Solasean
Duela lau urte argitaratu zuen lehen poema liburua, ‘Anemometroa’, eta orduz geroztik bigarrenean aritu da lanean: ‘Tundra’-n.
Igor Estankona (1977, Artea). Joseba Jaka beka eskuratu ostean landutako emaitzarekin dator. Susak kaleratu du.
Aurreko liburuan, eguneroko bizitzako egoerak aurki zitezkeen; honetan, berriz, kontzeptu abstraktuagoak. Zergatik aldaketa hori?
Anemometroa ezagutu duen irakurlea konturatuko da Tundra-n ez dutela lekurik eguneroko gertakari edo lanek. Liburu honetan, nolabait haratago joaten ahalegindu naiz. Horregatik, sentimenduak eta kontzeptu abstraktuagoak sartu ditut, baita kontzeptu zabalagoak ere, gauza txikien gainetik dauden ideiak; adibidez, paisaia, zentzumenen bidez ezagutzen ditugun sentsazioak eta antzekoak.
Joseba Jaka literatur beka jaso zenuen liburu honetarako, baina hasieran aurkeztu zenuen proiektuak eta azken emaitzak izan dituzte aldaketa batzuk. Zer gertatu da prozesu horretan?
Beno, Joseba Jaka literatur sarian parte hartzen dute saiakera eta eleberriek ere, eta horietan errazagoa da hasieratik planteamendu orokorra egitea. Idazleak idazten hasi aurretik erabakitzen du, normalean, zein izango den hasiera, zein korapiloa eta zein bukaera. Hori jakinik, beldur nintzen nire idazteko erak ez ote zuen aurkeztera nindoan proiektua baldintzatuko. Horregatik, planteamendu zabala egitea erabaki nuen. Baina, hala ere, gauza batzuk egiteke geratu dira, eta horietako bat da egiturarena. Egia esan, pozik nago lortu dudanarekin, baina ez zen hori hasierako proiektuan aurkeztu nuena.
Barne egiturarik ba al dago liburu honetan?
Nolabait definitu behar eta, Tundra maldan behera doan erreka bat dela esango nuke. Hala ere, irakurleari lana erraztu nahi izan diot, eta hiru zati egin ditut. Beraz, badu egitura minimo bat, baina ez egituratua dagoela esateko bestekoa.
Aipatu dituzun hiru atal horietan gai jakinei buruzko poemak biltzen dira?
Ez. Atal horiek erabat arbitrarioak dira. Hiru zati banatu ditut arrazoi praktikoengatik eta, lehen esan dudan bezala, irakurleari lana errazteko. Atal bakoitzaren amaierara iristen denean, irakurleak berak erabaki dezake irakurtzen jarraitu nahi duen ala liburua utzi nahi duen.
Poema horiek banaka irakurtzekoak dira ala istorio bat osatzen dute?
Nik beti irakurtzen ditut liburuak lehen orrialdetik azkenera, eta gauza bera egiten dut egunkari edo aldizkariekin. Baina badira liburuak saltoka irakurtzen dituztenak ere. Kasu honetan lasai egon daitezke, nire liburua era guztietara irakurri baitaiteke.
Izenburua ere berezi samarra du zure azken lanak.
Tundra anekdota txiki batetik sortutako izenburua da. Idazteko erabiltzen dudan koaderno horretan banituen hiru edo lau titulu posible. Baina, azkenean, hori geratu zen. Liburuak aurrera egin heinean erabaki nuen zein izango zen izenburua.
Zein dira poema horietan lantzen dituzun gaiak?
Beno, gaiak baino gehiago, zertzeladak direla esango nuke nik. Poemak zabalak dira, eta irakurlearen esku dago zer esaten dudan erabakitzea. Denborari buruzko hausnarketa orokorrak izan daitezke, maitasunari buruz edo, baita hutsuneari buruz ere. Baina gai horiek guztiak nahastu egiten dira; ezinezkoa da poema horiek gai baten inguruan sailkatzea.
Liburua irakurle jakin batentzat idatzi duzu ala edozeinek irakurtzeko poemak dira Tundra-n ageri direnak?
Idazten dudanean, pertsona jakin bati idazten diot. Baina, zorionez, irakurle horrek ez du adin jakinik; emakumea edo gizonezkoa izan daiteke; euskalduna da… Patroi hori da nik jarraitzen dudana. Badakit ez dela irakurle jakin baten deskribapena, baina batzuetan norentzat idazten ari naizen jakiteko balio du.