Solasean
Kazetari lanbideak ematen ez dion esperimentatzeko askatasuna baliatu du Iñigo Astizek 'Baita hondakinak ere' poema liburuan, “ideia abstraktuak nola xehetzen diren” ikusten gozatzeko.
“Ideiek xehetasun bilakatzeko duten era bihurria” gustuko duela esaten dio poetak maitaleari Iñigo Astizen Baita hondakinak ere poema liburuko Eskala poeman. “Hemen gertatzen zarelako maite zaitut”, aitortzen dio gero, poemaren amaieran. “Liburu guztian gehien errepikatzen den asmoa ideia abstraktuak gorputz konkretuetara eramatea da”, Astizek dioenez, eta liburua, horregatik, “ea zer gertatzen den”-ez beteta dago. BERRIAko erredaktorea da Iñigo Astiz (Iruñea, 1985), eta Susa argitaletxeak kaleratu du Baita hondakinak ere, haren estreinako poema liburua. Gottfried Benn poetaren “gaizki emandako aipu batetik” eratorria da izenburua; estatuak maite dituenak hondakinak ere maite behar dituela dionetik.
Noiz idatziak dira liburuko poemak?
Lehenengo poema duela zortzi bat urtekoa da. Poema liburu bat aurkeztu nuen Susara, eta argitaratzekoa zen hasieran, baina, azkenean, ez zen argitaratu. Liburu hartako poema bat berreskuratu dut liburu honetan. Poemarik berriena, berriz, duela hilabete eta erdi ingurukoa izango da.
Poemen gaiak askotarikoak dira: sozialak, politikoak, existentzialak, amodioa, sexua, gorputza, familia… Baina ez dituzu ataletan banatu.
Eskultoreek buztinarekin frogak egin eta serieak egiten dituzte, mugimenduak errepikatuz eta bariazioak sortuz. Nik ere halako serie moduko batzuk egin ditut; eskultoreek forma bat hartuz egiten duten bezala, nik tematika bat hartuta egindako poemez osatutako serieak egin ditut. Familiari buruzko poemen seriea dago, esperimentuena, instrukzioena… Baina ez nion zentzurik ikusten poemak gaika biltzeari. Antzeko poemak elkarrekin pilatuta eman beharrean, nahiago izan dut trukatzen joatea.
Poemetako asko, izenburuetan ere adierazten den bezala, esperimentuak dira. Eta esperimentuak ez direnetan ere badago formekin eta aukerekin probak egiteko joera.
Poesia asko irakurriz gero, banintz, banu eta horrelakoekin saturatze puntu batera iristen zara. Orduan nik planteatu dudana da: “Egin dezagun, ea egia den. Utz dezagun erretorika hori, eta eraman dezagun istorioa gorputzera”. Hori da liburuko serie baten motibazioa, esperimentuena, eta liburuan dagoen bultzada nagusia hasieratik bukaeraraino. Fernando Pessoak adierazitako desio poetiko batean oinarrituta, liburua lurra jaten hasten dut, ahora sartu eta kosk egiten, eta, hortik aurrera, asmo hori liburu osoan dago: ideia abstraktuak nola xehetzen diren ikustea.
“Poesia asko irakurriz gero” esan duzu. Poesia asko irakurtzen duzu?
Nahiko irakurle kaotikoa naiz. Hartzen dut poeta bat edo liburu bat, gero utzi eta beste batekin hasten naiz… Nahaste-borraste bat daukat gau mahaian, eta hortik ateratzen ditut gauzak. Ez banaiz dibertitzen… Zerbait ukitu eta hor ez bada ezer mugitzen, arreta galtzen dut.
Ume hiperaktiboen antzera.
Bai. Irakurle hiperaktiboa izan naiteke beharbada [barrez].
Fernando Pessoa (Alberto Caeiro), Sandro Penna, Sylvia Plath, Nicanor Parra, Walt Whitman, Philip Larkin, Allen Ginsberg eta Gottfried Benn aipatzen dituzu, besteak beste.
Irakurtzen, gozatzen ahal dut edo aspertzen ahal naiz ikaragarri edozeinekin. Pessoa ikaragarri gustatzen zait; debozioz irakurtzen dut, baina iristen naiz 57. poemara, eta esaten dut: “Bale! Ardiak! Hurrengoa!”. Poema bat oso gustuko badut, gerta daiteke probatu nahi izatea ea hori itzulita edo egokituta zer gertatzen den. Anish Kapoor artistak egiten dituen proben antzera. Esteban Peicovichek telefono gidako abizenekin poemak egiten ditu, Poemas plagiados liburuan. Hori ikusi nuenean, neuk ere proba egiteko gogoa sentitu nuen. Uste dut liburuan asko dagoela “ea zer gertatzen den” horretatik.
Esperimentu guztiek ematen dute argitaratzeko moduko emaitzarik?
Ez. Asko eta asko liburutik kanpo geratu dira. Beste edozein motatako poemen kasuan bezala.
Zeren arabera erabakitzen duzu emaitza argitaratu edo ez?
Poema batek bete behar duen lehenengo baldintza ni dibertitzea da. Esperimentu batzuek, egin, eta ez ninduten dibertitu, baina beste batzuek bai. Esperimentuetatik aparte ere, gainerako poemetan ere berdin.
Ezin da esan, beraz, idazten sufritzen duen idazlea zarenik.
Bizitzan askotan egokitzen zaizu sufritzea, baina idazterakoan dibertitzearen aldekoagoa naiz. Dena den, liburuko poema gehienen gaiak ilun samarrak dira, eta halako kontraste moduko bat sortzen da gaien iluntasunaren eta poemek duten tratamendu eta izaera jolastiaren artean. Allen Ginsberg maisua da oso gai dramatikoak xehetasun dibertigarriekin zipriztinduta tratatzeko. Oso jostaria da. Niri ere gustatzen zait jostatzea. BERRIArako lanetan aukera urria dut horretarako, beti nahiko lan serioak egin behar izaten ditudalako, erantzukizun batekin… Baina nire poema liburua eskuetan hartzen duenak ez du hartuko informazio eske edo programa politiko baten bila. Honetatik inork ez du ezer espero.