ez zitzaion mintzo, ordea, horren zakar eta zantarki. Gauza jakina da belaunaldi hartako idazle laikoek ere sentimendu kristau sutsua zutela, barne-barnean iltzaturik, eta Irigarai ez zen hartaz salbu. Sentimendu kristaua baina modernoa aldi berean, eta lehenagoko lotura hertsi haiekiko aldea hartuz, elizaren berritzean sinisten zuten guztiz gehien. Kexu azaldu zitzaion Irigarai, beraz, «Ikasi-mikasi»-n Astitzek botatakoak garai berrietarako egokiak ez baitziren: «Uste dugu gaur eztirela azaltzea komeni orai 25 urteko misiotan bataio sariaz kontatzen aal ziren irringarriak», eta arrenkiro eskatzen zion aize berriak indartsuago hartzeko: «Eskualdun kristauak, bereziki gazteak eta epelak, ez direla gaur bildurrezko eleketakin biltzen, badakizu. Aldizkari huntan berean «Elizaren itza» deitu atalean artikulistak Konzilioko irakaspen zeatzak ematen oi ditu (...) Irakaspen ok jakitea komeni dela iduri zaigu, goregi badira ere». Halaz guztiz, Astitzek ez zion gomendioa Irigarairi onartu, izan ere, «guregana urbillerazi nai ditiogunai eo guregandik eskadaka bezala dabiltzenai leunkeriz eta amodioz itz ein bear zaiela, konforme!, baño Naparroako gizon eta mutillei ebanjelioak diaguna izkutatu bear diegula? Enao konforme! Bestela, bota ditzagun sura Liburu Santu Guzik, eta akao!». Bistan da sor-mutuen solasa izan zela Irigaraik eta Astitzek elkarrekin eraman zutena.