Solasean
Kalean bizi-bizirik zen feminismoa Euskal Herrian 1980ko hamarkadan, beste hainbat herri mugimendurekin batera eta batean. Kalean apaldu egin da orroa eta, egun, zenbait elkarte, instituzio eta unibertsitatetan du habia aldarrikapenak.
Zure berri bila jo eta aurkezpen hauxe jo dut begiz: “EHUko Antropologia saileko irakaslea, ibilbidea feminismoan zentratu du, bereziki”. Oraintxe urtea, hitz horiekin aurkeztu zintuzten Soziolinguistika Klusterraren Eralan ekimenaren jardunaldietan.
Bai, 1977an sartu nintzen feminismoan, lehenengo jardunaldiak egin zirenean, Leioan. Medikuntza ikasten ari nintzen orduan. Ikasketa haiek bukatu eta, Basaurin, Familia Plangintza Zentroan sartu nintzen, herriko emakume elkarteak sorturikoan. Hortik aurrera, nire ibilbide profesionala eta pertsonala, feminismotik jo dut.
Zer da feminismoa, nola definitzen da?
Mundua eraberritu nahi duen teoria bat duzu, eta praktika. Filosofo feminista bat daukat gogoan. Haren arabera, nahikoa da beraien egoera aldatu nahi duen emakume talde batek —tartean gizonak izan edo ez— aldarrikapen multzo koherente bat egitea, bai teorian eta bai praktikan, eta horretarako antolatzea, feminismoa izan dezagun. Sinpleago esanda, gizon-emakumeen arteko harremanak parekatzea. Aukera berdintasuna, nahi baduzu, edo emakumeak edonon.
“Emakumeak edonon”. Polita lema.
Berez, emakumeak eta gizonak edonon. Behin baino gehiagotan erabili dugu lelo hori, “Emakumeak edonon”. Dena dela, niri “Emakumeak eta gizonak edonon” ere gustatzen zait. Balio du.
Uste nuen gizonezkoak edonon zeudela: egunkari eta aldizkari azalean eta barruko orrialdeetan, irrati-telebistetan, aginte organoetan…
Ez leku guztietan ere. Zaintza lanetan, adibidez, gutxiago dira. Emakume gutxiago, berriz, politikarien artean. Hor bada talka. Argazkiak oso onak dira parekatze horretaz konturatzeko. Lehengoan, Oscar sarietako hautagaiei begira egon nintzen. Berrehun lagun izango ziren argazkian. Bada, askoz gutxiago ziren emakumeak. Askoz gutxiago. Ez nuen berehalakoan pentsatuko!
Alardea. Larria da oraindik horrela ibiltzea. Urtero errepikatzen den lotsagarrikeria.
Larria da oraindik horrela ibiltzea, bai. Istilua sortu zenean, usteko genuen berehala konponduko zela. Baina ez. Faktore asko dira jokoan: politikoak, adibidez. Hauteskundeak irabazi nahia eta beste. Gaia asko konplikatu da. Euskal Herrian daukagun paradoxa irudikatzeko erabili daiteke alardea. Gizarte aurrerazalea gara, berdinzalea —oro har, behintzat—, eta bestalde, hor ditugu oraindik zenbait korapilo, askatzen oso zailak.
Feminismoaz galdetu dizut arestian. 80ko hamarkadako feminismoa eta egungoa, berdin manifestatzen dira gurean?
Ez. Izaeran —esentzian— ez da apenas aldatu. Baina gizartearen zirkunstantziak aldatu dira, eta era berean aldatu da feminismoa. Nik esango nuke 90eko hamarkadaren erdialdean aldatu zela feminismoa, gizartearekin batera. Garai hartan askoz kalekoagoa zen feminismoa, kalean ginen beti, beti zen manifestazioa, feminismoaren inguruan, eta beste gauza askoren alde. Orduan askoz errazagoa zen jendea erakartzea, edozeinek esan zezakeen feminista zela. Orain ez da horrelakorik. Feminismoa leku gehiagotan sartu da, erakunde, unibertsitate eta abarretan, baina horrek ikusgarritasuna galtzea ekarri du eta, horrekin batera, “berdintasunaren ilusioa”, batzuek esaten duten moduan.
“Berdintasunaren ilusioa”?
Bai. Gazteek, esate baterako, pentsatzen dute aurreko belaunaldien kontua dela, beraiek ez dutela horrelako problemarik. Horrek alternatibak eta diagnostikoa zaildu egiten ditu. Feminismoa asko dibertsifikatu da: han eta hemen ditugu profesionalak. Instituzioetan profesionalak ari dira lanean, unibertsitateetan ikasketak egin ahal dira… Dibertsifikatzeak feminismoa zabaltzea ekarri du, finkatu egin du, eta ilusio bat sortu du, datu objektiboek ez dute-eta berdintasunik badela erakusten.
Gizartea aldatu da, helburu jakin batzuen alde lan egiteko modua aldatu da.
Feminismoari dagokionez —eta oro har—, politika egiteko modua aldatu da. Interesgarria da. Basaurin, adibidez, Marienea daukagu, Emakumeen Etxea, non Berdintasun atala daukagun hainbat proiekturekin, Informazio zentroa, Sexu informaziorako bulegoa, Jabekuntza eskola, Emakume elkarteak biltzeko gunea… Politika egiteko moduak aldatu dira. Politika feminista, eta bestelakoa. Leku gehiagotara ailegatzen gara, baina erreakzioak ere sotildu egin dira, kontrako erreakzioak ere badira. Espainiako ministro Ruiz Gallardónek “Abortua ez” esaten duenean, erraz identifikatzen da arazoa, baina askotan ez da horrelakorik. Legeak emakumeen alde daude, baina nola aplikatzen dira? Emakume ikasketak badira unibertsitatean, baina non dira lanean hasteko bideak? Problema berriak sortu dira, aurreikusten ez genituenak. Eta, hala ere, feminismoak egoera berri honetara egokitzeko gaitasun handia erakutsi duela esango nuke.
Zure azken liburuak dakarren zenbait gai berri zaizkit. Crítica del pensamiento amoroso horretan maitasun pentsamenduaz ari zara.
“Erromantizismo” erabiltzeko joera dugu, eta erabil daiteke. Baina hitz hori erabiltzen dugunean, bikoteak egiteko moduaz, harremanez, ari gara gehienetan. Maitasun pentsamendua erabiliz, nik, bikotea sortzeko modu horren atzean ideologia dagoela esan nahi nuen. Mendebaldean zabalduta dagoena da: maitasuna gizakiaren identitatearen erdigunean jartzea, heterosexualitatea gauza zentraltzat jotzea, familia eta elkarbizitza antolatzeko era nagusia, ekonomia eta emozioen arteko harremanak...
Bada harremanik bien artean?
Gero eta gehiago aztertzen ari da harreman hori, eta diote kapitalismoak emozioen ideologia konkretu bat, maitasun pentsamendu jakin bat bultzatzen duela. Eleberri edo film arrosen gidoiak hartu, batetik, eta kapitalismoak bultzatzen duen filosofia, bestetik, ikusten da biek antzeko ideia dutela: maitasunaren bidez —edo borondatearen bidez—, dena lortu dezakezula dioen ideia hori, alegia. Kasu batean, maitalea; bestean, arrakasta eta dirua. Baina antzekoa da gidoia. Ekonomia honek maitasun pentsamendu halako bat behar du bere ideologia publizitatzeko eta emakumeak beraien lekuan mantentzeko. Eman dezagun telebistan ageri diren iragarkiak: bikotea dago erdian, erromantzea behar du. Erromantzea, bestalde, merkantilizatuta dago guztiz, abentura, bidaia, afaria eta gainerako parafernalia kontsumista. Maitasuna subjektuaren erdigunean dago, baina gizartearen erdigunean ere bai. Ideologia konkretu bat da.
Maitasuna erdigunean. Behin baino gehiagotan entzun dut hori, azkenean ez dela maitasuna besterik geratzen.
Maitasuna dela inportanteena esaten dugu, baina batzuetan ez dakigu zertaz ari garen, edo ez gara konturatzen. Justizia, elkartasuna, askatasuna, adiskidetasuna… bigarren mailan uzten ditugu. Gauza guztiak parekatu behar dira. Esan nahi dut: emakumearentzat, askatasuna oso inportantea da, elkartasuna ere bai. Maitasuna bezain inportantea (batzuetan). Bestalde, bikotea —heterosexuala— lekurik gorenean jarrita daukagu, beste maitasunik ez balego bezala. Maitasun harremanak askotarikoak direla jakin behar dugu: bikote barrukoa, adiskideen artekoa, familia harremanak… Oreka behar da, guztiak dira inportante, ez bat bakarra.
Zein da maitasun guztiak parekatzeko, orekatzeko edo kontziliatzeko formula?
Ez da formula bakarrik, eta ez da egon behar. Baina ez pentsatu eredua bat bakarra dela. Eredu nagusi bat sortu dugu, eta oso zaila da haren arabera bizitzen: bikote-lagunarekin bizi behar zara, harekin dituzu harremanak, hartaz maiteminduta egon behar zara, harekin seme-alabak izan… bestela ez du balio. Exijentzia maila oso handia da, eta ez du funtzionatzen. Beste era batera antolatuko bagenu oraingo eredu hori, hobeto funtzionatuko genuke.
Eredu berria sortu behar dugu?
Edota dauzkagun bestelako harremanak errekuperatu, ikusgarri egin. Adin batetik aurrera, adibidez, adiskide sarea egina duzu, gaixotzen zarenean laguntzen zaituztenak. Gaztetan, bestalde, ohikoa da ikasleek pisua partekatzea… Bigarren mailako formulak direla pentsatzen dugu, “bikotea bilatu bitartekoak”, uste dugu, baina balio duten formulak dira. Ikusgarritasuna eta balioa eman behar diegu bide horiei ere, benetan erabiltzen ditugun horiei. Aldiz, zer ikasten dugu: familia nuklearra, aita, ama eta seme-alabak. Maitasun ideologia konkretu baten bidez mantentzen da eredu hori, horrek zoriontsu egingo gaituelakoan. Zorionaren ideologia oso inozoa dago, bestalde, ze ez da posible momentu guztietan zoriontsu izatea. Gainera, “zoriona” bilatze horrek orden sozial jakin bat mantentzen du.
Maitasun pentsamenduak berdin jotzen gaitu gizon zein emakumeok. Mekanismoa aztertzera, berriz, emakumeak jotzen du, ez gizonak.
Hitzaldiak egiten ditudanean, askotan galdetzen dut: “Zer da emakume izatea gaur egun?”. Eta zaila da horri erantzutea. Baina, erantzunez, esango genuke emakumea dela pertsona bat, maitasuna bere identitatearen erdigunean jarri duena, edo hobe esanda, jartzera bultzatu dutena. Emakumeak besteok maitatu behar ditu, zaindu, haientzako lan egin… Hasteko, behintzat, nahiz eta badiren alderantzizko kasuak ere. Oso zaila da gizon bat topatzea, bakarrik, horri emana bizi dena. Aldiz, pila dira horretan diren emakumeak: “Niretzat inportanteena maitasuna da”. Egintzetan ez bada ere, diskurtsoan. Zure helburua hori bada, besteon menpe zaude, besteon arreta eta maitasuna behar dituzu zeure buruarekin konforme egoteko. Eta menpekotasun mota hori oso txarra da. Edonorentzat, baina emakumeak bizi du kasurik gehienetan.
Maitasuna, erromantizismoa, ezberdintasuna. Horixe gaiaren inguruan egin duzun hitzaldi baten izenburua.
Maitasun ideologiak mundu jakin bat sortzen du, eta mantentzen. Ordena sozial jakin bat: familia behar da, eremu pribatua eta publikoa, gizonak batean eta emakumeak bestean… Mundu desiguala, ez bakarrik emakumeentzat, baita gizonentzat ere. Filmetan, adibidez, emakumea beti da pobreagoa, ilunagoa… Maitasunaren bidez lortzen du arrakasta. Ideologia horrek dio behean dagoenak maitasuna duela zoriontsu izateko, zerbait lortzeko aukera bakarra. Hori kontatzen zaigu, maitasunaren bidez lortuko dugula. Nobela erromantikoetan berdin, emakumeak morroi baten bitartez baino ez du lortuko zoriontsu izatea. Oso gauza heterosexuala, bestalde. Esango du batek: “Guztiek ez diote kasu egingo horri”. Beharbada ez, baina oso zaila da hortik eskapatzea alde guztietatik bonbardatzen zaituztenean, abestiek, filmek, publizitateak…
“Feminismoa, euskaragintzarako gogoeta-tresna?”, iaz egin zenuen hitzaldi baten izenburua. Zer ikusteko dute feminismoak eta euskalgintzak, edo “euskaragintzak”?
Euskaragintza erabili nuen, joko txiki bat eginez, besterik gabe. Euskaragintza, azken finean, euskararen alde egiten dugun guztiok egiten dugu, hezkuntzatik feminismoraino. Baina arlo diferenteak balira bezala jokatzen dugu. Duela bi urte Euskal Kulturaren Transmisioari buruzko aditu-titulua egin nuen HUHEZIn. Monografikoa egin nahi nuen euskal kulturaz. Ikasle rola hartu nuen, normalean hartzen ez dudana. Hizlariak honetaz edo hartaz ari zirenean, beti egiten nituen feminismoarekiko alderaketak, batez ere militantziaz eta politikez hitz egiten zenean. Konparaketak egiten ari nintzen (baina ez ni bakarrik), etengabe. Halako batean, Nekane Goikoetxearen bidez Iñaki Arrutik Udaltop-en jardunaldietan parte hartuko ote nuen, hausnarketa egingo ote nuen esan zidan, eta nik erronkatzat hartu nuen, gogoeta egitea, galderak formulatzea feminismotik euskararen aldeko mugimendura.
Zeuk egin duzun bidea, funtsean. Feminista, euskararen aldeko mugimenduaren partaide. Euskaldunberria zaitugu, Basaurikoa.
Erdalduna naiz euskalduna baino gehiago, dena esan behar bada. 14-15 urte nituela hasi nintzen euskaraz ikasten Basaurin, artean Euskalduntzen metodorik ez zenean. Gaur egun euskaraz ematen ditut eskolak, euskaraz hitz egiten dut semearekin eta lagun askorekin, euskaraz egiten ditut hitzaldi asko, antropologia testuak… Nire bizitzako parte inportante bat euskaraz egiten dut.
Zer zen Basauri euskaraz garai batean, zure 14-15 urtetan, eta zer da gaur egun?
Erabat aldatu da. Txikitan, la aldeana deitzen genuen gure etxe aurrean bizi zen emakumea, hila da aspaldi. Euskalduna zen, Arratiakoa nonbait. Ikerketa baten harira, elkarrizketa egin nion lagun bati. Basozelain [Basauriko auzoa] bizi zen, denak etorkinak ziren bertan, eta haren etxepean, batzuk los aldeanos ziren, euskaldunak. Geroago, jendea ikusi zuenean euskaraz ikasten, negar egiten zuen hango emakumeak. Izugarri aldatu da egoera. Zortzi-hamar familia ziren euskaldunak hemen. Pixkanaka-pixkanaka, jende askok daki euskaraz hitz egiten Basaurin, lagun mordoa daukat euskaraz normal hitz egiten duena.
Lehen eta orain, zuri eta beltz.
Hemen bada euskararen aldeko elkarte bat, Euskarabila, urte asko lanean ari ondoren krisian-edo zegoena. Zer egin zen iaz? Euskararen egunarekin batera, jai erraldoi bat, Lasarte-Orian egiten denaren modukoa: “12 ordu euskaraz”, Basaurin be bagara lemapean. Oso ondo irten zen, eta orain zer egiten ote dugun ari gara. Ni txikia nintzenean “12 ordu euskaraz” egitea ezinezkoa zen. Gainera, belaunaldi ezberdineko jendea bildu da modu batera edo bestera lanean.
Elkarrizketa hau ezberdina izango zen emakumezko batek egina izatera?
Ez dut uste. Zergatik, bada?