Baztango euskal idazleen berri laburra
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 2000-1-21; 2000-1-28; 2000-2-4; 2000-2-11; 2000-2-18; 2000-2-25
Nafarroako udalerri euskaldun haundiena izanik ere, gutxisko dira Baztanek euskal literaturari eman dizkion izenak; alabaina, eman dizkion gutxi horiek nahikoa oharkabean igaro zaizkigu gehienetan, eta Izeta oparo zein Salaburu euskaltzain ezagunez aparte, inor gutxi oroitzen da beste egile zenbaitez, tartean gora handikoak ere izan bazirelarik.
Mikel Olanok Leitza-Aresoko mintzoa dela eta Nafarroako euskarak Baztangoa baino beste zenbait gehiago badirela bazioskun behiala, eta ezin ukatuzko egia bada ere, zeinek ukatu egin lezake Baztan ballea nafarron berebiziko barruti izpirituala denik? Arrazoi ugari tarteko, oraingoan zerrendatzea arront gauza undatsa litzatekeena, ez da dudarik Baztanek euskal senaren babestoki hauta bilakatu zaigula aspaldidanik, euzko gogoa sutsu eta temati atxekitzen digun Unibertsitate zaharra. Alta, hau guztiarengatik ere, bada beste Baztan bat, oraintxe esan dudanaren kirbina, ez berria ere, Diario de Navarra-ren orrialdeetatik eta egunero erakusten zaiguna, Aizpunen eta pausaleku zein hilobi, navarrismo erratuaren toki hauta eta sakratua, non euskarak balio erromantikoa baizik ez duen, non muga honezkero aberasbidea ez den arren berean tinko dirau sekularenean baino mugago, non Kronos logale batek Tubalekin diharduka kartetan ardandegiko atarian xirimiri geldoak oro malenkoniatsu goibeltzen dueno.
Hau guztiarengatik agian, Nafarroako udalerri euskaldunik haundiena denak, zabaleran bederik ere, beharko lukeen baino ekarpen txikerragoa egin digu euskal letretan, agidanez, eta gune izpiritual batena betetzen duen neurrian, paperean hitza materialki finkatzeari aiher izan zaio neurri haundi batean. Halaz guztiz, ez da dena ermua izan, elkor eta deskoster, eta daukagun ekarria bereziki haundiegia ez bada ere, komunzki dugun zein diguten ezezagutza da gure jarauntsi txikia tamalgarriki oraino are txikiagotzen duena. Honen artezteko, bihoaz harroki gure entziklopedietan ere sarbide beharko luketen Baztango zenbait euskal idazleren izenak, ahantzitako izen gehiagoren aterarazteko xedera biskaturako ere balio dezaketenak, edo beste ezerren ezean, karrika berrien bataiatzeko artamendagarri dituzkegunak.
Nikolas Etxeberria Iturralde (1796-1845, Berroeta)
Juan Nikolas Anbrosio ponte izen luzea abenduaren seian Iruñean ezarri bazioten ere, orduko egoera historiko bereziak bultzaturik izan zen, bada gainontzeko sei anai-arrebak Berroetan jaio baitziren, eta hartan jaioko zen gure Nikolas konbentzio gerratearenak tartean ez izatekotan. Hori izan zen arrazoia, bada, bere gurasoek Berroetako eliz parrokiako bataio liburuan semearen izena ezar zezala erretoreari eskatzeko, eta horrela agertzen zaigu 1796.eko jaiotakoekin batera. Seguroenik ere, Iruñera itzuliko zen eliz ikasketak burutzera, zenbait urte lehentxeago Irigoien Dutari Iruñeko apezpiku arizkundarrak irekiriko San Migelgo apezgaitegira hain zuzen ere, eta behin apeztuz gero, Berroetara arraitzuli zen urte bat lehentxeago zendu Juan Pedro Goienetxe erretorearen postua betetzera bere auzakideek hala eskaturik. Basaburuko hirian zortzi bat urte eman ostean, Elizondora joan zitzaigun 1828.eko maiatzean Santiagoko erretore, non 1845.eko maiatzaren 13an zendu arte izan zen. Hil baino bost hilabete lehentxago Iruñeko San Zerningo erretore aukeratua izan zen ez ahantz Burgoko eliz parrokia honetan apez euskaldunik usu ohi zela, baina argi denez, bizitzaren azken postu honetakoak ezin izan zituen bete ordurako arras eri baitzen.
Zabalkunde ikaragarriko katetxima baten egilea izan zen Nikolas Etxeberria, Christau doctrina Aita Gaspar Astetec erderaz escribitua eta orai escuaraz publicatzen duena, cembait gauza aumentaturic, Baztango Valleco Parroco batec cristau fielen instruccionearen deseyuz, Iruñeko Gadearen baitan estrainekoz 1826.ean ageri zena. Fernando Pérez Ollok 1990.eko Fontes Linguae Vasconum aldizkarian egile eta itzulpen hauei buruz argitaratu zuen artikulu jakingarri baina labur batean beste lau edizioen berri eman zigun, alabaina, eta Pérez Goienari jarraikiz, gutxienez beste zazpiren berri eman badaiteke, guztiak Iruñean agertaraziak, 1852 eta 1895 urte bitartean hauen artean aipagarria da 1889.ekoa, geroago aipatuko dugun Anastasio Etxeberrik eskatuta atera baitzen. Itzulpen trinkoa dugu honakoa, katetximen ohiko usarioaren arabera, 93 orrialdeko liburua, 8ren tamainakoa, orduan probisorea eta bikario nagusia zen Joakin Jabier Uriz Lasagak 1826.eko otsailaren 4ean sinatu baimena eta Jose Jesus eta Mariarena trinitario oinutsaren onespenarekin agertu zena. Alabaina, eta aipatu dugun itzulpenaren meritua ukatu gabe, interesgarriagoak dirateke Nafarroako Artxibategian dagoen Bonaparte fondoak dituen Nikolas Etxeberriaren hiru sermoi, beste arrazoiren artean, itzulpenak ez direlako, eta idazle berroetar honen dohaiak agerikiago erakusten baitizkigute. Hiru sermoiak Elizondon bertan predikatutakoak dira; lehenbiziko biak, San Antonioren egunerako sermoiak dira, 1829.ean eta 1840.ean ogutziak, eta hirugarrena, berriz, San Joseren egunerako, 1841.ean erabilia izan zelarik: «Vicitzea munduan ezda dicha, ez da fortuna, ezbada ongui vicitzen. Entenditzen duzue ongui gucioc, vicitzea munduan ezdela dicha, ezdela fortuna ezbada ongui vicitzen? Guizon aberatsac egiten detzaque gustoac, badu bearduen gucia bere bicia pasatzeco, ezditu esperimentatzen pobrezac berequin dacartzan necesidadeac eta egun tristeac. Zorionecoa deituco dugu orrengatic?».
Anastasio Etxeberri Santxolur (1822-1907, Elizondo)
Elizondon 1822.eko apirilaren 17an jaio izanagatik ere, guraso aetzak zituen Etxeberri honek; aita Garaioakoa zuen, Baztan aldera joaniko maisua, eta ama, aldiz, Orbaitzetakoa. Apeztu ondoren, Lesaka izan zuen lehenbiziko helmuga Etxeberrik, hango benefizidutza bat 1856.ean erdietsita, bertan ziharduten zazpi apezen gazteena geneukalarik. Labur joan zitzaion Bortzirietan, ordea, eta 1858.erako Zugarramurdiko erretore zegoen, 1907.ean hantxe bertan hil bitarteko berrogeita hamar urte luzetan bete zuen lana, 1876-1877 bitartean Olatzagutian nonbait zigortuta eman zuen epe laburra izan ezik. Etxeberri hil ostean, euskal idazlea ere izan zen Blas Aierra Indak hartu zuen Zugarramurdiko elizaren lema, geroago Arakil-Hiriberriko apeza eta Euskal guratsoen argiya eliz liburuaren egilea izanen zena. Jose Maria Satrustegi izan da egile hau deskubritu ziguna, bai bere Euskal testu zaharrak liburu klasikoan, bai berauk kudeatzen duen Fontes Linguae Vasconum aldizkarian 1986, 1987 eta 1997 urteetan agertaraziko artikulu segidan. Etxeberriren zenbait izkribu Orreagan eman zizkioten Nikolas Polit auriztarraren paperekin batera jaso zituen Satrustegik, alabaina Zugarramurdiko eliz artxiboan Etxeberrik ondu prediku bilduma ederra ba omen dago oraindik. Argitaraturiko testuen artean, eta sermoiaren gaia dela eta, Zugarramurdin 1875.ean predikaturiko dantzen inguruko sermoia izan daiteke aipagarrienetakoa: «Cer erranen dugu, orraco berce yosteta eta zubec deitzen ttuzuben liberticione, demoniyuac ez bacarric erri andiyetan baicic oraiñ ttipietan introducittu edo sartu ttuben orietaz? Badaquizube ceñetaz naicen mintzo. Orraco diversio lotsa santuba galduerazten ttuzten orietaz. Orraco yostetaz ceñetan du doncellitac icasten obiago izanen lizaquiyena iracasten ezpalu; icasten baitu, aunitztan, honra, estimaciyua eta castidadia galzeco gaya diren gauzac».
Frantzisko Laphitz Arriada (1832-1905, Arizkun)
Baztango egilerik klasikoenarekin egiten dugu topo oraingoan, horratio ez da beharko lukeen bezain ezaguna, ausaz, sorterria izan zuen Arizkunekin baino Iparraldearekin askozaz ere lotuagoa egon delako. Arizkunen jaiotzearena, baina, ez zen izan txiripa hutsezko kontua, izan ere, bertakoa baitzuen bere ama Maria Josefa Arriada, bestaldetik ere, Aintzialden oraino bizirik dirauen abizena izanki. Edozein modutan ere, eta ezagun denez, Frantxua 1832.eko irailaren 30ean jaio eta gutxira, aitaren herria zen Irisarrira aldatu ziren etxekoak. Gazte zela, Hazparneko eskolan ikasketa klasikoak egin ondoan, apezgaitegian sartu zen, Uztaritzeko txikian lehenbizi eta Baionako nagusian gero, 1857.erako, behin apez eginik, Baigorriko erretore laguntzaile hasteko. Baigorritik Zuberoako Altzaira egin zuen 1866.ean, alabaina, bertan urtebetea doi-doi emanda, San Mixel Garikoitzen betharrandar sartuta, Ameriketara joan zen misiolari. Montevideoko El Cerro auzoan, Paraguayen eta Buenos Airesen ibili ostean, Platako hirian zendu zen 1905.ean; Laphitz garrantzi haundiko pertsona izan zen Hego-Amerikako historia erlijiosoan, eta izan zuen eraginak ongi aztertu gabe badirau. Edozein modutan ere, eta misiolariaren lana gutxiesteko asmorik izan gabe, ez da dudarik Ameriketara joatearekin ber euskal idazle haundiagoa oraino galdu genuela garbiro, areago, itsasoz bestaldera joan aitzineko liburu bakarraren maila ikusita. Laphitzek ondu olerki bakarra ezagutzen da, 1862.eko Urruñako lore jokoetan aurkeztu «Oderik edo Aita Santuaren soldadoa», Elizanburen lan sariztatuaren ostean lehen aipamena jaso zuena, halaz guztiz, 1867.ean Baionako Lamaignèreren alargunarenean inprimatu zen Bi saindu hescualdun bizia, San Inazio Loiolacoarena eta San Francisco Zabierecoarena izenburukoa da Laphitzek eskeini zigun liburu bakarra. Harrez geroz beste hirutan argitaratu da honako liburua; Iparraldeko Otoitzlari aldizkarian agertu zen zatika 1968-1979 urte bitartean, Hordagokoek 1978.ean atera zuten edizio faksimila, eta azkenik, Klasikoak sailari hasiera emateko, Euskal Editoreen Elkartekoek atera zuten 1986.ean Josu Pikabeak atonduta. Aunitz izan dira liburu honen kalitatea nabarmendu dutenak, tartean Mitxelena edota Villasante berak direlarik, eta Mendiguren-Izagirre tandemak institutuetarako buruturiko eskola-antologian damu agertzen zitzaizkigun horren idazle trebeak euskaraz gehiago idatzi ez izanaz. Aurreko denboretan hain erabilia izan den erlijiio gaia, hagiografikoa hain zuzen ere, beste behin ere Laphitzek errepikatu zuen arren, beste estilo batekin egin zigun, kazetari edo biografo moderno baten antzera, deskribapen arinak, narrazio bortitza eta elkarrizketa biziak eginez: «Frantsesek suia hasten dute biharamun goizean, argi urratzean. Bihotzdunenak abiatzen dire murrailer gora. Iñazioren ezpata han khausitzen dute murrailak baino borthitzago. Artilleriak murrailak joiten ditu arrabots ikharagarri batekin. Ez da ikharatzen Iñazio eta bere ezpataz jin guziak garbitzen ditu. Frantses armadako aitzindariek miresten dute hoinbertze kuraie eta holako gerlaria zeren ez den frantsesa deithoratzen dute. Artilleriak noizbait gazteluko murrailla zilhatzen du, harri batek kolpatzen dio Iñaziori ezkerreko zangoa eta bonba batek hausten dio eskuinekoa. Lorioski erortzen da bere lagunen erdian».
Martin Goienetxe (1845, 1847, Elizondo)
Bonaparteren kolaboratzaile sutsua zen Bruno Etxenike urdazubiarrak Elizondoko bere etxetik paper mordoa helarazi zion printzeari 1856.eko irailaren 9an, Euskal Herrira eginiko bidaztietako batean Urruñan jaso zituenak; Etxenikek bilduriko materialen artean, Elizondoko erretorea izaniko Martin Goienetxeren hiru sermoi gutxienez badaude, 1845.ean predikaturiko Sorkunde garbiaren egunerako sermoia, 1847.eko urtarrilaren 17an predikaturiko San Antonioren sermoia, eta 1847.eko abuztuaren 15ean predikaturiko Ama Birginaren jasokundearen egunerako sermoia. Hiru sermoi hauek, Baztango eta Otsagiko euskaran egina dauden egile ezagunik gabeko beste hainbat predikurekin batera Nafarroako Artxibategian dautza, alabaina hauen irakurri ahal izateko ez da hara joan beharrik honezkero argitaraturik baitaude, Rosa Miren Pagola filologoak zuzenduriko taldeak Bonaparteren Ondareko Eskuizkribuak izenburuko bildumak Iparraldeko Goi-Nafarrerari eskeini lehendabiziko liburukian hain zuzen ere. Hiru prediku hauekin batera, gainera, Goienetxek Alonso Rodríguez XVI. mendeko josulagunak idatzi liburutik eginiko itzulpen labur bat badugu, Lección sacada de Rodríguez con algunas pequeñas variaciones y varias omisiones de retazos enteros, 1782.ean Ibarrako Lopez apezak Amikuzeko euskarara egin zuen antzera.
Damaso Etxeberria Iturralde (1834-1886, Elizondo)
Bordelen 1834.eko abenduaren 11an jaio izanagatik ere, zinez elizondoarra genuen. Honen aita Berroetako Martin Luis Etxeberria izan zen, Baztango alkate eta Nafarroako Gerrate-Biltzar Karlistaren kide, Erreniagako borrokan zendu zena; ama, aldiz, Angeles Iturralde Aldekoa, Datue jauretxeko nagusia zen. Bere aita bezala, Damaso Etxeberria ibarreko alkatea izan zen, eta baita Nafarroako Gerrate-Biltzar Karlistaren partaidea ere. Ez zen oso idazle emankorra, alabaina, San Frantzisko Xabierrekoari eginiko bertso batzuen egilea dugu, 1857.eko urriaren 18an Bonaparte printzeak berak Elizondon bertan jaso zituenak. Goienetxeren predikuak bezala, bertso hauek argitaraturik ditugu, eta beraz, ez dago artxibora jo beharrik irakurri ahal izateko. Argitara eman zituen lehenengoa Nikolas Altzola izan zen, 1967.eko Herriaren Lagunen aldizkaritxoan, eta berrikiago ere, jadanik aipatu Pagolaren bilduman ditugu irakurgai: «Nafarroco hume noblea / Catedratico Parisen / Ygnacio duzu seguitzen / Ceruac manic bidea / Itzala munduco fama gucia / Daucazu despreciatua. / O saindu miragarria / Apostolu famatua / Yguzu Javier escua / Artzeco zure vicia».
Damaso Legaz Laurenzena (1838-1902, Arizkun)
Aiko aetza zuen Damaso Legaz Laurenzenak, Aburregeinakoak baitziren Legaztarrak; ama ordea, guztiz baztandarra zuen, Elbetekoa. Baztandar ere zegokiokeen Damasori beraz, Arizkunen sortu baitzen 1838.eko abenduaren 11an. Irakasle partikular batekin latinak etxean ikasi ostean, Iruñeko Donibaneko apezgaitegian sartu zen 1854.ean erdietsi zuen ikasketa beka berezi bati esker, hortik aurrera, eliz karrera ikusgarria burutu zuelarik: apeztea 1863.eko maiatzaren 30ean egin zuen, eta urte bereko urrian Iruñeko elizbarrutiko apezgaitegira pasatu zen filosofia katedratiko moduan; hurrengo urtean, berriz, teologia katedratiko izendatu zuten; 1866.eko azaroaren 5ean apezgaitegi kontziliarraren idazkari eta urte bereko urriaren 23an errektore ordea egin zuten; 1867.ean teologiako doktoretza erdietsi zuen Valentzian; 1869.eko azaroaren 5ean Iruñeko apezgaitegiaren errektore izendatua izan zen, 1902.eko otsailara arte bete izan zuen lana; 1869.ean apezpikutegiko aztertzaile sinodala izan zen; 1883.ean, oposaketan gailendu ostean, kalonje lektoral bilakatu zen, hau da, Iruñeko kabildoaren teologari. Baztan aldera ere lantzean behin hurbildu zen, eta horrela, 1875.ean Elizondoko erretore jardun zuen, alabaina, Iruñean zituen betebehar ugarik ez zion utzi gogozko lanpostu hartan luzaro aritzea. Azkenik esan behar da aukera izan zuela Tarazonako nahiz La Habanako apezpikua izateko, baina Euskal Herrian geratzea hobetsirik, aisa errefuxatu zituen ohore horiek guztiak.
Euskararen nafar unibertso murriztuan berebiziko nortasunez gailendu zitzaigun Damaso Legaz, nahiz egia esan, arras lan gutxi argitaratu zuen. Nafarroako aldundiak deitu euskara katedraduna aukeratzeko epai-mahaikidea izan zen, baita orduko hainbat sariketa literarioetan ere, Euskara elkartekidea sorreratik beretik izan genuen, Campionendako kolaboratzaile aparta izan zelarik. 1891.ean Iruñeko Liburutegi Kristau Propagandistikoaren lehendakari aukeratu zuten, La Avalancha aldizkaria ateratzen zuen erakundea hain zuzen ere, eta Legaz 1902.eko azaroaren 17an hil zenean, orduko sinadura hantuenekin prestaturiko monografiko gotorra atera zen: Julio Altadill, Estanislao Arantzadi, Felix Amorena, Daniel Ziga Maio, Fermin Erize, Eustakio Ilundain, Juan Iturralde Suit, Cancio Mena, Hilario Olazaran, Frantziska Sarasate,..., Joakin Maiak berak requiem-partitura bat igorriz kolaboratu zuen, eta testu hauekin batera, Legazen beraren erdal sermoi bat eskeini zuten.
Legazen euskal lanik ezagunena Asteteren itzulpena izan zen, Cristauaren icasbidea, Aita Gaspar Astetec eguina cein centzatua eta berretua aguertzen da euscarara biurtua Dre. D. Jose Oliver eta Hurtado Iruñeco Obispo chit arguiaren aguindez bere menecoen oitzaraco ondu zuen, Iruñean Jose Lordaren moldiztegian 1880.ean atera zena. Izenpetu gabe agertu arren, gauza jakina izan da itzulpen honen egiletasuna. Urte bereko martxoaren 21ean Iruñeko aldizkari eklesiastikoan itzulpen honen erreseña bibliografikoa agertu zen: «Catecismo del P. Astete traducido al idioma vascongado de orden del señor obispo. Es el más completo de todos los publicados hasta el día, por lo cual se recomienda a los señores párrocos de la montaña procuren propagarlo en sus respectivas feligresías». Perez Goienak ere, bere nafar bibliografian, ez zituen arazo larririk Legazen lana goraki laudatzeko: «Puso en su traducción sumo cuidado; sólo este trabajo basta para acreditarle de excelente conocedor de la lengua euskara por la pureza del lenguaje que en él campea».
Eliz lanak ezezik bestelako testuen itzulketak bazuen tajutu Legazek; ezagunena Campionek bukatu gabe utzi zuen Los últimos navarros alegi historikoaren aldaera izan zen, 1878.eko Euskara aldizkarian «Baztander batec» sinaturik agertu zena; Nafarroako konkistaren azkenengo egunetan giroturik, Baztango juradoak Gaztelaren kontra jo behar zutenentz erabakitzeko bozka egiten ari ziren, eta ezetz, borroka gehiagorik egin behar ez zutela onartu ostean, Zigako Martin Ulibarri honela mintzo zen: «Egun da lembicico aldia Baztandarra izateaz alquetzen naicena. Uste dut mendiec eztali dutela goibeletan bere burua gu ez icusteatic; ez tugu beñere, beñere mancha au garbituco».
Juan Kruz Goienetxe Elorga (1857-1925, Elbete)
Amaiurko erretorea izan zen Juan Kruz Goienetxeri buruzko berria Mariano Izetak eskeini zigun Diario de Navarra-ko Nafar-Izkuntza orrian iazko martxoan ateratako artikulu labur baina jakingarri askoan. Elbeten 1857.ean jaioa, Iruñeko apezgaitegian sartu zen, apeztea 1891.ean egin zuelarik. Lehendabiziko helmuga Luzaide izan zuen, baina Ibañetatik beheitiko herrian urte gutxi eman ostean, sortetxetik hurbilagoko Amaiurrera bidali zuten, non 1925.eko apirilaren 29an zendu arte erretore ihardun zuen. Goienetxeren ezaugarriren bat nabarmendu beharko balitz, horixe da bertako kulturarekiko zuen jarrera baikor eta aktiboa; Amaiurko gaztetxoendako Latin Eskola ireki zuen hiriko apezetxean, eta bestaldetik ere, Nafarroako Monumentu Historikoen Batzordeak Baztanen zuen ordezkaria genuen. Horregatik ere, Batzordeak 1920.ean Amaiurren eraiku zuen oroitarriaren inguruko ekitaldi guztietan parte hartu zuen. Euskararen alde Nafarroan burutu ziren bestelako ekitaldietan ere arras nabarmengarria izan zen Goienetxeren parte hartzea, esate baterako 1908.ean Auzan eta Elizondon, eta 1910.ean Lekunberrin ospatu ziren lore jokoetan, euskarazko predikuak zein hitzaldiak ematen. Euskaltzaindiak 1923.eko irailean Donezteben antolatu zituen Bigarren Euskalegunetako Itzaldietan Martin Azpilkuetari buruzko mintzaldi luzexka ogutzi zuen, hil ostean argitaratu zena; honelaxe eman zion hasmenta artikulu eder honi: «Ludian eginta, omen, jaun zerukoak zorro batean mendi tontorrak artu, eta an emenka oriek emanez, lurbira mendiz apaintzeko lanari abiadura eman zion. Emen utzi zuen mendi bat, an ipiñi zuen bertze bat, aratxago irugarrena; gisa ortan zabilela mendien banabarratzen, etorri zen eskual erriaren aldi, eta ara non, bat edo bertze gure alderdiotan eman bear zituela ta, zorroa laxatzerakoan, an auspeztu eta zaramazkien guziak emen zitzaizkion gelditu. Orra zergatik, bertze asko tokietan mendien bat edo bertze ikusten badira ere bakarrik, emen eskual erriko alde otan, parrastan eta besagainka barraiatuak balira lez, non nai baditugu, elkarri lotuak, mendi tontor, zabal eta ederrak». Honetaz aparte, Goienetxek hainbat lan argitaratzeke utzi zizkigun; gorago aipatu Izetaren artikuluan esaten zaigunaren arabera, bederatzi ipuin idatzi zituen Goienetxek: Artzain lapurra, Doministikun-doministiku, Errege zorria, Euna ta ongarria, Ikazkina ta erioa, Txerri usaina, Urtsuko ermitan, Zeruko berriak eta Landaberroko afaltiarra, eta gainera, bertsoegile naroa izan omen zen.
Bitorio Apeztegia (1923, Amaiur-Irurita)
«Amayurko erri zorionekoan sortua, nere begiak len ikusi dutena izan dira euskal-mendien aunditasuna, zeru zolaren baztergabetasuna, eguzkiaren argia, ilargiaren amets gaia». Honela zioskun Bitorio Apeztegia Amaiurren jaio baina Iruritan hazitako apezgaiak 1923.eko Bigarren Euskalegunetako Itzaldietan, hortaz, aurretikago ekarri dugun Kruz Goienetxeren mintzalagun Doneztebeko ekitaldian. Apez karrera Zaragozan ikasi ostean, Erratzun izan zen erretore denboraldi batez, harik eta Orreagako komentura joan zen arte. Hantxe topatu zuen Altzola Gerediagak Mikelestorenaren liburuaren xerka zebilela. Aingeru Irigarairekin batera Iruritan gizondu, Norbert Tauerrekin posta-truke oparoa mantendu, eta Orreagako bere gelatxoan euskal liburutegi ezin ederrago bazuen ere, ez zuen bere burua idazletzat ematen, eta apezgai zeneko hitzaldia dugu euskaraz argitara eman zuen idazki bakarra, tamalez.
Paskual Bernardino Biguria Ozta 1871-1932, Elizondo)
Euskararen alde zein euskaraz lan eskerga burutu zuten fraide kaputxinotarrek Nafarroan 36.eko gerratearen aurretiko urte itxaropentsuetan. Paskual Bernardino Biguria Ozta kaputxino talde horretako kidea genuen. Bejon deiola horregatik. Elizondon 1871.eko maiatzaren 20an jaioa, apez sekularra egin zen lehenbizi, Lizasoko erretore aritu zelarik; haatik, ez zuen bulta luzez iraun Ultzamako herrian, eta Asiskoaren itzalera bildurik, buruñurdunen jantzi nabarra aukeratu zuen bizi-lege 1901.eko maiatzaren 21an Zangotzan. Orduz geroztik Elizondoko Frantzisko anaia izanen genuen. Hondarribiako eta Donostiako lekaidetxeak izan zituen ohiko bizitoki hautak, 1932.eko uztailaren 4ra arte, ezbehar zozo batek eraginda, giputz hiriburuan etxeko elizaren teilatutik behera zendu zen arte hots. Biguriak euskal literaturaren historiarako hainbat lan utzi zigun. Lehenbizikoa, 568 orrialdeko Kristaua bere pont-elizan: Iruñako Lorenzo Doitsuko Arim-artzai argi Zelayeta-ko Marzelo jaunak bere eliztarrentzat egin eta Elizondoko Prantzisko Aita Kaputsinoak euskeratutako eliz-liburuba, Tolosako Eusebio Lopezen etxean, 1910 eta 1911 urteetan, Errezuko Marzelo Zelaieta Esparzak ondu lanaren itzulpen zuzena. Liburu hasieran itzultzaileak euskaldun kristauari eskeini zion hitz bi dugu Elizondokoak berak sortutako pasarte bakarra: «Eskutan dezun eliz-liburu eder au euskeratuko ote nuban galde egin zidaten. Ezin geyagoraño lanpeturikan nengoan, neretzat gauz oso zailla zan, bereala egin bear zan, alde guztiyetatikan eragozpen-trabak sortzen ziran. Baiñan euskaldunen alde zerbait egin nezakeala gogoratu bezin laster, erantzun nuban: euskeratuko ez det, ba? Pozik alere! Beratikan abiyatuko naiz: ni baiñon euskaldun obeak bazter bakoitzean iru edo lau arkituko dituzu, ni baiñon euskal-zaleagorikan ordea, iñon ez. Gora gure euskera maitagarriya!».
Biguriak argitara eman zuen bigarren idazkia ez zen itzulpen soila, sormeneko Lore usaidun mamitsuak baizik, Tolosako Gipuzko argitaldarian, 1922.ean. Elizondokoak hil berria zen Txomin Agirreri opa zion lana. Eskeintzan lagunak zirela zioskun, eta berari galdetu zion eia bere liburua argitaratzea komenigarria zenentz, izan ere, idazkiok Euskal Esnalekoek antolatu sariketetan aurkezturiko eta ez saritutakoak baitziren. Edozein modutan ere, lan honen bigarren edizioa izan zen, Iruñean 1932.ean agertu zen Loretegi berria hain zuzen. Honen hitzaurrea Azkuek berak egin zuen, eta ezin samurrago agertu zitzaigun euskaltzainburua: «Loretegi berri oni usain ederra dario. Izanak eztu izena gezurtatzen. Gai asko darabiltzki, yakingarri eta onurakorrak gehienak, eta bakoitza ederki azaldu ondoren, amaitzat, irakaspen egoki bat ateratzen du».
Jose Tadeo Biela López (1875-1935, Elizondo)
Idazle hau Elizondoko Dolaetxean jaio zen 1875.ean. Gaztaroa, berriz, Lesakan eman zuen bertako organujolea zen bere osaba Frantzisko Bielarekin. Eliz ikasketak hasi bazituen ere, filosofiako hirugarren ikasturtean geratu zen. Aparteko abeslaria, Iruñeko orfeoiaren tenore bakarlaria izan genuen. Auñamendi entziklopedian beranduko idazle aurkeztu zigun Estornesek, bere lan argitaragabe gehienak galdutzat eman behar direla azpimarratuz. Edozein modutan ere, Bielak izkiriaturiko olerkiren bat edo beste gozatzeko aukera badugu, esate baterako 1927.eko Euskal Esnalea-n agertu zen «Umezumari» izenburukoa.
Jabier Lazkoz Biguria (1887-1965, Elizondo)
Elizondoko Ardandegi etxean 1887.eko abenduaren 3an sortua; lehenbiziko ikasketak Lekarotzen burutu ostean, teologia Comillasen egin zuen 1907-1914 bitartean, 1922.ez geroz Zigako erretorea izan zelarik. Berrogeita urte luzeetan bertan ihardun ondorean, Zigan zendu zen 1965.ean. Bereziki erderaz idatzi zuen Lazkozek, Pregón, El Pensamiento Navarro, La Verdad, eta El Bidasoa aldizkarietan, azken honetan gutxiz gehien. Euskaraz tajutu zituen gehienak, ordea, argitara gabe geratu ziren, ezagutzera eman zituenak oro bertsoak izan zirelarik, bai hiriko elizan herriak kantatutakoak, bai Olerti aldizkarian zein Eusko Olerkiak bilduman Santi Onaindiak argitara eman zituenak: «Goizian goizik, argitu gabe / Bagoazi auzokuak / Aldapa goiti, mendi goyara / Nasiak gazte ta zarrak. / Irazelayan, egun osoan / Negurtzen geren indarrak / Neskatxak, baki, bai ta metatzen / Euskaldun mutil azkarrak».
Paulo Arozena Urrutia (1896-1964, Arraioz)
Arraiotzen 1896.eko otsailaren 23an sortua, kaputxinotarren abaroan sartu zen 1914.ean Arraiozko Artzaia izen berria hartuz. Iruñean 1922.ean apeztu ostean, denbora laburra eman zuen gure artean, 1931-1963 urte bitarte luzean Guam uhartean eta Manilan ibili baitzen misiolari. Euskal Herrira itzuli eta gutxira zendu zen, 1964.eko urtarrilaren 31an, Iruñean. Euskal lanak Irugarrengo Prantziskotarra-n eta Zeruko Argia-n hasi zen argitaratzen, 1922.ez geroz, hitz lauz zein bertsoz, eta «Begi-beltx» ezizenez gutxiz gehien. Ezagunagoa dateke, ordea, hiztegigintzan egin zuen lanarengatik. Euskararen Adiskideek Iruñean 1926.ean antolatu zuten lehiaketaren gaien artean Azkueren hiztegian ez dauden hitzen zerrenda osatzeko proposatzen zuena bazegoen. Ohi zenaren kontrara, gai honen inguruan bost lan aurkeztu ziren, haietariko hoberena Arozenak aurkeztu zuena izan zelarik.
Blas Fagoaga Ariztia (1897-1966, Erratzu)
Erratzuko Etxebeltxan 1897.eko otsailaren 3an jaio zen Blas Fagoaga ezaguna. Eliz ikasketak Iruñean buruturik, bertan apeztu zen 1920.ean. Ez zuen apezgaitegiko giroa segituan largatu, izan ere, 1924.erako bertako liburuzaina eta irakaslea izan baitzen, bere bizitzarik gehiena langintza hartan eman zuelarik. Gaixotu zen batean, Erratzura egin zuen, bertan bi urte eskas bete zituela, 1966.eko ekainaren 22an hil zelarik. Euskaltzale fin eta sutsua, euskara irakasle ihardun zuen bai apezgaitegian bai jabeturik zeukan Nafarroako Aldundiaren euskara Katedratik, euskaltzain urgazlea bageneukan, eta Euskararen Adiskideak taldekidea zen haren sorreratik. (Talde hartan etorki baztandarreko beste apez garrantzitsua ere ibili zitzaigun, Luis Goñi Urrutia, hots, Iruñean jaioa bazen ere, 1869.eko martxoaren 11an hain zuzen ere, euskaldun suharra zena. Luis Goñi hau Zalba, Ziga eta Arizkungo erretore ibili zitzaigun, eta Zeruko Argia-ren aztertzailea genuen, Iruñeko apezpikutegiko pisuzko karguak izan zituelarik).
Guztiarekin ere, gutxi izan da Fagoagak euskaraz izkiriaturik utzi ziguna, eta aunitzez gehiago dira erderaz tajutu zituen lanak, esate baterako «Semblanzas sacerdotales» izenburuaren azpian Juan Lorenzo Irigoien Dutari, Pedro Maria Ilundain Oiaregi, Zipriano Olaso Aranguren eta Joakin Elkano Erro apez nafarren gainean hagitz trebe ondu zituen lau biografiak, genero honetan benetako maisua zela erakusten diguna. Euskaraz burutu zituenen artean, berriz, olerkiak dituzkegu aipagarrien, Euskararen Adiskideek 1933.ean Iruñean antolatu sariketa literarioan 200 pezetako lehenbiziko sariaren irabazlea izan genuelarik. Lexikografian ere «Azkueren iztegi berritu eta osoturako: Joakin Lizarraga Elkanoko apaizaren liburu argitara gabekoetatik ateratako itz sailla» izenburu interesgarriko artikulu mamitsua eman zuen argitara 1959.eko Euskera aldizkarian. Azkenik, eta eskakizun praktikoagoetara moldatu beharrez, euskal katekesietan erabilgarria suertatuko zen Lenbiziko yaunartzerako kristau ikasbidea izenburuko lana prestatu zigun.
Jazinto Sanziñena Ibarrondo (1918-1984, Amaiur)
Amaiurren 1918.ean sortua, apeztu, eta Amaiurren bertan ihardun zigun apez bizitzarik gehiena, jubilatu ostean, 1984.ean Iruñean zendu zitaigularik. Artikuluegile oparoa, Príncipe de Viana aldizkariaren euskarazko gehigarrian idatzi zituen bere kolaborazio ugariak, argitalpen hau sortu zen une beretik gainera. Bertan «Solas ta solas» izenburuko saila, hau da, Mari eta Engraziren arteko solasaldiak, «Zuretzat, neretzat, biontzat» eta «Elizaren itza» sail erlijiosoak, eta bertso aunitz eta aunitz eman zituen argitara, bere izen osoan batzuetan, eta «Ibarrondo» laburtu batekin gehienetan. Txema Larreak apailaturiko Nafarroako euskal idazleak Pamielako bigarren hartan Sanziñenaren hiru testu baditugu irakugai, «Dezakegun neurrian», «Ez hain ongi» eta «Olioa eta gatza», idazle honen ezaugarririk nabarmenenak aisa erakusten dizkigutenak, alegia, herrikoitasuna, euskara xaloa eta erreza, euskal gauzekiko maitasun itzela, eta sentimendu sakona: «Illunabar batez, berze aunitzetan bezala, gizon sailtxo bat bildu zan erriko ardandegi batera. Olakoetan gertatzen dan, danok dakigu. Lagunek laguneri, erran behar aunitz. Ardoa edan, belarra erretzeko, ta belarra erre, ardoa goxokiago iresteko. Ta bizkitartean bakoitzak ongi badator, bere alderdi onak agertu ere bai. Trabeslariak, kantariak, ateraldizaleak, bertsolariak, piztahazten ditu ardo onak bilkura oietan. Ilunabar ortan, ardangelako txoko batean iarrita zeuden bi gizon; adinean sartuak, baña osasunez bizkor biak, beren muxu-gorriarekin ardoak on egiten zabela adieraziz. Ostatuko lagunak ohartzen dira bi oietan, ta alkarri bertsotan ari dituk, goazen, entzun diote. Baña, ixildurik ere, etzuten entzuten ezer, apal-apal ta alkarrentzat ari zirelakoz, ardo-potaxa bakarrik bere entzuletzat autatu balute bezala. Urbildu beharko entzutekotan: Ama maitagarri / Ama osoa! / Mehatze oneko / Urre garbia! / Izazu zeruan / Bizitz gozoa! Nik zuri jarraikiz / ango argia!».
Azken hitz
Eta honenbestez, garaia badelako, Baztango euskal idazleen berri emate honi uzten diogu. Hamalau izan dira aipatu izan ditugunak, eta askoz gehiago ere badira Nafarkariratzeke utzi ditugunak, esate baterako La Voz de Navarra egunkari jeltzalean kolaboratzaile zintzoa zen Nizeto Beltzunegi Mendibe (Erratzu, 1871-1946), Zeruko Argia zein Príncipe de Viana euskal aldizkarietan idazki andana agertu zituen Juan Gortari Ugarte arraioztarra (1975.eko Baztan Bidasoa liburuxkaren egilea), edota Luis Goñi Urrutia. Azken hau Iruñean jaio bazen ere, gurasoak baztandarrak zituen eta euskaldun arronta genuen; apeztu ostean Zigan lehenbizi eta Arizkunen gero izan zen erretore, eta harango artzipreste ere jardun zuen; euskaraz ez zuen gauza haundirik idatzi, baina Zeruko Argia aldizkariaren aztertzaile onbera izan genuen.