Solasean
2020an bere lehenengo poesia liburua argitaratu ondoren, ulermenaren mugetan kokatu ditu Lizar Begoñak (Sopela, Bizkaia, 1997) ‘Gepardo japoniarrak’ (Susa, 2022) bere bigarren liburuko olerkiak. Poemen begirada eta trataera eskultorikoari erreparatuz Begoñak Arte Ederrak ikasi zituela nabarmena da. Botanika eta landareak artifizio zentzuarekin erabili ditu bere bigarren poesia liburuan. Beharbada horregatik, Guillermo de Foucalt artista lagunak egindako azalean adreiluen inguruan hazitako landareak ageri dira.
Liburuaren hasieran Gilles Clément paisajista, lorezain eta idazlearen testu bat txertatu duzu. Zein mezu helarazi nahi izan duzu?
Arte Ederrak ikasten nenbilela aurkitu nuen aipu hori eta eragin handia izan zuen nigan. Gainera, Clémentek dokumental bat dauka lorategi kaotiko baten alde egiten duena, baita liburu bat ere. ‘Hirugarren paisaia’ izena du eta horretan ere lorategi kaotikoa defendatzen du, hau da, belar txarrak eta espezie inbaditzaileak bere horretan uzten ditu. Liburuaren izaeraren antza duenez, sarrera moduan erabiltzea bururatu zitzaidan.
‘Gepardo japoniarrak’ liburu organiko bat dela diote, zentrorik gabea… Irakurleak zer aurkituko du?
Alde batetik, esango nuke hizkuntzaren materialtasunarekin eta formarekin jolasten duen liburu bat dela. Poemek trataera eta begirada eskultorikotik asko dute, piezek paperean hartzen duten gorputza zaintzea interesatu zait. Bestalde, zita asko hartzen dituen liburua da, beste hainbat autoreren lanetatik edan dut, eta liburuan bertan esplizituko horiek izendatzea interesatu zait, prozesuaren atzeko hezurdura agerian utziz bezala.
Liburua bost atal ezberdinetan banatuta dago. Zeren arabera egin duzu zatiketa hori?
Apurka-apurka joan nintzen denak sailkatzen, alde formalari erreparatuz. Hasieran, adibidez, poema laburragoak daude. ‘Cyperus rotundus’ atalean, berriz, pieza kaotikoagoak sartu nituen; eta azkenekoan, prosan idatzitakoak.
‘Cyperus rotundus’ izena jarri diozu atal bati. Zergatik?
Landare bat da, munduko espezie inbaditzaileetariko bat eta belar txarra. Testu horrek belar txar baten moduko trataera dauka, hau da, kaotikoa, eta gustatu zitzaidan izenburu bezala hartzea uste dudalako horrela idatzi nuela, modu automatiko batean. Iruditzen zitzaidan polita izan zitekeela. Forma aldetik osotasun bat dauka, trataera kaotikoa izan arren, eta hortik jo nuen.
Olerki batzuk ulermenaren mugan kokatuko nituzke. Beste batzuk, aldiz, ulerterrazagoak dira.
Uste dut ez dela beharrezkoa poesia ulertzea; ulermenaren mugekin jolastea gustatzen zait niri. Poesiak duen ezaugarri agian deseroso baina politena hori dela uste dut, logikaren muturretan koka daitekeela. Interpretaziorako tartea uzteaz gain, errealitate zantzuak aurkituko ditu irakurleak, baina askotan ez da dena gardena izango.
‘Zoologikoa’ poeman diozu haiek direla datozenak. Hitzak etorri egiten dira haien bila joan beharrik gabe? Eta poetaren lana zer da, zoo libre hori prestatzea?
Poema horretan, adibidez, irudikatu dut hizkuntza, nire hizkuntza edo liburu horretan agertzen dena, zoo bat bezala. Eta bai, batzuetan eurak dira datozenak: intentzio zehatzik gabe hasten naiz idazten eta pieza bati forma emanez bukatzen dut, baina hasierako xederik gabe.
Gurasoei katalanez idatzi diezu poema bat, ‘Les reines’ izenekoa.
Batzuetan gustatzen zait beste soinu batzuk bilatzea, nigandik apur bat urrun dauden hizkuntzetatik hartutakoak. Nik euskara semantikarekin lotzen dut zuzenean. Katalana ez dut ondo ulertzen, baina ikusten dut modu eder batean, oraindik koadrago. Fonetika eta sonoritatea gustatzen zaizkit.
Aitxitxeri, berriz, bizkaieraz idatzi diozu ‘Mundú’ poema.
Bai. Idazten hasi nintzenetik konturatu nintzen moduren batean etxean erabiltzen dugun bizkaiera islatu nahi nuela, Sopela kostaldekoa, Mungia eta zonalde horretakoa. Beti jakin izan dut hori nonbait idatzita utzi nahi nuela. Agian liburu oso bat ezingo nuke horrela idatzi, baina gutxienez hain hurbilekoak zaizkidan kontzeptu batzuk liburuan irudikatuta utzi nahi nituen.
“Agnes Grey ematen dut”, diozu ‘Brönte’ olerkian. Zergatik?
Anne Brönteren ‘Agnes Grey’ liburutik hartuta dago hori. Neskame baten istorioa kontatzen du, gizarte biktoriarreko testuinguru batean, eta nire gaur egungo egoera garaikidearekin alderatzen dut hori, batzuetan apur bat anakronikoa iruditzen baitzait poesiaren mundua. Nire buruari galdetzen diot: zer leku dauka poesiak egun? Anakronikoa da mundu garaikidean poesia idaztea? Nola hartzen dute poesia belaunaldi berriek? Zelan hartzen zen Agnes Grey liburuaren garaian? Halakoak dira nire gogoetak.
Olerkietan protagonismo handia dauka naturak, baina trataera berezia eman diozu.
Egia da liburu honetan natura asko azaltzen dela, baina naturarekin daukadan harremana oso murritza dela esango nuke: mendira noanean ez dakizkit txorien izenak, zuhaitzenak doi-doi… Zentzu horretan nahiko urbanita naiz, eta landareak hartu ditut gehiago motibo literario gisa. Uste dut horrek erakutsi dezakeela apur bat nola bizi dugun natura. Botanika eta landareak askotan erabili ditut distantziatik, artifizio zentzurekin.
Noiz izan zinen kontziente poema solte batzuk idaztetik liburu bat osatzen ari zinela?
Banituen hainbat testu idatzita, eta susmatzen nuen denak puntu beretik idatzita zeudela. Bertan nire bizitza zeharkatzen zuten gauzak bildu nituen, elkarren artean antzekoak zirenak, baita ardurak ere. Gainera, antzeko intentzio literario bat ere badago, idazteko forma zehatz bat… Horiek batu nituen eta konturatu nintzen liburu bat sor nezakeela, denek antzeko trataera baitaukate.
Liburuaren izenburua bitxia da.
Buelta asko eman genizkion, ez da lan erraza izan ¡zenburua zehaztea. Azkenean ‘Gepardo japoniarrak’ hautatu genuen. Liburuko poema bateko motibo bezala agertzen da, eta irudi fantastiko modura asko erakarri ninduen. Gerora jakin genuen Japonian ez dagoela gepardorik, leopardoak baizik, eta horrek are fikziozkoago bilakatzen du irudia. Eta zoologiko, lorategik, landaredia, piztia ideietatik tiraka —liburuan presente dauden kontzeptuak— osotasun bat eman ziezaiokeela pentsatu nuen.
Zure bigarren poesia liburua da, 2020. urtean Balea Zuria argitaletxearekin ‘Aro Beilegia’ argitaratu baitzenuen Donostia Kultura Poesia Saria irabazi ondoren.
Bai, eta uste dut nahiko ezberdin gelditu direla biak. Lehenengoan nerabezaroan idatzitako hainbat testu daude, eta bertan garai horretan egon ohi diren ardura, gorroto eta kontraesan horiek guztiak ageri direla uste dut. Nire lehenengo liburua idaztean ez neukan liburuaren proiekziorik. Oraingoan, aldiz, badakit zer den edizio prozesua, zer hartzen den kontutan liburu bat idaztean… Liburu hau idazterakoan horren guztiaren kontzientzia gehiago izan dut, eta ez dakit hori hobea edo okerragoa den.
Zergatik idazten duzu poesia?
Oso eskura eduki dudan baliabide bat izan da. Ikastola garaian, adibidez, beti jotzen nuen testugintzara gehiago matematiketara baino. Niretzat nahiko naturala izan den baliabide bat da. Horrez gain, poesiak dauka hitz egiteko oso modu zuzena, narratibak ez bezala, eta hizkuntzarekin modu askean jolastekoa, baita estetikarekin ere. Uste dut hizkuntzaren alderik gordinena dela, eta hizkuntza ezbaian jartzen duela. Hori asko interesatzen zait poesiarengandik.
Irakurle bezala poesia asko irakurri duzua?
Asko edo gutxi ez dakit, baina irakurri izan dut. Gogoratzen du Itxaro Bordaren poesiak asko kolpatu ninduela, baita Beñat Sarasolaren ‘Alea’ liburuak ere nerabea nintzenean, baina idazteko edo inspirazioa bilatzeko ez naiz poemetara joaten; filmetatik, artelanetatik… bestelako iturri batzuetatik edaten dut.
Poema bat idazteko orduan, zein izaten da abiapuntua?
Hasierako bultzada horiek gauza askok eragindakoak izan daitezke. Liburu honetan asko gertatu zaidana izan da beste norbaiten testu bat irakurtzen nuen heinean senitzen nuela bulkada handi bat hori digeritu eta nire hitzetara ekartzekoa. Pieza kultural bat ikusi edo entzuten dudanean —zinema, liburua, musika…— filtratzeko eta hori guztia nigana ekartzeko beharra sentitzen dut batzuetan.
2022. urtean Igartza Saria irabazi duzu, beraz, eleberriarekin buru-belarri ariko zara orain. Noiz argitaratuko da?
2024. urtean, dena ongi badoa. 2023an lana entregatu behar dut, osorik idatzita. Gero tarte bat egongo da edizio lanerako eta 2024an argitaratuko da.
Idazteko prozesua hagitz ezberdina da, ezta?
Bai, azken finean teknika ezberdina baita. Asko gozatzen ari naiz prozesuarekin; apurka ontzen doan gauza bat da gainera, oso presente daukat egunero. Modu gozagarri batean bizitzen ari naiz baina apurtxo bat beldurrez ere bai, hartutako konpromiso horrekiko presioarekin nolabait; edonola ere, hor doa.