Solasean
Festina lente, astiro korrika, dator poema sorta. Igor Estankonak lasterraldi mantsoaren dibertsioaz gozatu du Iratzeen esporak (Susa) idatzi bitartean. Barrua eta kanpoa orekan, atmosfera iradokitzailez betetako poemak bildu ditu bere laugarren liburuan. Festina lente, astiro korrika, dator poema sorta. Igor Estankonak lasterraldi mantsoaren dibertsioaz gozatu du Iratzeen esporak (Susa) idatzi bitartean. Barrua eta kanpoa orekan, atmosfera iradokitzailez betetako poemak bildu ditu bere laugarren liburuan.
Iratzeen esporak: tituluak Susan argitaratu zenuen aurrekoari, Tundrari, kontra egiten al dio nolabait? Hark bestelako hoztasun bat inspiratzen zuela esango nuke...
Titulu posible batzuk izaten ditut beti eta Tundra be horien artetik aukeratu nuen. Iratzeen esporak hasieratik horrela pentsatuta neukan, baina ez dago nahita eginda. Egia esan, irudi biziagoa da iratzeen esporena tundrako hotza baino. Liburuan bertan be ageri dira, nik uste, paisaia gehiago, bide gehiago, landare gehiago, erreka gehiago... Tundran baino. Natura gehiago agertzen da beste liburuetan baino.
Naturari egindako erreferentzia horien artean kimu berriak jaiotzea aipatzen da; aurkezpenean esan zenuen liburu honekin zuk ere aro berri bat hasi gura zenuela.
Bizitzan egoten dira une batzuk —eta lar dramatiko jarri barik gura nuke hau esan— non ematen duen batzuetan berriro kimatzen ari zarela. Eta hori gertatu zait niri urte bi hauetan; uste dut horri buruz inkontzienteki idatzi dudala. Gero itzultzen zara liburura eta konturatzen zara, kimuak daudela, udaberria ageri dela, sagarrak... Eta liburuak hartzen du halako tonu nabar bat, udazkenekoa moduan. Badago barnera begiratze bat, baina baita bizitza asko inguruan.
Kontrastea.
Bai, kontrasteak hainbat dira liburuan. Badaude poema oso gogorrak, elementu suabe batzuekin biguntzen doazenak. Baina historia, labur-labur kontatuta, zera da: haustura sentimental batetik harreman berri baterako trantsizio gaitz hori dago liburuaren muinean eta poema askotan. Jaiotzari buruzkoak dira poema batzuk, heriotzari buruzkoak beste batzuk, aldaketa konstante horri buruzkoak gehienbat. Horregatik hainbeste aipamen urtaroei, errekei, beti berberak nahiz eta ura pasatzen joan... Gai oso klasikoak, bestalde.
Trantsizioa: “Kalea laburra, meharra eta iluna da, baina handik gora bakarrik daki bihotzak joaten”.
Gabriel Arestik Esperantza kaleari kantatu zion hori. Eta, bueno, batzuetan bizimodua egiten da... estutu, inbutu batetik pasatuko balitzaizu bezala bizitza osoa; eta, jartzen zara atzera begira, batzuetan aurrekoa ikusi barik. Gero ikusten duzu, apur bat aurrerago, badagoela argi bat, eta horri jarraituz zoazela ematen du. Horregatik esan dut poema horretan, hortik bakarrik dakiela bihotzak joaten.
Dena dela, guztiak ez dira barnera begirako poemak. Gatazka ere ageri da. Zurtasunan, berbarako, beldurra azaleratzen duzu; tortura ageri da beste bizpahirutan...
Bai, gure mamu kolektiboak... Uste dut gure buruari ez diogula batere mesederik egiten batzuetan, eta nik behintzat onartu behar dut gauza askok egiten nautela barrutik inarrosi. Bat da tortura; beste bat kontrolatzen gaituztenaren... ez bakarrik sentsazioa, segurantza totala baizik; eta, nahiz eta oso subjektiboak diren, mamu horiek noizean behin bisita egiten digute. Ez dira gauzak asko aldatu Relación de las maléficas de Cantabria idatzi zenetik hona —beste poema batean aipatzen dut hori—. Gero, bakoitzaren kasuan oso pertsonalak bihurtzen dira amesgaizto horiek, eta kudeatzeko modu asko daude; baina, nork ez du sentitu beldurrik, ezta?
Eta zuk poema horiek argitaratuta zer nahi duzu, beldur hori adieraztea? Salatzea?
Nik uste dut salaketaren mailan geratzen dela; eta barruan daukagun poliziari hitz egiteko modu bat da, ezkutatzea baita gauza hauekin egin daitekeen txarrena. Horri buruz idatzita gure beldurrak eta mamuak txikiago egiten dira. Zentzu horretan, poema batzuk ilunak dira, baina badaude baita be poema batzuk oso desberdinak, ez daukatenak zerikusia bakarrik gatazkarekin. Hori poema gutxi batzuetan agertzen da; beste liburu batzuetan be sartu ditut gai sozial eta politikoak, eta hemen gutxi horietan laburbildu dut. Gustatzen zait liburuari ematen dioten ukitua.
Ahotsa galdu zuten mendianen Intxortako gudariak dituzu hizpide. Haietako batekin izandako harremanean hartutako desilusioa antzeman dut. Ba ote?
Hori dator Basilio Pujanaren gainean Bidegileak bildumarako egindako biografiatik. Basilio ja hilda, ni familiarekin berbaz, oso ideia konkretua neukan berari buruz —Eusko gudariak ereserkiaren egileetako bat da, Zeanuriko bertsolaria—, eta nire artean nioen batzuetan mitifikatu egiten ditugula zu eta ni bezalako pertsonak, testuinguru historiko batean beraien patuaren kontra borrokatu zirenak, eta galdu egin zutenak Intxortan. Askotan nahi diogu horri buelta eman, amestu zer gertatuko zatekeen Intxortan irabazi izan bagenu, baina poemak transmititu gura du hori alferrikakoa dela; hau da, nahiz eta Intxortan galdu, Lemoako haitzetan, Jaizkibelen... hemen gaudela oraindik; ezin garela bizi galdutako batailetatik, irabazteko dauzkagunetatik baizik.
Tundran eta Anemometroan baino gehiagotan azaltzen dira leku-izen konkretuak poemotan. Eta izenik gabe ere, lekuak nolabait ukigarriagoak egin zaizkit. Bilatutako zerbait izan da?
Hori bada aldaketa nabarmena: lehen absolutua eta unibertsala bilatzen nuen, eta uste nuen hori aurkitzeko bidea zela gauza atenporalak egitea, espazio konkretu batean gertatzen ez direnak. Gehiago irakurriz, esperientziaren bitartez eta poesiak zelan funtzionatzen duen ikasi ahala, konturatzen zara batzuetan, hain zuzen be, jarri behar duzuna dela testuingurua, hori izan dadin benetan absolutua eta unibertsala. Poema batzuk, lekuak eta paisaiak kenduz gero, ez dira ezertan geratzen. Lekuek, paisaiek, askotan egiten dute ideia indartu, eta hori, neurtuta noski, nahiago izan dut ipini. Nahiago izan dut esan aitari eta anaiari buruz ari naizela, amamari buruz, eta ez gauza hetereo bati buruz.
Beste diferentzia bat, agian: aurreko liburuetako poemek bukaera borobilagoak zituzten, azken kolpekoak ziren. Orain ez... edo ez hainbestetan.
Amaiera irekiagoak atera zaizkit. Ez du esan nahi ez ditudanik bilatu bertsolaritzan azkeneko puntuak deituko liratekeen horiek. Baina, igual hori positiboki begiratu behar genuke, eta esan betelan gutxiago egokeran, batzuetan kolpea lehenengo ahapaldian doala, eta bigarren ahapaldiak be eusten diola tonuari, eta hirugarrenak baita. Eta azken ahapaldia sartzen da suabeago, ez dago hainbesteko sorpresarik, bide bat eginda dauka poemak. Horregatik kasu batzuetan poema irekiagoak dira; baina, beste batzuetan, dentsoagoak, kontzentratuagoak.
Miles Davisen disko bi, Kind of blue eta Nefertiti, dira liburuko bi atalen tituluak. Jazza da liburu hau irakurri bitartean entzuteko soinu banda egokiena?
Kind of blue “tristezia antzeko bat” hitzekin itzuliko genuke, eta horrekin hasten da liburua, tristeziarekin. Nefertiti atalean pixka bat gorantz egiten du eta Iazko urtebeteak hitz-joko bat da. Urtebetea da sagar bat, beilegia, oso ondo irauten duena ilunetan, bodega batean-edo gordeta; eta orduan, hurrengo urtean be egon zaitezke iazko urtebeteak probatzen. Sagar mota ezagutzen duenak harrapatuko du, osterantzean ez.
Kantei, musikari, aurrekoetan baino aipu gutxiago eskaini diezu, halere.
Nahiago izan dut ez ipini. Aipuek zahartzaro txarra daukate.
Damutu egiten zara jarritako aipuren batekin, ala?
Ez da damua, baina poema apur bat kondizionatu egiten dute. Eta nire helburua izan denez —guztiz absurdua, baina— poemek irautea... Aipuek gutxiago irauten dute: gure gustuek beste, modek beste. Baina uste dut Miles Davis ez dela kasua.
Idazle izateaz gain, kritikaria ere bazara Argian. Nola bizi duzu bi fronteetan ibiltzea?
Ba, inoiz baino lasaiago, egia esan. Geroz eta oreka inposible gutxiago bilatzen dut, geroz eta artezago adierazten saiatzen naiz liburu batek iradoki didana, eta iritzia emateko geroz eta erreserba gutxiago daukat. Horrek ematen dizu askatasun bat idazteko, beti errespontsabilitatetik eta errespetutik, zure gustuei buruz. Ni konklusio batera heldu naiz: lehen uste genuen liburuak kritikatzen ari ginela, eta nik uste dut gehiago kritikatzen ditugula tendentziak, edo estiloak, edo poema motak. Nik kritika batean adierazten nabilena da, bakar bakarrik, liburu bat iruditu zaidala atsegina edo ez. Eta nire gustuen barruan liburu hori dagoela ondo idatzita edo ez. Uste dut behar dela horretan be trebakuntza bat; lehenengo kritiketan galdu egiten zara, baina orain gutxiago.