Solasean
Mikel Antzak Atzerri (Susa, 2012) nobela plazaratu zuenean, haren lagun Xabier Montoiari eskatu genion elkarrizketatzaile lanak har zitzan. Orain, Xabier Montoiak Azken afaria (Susa, 2013) argitaratu duelarik, alderantzira aritzeko eskatu genien biei. Kartzelako bisitaldi baten emaitza duzu ondoren datorrena.
Azken afaria irakurri ostean, elkarrizketa hau prestatzeko zure liburuak eskuratu eta irakurtzen aritu naiz. Irakurria nuen arren, Non dago Stalin irakurri berri dut. Azken afaria-rekin antzekotasunik baduela esango nuke.
Aspaldi irakurri nuen nobela hori, eta hala izango da segur aski. Pentsatzen jarrita, nire orduko hainbat kezka eta obsesio eta oraingoak antzeko samarrak direla esango nuke. Betiko kontu horien erabilpena, berriz, oso bestelakoa da oraingo honetan. Ordukoan komikietatik eta antzeko beste kontu batzuetatik hartutako osagaiak ageri ziren. Azken afaria-n, baina, idazkera guztiz errealista erabili dut hasieratik. Hor dago aldea.
Bazkaria, gonbita itzazu hiru adiskide. Nortzuk dira? Zer jango duzue? Zertaz mintzatuko zarete?
Lehenik eta behin zu gonbidatuko zintudake, jakina. Bigarren gonbidatua Josu Landa izan liteke eta Iban Zaldua hirugarrena. Seguru bazkaloste luze eta interesgarria izango genukeela. Menua barazkizalea litzateke, noski. Halako lagunekin, mintzagaiak bi izango ziren nagusiki: literatura eta politika edo politika eta literatura edo biak batera. Edo auskalo, beharbada futbolaz mintzatuko ginateke. Sekula ez dago jakiterik. Nolanahi ere, ez ginateke batere aspertuko.
Emakumeak aurrean daudenean gizonezkoek beren benetako izaera mozorrotzen dute ala orduantxe agertzen dute beren benetako izaera, “gizonak izatera” jolas egiteari utzita?
Oro har, gizon izan edo andre izan, guztiok mozorrotzen dugu geure burua, horixe da-eta gizartea.
Gaua. Tortura, ekintzak, biktimak, errelatu famatua. Kontakizun neutroa, hotza egitea hobetsi duzu. Zer funtzio bete du literaturak euskal gatazkan? Funtziorik bete behar duela uste baduzu, zer funtzio bete beharko luke?
Bai, kontaera hori hobetsi dut. Literaturaren funtzioa? Euskal literaturarena? Egia esan, gutxitan egin dut gogoeta horretaz eta ez dakit zehazki zer esan. Niretzat, eta nolabait adieraztearren, literaturak funtzio asko izan dezake, baina behin ere ez funtzio bakar eta nagusi bat.
Gauaren gaua. Goñi eta emaztea sofan eserita, telebista itzaliaren aurrean, bakarrizketa mutuan. Zirraraz eta itolarriz irakurri nuen pasartea. Gauaren hondoraino gainbehera hori gaurko egoeraren deskribapentzat hartu nuen. Ez al du etorkizunik gaurko euskal gizarteak?
Berriz ere, ez dakidala esan behar dizut. Duen, ez duen, batek daki. Dakidana da gaur egun askoz gehiago direla hiltzen diren euskaldunak, jaiotzen direnak baino. Hala izanik, nekez irudika dezaket inongo etorkizunik guretzat.
Afaria. Roderak egia esatea erabaki du. Ez al du horrela jokatzeak bere lagun minaren samina areagotzen? Beharrezkoa eta osasungarria al da beti, edozein delarik zirkunstantzia, egia esatea, pertsonaia literarioen bidez bada ere?
Bai, segur aski, zuk diozun bezala da. Nik neuk ez dut uste beti egia esatea beharrezkoa edo osasungarria denik. Baina, modu berean, egia beti iraultzailea delakoan nago, norbaitek aspaldi esan zuen bezala. Kontua da: nork behar du iraultza bat bere bizitzan, telebistako iragarkietan ez bada? Literatur pertsonaien kontu hori ere merezi du aipatzea, nik uste. Nolabaiteko enpatia sor dezake pertsonaia batek irakurlearengan, eta horrek beti lagun dezake gehienetan mingarria den egia delakoa ulertzen eta, beharbada, onartzen ere, noizbait.
Liburuaren amaierara iristean sortu zitzaidan lehen galdera: Zergatik desagertzen da liburuaren lehen atal bikainaren ostean bazkaltiarren arteko intelektuala, Salaberria idazlea? Non dago? Salaberria al da narratzailea?
Oso galdera interesgarriak dira horiek, baina aurreko elkarrizketetan egin zizkidatenean, erantzun gabe utzi nituenez, barkatuko didazu ez badizkizut erantzuten, ez bainioke nobelaren balizko irakurleari, inolaz ere, nire iritzia inposatu nahi.
Gazteak ginenean Bernardo Atxagari eskaini genion Susa aldizkariaren zenbaki oso bat. Gogoan dut ordukoan zuk esandakoa: “elika ezazu lehoia... eta jango zaitu”. Barça taldearen zalea zarela sekretua ez denez, esango al didazu euskal literaturak ez ote duen Espainiako ligaren antzik? Badakizu, Atxaga, Sarri, Uribe, Cano... eta besteak.
Susa hura bosgarrena izan zen, oker ez banaiz. Euskal literaturara iritsi berria nintzen orduan eta gehiegizkoa iruditu zitzaidan artean ipuin eta poema batzuen egilea omen zen hari ale oso bat, monografiko bat, eskaintzea, Faulkner edo Brecht balitz bezala. Ez nuen ezer ulertzen. Orain, urteek emandako talaiatik begiratuta, aitortu behar zuek zuzen zinetela eta ni oker. Beste kontua. Euskal literaturak badu, noski, antza Espainiako ligarekin, baina halako zerbait gertatzen da beste literaturetan ere. Badira Champions jokatzen dutenak eta badira kategoriari nekez eusten diotenak ere, badira klub aberatsak eta klub pobreak, badira crack-ak eta horren zorionekoak ez direnak ere.
Literaturan hasiberriak ginela, euskal literaturarako zer izan zitekeen hobe eztabaidatzen genuen, Nobel saridun bat izatea edo erdipurdiko idazle-talde joria. Zer nolakoa da euskal literaturaren sistema 30 urte geroago?
Nolabaiteko sistema literario bat dugu, lehen ez bezala, aje ugarikoa noski, baina gure inguruko sistema literarioekin alderagarria. Nobel saridunik izateak ez dit batere axola. Okzitanierakoek izan zuten, aspaldi, eta horrek ez zien mesede handirik egin. Nork nahiko luke Camilo Jose Celak irabazitako sari bat, gainera?
Euskal literaturak ez du inoiz dirurik emanen?
Idazleei ez behintzat, edo, hobeto esateko, idazle gehienei ez behintzat.
Duela urte batzuk Euskadi Sariaren aurkako ekimen bat egon zen euskal idazleen artean, Utikan! deiturikoa. Oker ez banago, ez zenuen parte hartu, eta gainera saria eskuratu zenuen Euskal Hiria Sutan liburuarekin. Azalduko al didazu zein den zure iritzia Euskadi Sariez eta oro har literatura sariketez?
Hala da. Puntu gehientsuekin ados nengoen arren, ez sinatzea erabaki nuen, eta ondoren ikusiak ikusita, gero eta kontentago nago sinatu ez izanaz. Euskadi Sariez dudan iritzia azaldu baino lehen, utz egidazu sariez, oro har, dudana azaltzen. Saria ematen duenak, edozein sari, ez soilik literatur sariak, bere buruari eman ohi dio. Publizitatea lortzen du bere enpresa edo erakunderako, sos batzuen truke, eta, gainera, kulturaren bultzatzaile agertzen da. Horixe gertatzen da Euskadi Sarian ere. Gainera, orain, niri eman zidatenean ez bezala, idazleak berak aurkeztu behar du bere liburua sariketara.
Zenbat gara? 1.700, 10.000, 40.000, 150.000, 800.000? Kezkatzen al zaitu euskarazko literatura irensten duen irakurle kopuruak? Eta zure irakurleen kopuruak? Ba al duzu harremanik irakurleekin?
Gauza horietako batzuek kezkatzen naute, baina ez oso, egia esan. Benetan axola didana testuaren egokitasuna da, haren kalitatea. Horrek ematen dizkit buruhausterik handienak. Nire irakurle batzuk ezagutzen ditut, noski, eta esan behar dut begirune osoz jokatu dutela beti nirekin, ni haiekin jokatzen saiatu naizen gisan.
Argitaratzea merezi ez duen literatur liburu askotxo argitaratzen al da euskaraz? Hala bada, ez al zaizu iruditzen horrek jadanik urriak diren euskal irakurle saiatuak uxatzen dituela?
Argitaratzea merezi ez duten liburuak literatura eta kultura guztietan argitaratzen dira. Gurean ere bai, bistan da. Liburu txarrek, edozeinek, irakurleak uxatzen ditu eta, modu berean, liburu onek irakurleak sortzen. Baina, noski, liburu on bat argitaratzeko, txar asko idatzi beharra dago. Kalitatea kantitatetik dator. Edonon.
Euskal Idazleen Elkarteko bazkide al zara? Zergatik?
Ez naiz bazkide. Zergatik? Ezin esan. Antolatzeari beharrezko irizten badiot ere, sindikatuez eta horien antzeko erakundeez dudan iritzia ez da oso ona eta, segur aski, horregatik ez dut inoiz sindikatzeko beharrik sentitu.
Lehengo batean, behin eta berriz sortzen den eztabaida sutsu bezain korapilatsua izan genuen: Nor da idazlea? Selekzioa egiteko irizpideak jartzen hasi eta hor nahastu ginen. Nor da euskal idazlea?
Inoiz ez dut dudarik izan. Euskaraz idazten duena da euskal idazlea, erdaraz idazten duena erdal idazlea den bezalaxe.
Zergatik itzultzen dira euskal literaturazko liburuak gaztelaniara eta ez frantsesera? “Gaztelaniatik mundura”, edo “Espainiara” edo, besterik gabe, “euskal herritar elebakar eta alferrengana”?
Ez naiz segur, baina susmoa dut horietako asko zuk aipatutako “euskal herritar elebakar eta alferrengana” edo, areago, euskaldun alferrengana iristeko direla, batez ere liburu horiek erdaraz Euskal Herrian argitaratzen direnean. Gainera, ez da ahantzi behar euskal idazle gehienok “hegoaldetarrak” garela eta, beraz, normala iruditzen zait beren harreman asko dakiten beste hizkuntza horretakoekin izatea.
Nonbait irakurri dut euskaraz literatura ona irakurtzeko itzulpenetara jo behar dela.
Ez bakarrik itzulpenetara, bada-eta euskaraz sortutako makina bat liburu eder. Hala ere, euskaraz ez duguna da Gauaren azken muturrerainoko bidaia, Istoriorik goibelena edo Adimenaren mugetan mailako nobelarik, itzulita ez bada, behinik behin. Probestu dezagun.
Dolores Redondoren Zaindari ikusezina. Thriller bat, Baztanen. Best-seller bat. Zergatik ez horrelakorik jatorriz euskaraz?
Badira euskaraz idatzitako thriller-ak ere, gero eta gehiago. Hala ere, liburu hori euskaraz idatzi eta argitaratu izan balitz, ez dut uste best-seller bilakatuko zenik, gure hizkuntzaren egoera dela eta.
Jo eta ma uzten nauen kontu bat orain: euskal idazleak bertsolarien jelos omen dira. Esplikatu zer den hori, nik bederen ez dut-eta zipitzik ulertzen.
Idazleak bertsolarien jelos? Baliteke. Ni, idazle naizen aldetik, beste idazle batzuen liburuen jelos egongo nintzateke, baina bertsolari baten jelos, ez dut uste. Beharbada, idatzi bainoago idazle izan nahi duten batzuk egongo dira bertsolarien jelos, haien itzala gure gizartean idazleena baino handiagoa izanik, azken aldian.
Xangreak jota al dago euskal literatura?
Ez dut uste, edo ez beste literaturak baino joago, nolanahi ere.
Hormetan ere mikrofonoak dituzten toki diskretu honetan, egiguzu konfidentzia bat: zenbat nobela bota (edo tiraderan gorde) dituzu?
Hiru nobela kaxkar eta ipuin berdin kaxkar mordoxka ere bai.
Itzuli al dute zure libururik beste hizkuntzaren batera? Egin al duzu ahaleginik?
Liburu osorik ez, baina ipuin solteak bai. Egia esan, behin ere ez dut itzulia izateko ahaleginik egin. Alferregia naiz horretarako.
Zure liburuak irakurtzean sortzen zaidan galdera: Zerk egiten ditu zorigaiztoko hormaz bestaldeko biztanleak?
Hormaz bestaldeko biztanleek, beste inongoek bezalaxe, makina bat arrazoi dute zorigaiztokoak izateko, zure aldekoek beste, nik uste. Lanik ez dutenak lan ezak egingo ditu zorigaiztoko. Lana dutenak, berriz, beren lan baldintzek. Antzera gertatuko da maitasun faltan dabiltzanekin, baita maitasuna izan bai, baina haiek nahiko luketena ez dutenekin. Ikusten duzunez, ez dago arrazoi edo aitzakia falta. Gainera, hala izan da beti eta aurrerantzean ere hala izango delakoan nago. Gure izaera da, eta horrekin bizitzen ikasi beharra dago.
Hegoaldeko literatura, Iparraldeko literatura. Nabarmena da bi estatuek eragindako zatiketak literaturan duen eragina. Zure liburuetan ahalegin berezia nabarmentzen da euskara batutik harago pertsonaiak eta giroak euskalkien bidez ñabartzeko, sinesgarri egiteko. Hendaye plage. Ez al da sortzen ari (sasi-)mugako literaturaren belaunaldi bat?
Nire liburu guztiak batuaz idatzita daude. Nire pertsonaia guztiak euskaraz solastatzen dira. ‘Ederto’ idazten dudanean, batuaz ari naiz, eta berdin, ‘ederki’ idazten dudanetan ere. Hori argi utzita, egia da polifonia funtsezkoa iruditzen zaidala literaturan eta, bereziki, nobeletan. Zuk aipatutako (sasi)mugako literatura hori ez dut ezagutzen, baina, noski, baliteke hala izatea, ni horretaz jabetu ez arren. Dena den, bi aldeetako literaturak gero eta elkarren antz handiagoa izango dutela uste dut.