literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Naiara Garzia
111 Akademia, 2021-03-26
[iturburua]
Kattalin Miner:
«Liburuan etengabeko tentsioa dago zapalduen eta zapaltzaileen artean, nor garen noiz, beti ez baikara berdin»

Kattalin Minerren (Hernani, 1988) bigarren eleberriak (‘Turista klasea’, Susa) kontraesanak ditu ardatz. Itxialdian idatzitako liburu honetan protagonistak Frantziako espetxe batera egiten duen bidaia aprobetxatzen du Minerrek zenbait gai planteatzeko, betiere irakurleari askatasun osoa utziz atera ditzakeen ondorioen inguruan .

Liburu bat ozeano bat da eta liburua idazteko prozesua, bidaia; baina hasieratik argi zeneukan zein izan behar zen gai nagusia?

Bai, azken lan honetan prozesua oso ezberdina eta konkretua izan da, testuinguruarengatik bereziki, itxialdian idatzi bainuen. Hasieran ez neukan ezer idazteko intentziorik, baina gainontzeko lanak bukatu nituen eta bueno… Bestalde, bazen nik ere hor zegoenik ez nekien liburu bat, baina banekien istorio hau kontatu nahi nuela eta espetxera bidaia aprobetxatu nahi nuela beste gai batzuk kontatzeko.

Gai horiek guztiek kontraesana dute ardatz?

Klasea, arraza, generoa, identitatea, zentroa-periferia… horiek denak liburuan daude. Binomio horiek guztiak liburuan azaltzen diren kontraesanak dira.

Nola hasi zinen idazten?

Hasi nintzen idazten pentsatuz gehiago izango zela ipuin luze bat. Oso eskematikoki egin nuen: paper batean denbora marra bat marraztu nuen, bidaia hasi eta bukatzen zena, eta hor tartekatzen joan nintzen zertaz hitz egin nahi nuen, hau da, zer gai aipatu nahi nituen eta zein anekdotaren bitartez. Oso antolatua izan da. Idazten hasi nintzenean bakarrik joan zen, eta konturatu nintzen uste baino barrurago eta argiago neukala liburua.

Lehenengo eleberrian, ‘Nola heldu naiz ni honaino’ izenekoan, krisian dagoen pertsonaia azaldu zenuen.

Bai, lehenengo nobela da krisi bat erakusten duen liburu bat, non norbaitek uste duen dena daukala kontrolpean eta badakiela non dagoen eta aldi berean dena erortzen ari zaion goitik behera. Ez du aurkitzen bere burua zentzu horretan.

Bigarren eleberri honetan pertsonaiak argiago dauka munduan bere lekua zein den?

Ez dakit hori esango nizukeen zehazki. Pertsonaia deskolokatuta dago, beldur handiak ditu, ez dauka irakurketa argirik, baina kontraesan eta leku deseroso asko sentitzen ditu, eta hori surfeatzen du ahal duen bezala. Pertsonaiak berez ez dauka izenik ere, ez dakigu asko berari buruz, ez dakigu zertan egiten duen lan, bere adina… Bisita hori egitea da lortzen duen gauza bakarra; gainera, espetxeko bisita horiek bukatzera doaz. Espetxerako bidaia horretan hartzen du parada pentsatu ahal izateko zer den urte horietan bizitu duena.

Tonuari dagokionez, lehenengo eleberriarekin alderatuz ‘Turista klasea’ garratzagoa dela iruditu zait.

Bai, liburu honetan umorea eta ironia ez dira gehiegi erabili ditudan baliabideak, ez beharbada modu kontziente batean, baina argiago neukan gai batzuei buruz idatzi nahi nuela eta hitz egin nahi nuela gehiago kontraesanen ikuspegitik, ironiatik edo umoretik baino.

Isiltasuna esanguratsua da, eleberri osoan zehar pisu handia dauka.

Leire Lopez editorearekin asko landu dudan gauza bat da: maiz izaten dugu esplikatu behar ez diren gauzak azaltzeko tendentzia, eta zentzu honetan nik gero eta gehiago ikasi dut irakurlearengan konfiantza edukitzen. Bigarren 8 [ GAUR ] Liburuan etengabe tentsioa dago zapalduen eta zapaltzaileen artean, nor garen noiz, beti ez baikara berdin Kattalin Miner eleberri hau, adibidez, ondorioak ateratzeko nobela bat izan daiteke. Ondorio horiek, egoeraz gain, idazleak ematen baditu, tranpa da neurri batean. Nik irakurleari eszena eta egoera batzuk planteatu dizkiot, kontraesan batzuk erakutsi ditzaketenak… eta hor irakurleari lekua utzi diot berak ikus dezan zerbait pentsatu behar duen edo ez, lehenengo, eta hortik ondorioak norberak ateratzeko.

Norbanakoaren inguruan eraikitako eleberria da, baina protagonistak aurkitzen du Parisen berarentzat aberasgarria den lagun taldea: txiletar batzuk, hain zuzen.

Grazia egiten dit txiletarrei jendeak txera handia hartu dielako, baina lagun talde hau klasismoa, arrazakeria eta genero disidentzia izendatzeko modu bat da. Pertsonaia hauek beraien istorio propioa dute, beraien nortasuna, eta leku asko hartu dute, azkenean maitagarri bilakatuz.

Beste nolakotasun horiek lasaiago bizitzeko aukera izan nahi duelako auzoz aldatzen da txiletarretako bat. Hor planteatzen duzu zein izan daitezkeen genero disidenteentzat lekurik seguruenak, ezkertiarra, langilea eta migratzailea izanik.

Bai. Hiria esaten dugunean hiriaren zentroan pentsatzen dugu: Donostiaz ari zarenean ez duzu Bidebietan edo Altzan pentsatzen, Alde Zaharrean, Grosen edo horrelakoetan baizik. Hiriak kosmopolitismoaren zentroa dira eta badirudi zentzu horretan aurrerakoiak izan behar dutela eta hori, hasteko, falazia bat da nire ustez. Gainera, bizigarritasun hori klase sozialari oso lotuta doa. Dena den, azkenean zentro batzuek uzten dizute beste nolakotasun batzuk garatzeko espazio bat, baina tentsioan jarriz: momentu horretan Agustinak erabaki behar du aldirietan bizi eta beldur handia pasako duen bere itxuragatik edo bere klasekoa ez den auzo batera joan eta lasaiago biziko den, nahiz eta hori ere falazia bat izan daitekeen eta biolentzia pila bat egon daitekeen hor.

Zure ustez, beraz, diruak gauzak errazten ditu bai genero disidentea izan, bai beste arraza batekoa izan?

Noski. Klase sozial zehatz baten parte bazara zure barrera sozial asko asko erlaxatzen dira. Dirudunek ez dituzte langile batek adina kontraesan saihestu behar. Diruak, gainera, sozialki erakargarriagoa egiten zaitu.

Kartzelaren inguruko deskribapen batzuk txertatu dituzu, Fleury eta Fresnes-ekoak, esaterako. Momentu batean diozu: “Batzuetan irudi du barruan daramanak hobeto daramala itxialdia kanpoan dagoenak baino”.

Hobeto edo okerrago erlatiboa da. Hasteko, kartzela barruan dagoenak bizitzen du hori guztia, besteak bisitan goaz eta ideia batzuk hartzen ditugu, aurre epaituak. Adibidez, asko errepikatzen duguna da norbait kartzelan dagoenean bere bizitza izoztu egiten dela, eta hori ez da horrela; beste parametro batzuetan bada ere kartzelan dagoenak jendea ezagutzen jarraitzen du, harremanak edukitzen, bizitzen, sortzen…

Literaturak idazle eta irakurle bezala askeago izaten lagundu dizu?

Askatasuna hitz handia iruditzen zait. Nik badakit nola ulertzen dudan literatura, eta idazle zein irakurle bezala aldaketarako tresna moduan ulertzen dut, aldaketa hori dena delakoa izanda ere: soziala, pertsonala, emozionala… gai batekiko gogoeta bat islatuko duena, azken finean. Niri artea horrela gustatzen zait, ez zaizkit gauza naif-ak gustatzen, zer pentsatua emango didana dut gustuko, motibo literario hutsa baino gehiago. Kasu honetan, adibidez, hainbat gai ekarri nahi izan ditut mahai gainera. Sormen prozesuan ere asko balio didan ariketa da irakurle taldean liburua irakurtzea, gero zein gairi buruz idatzi edo nola idatzi pentsatzeko.

Genero disidentziaren inguruko horma bat bota edo hutsune bat bete duzula sentitzen duzu?

Nik badakit nondik hitz egiten dudan eta badakit literatura niretzat zertarako den: beste modu batean hitz egiten ditugun gai batzuk nik literaturaren bidez lantzen ditut, ez bereziki horma bat hausteko asmoz, baizik eta niri gurutzatzen zaizkidan gaiak direlako, interesatzen zaizkidanak eta nik irakurri nahiko nituzkeenak. Eta irakurleari interesatzen bazaio, bingo. Baina ez dut bereziki horma bat bota edo hutsune bat betetzeko intentzioz egiten.

Homosexualitateari dagokionez, gizonezkoek beti izan dute agerikotasun handiagoa literaturan.

Orokorrean gizonek presentzia gehiago eduki duten heinean logikoa da literaturan ere horrela izatea. Hala ere, euskal literatura nahiko pobrea da bai lesbianismoan bai homosexualitatean. Maritxuen inguruan dagoen literatura oso eskasa da. Autoreak ere oso eskasak dira eta gara. Eta oraindik badago nahikoa lan egiteko eta batez ere nahikoa ahots txertatzeko.

Zergatik erabiltzen duzu genero disidentzia terminoa?

Ni eroso sentitzen naiz hitz horrekin. Generoa da gure gizartea antolatu, ordenatu eta mugatzen duen zerbait, denok oso ondo ulertzen duguna; eta disidentzia da arauetatik ateratzen den edozein gorputz. Batzuk aterako dira nahita, beste batzuk aterako dira halabeharrean, baina niretzat hortik atera daitezke genero adierazpena, genero identitatea, aukera sexuala, lehentasun sexualak… hetero arautik kanpo. Termino hori erabiltzen dut niretzat zabalena delako, baina beste edozein ere ondo dago.

 

Bilaketa