Solasean
Arnas luzeko nobela sortu du Harkaitz Canok. Susa argitaletxearen eskutik kaleratu du Twist, 80eko hamarkadako paisaia eta gizartea egungoaren parean jartzen dituen lana. Belaunaldi baten bilakaeraren eta kontraesanen erroetan murgildu da Cano lan honetan, era berean belaunaldietatik harago doan bidaia proposatuz irakurleari.
Estilo aldetik 'Twist' orain arte zure liburuetan sakabanaturik topatu ditugun joera guztien kondentsazioa da?
Irakurri ondoren nik ere izan dut sentsazio hori, badu horretatik. 'Pasaia blues'en orbitan kokatu arren beste lanen oihartzunak dituen liburua izan liteke. Horretan pertsonaia asko izateak, bakoitzaren ertz ugari izateak, kondentsazio horretan lagundu dit: artearekiko kezka dela, teatroa dela... badaude pasarte surrealistak edo ametsen mundukoak direnak ere.
Sarritan azaldu izan duzu Test Jockey izaerarekiko lotura eta interesa, Dora Salazar eta Joserra Senperenarekin egindako 'Helduentzako ipuinak' liburuaren harira adibidez. 'Twist' beste muturra litzateke edo kontrara haren nolabaiteko garapena?
Nobela bat idazten ari zarenean edozer egur erabiltzen duzu sutarako, etengabe ari zara handik eta hemendik su hori elikatzen itzali ez dadin. Zure momentuko egoera, ikusi dituzun pelikulak eta arte erakusketak, egin dituzun bidaiak... dena sartzen duzu hor modu eraldatu batean. Alde horretatik hemengoa ez da Text Jockeya zehazki, hori gehiago baita idatzita dagoenaren erreskatea, testu baten testuingurua aldatuta testua bera birkokatzea. Nobelan berrelaborazio eta zurrunbilo handiagoa dago, bi bide horien arteko kinka bat bizi dut momentu honetan.
Egiturari dagokionez sekulako arkitektura duen liburua da 'Twist'. Zerk eman dizu arkitektura horren oinarria, istorioen hariek, kontzeptuek, pertsonaiek...?
Pertsonaiek pisu handia izan dute, baina baita kontzeptuek ere. Batetik nortasun likidoarena, nortasunak zurrupatzearena, eta bestetik 'noirtasun' likidoa, genero beltzera hurbiltzen den noir ukitua baitago batzuetan. Pasarte batzuk oso zinematografikoak dira baina badago pertsonaien aldakortasun obsesiboa ere, besteen bizitzak bizi nahia. Asko hitz egiten da bestearen lekuan jarri behar dugula esanez, eta hemen badago ariketa hori beste era batera eginda. Bestea izateko modu asko daude, ziber mundua da horietako bat. Modu lausoagoan bada ere hori seinalatzen da, nola azkenean geure ispilu eta entsimismatzeko modu bihurtzen den sarea. Sareko mundua apasionantea iruditzen zait. Egoaren eta pudore galeraren garaia da, ikusi nola galdu den pudorearen nozioa, norbere burua erakusteko egoaren erabilpen sistematikoa, inkluso jonkia... Oso zaharra sentitzen naiz maila horretan!
Haur eta gazte izanik bizi izan duzu 80eko hamarkada. Ziur aski kulturgintzan belaunaldi hartakoekin elkarlana egitea egokitu zaizu, belaunaldi haren desenkatua ezagutzea ere. 80eko hamarkadara gerturatzeko dokumentazio 'humanoa' egin duzu, testigantzak jaso dituzu?
Elkarrizketa asko izan dira bai, telesail batzuetan bezala 'Walk and talk' asko. Telesail batzuk oso berbalak dira, beti hizketan egote hori aspergarria ez egiteko oinez ibiltzen dira pertsonaiak eta dinamismo bat ematen dio horrek. Nik 'Walk and talk' dezente egin nituen editorearekin adibidez, zeina gutxi gora behera protagonistaren adinekoa den, eta berarekin bezala beste batzuekin ere bai. Zure aurreko belaunaldiaren eraginari dagokionez, anai edo arreba nagusiaren disko bildumaren efektua aipatuko nuke. Zuk entzun eta ikusten dituzu gustatzen zaizkizun zure garaiko filmak, diskoak... baina oso oihartzun presentea duzu ere nolabait heredatzen duzun zure anai, arreba, lehengusu edo osabaren disko bildumaren hairitk... Asko elikatu naiz heredatutako giro hartatik, nahiz eta askotan zure pertzepzioa ez den zure anaia horren berbera. Gogoratze horretan oso polita da '27 ordu' bezalako filmak ikustea, balio zinematografikoaz haratago oso ondo dokumentatzen dituelako janzkera bat, garai bat, eskaparate batzuk... gauza askotan hobera joango ginen, peatonalizazioan eta beste, baina giroen preserbantzian oso ibilbide eskasa egin da adibidez Donostian.
Amildu izan naiz. Hori da onena. Amiltzeko arriskua, eta berriro ere amiltzeko aukera izango duzula jakitea. Antzerkiaz ari zen Sara pertsonaia, literaturaz esan liteke antzeko zerbait? Amiltzeko sentsazioa izan duzu 'Twist'ekin?
Amildegietara gerturatzeko ariketa izan da, baina tira, amildegia esatea ere... idazleok idazten dugunean pixkat esplendidoak jartzen gara. Meettokeko Ramon Etxebestek esaten duen bezala ez gara inor bularra irekita operatzen ari. Hala ere egia da amildegi, gure baitako leku ilunetara edo historiako amildegi horretara hurbiltzearen eta horrekin arriskua hartzearen sentsazioa izan dudala. Mina eta arriskua nik estimatzen dudan idaztankeraren osagaiak dira; tarteka asmatuko duzu ala ez, baina nik irakurle bezala edo ikusle bezala estimatzen dizkiot horiek sortzaile bati.