literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Amalur Artola
Gara, 2020-01-11
[iturburua]
Amets Arzallus Antia:
«Inportantea da migrantearen eta gure artean dagoen kristal hori puskatzea»

Harrera Sareak batu zituen Ibrahima Balde ginearra eta Amets Arzallus hendaiarra. Lehenaren ahoa eta bigarrenaren eskuak baliatuta eratu dute “Miñan”, Balderen bizipenak biltzen dituen liburua. Europara iritsi nahi ez zuen migrantearen ahotsa da, migrante guztien ahotsaren bozgorailua.

Irungo Harrera Sarean ezagutu zenuten elkar Ibrahima Baldek eta zuk. Nola eratu zen zuen arteko harremana?

Hendaiarra naiz eta, nahiz eta bertan ez bizi, maiz pasatzen naiz bide horietan eta ikusten nuen hango errealitatea, bide ertzetan maiz migranteak zeudela, batzuetan poliziak geratuta eta besteetan ez, eta Irungo Harrera Sarea antolatzen hasi zela jakin nuenean hurbildu egin nintzen. Boluntario askok osatutako sarea da eta lanak funtzio ezberdinetan daude zatituta: harrera, osasun taldea, asiloen tramitazioa... eta, ni frantses hiztuna izanik, tarteka Irungo tren geltokitik hasita mugatik itzuli bat egiten nuen, ea gau horretan norbait iritsi zen ikusi eta behar bazuten laguntza eskaintzeko. Egun horretan geltokian hamar lagun inguru zeuden, gehienak adin txikikoak eta mutilak. Han ezagutu nuen Ibrahima. Esan zidan hiru egun zeramatzala Irunen: ‘Ni ez naiz gaur iritsi, badakit Harrera Sarea zer den eta nahi baduzu lagunduko dizut; ni bezalako batekin errazagoa da hurbiltzea’. Mugaz muga lagundu ninduen eta horrela ezagutu genuen elkar. Gero, asiloa eskatzen zutenei elkarrizketak prestatzen laguntzen ere banenbilen, eta Ibrahimak geratzea erabaki zuenean ezagutu nuen sakonago bere historia.

Herrialde ezberdinetako bi pertsona elkartzean talka kulturala dago alde batetik eta, kasu berezi honetan, baita tokian jaiotakoaren eta migrantearen arteko harremana ere. Nola orekatzen da harreman hori?

Ez da batere erraza. Intentzio onenez abiatuta ere, azkenean gu gure posizio ekonomikotik ari gara, kulturalki gure lekuan gaude, gure erreferentzia guztiekin, eta ez da batere erraza harreman orekatu bat eraikitzea. Nire ahalegina hori izan da eta baldarkeria asko egin ditut, zuk ‘normal’ galdetutako hori ere erantzun zaileko galdera edo problema bat izan daitekeelako harentzat. Mila adibide jarriko nizkizuke. Nire kezka handietako bat zen, adibidez, migranteak denari baietz esaten dizula, zuk zerbait eskaini edo eskatu. Eta baiezko hori problema bat izan daiteke batzuetan, nik ez dudalako nahi baietz esaterik ni situazio batean nagoelako eta bera baietz esan beharrean. Esaten zaion hitz bakoitza eta ematen zaion zentimo bakoitza oso ondo zaindu behar da, begiratu behar da zer elikatzen duzun horrekin. Konfiantza egiten duzunean hanka sartzeko terrenoa leuntzen dizu besteak, erakutsi egiten dizu. Zentzu horretan, liburuaren eraikuntza ariketa etiko permanentea izan da, ikasbide bat izan da, abiapuntu desorekatu batetik harreman parekide bat nola eraikitzen den ikusi dudalako. Ez naiz iritsi soluziora, baina detektatu ditut baldarkeria asko, eta batzuei erantzuna eman ahal izan diet.

Nola erabaki zenuten Ibrahimaren bizipenak liburu batean bildu behar zenituztela?

Asilo eskaerarako lehen elkarrizketa egin nion momentuan bertan konturatu nintzen bazegoela lehengai oso berezia: Europara etorri nahi ez zuen migrantea nola iristen den Europara. Guk denak zaku berean sartzen ditugu eta migranteen atzean zenbat motibo eta korapilo egon daitezkeen erakutsi zidan. Bestetik, kontatzeko modua ere oso berezia du Ibrahimak: afrikarrek orokorrean frantses berezi bat egiten dute, kontraste bereziak dituena —eskolan ikasitako esapide jaso xamarrak tartekatuz— eta momentukotasunetik hurbil dagoena, eta Ibrahimak begirada eta logika berezia du hizkuntzaren mekanika horren barruan. Konturatzen nintzen hor bazegoela zerbait merezi zuena luzeago ematea eta, bestetik, argi ikusi nuen ez zuela asiloaren eskaeran baiezkoa jasotzeko inongo aukerarik, ze ez du kontatzen jazarpen politikorik, ez arraza, etnia edo sexu orientazioaren aldetikorik ere —normalean arrazoiak dauzkatenei ere ezezkoa ematen zaie—, eta pentsatu nuen moduren bat egon behar zuela babesa eman edo laguntzeko.

Era horretako jazarpenik ez, baina bere kontakizunean bahiketak daude, jipoiak, torturak... esklabo hartua ere izan da Ibrahima. Oso kontakizun gogorra da baina, hala ere, ez dago dramatik kontatua.

Ez, Ibrahimak oso begirada gordin eta gardena ematen du. Inongo aurreiritzirik gabe, momentuko pertzepzio sano horretatik eraikitzen du egoeraren analisia eta haratago juzgatu gabe gainera. Zuregan uzten du erreakzio guztia. Hori ez da nik tira eta bere estiloari eman diodan mozorro bat, bere ezaugarri bat da, eta gardentasun hori zaindu nahi izan dut iruditzen zitzaidalako oso balio berezia.

Bestetik, oso egoera gordinak eta gogorrak ezagututa ere Ibrahimak ez du bere ardatz etikoa galtzen inon; pertsonarekiko kontsiderazioa mantentzen du dena delakoa izanda ere aurreko hori, eta niri hori oso harrigarria egiten zitzaidan, hona iristen diren migrante asko oso hautsita iristen direlako, eta balio asko zaurituta. Ibrahima ikusten nuen oso osorik berean. Orduan, saiatu naiz eusten berak ematen zizkidan hari horiei.

Ibrahimaren kontatzeko moduari lotuz irakurleak haren ahotsa entzutea lortzen duzu, bere balio eta erreferentzia kulturalekin. Hori ere garrantzitsua izango zen zuretzat.

Noski. Liburu bat aho batekin eta bi eskurekin idazten duzunean esku horiek nabaritu egiten dira momentu batean eta, gainera, lehen esan duzuna, kokapen sozial eta kultural oso diferente batetik uztartuta. Liburuaren bertsio ‘gordina’ apailatzen hilabeteak eman ditut, zuzenketa zailetan, ze intentzioa zen bere gordinean uztea, bera bakarrik. Intentzioa izan da ahozkotasunean oinarritutako kontakizun bat egitea, entzuten dena eta ikusten dena.

Sortze prozesu hori gogorra izan da zuretzat?

Hainbat elkarrizketa egin ditut Ibrahimarekin eta sortze lana baino gehiago joste lana egon da, aukeraketa lana, eta filtro ezberdinetatik pasatzekoa. Elkarrizketen momentua ederra eta aldi berean gogorra izan zen; ederra, ze ikusten nuen zer indar zeukan bere kontatzeko moduak baina gogorra, ze gogorra zen beretzat ere. Elkarrizketa batzuk zailak izan ziren eta niretzat ere zaila zen Ibrahima ikustea horrela, batzuetan ezin kontatuz. Nik, noski, aldiro esaten nion nahi zuenean geratzeko eta uzteko, baina berak beti indar bat ateratzen zuen tiratzeko korapilo horiei. Berak ere bazeukan nolazpait ateratzeko behar hori. Transkripzio lanetan une horiek berriz bizitzea ere ez zen erraza, baina istorioa entzuna neukan behin baino gehiagotan eta azala ere egiten zaizu.

Motibazio handia nuen, motibazio estraliterarioa, migranteentzat eta guretzat balio duen testigantza bat biltzea eta, gogorra izan den arren, gustura egin dudan lan bat izan da.

10.000 pertsonak jaso dute 2019an Irungo Harrera Sarearen laguntza. Zure esperientziatik abiatuta, badago migratzailearen profil bat?

Profilak eraiki daitezke multzoka. Euskal Herrira iristen diren gehienak dira Afrika beltzetik edo Saharapeko Afrika mendebaldetik datozenak. Ginearrak asko, Boli Kostakoak, Malikoak... gehienak gizonezkoak eta oso gazteak, eta batez ere bidean eratutako taldeetan. Gehienak Frantziara doaz, edo urrunago, destino konkretu batekin: familiagana —familia oso zabal hartuta— edo harreman konkretu batekin. Gero, iristen direnean, jakin beharko litzateke zertan den destino hori. Hori da gehiengoa, baina nik ikusi dut denetik: erditzear dagoen emakumezko bat, begietako operazioa egiteko Gineatik abiatu zen itsu bat, bide guztia bistarik gabe egina... denetik. Emakumeak ere iristen dira eta segur aski historia latza dute beren baitan. Hor lan sakon bat dago egiteko jakin nahi bada benetan zer den gertatzen dena, ze gutxi gorabehera irudika genezake, baina kontatzen hasiko balira gure irudimena gaindituko luke.

Harrera Sarean egon ostean, migrantearen gaineko ikuspegia aldatuko zitzaizun segur aski. Zer ikusten duzu egun “migrante” hitza entzutean?

“Migrante” hitza lehen baino hurbilago sentitzen dut. Zuk sentsibilitatea edo ideologia bat eduki ditzakezu eta hortik solidaritaterako erreflexua sortu, baina beti dago distantzia bat “migrante” hitzarekiko, azken finean beste kontinente batetik baitatoz, eta posizio ekonomiko eta sozial oso diferenteak ditugu. Itsasoan hainbeste galdu direla entzutean kezka handi bat senti zenezake, baina normalean ez duzu sentituko zu izan zintezkeela; aldiz, entzuten baduzu Zeelanda Berrian sumendi batek hil dituela ehun turista gorputzaldia ezberdina da, ze zu izan zintezke turista hori. Diferente ukitzen zaitu. Eta nahiz eta migrantearena askoz gehiagotan gertatu, hurbiltzen zara baina halako kristal baten atzetik. Esertzen zarenean haien ondoan eta entzuten diezunean, hori aldatu egiten zaizu, eta eskerrak, ze inportantea da kristal hori pixka bat puskatzea. Bestela, Zeelanda Berriko turista gutako bat da baina migrantea ez da sekula izango eta, gure kezka eta ideologia guztiekin, baina mundua balkoitik ikusiko dugu.

“Miñan” aitzakia hartuta hitzaldi sorta bat emana duzue. Zer erantzun jaso duzue?

Gure herria zeharkatzen duen gai oso aktual bat da eta jasotzen ari naizenagatik badago kezka eta kezka horri nola erantzun asmatu ezin bat, kasik deserosotasun puntu bat. Interesantea da sentsazio horretatik abiatzea ere. Esan izan didate liburua irakurri eta ukituta baina blokeatuta geratu direla. Nire intentzioa ez da inor zuzenean akusatzea, ezta gutxiago ere. Uste dut gu handi bat badagoela eta ardura handi batzuk dauzkagula, baina gu handi horren baitan bakoitza pertsona bezala ez dago bortxaz errepresentatuta, eta orduan ez du zertan norberak bere bizkar gainean edo kontzientzian eraman hor gertatzen den guztiaren drama. Ez da gure erantzukizun zuzena, bai agian zeharkakoa, eta kezka sentitu eta horri nola erantzun ez jakitea bada abiapuntu on bat.

Liburua aurkeztu zenutenean Madrilen zegoen Ibrahima, mekanika ikasle gisa, eta bere asilo eskaerari ukoa eman berri zioten. Non dabil orain?

Ba segitzen du egoera berean. Asiloari ezetz esan ziotenean aterperik gabe geratu zen eta han-hemenka ibili da. Orain Gurutze Gorrian dago, Simancasen lo egiteko leku bat badu behintzat. Mekanikari bezala formakuntza jasotzen jarraitzen du eta praktiketan ere ari da, tailerrean nahi izan baitute Ibrahimak segitu dezan, eta, nahiz eta asiloari ezezkoa eman, hor bada oso argi ez dagoen eremu bat, ze formakuntzarako eskubidea unibertsala da. Praktiketako kontratua sei hilabetez luzatu diote, baina bere etorkizuna airean dago. Migrantearen odiseak jarraipena du Europan, eta ziurgabetasuna egunerokoa da.

Mediterraneora iritsita migranteari gertatu zaionaren berri iristen da gugana. Gutxi dakigu pertsona horren aurreko bizitzaz, bidaia hori egitera bultzatu duen zioaz. Hori al zen zuen kezketako bat, aurreko bizipen horiek kontatzea?

Nik ezagutu nuenean hilabete baino gutxiago zeraman Europan eta argi eduki nuen hasieratik Afrikan hasi eta bukatzen zen liburu bat izango zela, gerokoa hemen jaso genezakeelako. Migranteek urteak pasatzen dituzte bidean eta hor badago zulo beltz bat informatiboki, ze hango guztia biziraupen proba luze bat da eta hor ez da begirik jartzen, edo ezkutatu egiten da. Europako estatuen ardura handia dago hor, bai Libian zuzenean, eta zer esan Malin-eta, frantses kolonia ohiak baitira eta frantses Estatuak presentzia handia du oraindik beste modu batzuetan. Orduan, nik nahi nuen pixka bat geopolitika segituz jasotzen ez nituen nazioarteko berri horiek haien ahotik zuzenean jaso eta kontatu.

Libia aipatu duzunez, askori arrotza egingo zaie Mediterraneoa zeharkatzearen atzean dagoen negozio hori guztia.

Hori ere oso zati gogorra da. Guri arrotza egiten zaigu baina pentsatzen dut ardura postuetan daudenek badakitela Europako Batasunak bertan blokeatzen dituela migranteak ez dezaten honantz salto egitea lortu eta horrek suposatzen duela euren bizitza arrisku handiagoan jarri behar izatea. Hori ordaintzen dutenek —eta diru publikotik ordaintzen da— badakite hor zer dagoen, baina ez zaie interesatzen besteok jakin dezagun, ze Europak ardura zuzena du horretan. Turkiarekin eta gerora Marokorekin egin den bezala, Libiak jasotzen ditu orain migranteak, Europako mugak han egon daitezen eta ez gure lurretan. Ibrahimak kontatzen du Libiako kartzeletako egoera, kale kanpamentuetakoa, eta baita zodiakak zein kondiziotan hartzen dituzten ere. Oraindik egunero gertatuko den zerbait da zoritxarrez, eta nik behintzat Ibrahimaren bidez zabaldu nituen begiak eta saiatzen naiz zabalarazten.

 

Bilaketa