literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Gorka Bereziartua Mitxelena
Argia, 2007-09-02
[iturburua]
Beņat Sarasola:
«Idaztea nahiko ekintza inozoa da seguruenik»

Kaxa huts bat du izena Beñat Sarasolak (Donostia, 1984) Susa argitaletxearen eskutik kaleratu duen lehen poema liburuak. Izenburua gezur galanta da inondik ere, kaxaren ertzera sudurra hurbilduta gainezka dagoela ikusiko baitu irakurleak berehala. Izenez gainezka, umorez eta ironiaz bezainbat. Pott Bandatik Mike Tysonengana, Donostiako Bermingham kaletik New Yorkera, laurogeigarren hamarkadatik gaur egunera. Aurtengo apirilean —ba ote poesia argitaratzeko hilabete hoberik?— ikusi zuen argia liburuak. Koskortu samarra dago honezkero. Hartaz hitz egiteko ordua da beraz. Kaxa huts bat du izena Beñat Sarasolak (Donostia, 1984) Susa argitaletxearen eskutik kaleratu duen lehen poema liburuak. Izenburua gezur galanta da inondik ere, kaxaren ertzera sudurra hurbilduta gainezka dagoela ikusiko baitu irakurleak berehala. Izenez gainezka, umorez eta ironiaz bezainbat. Pott Bandatik Mike Tysonengana, Donostiako Bermingham kaletik New Yorkera, laurogeigarren hamarkadatik gaur egunera. Aurtengo apirilean —ba ote poesia argitaratzeko hilabete hoberik?— ikusi zuen argia liburuak. Koskortu samarra dago honezkero. Hartaz hitz egiteko ordua da beraz.

Erreferentzia literario asko dago liburuan. Literatur mundutik kanpo dagoen irakurlea urruntzeko arriskurik ez duzu ikusten?

Hori da metaliteraturari eta testuartekotasunari egozten zaion gaitzetako bat, baina nik askotan erreferentzia horiek ez ditut erabili esanahiaren ikuspuntutik bakarrik. Izen propioak duen indarrarengatik erabili ditut, adibidez. Izen propioak niretzat badu arruntak ez duen indarra eta askotan erabili ditut, baina ez bereziki esanahi konkretu bat dutelako. Adibidez Kenneth Koch aipatzen badut, ez da bereziki Kenneth Kochi buruz zerbait idatzi nahi dudalako. New Yorki buruz zerbait idazten ari naiz, hango poeta da, umorea erabiltzen du eta abar.

Gainera niri gustatzen zaizkidan idazle askok erabiltzen dituzte erreferentzia horiek. Askotan eskapatu egiten zaizkizu erreferenteak baina hala ere nik liburu horiekin asko gozatu dut. Adibidez Enrique Vila-Matas-en Baterbly y compañia nahiko gazterik irakurri nuen eta erreferentzia gehienak ezagutu ez arren gozatu egin nuen; esanahi osoa —halakorik baldin bada— ulertu ezean irakurketan gozatu ezin delako ideia okerra iruditzen zait guztiz. Horregatik nire esperantza da nahiz eta jendeak literaturaren inguruan gehiegi ez jakin, liburuarekin gozatzea.

Erreferentzia berriak eskaintzeko aukera ere izan liteke?

Intertestuak ahalmentzen duena da esanahiak multiplikatzea, iradokitzea. Jolas egiten duzu zuk esan nahi duzunarekin eta testu zati horrek esaten duenarekin beste testuinguru batean.

Hain zuzen eremulauak.com-en idatzi zenuen artikulu batean metaliteraturaz aritua zinen. Liburu honen lehen atalean ideia haietako batzuk praktikara eraman dituzula dirudi.

Erlazioa badago, baina kontuan izan behar da liburuko poema gehienak artikulu hura idatzi baino lehenagokoak direla, asko bai behintzat. Ez dut kontzienteki egin, ez dut liburua egin programa poetiko bezala, baina erlazioa badu, noski.

Ez al zenuen liburu batean pentsatzen poemak idazterakoan?

Hasieran ez. Poema batzuk liburu batean aterako zirela jakin gabe idatzita daude eta beste batzuk liburua aterako zela jakinda. Asko solteak dira, berez batasun asmorik ez dutenak. Batasun hori ematea geroko gauza izan da.

Kaxa hutsaren kontzeptuak ematen dio apika batasuna. Liburu poliedrikoa dela esango nuke: jarrera ironikoa dago poema batzuetan, beste batzuetan alde pertsonalagoa ageri da...

Bai, besteak beste poema zaharrenak bost urte-edo izango dituelako. Denbora tarte horretan denetatik idatzi dut. Arazoetako bat horixe izan dut: batasuna ematea. Liburu honen arazoa ez da monotonoa edo errepikakorra izatea, ez dut uste behintzat, baizik eta batasun hori nola lortu. Hori asko kostatu zitzaidan bere garaian, baina nik uste lortu dudala. Baina egia da liburua nahiko heterogeneoa dela.

Oda poema baztertuei edo diegesia eremutik kanpo. Poema asko baztertu al dituzu?

Bai, dezente. Poema hori idatzi nuen azkena da, edo azkenetakoa. Bazterrean geratu dira atera direnak baino gehiago. Horiek inoiz publikatuko ez diren poema markatuak dira.

Arrazoi konkreturen batengatik?

Poemak liburutik kanpo geratzen direnean niretzat markatuta geratzen dira. Sari batera lanen bat bidaltzen duzunean eta saria ematen ez dizutenean bezala da, lan hori markatuta geratzen da.

New York aipatu duzu lehenago. Gernikako arbola atalean azaltzen den hiria da, Berlinen hasi eta Sagar Handian amaitzen den atala hain zuzen. Ez zara bertatik bertara ibili.

Nire aberria azaltzen da islaturik hor. Berlinekin hasi dut eta New Yorkekin amaitu, niretzat sinbolikoki bi hiri potente direlako. Gero, atalaren barruan badira erreferentzia zuzenak Euskal Herriari, baina bai, aberri zabala da.

“Ez espero epikarik” diozu beste poema batean. Liburuaren ezaugarriak aipatzen hasita epikaren aurka egote hori ere konstantea da.

Epikarik badago behintzat inkontzienteki egin dut. Utopietan, erromantizismoan, enpresa handietan... ez dut sinesten, ez zaizkit interesatzen.

Postmodernitatearen adierazgarri izan daiteke hori. Hitza ez zaizula gustatzen esan izan duzu.

Terminoa nahiko lausoa da. Segun eta nork erabiltzen duen konnotazio diferenteak ditu. Postmodernitatearen konnotazio eskuindarra eta erabat erlatibista adibidez, ez zait interesatzen. Baina beste ikuspuntu batetik, oso interesgarria iruditzen zait postmodernitatea proiektu moderno eta askotan totalitarioei egindako kritika bezala. Nahi duzun bezala deitu: postmodernitatea, modernitate likidoa... Proiektu totalitarioei egindako kritika errotikoa eta halako eszeptizismo puntu bat interesgarriak eta beharrezkoak iruditzen zaizkit.

Zentzu horretan nola ikusten duzu euskal literatura?

Ez nuke jakingo esaten konkretuki literatura postmodernoa zer izango litzatekeen. Bai uste dut euskal literaturan badagoela joera nagusi bat halako begirada xaloa duena, Obabakoak-eko Atxagaren ildotik doana nolabait. Igartza Saria irabazi dutenen artean nahiko dira horrelakoak adibidez. Nik tonu horrekin ez dut bat egiten, ingenuoegia iruditzen zait. Agian nire arazoa da, ni baino inteligenteagoak direlako izan liteke, nik ingenuitatea ikusten dudan horretan beraiek kritika edo ironia egiten ari direlako, baina nik ez dut ikusten. Zentzu horretan nahiko literatura konformista iruditzen zait. Ez dakit honek guztiak zer duen ikusteko modernitatearekin-eta, baina botatzeko gogoa nuen.

Harkaitz Canok Neguko zirkua-n “Groucho liburua” aipatzen zuen, mundua esplikatzen saiatu ondoren, idazleak barre egiteko erabiltzen duena. Hau tankera horretakoa delakoan nago, ez duzula mundua esplikatu nahi izan.

Esan behar da hau dela argitaratu dudan lehen liburua, baina liburu proiektu bat baino gehiago egon da lehenago. Beste poema liburu bat osatua izan nuen, eta noski, hori ez zen batere “Groucho liburua”. Nerabezaroan idatzitako poemak ziren, Harkaitz Canoren Kea behelainopean bezala-k eraginda. Orain, zazpi bat urte pasa ondoren gauza nahiko tontoa iruditzen zait, baina fase horretatik ere pasa behar da. Inor ez da jaiotzen eszeptiko eta ironiko: jende guztiak izan ditu bere ametsak, bere delirio fantastikoak. Dena dela, liburu hau “Groucho liburua” izango balitz poztuko nintzateke.

Suizidioaren gaia askotan atera dela iruditu zait: Ian Curtis, Hitz egiteko modu bat poema...

Beti izan dut suizidioaz idazteko joera. Hamasei urterekin edo, amari esan nion suizidioaren inguruko ipuin bat idazten ari nintzela eta gurasoak erabat izutu ziren. Noski, literaturaren inguruan dagoen ikuspegi topikoak dio bakoitzak bere sentimenduez eta bizitzaz idazten duela. Orduan norbaitek suizidioaz idazten badu arduratzekoa da. Agian nire alabak suizidioaz idatziko balu arduratuko nintzateke, ez dakit, aitatasunak tenteldu egiten omen du sarritan; baina nire kasuan autobiografikotik gutxi dauka: donostiarra naiz, unibertsitarioa, hondartza bost minutura daukat... kexatzeko arrazoi gutxi. Baina suizidioa gai potentea da, literaturan askotan erabili izan dena eta arriskuak ere badituena, fribolizatzeko erraza delako. Hitz egiteko modu bat poema broma modura hartutakoa da: pentsa hil ondoren beste bizitza bat dagoela… suizidatzea alferrikakoa litzateke. Jarrai dezagun bizitzen nola edo hala.

Kexatzeko arrazoirik ez beraz, Gure belaunaldia poeman ere hori iradokitzen duzu. Zertarako idatzi orduan?

Hori galdetzen diot nire buruari: “horrenbeste gauza diferente egin daitezkeen mundu honetan, zer demontre egiten dut idazten?” Idaztea nahiko ekintza inozoa da seguruenik. Hala ere, neurri batean idazketa autokontzientzia garatzeko modu bat da, zu zeu, zure mundua eta zure belaunaldia nolakoa den ikusteko, eta horrekin ironizatzeko… ez dakit. Ez dut sinesten Gure belaunaldia-n esaten dudan gauza askotan, baina bestetik badu egiatik zer edo zer. Hor posizio bat mantentzea zaila da, baina horregatik idazten duzu. Ez dago erantzun bakar bat eta aukera diferenteak irekitzen dira.

 

Bilaketa