literaturaren zubitegia

974 idazle / 4.657 idazlan
7.227 esteka / 5.591 kritika / 1.828 aipamen / 5.228 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Ramos Azkarate

 

Hiru zapatari bertsoegile

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-III-3; 2000-III-10

 

        Bai plazan eta bai paperean eginiko lanarengatik, bertsoegile famatua izan zen Ibarrart, alabaina, eta Mendiguren-Izagirre bikoteak esandakoari jarraikiz, «ez da, zoritxarrez, merezi lukeen bezain ezaguna gure artean, haren poesiaren kalitatea kontuan izanik». Betiri edo Piarres Ibarrart Jatsuko Ithurraldian jaio zen 1838.eko otsailaren 13an. Ama ezkongabea izanik, abizena amarengandik jaso zuen, aita zenaren hatzik ere ezagutzen ez delarik. Zazpi urteko soldadugo luzea Montelimar hirian egin ostean etxera itzuli eta zapatari jarri zen. 1867ko azaroaren 19an Marianne Darré lehengusinarekin ezkondu zen, alabaina eta horretarako baimena eskatu ez zuenez hainbat urte iragan behar izan ziren egoera guztiz normaldu zen arte, elizaren barruan behinik-behin. Gazte-gaztetandik jardun zuen Bettirik bertsolari, etxekoen aitzinean lehenbizi eta auzokoentzako gero, bai plazetako oholtzeetan bai tobera-munstra, galarrotsa edota gisa bereko ekitaldietan. Halako batean eta Baigorriko gazteriak deituta, bertan egin zen tobera batean aritu zen koblari; zelatan ezkutuki zebilen Barnetxe erretoreak entzun eta Ibarrarten lanarekin arras gustaturik, elizako koruko kantari, hau da, txantre moduan Baigorrira etortzeko luzatu zion konbitea, Ibarrartek deblauki onartu zuena. Baigorrin berrogeita lau urte eman ostean, Baionan zuen alabarengana joan zitzaigun, eta hantxe urte bi edo emanda 1917ko maiatzaren 5ean zendu zen. Behin Baigorrira eginez gero Ibarrartek ez zuen plazetan harzara kantatu Barnetxe apaizak hala eskaturik, eta Etxahun eta Otsalde bezalako bertsolari ospetsuekin dematu zen bertsoegile herrikoia betiko isildu zitzaigun, geroztik bertsoak paperean pausatzen zituen olerkaria sortu zelarik.

        Ibarrartek olerkiak aurkezteko berebiziko aukera hauta topatu zuen Abbadiek antolatu lore jokoetan. Lehenbizi bertsoak kantatzeko biltoki ezin hobea suertatu zitzaion, eta behin baino gehiagotan saritu zioten bere lana ona; 1869an Saran kantatu zuen Maria Louisa Ossorio bertsolaritsa azkaindarraren aurka eta 1871an Sarako Etxetorekin aritu zen. Ostera, idazle moduan aurkeztu zuen lehenbiziko lana 1869ko «Kantuak Larrungo mendiari» dugu. 1871.ean berriz ere Saran eginiko festetan aurkeztu zuen bere olerki bat, «Soldado ondoa»; hurrengo urtean, ordea, epaimahaikoek ez zuten irabazlerik iragarri, eta Martin Gilbeau medikuak parte hartu zuten olerkariek haien idazkiak egunkarietara igortzeko eskakizunari men eginez, Ibarrartek bere «Gerlako presunier bat» Le Courrier de Bayonne eta L'impartial de bayonne egunerokoetan agertarazi zuen: «Eskal herritto bat da nere sor-lekhua / Gerletara xortetik izan niz deithua / Prussiano etxaiez han preso hartua / Nahi duten lekhura hetaz gidatua / Sei hilabete osoz heien menekua...»; ostera, berc edizioan aurkeztu «Itsu bat» ez zuen argitara eman. 1875.ean «Kantari bat». 1878ko festetan «Xinaurria eta xoria» aurkeztu zuen, eta sariztaturik gertatu ez zenez, 1879an Donostian eginiko festetan arraurkeztu zuen, ohorezko aipamena jaso eta Manterolak bere kantutegian argitara eman zuelarik. Urte berean, Elizondon eginiko lore jokoetan ohorezko aipamena jaso zuen Agustin Etxeberri saratarrarekin batera.

        Ibarrartek ez zuen saririk irabazi 1882ra arte; urte hartan Sarako lore jokoetan bere «Ikhazkina mendian» saritu zioten Larrondoberriren «Alegia» olerkiarekin batera: «Gazterik hasi nuen gogoa alhatzen / Bakezko estatua zein othe zaiteken / Ez bainuen kausitzen egonez herrian / Hortako jarri nintzen ikhazkin mendian...». 1884eko lehiaketan «Uso saretan hatzemana» aurkeztu zuen, lehenbiziko saria balio izan zitzaiona: «Amari eman hitza nuelakotz hautsi / Eskual Herrian nintzen saretara jautsi / Handik hegaldatzea ezin ardietsi / Ihiztari zaharrak nau kaiolan hetsi...». Etxarri-Aranatzen ospatu beharreko baina azken unean Sarara aldatu ziren 1885ekoetan, berriz, «Laborari etxeko alaba»; 1886an Urnietan «Betiri Itsasukoaren balentria»; 1888an Kanbon «Pilatus hiritarra»; Maulen 1890eko irailaren 21 eta 22an egin ziren festetan «Bildots ait'amez gabetua»: «Sorthu nintzen neguko gaurik hotzenean / Aita hil berria zen ni munduratzean / Amaz gabetu nintzen gau hartan berean / Ume zurtza gelditu etxola batean...». Donibane Lohitzunen 1892an ospaturikoetan bigarren saria eskuratu zuen «Itsua eta sastrea» lanarekin: «Eskualdun bat zen itsu eta bertsulari / Atez ate zabilan iloba gidari / Soineko eta diru, janari eta edari / Nasaiki biltzen zuten bertsu eman sari...». Ustaritzen 1893ko ospakizunetan lehenbiziko saria eman zioten bere «Artzaintsa gazte baten bozkarioak» lanarengatik: «Zelhaietarik ikusten duzu gure etxea mendian / Eta gorago etxola hura harroka baten aldean / Mendi kaskoan andre gazte bat arthaldearen erdian / Ni nago hemen ardien zaintzen nere kilau gerrian / Egon ditezen ene aitamak bakotxa bere lanean...». Hazparnen 1894ean eginikoetan ohorezko aipamena jaso zuen «Mutil zahar bat bere mahastian» olerkiak «Aitak eman zerautan zerurat joaitean / Enetzat mahastia hartzeko lanean / Arta nezala / Aitak bezala / Haintzur eta jorra / Laguntzat hor nuela, sotoko oporra...», eta urte berean Donibane-Lohitzunen eginikoetan bigarren ohorezko aipamena jaso zuen bere «Eskuara, eskualdunak eta heyen loriak» lanarengatik: «Gizon eskualdun zahar ohoragarriak / Biloa xuri bezain kolore gorriak / Hitz ederrak mihian arrai arpegiak / Agur derautzuegu oi gure loriak...». Beran 1895ean «Madalen Sarako Martira». Kanbon 1896ko abuztuan ospatu lore jokoetan lehenbiziko sariaren 50 libera eman zizkioten «Aitatxi baten solasak bere ilobaso xumeari» lanari esker: «Ikusten dugu gizon bat aitasotu denean / Etxaintzinean jarririk alki baten gainean / Bere haurrak ezarririk bizi molde onean / Ilobaso xume bati dagola solasean». Ezpeletan 1895eko irailaren 24an eginikoetan hirugarren saria eskuratu zuen «Aita zuurra eta irur semeak» lanarekin. Ibarrarten hemezortzi koblak Piarres Lafittek eman zituen argitara 1948ko Herria aldizkarian.

 

        2. Agustin Etxeberri zapatari eta olerkari saratarra bereziki ezaguna gertatu zen Abbadiek antolatu Lore Jokoei esker, izan ere, plazan kantatzen zuen bertsolaria ez baitzen. Estraineko lana Urruñan 1858an egin ziren festetan aurkeztu zuen «Frantzia eta Enperadore» izenburupean, eta aipamen berezia jaso zuen honekin: «Ahuspeka hadi, oi frantses gerlaria / Jainkoak eman deraut bitoria / Argitu Krimeko iguzkia / Hire oinetan ezarri du Rusia / Eskuan du garhaizia / Bihur zok esker bat handia / Hire banderak harritzen dik mundu guzia / Orotaz miretsia / Agertzen da nola zeruko argia / Ihes harama etsaia / Gure armadak iduri hedoia / Ai haren kuraia / Iragan ditu itsasoa, mendiz, zelhaia / Ikharan eman lurraren erdia / Kanta dezagun, Biba Frantzia!».

        Saran 1866an ospatu Lore Jokoetara bost olerki aurkeztu zituen, «Kirliska eta xinaurria», «Urguiluaz», «Pobria», «Gizon gazte eskualduna» eta «Andderen xakhurra», baina azken hau baizik ez zioten sariztatu ohorezko aipamen batekin: «Adin gaztetik anddere xakhur bat zen / Etxeko andre on batekin egoten / Bere graziez zion plazer egiten / Tratu ederrez zuen bethi ohoratzen / Haren parerik kausitzea pena zen». Sarako 1868ko Lore Jokuetara «Etxeko andrea» eta «Haurra hobi hegian» igorri zituen, eta bigarren hau epaimahaikide guztien gustokoa izan bazen ere, forman akatsak zituelako ez zioten saritu. Hurrengo urtean, berriz, lehenbiziko saria eskuratu zuen bere «Hiltzera doan haur baten ahuenak», nahiz Vinsonen aburuz askozaz ere hobea zen Ezpeletako Gibertek onduriko «Andregeia»: «Zeruan ote nintzen ala ametsetan? / Haur eder hek zer ziren ene aitzinean? / Xuriz guziak bezti guziak xingola / Gan behar eta banintz hek diren bezala».

        Jarraitu zuen Etxeberrik sariketetara olerkiak bidaltzen, alabaina beti ez zioten saritu: 1872koa da «Amaizuna»; 1874ekoa «Kattalin-xume», eta 1878koa «Larrungo mendia» eta «Hartza eta kakamarloa». Esan 1874eko sariketa arras polemikoa gertatu zen; Gilbeau medikuaren hitzetan Etxeberriren lana hoberena zen, ordea, ezezaguna erabat agitzen zen epaimahaiak M.A.E. akrostikoaren azpian izkutatzen zen bizkaitar baten «Jaungoikoa ta erriya» olerkia izendatu zuen garaile. Donostian 1880an «Txorien besta» eta ber urtean Beran egin zirenetan, berriz, bigarren saria eskuratu zuen «Deserturra» lanarekin: «Biziaren primaderan armetara joaitea / Zorigaitzik dorpheena zitzautan jasaitea / Desertatuz uste nuen hobeki izaitea / Pentsamendu zoroa hik egin naukan kaltea». Urte berean Mauleko ospakizunetan aipamen berezia egin zioten bere «Arotxaren khantuarentzat» olerkiari, baina 1885eko festetan, «Maria alegiazkoa» olerkia aurkeztu zuenean, lanen maila apala zela eta ez zen saririk banatu, Etxeberriren lana Duvoisini bereziki nazkagarria iruditu zitzaiola. Urnietako 1886ko festetan aurkeztu zuen bere azken lana, «Laboraria eta haren semeak». Hitz lauz ere zer edo zer idatzi zuen Etxeberrik, esaterako 1876ko Lore Jokoetan aurkeztu zuen «Laminak» izenburuko ipuina, berriki Xabier Kaltzakortak argitara eman duena. Agustin Etxeberria 1890ean zendu zen Saran, Schuchardten beraren euskara irakaslea izan eta ondorengo euskal belaunaldiei hamaika olerki lan opari eman ostean.

 

        3. Ramos Azkarate Otaegi Tolosan jaio zen 1847ko martxoaren 28an eta hantxe zendu zen 1904eko maiatzaren 26an. Zapataria lanbidez, liberala izan zen lehenbizi eta karlista geroago, orduko eskaintza politikoetan gehiegi sinisten ez zuelako seinale. Aparteko bertsolaria izan genuen, antzerkigile eta kazetari txikia, eta Tolosako bizitza publikoan guztiz sartuta berebiziko eragile kulturala gertatu zen. Kantatu zituen bertsorik ezagunenak zein orduko zenbait argitalpenetan atera zirenak (Euskal Erria, Ibaizabal, Euskalerria, Baserritarra...) Antonio Zabalak bildu eta argitara eman zituen Auspoa bildumaren zazpigarren alekian, tartean «Galtzaundi» famatua dagoela: «Neri deritzait Galtzaundi / Apellidua det Goñi / Aldasoro izen goitiya / Deitzen dirate neroni / Iltzerikan ez nuben / Lenago pensatzen / Bañan oraingotikan / Ez naiz eskapatzen / Testamentu egitera / Nua ni lenbailen / Nere parientiak / Lasatu ditezen».

        Bi izan ziren Azkaratek izkiriatu zituen antzezlanak, biak Tolosan 1885ean taularatuta, Beotibarko jazarra eta Ijituen kontratuba eta ezkontza. Bigarren honekin ez bide ziren gehixegi laketu ijito tolosarrak, eta gogotik egurtu zuten Azkarate koitadua haiekin berriz ere sar ez zedin. Bestalde idazteaz aparte paperen bat ere jokatu zuen, esaterako Soroaren Alkate berriya antzezpenean 1895.ean. Kazetetan eginiko lana El Correo de Guipúzcoa eta bereziki El Cantabro egunkarietan azaldu zen, komunzki gai politikoak jorragai, eta behin baino gehiagotan idatzitakoaren eite satirikoak epailearen aurrera eraman zuen, honen lekuko 1897an Tolosan erretore zegoen Patrizio Orkaiztegirekin izaniko ika-mika.

 

Bilaketa