literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Gorka Bereziartua Mitxelena
Argia, 2012-01-29
[iturburua]
Harkaitz Cano:
«Literaturak ez du politikoki zuzena izan behar»

Bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten Soto eta Zeberio. Haien lagun Diego Lazkano gertakari horiek urratuta bizi da geroztik. Harkaitz Canoren (Lasarte-Oria, 1975) Twist nobelaren abiapuntua da, gure historia hurbilaren pasarte gordinak fikzioaren ispiluan islatzen dituen istorio zirraragarria.

Mina aipatu zenuen Twist aurkeztean, konpasaren orratzak 1980ko hamarkada ziztatzen zuela eta hortik hasten zela marrazkia egiten. Irakurlea garai hartan kokatzeko ahalegin berezia egin duzu. Dokumentazio lan handia eskatu al dizu horrek?

Gehiago eskatu dit introspekzio sentimentala egitea, gogoratze ariketa. Oraingo pelikula errumaniarrak ikusi, Lau hilabete, hiru aste eta bi egun adibidez, eta pelikula horretako Bucarest ikustean akordatzen nintzen nire haurtzaroko Lasarterekin. Iluntasun hori eta… gauzak diferenteak ziren, uniformatuagoak. Ceaucescuren berniz hark gogorarazten zidan 80ko hamarkadako hasiera. Bi motore daude hor: nik zer gogoratzen dut 80ko hamarkadatik, modu inpresionistan? Sei urte neuzkan 1980an eta horri arreta handia eskaini diot. Eta bestea da, gaur egun oso erraza den nobelen Wikipedizazioa, 1983an zer pasa zen begiratzea. Baina alde dokumental hori filtro sentimentaletik pasa dut, aukeratu ditudan gauzak nahiko subjektiboak dira, nire oroitzapenetatik gertu daudenak, haur batenak izan arren.

Errealitatearen eta fikzioaren artean jolas egiten du istorioak. Pertsonaiak fikziozkoak dira, baina dakartzan oihartzunak oso benetakoak.

Hasieran zalantzak izan nituen. Hau da, hor bi aukera daude, biak zilegi nire ustez: bat da Javier Cercasek Anatomía de un instanten [1981eko otsailaren 23an Espainiako Estatuan izandako estatu-kolpe saiakera kontatzen du liburuak] egin zuena, inbestigazio periodistikoa, elkarrizketa pila bat egin eta gero horri eman, nolabait, fikzioaren erritmoa; edo Truman Capotek Odol hotzeanen egin zuena —gero dudak daude, Odol hotzean zenbateraino den ariketa periodistikoa; badirudi errekreazioa berak aitortutakoa baino handiagoa dela—.

Eta beste aukera da —eta ni territorio horretakoa naiz— fikzioa. Fikzio horretan benetako gertakariak jartzen dituzu zuk menperatzen duzun ispilu deformante batean. Hori da nobela funtzionarazten duen mekanismoa: bada errealitatea, baina fikziozko pertsonaietan islatuta dago. Horrek mutazioa sortzen du, fikziozko pertsonaiak izanda, errealitatearen dosi handia daukaten pertsonaiak direlako. Eta horrek ahalbidetzen dizu fikzioaren malgutasuna eta gordin izateko ahalmena, baina aldi berean fikziozkoak ez diren pertsonaiekin sortzen den erantzukizuna eta enpatia.

Ez dituzu berdin tratatzen pertsonaia horiek, jakinik errealitatearen islaren bidez sortutakoak direla. Hori da nire apustua, baina gero, egia da, zenbaitek esaten duela historia hori oso presente daukan jendearentzat distortsioa handiagoa dela; beharbada belaunaldi gazteek errazago irakurtzen dute nobela hau fikzio bezala, presentzia hori, datu asko… Errealitatetik oso gertu egoteak sortzen du fikzioaren barruan halako inplosio bat.

Liburua argitaratu da politikari batzuk literaturaz interesatzen hasi diren momentu historikoan; “errelato”-ari buruz hizketan hasi dira…

Kasualitatea izan da noski, nobela idazten hasi nintzenean ez nekien noiz bukatuko nuen; baina egia da momentu bereziarekin bat egin duela. Politikariek hitz egiten dutenean, errelato epifaniko bati buruz aritzen dira, kontakizun bakar batek alde guztiak asebete eta nolabaiteko justizia poetikoa egingo balu bezala, eta hori ezinezkoa da. Nire ustez errelato bilduma egin behar da, errelato bat ez da inoiz inpartziala izango. Askotan esaten da: “Ni saiatzen naiz liburu batean alde bateko biktimak aipatzen baditut bestekoak ere aipatzen”. Bada, nik ez dut hain garbi ikusten, beharbada Dostoievski baldin bazara egin dezakezu, baina nik uste gurea askoz gauza apalagoa dela, errelato bilduma osatzea. Eta horretan, hau da bat, oso txikia. Arriskua ikusten dut liburu guztietan halako oreka bilatzekoa, neutraltasuna; hori politikoki zuzenaren esparruan dago, eta nire ustez ez da batere erakargarria.

Literaturak ez du politikoki zuzena izan behar.

Hain zuzen ere ez du izan behar, ez literaturak, ezta politikak ere. 1980ko hamarkadako egunkariak irakurtzean konturatzen zara zenbait gaitan, momentua askoz gordinagoa izan arren, zezenari adarretatik heltzen zitzaiola. Gaur egun berriz, tabu askoz gehiago daude eta sigi-saga gabiltza etengabe.

Adibidez, abokatuaren pertsonaia liburuan: hor badaude abandonatzen joan diren doktrinak. Ez naiz ezertaz gogoratzen, baina zuzenbidea ikasi nuen aldetik, erreskateak ordaintzeari buruz egon den aldaketa interesgarria da, tesi bat egiteko modukoa. Duela 30 urte publikoki esaten zen, xantaia mekanismo baten bidez pertsona baten bizitzaren truke dirua eskatzen baldin bazuten, ordaindu egin behar zela. Hori zen tesi nagusia, oso jende gutxik egiten zion aurre. Horri buelta eman zitzaion erabat, esateraino “Estatu bati —ente abstraktu horri— ezin zaio xantaiarik egin”. Giza eskubideen ikuspuntutik hori aberrazioa da, baina irentsi, barneratu eta saldu egin da, eta kontradoktrina bihurtu da doktrina. Niretzat oso gai serioa da eztabaidatzeko.

Dena den, ez zara momentu jakin bateko gertakari konkretuez bakarrik ari, oso bestelako testuinguruetan ere koka daitezke ukitu dituzun gai asko.

Horrelako gaiekin arriskua dago tesi nobela bat egiteko; eta errealitatea ez da horrela, askoz porotsuagoa da. Politikaz hitz egiten dugu eta ematen du oso gauza zurruna dela, bakoitza bere bandoan… eta ez da horrela, familiak daude, baina familietan desadostasunak daude, jendea maitemintzen da ideologikoki beste muturrean dagoen jendearekin… Baso horretan galtzea gustatzen zitzaidan, kontraesan horiek. Uste dut porositate horretan ez dela erreparatzen eta, berriz ere errelatoaren gaira bueltatuz, uste dut hortik ere kontatu behar dela, askoz ulergarriagoa izango dela. Horretarako literatura kronika baino hobea dela iruditzen zait.

Badago ikuspuntu humanista bat ere, gatazkaren eta gordinkeriaren gainetik pertsonak nagusitzen dira.

Beti uste izan dut jendeak erabaki politikoak edo ideologikoak hartzean, momentu estremo batean lerratzera eramaten zaituzten azkeneko bultzadak… Sinetsita nago horiek ez direla ia inoiz erreflexio ideologiko baten ondorio bakarrik. Ez eta nagusiki ere. Momentu eta adiskide talde, gertaera, familia… Baldintza askoren emaitza dira eta hasiko bagina banan-banan kuantifikatzen —ezinezkoa dena, bestalde—, arrazoiaren parte hori ez litzateke hain pisuzkoa izango.

Inpostorez betetako istorioa da, protagonistatik hasita. Diego Lazkano ez da heroia, baina ezta anti-heroia ere. Non kokatzen duzu?

Asko erakartzen nau inpostoreen gaiak. Norberak badaki zenbateraino den fartsantea, denok gara neurri batean. Esango nuke inpostazio hori, doblearen gaia eta nortasuna eraikitzearen gaia, badela gure buruari kontatzen diogun istorioarekiko diferentea. Bizitzan barrena osatzen goaz gure kontakizuna, azkenean sinetsi egiten duguna, baina hor inpostazioa egiten dugu. Segur aski bizitzeko derrigorrezkoa da inpostazioa. Nobelan saiatu naiz detaile txikietan ere hori islatzen, adibidez, sikario portugaldarrei armak ematen dizkietenean, marka jakin batzuetakoak nahi dituzte, Beretta eta Benelli, eta esaten dute ez badizkiete horrelakoak ematen, ez dutela lanik egingo. Norbera eta norbere islaren arteko joko etengabea dago. Diego Lazkano, azkenean, fartsantea da, baina bere miseria horretan irakurleak maite dezakeen pertsonaia da; eta hori bilatu dut beharbada, inpostazioaren neurri humanoa ematen saiatzea.

Kutsu poliziakoa ere badu Twistek eta irakurtzean akordatu nintzen Maldetan sagarrak liburuan aipatu zenuenaz: Euskal Herrian nobela poliziakoak egiten hastean problema handia zela konbentzioen falta, giro batzuk ebokatzeko hitzak falta zaizkigula. Eta kutsu beltza duen partea euskal girotik kanpo kokatu duzu…

Baliteke, ez da zerbait kontzientea, baina posible da. Hemen agertzen den giro poliziakoa, gerra zikinarekin lotua, oso espainola da.Pasaia bluesen kasuan ertzainak ziren, nekosoa zen horretan aurrera egitea...

Beharbada konbentzio horiek ez direlako literaturan bakarrik sortzen? Enrique Urbizuren azken filmean, No habrá paz para los malvados­en, M-11ko atentatuen trama erabiltzen du eta horrek prentsan izan duen oihartzuna baliagarria zaio fikziorako.

Kontua da eskatzen zaigula errealitatearekiko atxikimendu gehiegizkoa. Adibidez Urbizuk oso ondo egiten du pelikula horretan, errealitatetik interesatzen zaiona hartzen du, baina fikzioak askoz pisu handiagoa dauka eta oso ondo irensten den pelikula da. Zenbaiti entzun diot pelikula horrek ez diola errealitateari heltzen. Bueno, baina, pelikula bat egiten ari gara! Hemen badirudi gehiegizko exigentzia dagoela fikzioari begira, errealitatearen arauak errespeta ditzan. Nire ustez hori errorea da eta mizkinegiak izan gara sortzaileekin; eta horregatik, konbentzio horiek ez dira sortu edo ez dira mamitu, sortzen saiatu garen arren bazterrean geratu direlako. Elkar elikatu da konbentzioen hauskortasuna: ez dugu sinesten, ez gara ausartzen…

Eta, parte poliziakoa kanpora eramatearenera itzuliz, badago afan humanistarekin batera beste bat ere: gertaera oso konkretuak, etxetik gertu pasatakoak, bere kapilarizazio sotilak dituela erakustea, lotzen zaituena herrialde batzuekin, kontinente batekin, Portugal, Italia, Frantzia, Alemania… Europarekin.

Fontecha pertsonaia, Gobernuaren delegatua, interesgarria da nobelan betetzen duen rolagatik. Lasai asko izan zitekeen pertsonaia gupidagabea, “gaizto” klasikoa. Hauskortasuna ere eman diozu, ordea.

Arrakasta handiegirik izan ez duen pertsonaia da, jende askori antipatikoa egin zaio eta momentu batean kentzeko aukera ere egon zen. Eta hau ere inpostorea da, izan nahi du beste zerbait, familian, andrearekin, politikan… Deseroso dago, inguruabarrek derrigortu dute gauza batzuk egitera eta saiatu naiz hori ere azaltzen, bakoitza bere zirkunstantzien preso dela. Beste maila batean denoi gertatzen zaigun zerbait da. Gero, oso berezia da jendeak nor ikusten duen pertsonaia horren atzean; eta nik pertsonaia guztien atzean eduki ditut benetako bizpahiru pertsona, politikari euskaldun sozialistak, kasu honetan. Horiekin egindako mutantea da fikziozkoa, eta kuriosoa da nola batzuek buruan neukan bati heltzen dioten, beste batzuek buruan ez neukan bati… Hori oso boteretsua iruditzen zait, nola fikzio horrek jendearen buruetan sortzen dituen hain oihartzun diferenteak.

“Sublimatu daiteke artearekin tortura?” da nobelak une batean planteatzen duen galdera handietako bat. Twisti ere galde diezaiokegu: posible al da hori egitea?

Ez, segur aski ezin daiteke. Baina kontagarri bihur daiteke. Ez da “erredentzioa” eta ez da “sublimazioa”, horiek artistek erabiltzen dituzten hitzak dira, baina kontaezina dena kontagarri egin daiteke artearen bidez. Eta kontatzeak zertarako balio du? Entzuna izateko. Eta hori oso tonu minor batean esaten dut. Gutxi da… Nire ustez, asko da.

Azken urte hauetako diskurtso politikoak eramaten zaitu pentsatzera artea axaleko luxua dela; hori sinetsarazi digute. Eta nire ustez ezinbestekoa da. “Osasuna ez dugu ukituko eta hezkuntza ere ez” esaten da. Zergatik inor ez da ausartzen esatera: “Ez dugu ukituko ez osasuna, ez hezkuntza, ezta kultura ere; horiek dira ongizate-estatuaren zutabeak”. Gainera lortu dute guk edukitzea subentzionatuen sindromea, aldiz, ingeniari bati ez zaio inoiz gertatzen. Eta bera dago inoiz baino eta inor baino subentzionatuagoa. Hor arazo bat daukagu, ze gero, komeni zaienean egiten da kulturaren aldarrikapen intermitente bat. Orain bai, orain ez, orain bai… Argi finkoak estimatzen ditut kasu horretan: bai ala ez.

Zer da Twist zure ibilbidean? Inpresioa daukat idatzi duzun guztia idatzita ere, nolabait eskatzen zitzaizula “nobela-nobela” bat.

Ez da batere postmodernoa eskaera hori, baina bai.

Zergatik gertatzen ote da hori? Eta, bide batez, non ikusten duzu une honetan zure burua: nobelagile, ipuingile, poeta?

Poeta ez.

Ez al duzu poesiarik idatziko?

Idazten dut, baina gutxi. “Poeta” beti izan da deseroso sentiarazi nauen hitza. Egia da nire lehenengo liburua poema-liburua izan zela, baina kasualitatea izan zen, naturalagoa izango zen ipuin-liburua izatea. Narratzailetzat daukat nire burua, istorio kontalaritzat. Egia da nobela luzearen abantaila edo xarma edo… zera magnetiko hori, orain hobeto ikusten dudala. Stockholmeko Sindrome modukoa daukat nobela tipo honekin, orain arte idazle bezala ez nuen nire burua hor ikusten, beti iruditu izan zait gauzak gehiegi luzatzen direla. Baina orain ulertzen dut baduela indar ilun bat, zulo beltz magnetiko eta erakartzaile bat. Baina ez dut uste… Nik orain buruan dauzkadan istorioak ez dira horrelakoak. Istorio honek bere atalak ditu eta hori ere igual ez da kasualitatea, nire idaztankeraren ondorio izan liteke, edo nire gaitasunaren mugen ondorio.

Harritzen nauen zerbait izan da. Harritzen nau mundu akademikoak hori egitea, baina ulertzen dut, azken finean mundu akademikoa dinosauro bat delako. Baina literatura bat aztertzerako orduan, edo kazetariek kronikak egiterako orduan… atentzioa ematen dit ertzetan dagoen horri arreta gehiago ez eskaintzea. Eta ertzetan dagoena ez da inoiz 400 orrialdeko nobela bat.

Aurkitzen dizkiodan esplikazioak bi dira: bat da gizakion izaera kontserbadorea. Argigarria izan zen esan zidatenean “nik nobela lodiak nahi ditut, iraun dezaten”; familiarizatu naiz pertsonaia honekin, gustatzen zait edo gorroto dut baina erakartzen nau, segi nahi dut harekin. Eta ipuin labur batek, nahiz eta bizimodu modernorako ustez egokiagoa izan, eskatzen dizu ariketa mental handia, berriz zerotik hasi, non nago?, beste giro bat… Beste arrazoia, konbentzituta nago, merkatua dela: argazkilari batek zergatik saltzen ditu argazki handiak? Galeristak handiak nahi dituelako. Eta nobelistoi ez al digute saldu nobela luzeak idatzi behar ditugula beraiei komeni zaielako?

 

Bilaketa