Laborarien Abissua: Mongongo Azantza tximistak izkiriaturik utzi albaitari gutuna
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1995-2-17
Baigorri aldeko Mongongo Azantzak, Mongongo Dassança naski prefosta, Tximista goitizenez haboro ezaguniko baxenafarrak, 1692. lorioseko urtean inprimatzera eraman zuen Baionako Lasserre moldiztegian benetan lan inportantea eta txit funtsagarria. Esangabe doa, euskal literaturaren historia santu oroz josirik abia izan dela mendeetan barna, baina hara non eta ixtanpatean noizean behin ere gure Tximistak egin moduko ekaizti tarteak atertzen direla gure oste sakratukoian, eta herri xume bezain botatarendako eskuliburu behar beharrezkoak sortzen direla, gutxi izan ere, aprobazione eta guztiz behar orduan. Irurtzun-Elizondo ardatz komertzial garrantzitsuan mugi diren entrepresa frangoen artean, bada albaitaritza zerbitzuak eskeintzen dituena esaterako. Ez da gauza makala azienden eritasunak sendatzea, batik bat eguneroko ogibidea denean. Zenbat eta zenbat laborarik, bruzelosia edo zeinek dakien bestelako gaitzaren bat dela eta, behien hiltzera beharturik kausitu dituzte hekien buruak, eta kostata irabazitako sos apurrak nola galtzen diren ikus beharrean egondu bai ondikotz! Egungo aferak honezkero kezkatzeko modukoak baldin badira, nolakoak izanen ziren Mongongo Azantzaren garaian. Hartarainokoak ziratekeen ezen Monsieur Gaztanbide medikuak bere onespena eman baitzion gure Tximistari «laborariac balia daitecentçat hango erremedio miragarriez». Bada gure autore umilak Laborarien abissua izeneko hogeitamar liburuxka ttipi agertu baitzituen esan urtean, «ceinetan eracutçico beiteret idien, eta behien, eta ardien eritarçun principalen eçagutça, eta heyer comeni çaizcoten erremedio miragarriac».
Baionan ageri ziren ale gutti horietako kopia bat Maurice Harriet hiztegigile lapurtarrak eskuratu ahal izan zuen, eta beranduxeago Darricarrère kapitainak bere eskuz egindako beste bat hatzeman ere. Hala eta guziz ere, ez dago horren urrutira joan beharra Mongongo Azantzak egindakoa ikusteko, alta 1908. urteko RIEV aldizkarian Daranatz berak ere agertzen baitu Tximistaren lanttoa «Un vétérinaire basque au XVIIe siècle» izenburuaren azpian. Tirada urriko lantto honetan gure Azantzak zenbait erremedio baliagarriak plazaratzen ditu apaltasun haundiz: «idiac eta berce aciendac guicen beçain ungui hanitx eritarçunerat suyetatcen direla eta nola lucieguy bailitaque gucien causaren erraitea, contentatuco naiz choilqui principalenen eracustiaz». Ematen dituen formulak mota guzietakoak ditugu, eta gaitz aunitz sendatzekoak: unadura udaberrian, sabelmina, sarna, usada edo sabeltasuna, idiaren erortzeko mina, pixarik ezin egina, idiak bere natura gogortua duenean, errainetako mina, barrabilak hantuak, begi nigartiak, sugearen ausikien kontrako erremedioak, etabar luzexka bat. Erremedioren bat aplikagarri gerta liteke gizakiendako ere. Bortxatzaile eta mota horretako aharrari pailarda batzuendako aproposa otu zaigu Azantzak dotoreki azaldu zigun honakoxe hau: «natura edo pitchoa gogortua duenian cer eguin behar den: eritarçun hori ghertatçen çayonian azqui duçue malvaviscac egostea burrarequin batean eta gero hartaz maiz phereka idiaren natura eta laster suflaracico dio bere pitchoa». Egia esan, eta txantxak alde batera utzirik, gure idazle baxenafarrak dakartzan errezetak ez dakigu zein neurrian erabilgarriak suerta daitezkeen egun. Bainan euskaraz lehengoz agertzen diren erremedio hauek ez dira niholaz ere autoreak berauk asmaturikoak eta bere garaian punta puntako albaitariek erabiltzen zituztenak ditugu zalantzarik gabe, autore berak aitortzen digun moduan: «segura çaiteste ez direla hemen gauçac nic pentsatuac bainan bai ilkhiac lehenagoco auctor handi eta oraico moderno famatuyetaric».
Egungo aplikazio praktikoak bilatzeko orenean aski erabilgarria suertatzen dateke nonbait sugeen aitziko gure albaitari partikularrak eman zuen erremedioa, are gehiago gogoan hartzen baditugu hainbat eta hainbat lekuetatik atera dakizkigukeen gizasugegorri nardagarriak: «asqui duçue pherecatçia aussiquia den lekhuan olio escorpionaz edo esperen har eçaçue lau untça salboin çahar guero hurt laurden bat minagretan hartaz maiz garbi eçaçue aussiquiac diren lekhuan, gauça bera eguin deçaqueçue mirra arnoarequin hiraquituric». Bestaldetik ere hazkazalak jaten dituenarendako beda beste erremedio xinple bezain praktikoa: «har eçaçue turmentina ezco horia eta estia, bacoitchetic untça bana eta hec elgarequin hurtu direnian asqui duçie pherecatçia». Hagitz interesgarria eta egungoa agitzen da honako pasarte hau ere: «erranen darotçut ez dela mundu huntan aireric edo haxic hartu gabe bicitcen, eta nola aire honac eta garbiac ossasuna conserbatzen baidu, hala gaiztoac ere cassarasten tu eritarçun eta ehriotce dorpheac». Finean, klasiko inportante bat gaurkoan oretu dena, aziendak osasuntsu nola mantendu irakasten diguna, eta arrazoi bakar horrengatik gure hazienda kontseilariak irakurri beharko lukeena. Bihoa hemendik beraz gure gomendiorik preziatuena dagokion kontseilari jaunari.