literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Gorka Arrese
Berria, 2021-11-28
Itxaro Borda:
«Amaia Ezpeldoik aldez alde kanbiatzen ikusi du Euskal Herria»

Amaia Ezpeldoi izena du Itxaro Bordaren pertsonaia literario nagusiak. Hiru hamarkada zeharkatu ditu, mende batetik bestera. Nobeleskoa da, detektibea delako; benetakoa dirudi, fikzioaz honago dagoelako.

Basilika nobela 1984an argitaratuz gero, Itxaro Bordak hamalau eleberri idatzi ditu. Horietatik sei Amaia Ezpeldoi detektibearen istorioak izan dira. Hamar bat ipuinetan ere agertu izan da gainera. Susa etxeak aurten plazaratu du Euri zitalari esker nobela, eta horretan agur esan du detektibeak.

Ezpeldoik abantzu 60 urte baditu. Haren adiskide Joana Garralda erizainak erretreta hartu du, alferrik galduta zegoen Erratzu baserria erosi du Atharratzen (Zuberoa), eta hara bizitzera joatera gomitatu du Ezpeldoi. Beraz, Baionako Maubec karrikako etxean dituen liburu maiteenak hautatuko ditu: Wittigen Les Guérillères, Proust, Dostoievski, Woolf, Rimbaud; eta Atharratzera joango da Garraldarekin, amodioa egitera eta sagarrondo baten alboko baratzea jorratzera.

Ustekabean, ordea, emakumezko bat hurbildu zaio: 10.000 euro eman dizkio haren alaba Maddi aurki dezan. Hainbeste diru sekula eskaini ez diotenez, mandatua onartu egin du, eta Ezpeldoik burutuko duen azken detektibe lana izango da. Behin betiko deliberatu da erretiratzera.

Amaia Ezpeldoiren lehen nobela 1994koa da: Bakean utzi arte. Harrezkero, hiru hamarkadatan detektibe lanak egiten ibili da. Gaztea izatetik heldu arora, gauza franko ikusitakoa da.

Aldez alde kanbiatzen ikusi du Euskal Herria. Gehienbat, maila politikoan. Gero ikusi du ere ekonomikoki pasatzen lehen sektoretik hirugarrenerat, horrek sortzen dituen kalteekin. Hori ere agertzen da bere ofizioan; enpresa batzuetan garbitzailea izan zen, eta azkenean zabor biltzaile bukatzen du. Aski sinbolikoa da, ene ustez.

Kulturalki ikusi du dena kanbiatzen; eta bereziki, teknologia aldetik. Zuberoan gasbidearen kontrako borroka garaian [lehen eleberrian], finkoa zen telefonoa, distantziak bete egin behar ziren; eta azkeneko honetan ohartuko zara Amaiak erabiltzen duela on-line sistema, Zoom edo Jitsi. Ez du baitezpada lekuetara joateko beharrik fisikoki, baina joan egiten da Joanaren autoan.

Hastapenean Amaiak 4L zuri bat zeukan, baina orain ez dauka autorik, hain da ekologista! Egia da maite dituela autoak (Jimmyren Ferraria, Haizeminen Thunderbird deskapotablea, Joanaren 4x4 berdea), nahiz eta berak maite ez duen gidatzea.

Portaeran euskal herritarrek berdintsu segitzen al dute?

Amaia Ezpeldoiren lanak eta ikerketak oso gogorrak dira. Ez da baitezpada hilketarik. Baina humanoki, kulturalki eta sozialki gogorrak dira. Hori ez da aldatu. Gure sozietatea aldatu da, baina jendeen arteko harremanak, leku berezi batzuetan, ez dira aldatu. Pixka bat fosilizatuak bezala dira egiteko moldeak. Eta oraindik ere biolentzia handia dago. Enpresa arloan bortizkeria are gehiago indartu da. Ez da sofistikatua, brutala da. Hori aldatuko balitz, ez liteke gehiago euskal sozietaterik.

Galdu egin den jendearen xerka aritu da Ezpeldoi. Ofizio berezia da, gero. Nondik datorkio grina hori?

Ez dut uste argitzen denik. Bere baitan dauka. Beharbada esplika nezake... Nobela guztietan agertzen zaio bere ama. Lehen eleberritik azkeneraino ikusten da bere amarekiko harreman nekeza. Hor, ez dakit, izanen da amaren amodio galdua, edo amaren figura galdua, edo amaren hizkuntza galdua... Horrelako zerbait badu inkontzientean, besteen zerbitzuko jartzeko, besteen bila ibiltzeko. Saiatu naiz, sei nobeletan, batetik bestera elementu batzuk pasatzen, eta amarena hasieratik pasatzen da.

Parisera joan aitzin, 1986an edo, zatikako ipuin bat egin nuen Gure Irratian musikarekin irakurtzeko, Pazkoko oporretan eman zena. Hor pertsonaia zen Amaia Sheridan, eta jadanik bilaketan ari zen. Hori izan zen aitzineko prototipoa.

Norbaiten xerka ari denean, beti bada auzi sozialen bat.

Kontestu sozioekonomiko inportante bat izaten da, bai. Nobela bakoitzak alor bat jorratzen du. Ekologia, Zuberoako gasbidearekin. Bigarrenean, Amikuzeko espartingintzaren auzia eta trafikoa. Hirugarrenean, Espainiako armada eta Bardeak. Laugarrenean, homosexualitatea, transgeneroa, queer izaera, Bilbon eta hiri giroan. Bosgarrena idazten ari nintzelarik ETAren su itzaltzea zen, eta Amaiaren sentimenduak sartu nituen gertakari handi horri buruz. Seigarrenean, azken honetan, familia istorio biziki ilun bat dator. Duela 30 urte emazteenganako eta haurrenganako tratu txarrak ez ziren batere aipatzen, eta orain egunkarien lehen orrialdeak betetzen dituzte.

Ideologikoki ezkerrekoa da Ezpeldoi.

CGT sindikatukoa. Ezkertiarra, bai. Ez karta batekin. Baina izan da zurrunbilo horretakoa. Beti ukan du ideologia hori: ezkerra, askapena, borroka kolektiboak, intsumisioa... Bizi nizano munduan nobelan [1996] lantegi baten itxieraren kontrako alimaleko manifa agertzen da.

Euskal Herri osoan ibili da. Hari buruzko eleberriek bidaia liburuak dirudite. Lurraldearen xerka ere jardun duela esan ote liteke?

Puskaka egin du, bai. Orain ezagutzen dugun Euskal Herri hori inguratu du. Ibili da denetan: Maulen, Baionan, Tuteran, Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Donibane Garazin..., eta Errioxan, Landetan..., Alemanian ere bai. Eskualde guztiak ikusi ditu. Eta eskualde guztietan zerbait atzeman du; batzuetan, bilatzen ez zuena atzeman du.

Euskal paisaiaren, beraz, euskal arimaren isla bat egiten da. Azaltzen dira Landetako basoa, Bardetako desertua, Bilbo hiriaren agerpen handia... enfasi pixka batekin eta baikortasunarekin. Aurreiritzirik gabe; den bezala hartu, eta argia eman. Hori egiten du Amaiak, maite baitu lurralde hau. Zernahi erraten ahal du, zernahi erraten ahal diote, baina lurraldea maite du, lurralde horretakoa da, erroak hor ditu, ukatzen badizkiote ere. Xeheki arakatzen du dena, detaile guztiak sartzen ditu. Eta lurralde horren erdi-erdian da Lastur; azken nobelan, ezkontza queer bat bada hor, Milia Lasturko eresiaren sorburuan.

Badira antzinako bi kanta...

Ezpeldoiko alaba, Bereterretxeren kantorean. Bestetik, Milia Lasturkoren eresia. Bi horien artean hedatzen da Amaia Ezpeldoiren bidea. Izenik ez duten tragediak dira biak. Biak famili tragedia politikoak.

Nobela guztietan Amaiak gehienbat gurutzatzen dituenak emazteak dira, normalki hitzik ez duten emazteak; ez dute hitz publikorik, eta beharbada hitz pribaturik ere ez. Aldarrikatu gabe feminismoa, plazara ateratzeko emazteen jaidura erakusten du.

Lehen eleberria Zuberoan hasten da. Azkenekoa Zuberoan bukatzen da.

Amaiarentzat, euskaldun gehienentzat bezala, Arkadia bat da. Egiazki lurralderik gogorrena da, baina gure inkontzientean Arkadia da Zuberoa, mitifikatu egin dugu kanpotik.

Ezpeldoiren ibilietan hizkuntzari ekografia moduko bat ere egiten zaio, ezta?

Nola aldatzen den euskara batetik bestera, euskalkia eta batua dikotomiari buruzko ohar ironikoak... bai. Lehen nobelan, zubereraz hasi zen Amaia, nolazpait ikasi zuelarik; Joana Garralda erronkarieraz mintzo zen, eta bizkaieraz Haitz Zumeta, Gotzon Garatek asmatutako detektibea. Gero, bigarrenean, ama hil zitzaigun, eta ideia zen Amikuzeko edo etxeko euskararen musikaltasuna gordetzea.

Amaiaren sail osoa euskararen kontserbategi bat bezalakoa da. Sartzen ditut euskalki anitz, iruditzen baitzait behar dutela leku bat ukan, oraindik ere bizi baitira. Batuaren eta euskalkien arteko joko hori batzuetan komikoa da, eta beste batzuetan zakarra.

Nortasuna, askatasuna, sexualitatea, ideologia, portaera... Ezpeldoik zer bilakaera izan du?

Bide luze bat eraman du. Nortasuna finkatuz joan zaio. Gauza asko utzi ditu bidean, nobelaz nobela. Azken honetan ematen du bizitzaren florian dela. Uste dut euskal herritar askok bizi izan duten bilakaera izan duela, eta bereziki gay eta lesbianek. Hasieran biziki zaila zen homosexual bezala plazaratzea. Azken nobelan errazagoa da. Lesbianismoa hastapenetik agertzen da, baina ez du sekula erraten, Jalgi hadi plazara [2007] nobelara arte.

Amaia jeloskorra da eta infidela da aldi berean. Eta ideologikoki mugan da: sasi-abertzalea, sasi-euskaltzalea. Beti sasi da, hala moduzko pertsonaia da. Mugan ez dena da bere generoari buruz, azken nobeletan bederen.

Bere buruaren xerka ibili da orduan?

Bai. Horrek erran nahi du irakurleak ere bere burua xerkatu duela 30 urtez, Amaia Ezpeldoi irakurri baldin badu. Halako konplizitate bat sortu da irakurleen eta Amaiaren artean... Beharbada Amaiaren ekina edo bidea sustatu dute irakurleek ere denbora luze horretan.

Bere burua aurkitu duelako atseden hartuko du?

Ez. Atsedena pixka bat bortxatua da, amodioaren izenean.

Bortxatua, amodioaren izenean... Hori argitu egin behar duzu.

Joanarekin bizi nahi baldin badu Atharratze gaineko paradisu hartan, karbono arrastorik gabe, amodioz bizitzeko onartu behar du detektibe lana uztea. Joanak hala eskatu dio.

Lehenbiziko eleberrian ezagutu zuen Joana Garralda.

Hastapenetik elkarrekin dira. Maitasun handi bat ageri zen, errebelazio bat, izendatu gabe zein maitasun mota zen. Irakurleek berehala sumatu zuten, eta isilik atxiki zuten, pertsonaien sexu norabidea nik argitu arte.

Ez dira beti bizi izan elkarrekin. Bakoitzak bere bizimodua eraman du. Joanak haurrak ukan ditu. Periodikoki aurkitu dira. Elkarrekin azaldu dira ipuinetan ere. Orain, azkenean Atharratzera joan dira. Elkar asko maite dute. Ez baitute besterik! Baina, bai, biziki konplizeak dira.

Musika ugari dago eleberrietan.

Mundukoa eta euskal musika. Azken honetan doinu bakarra du autoan, behin eta berriro errepikatzen dena: Itoiz taldearen Ezekielen prophezia.

Eleberri guztiek kanta bat edo bertso bat daukate izenburutzat.

Euskal musikari omenaldi bat egiteko da. Ez bakarrik gaurkoari. Altxor bat badugu, gure mundua aipatzen duena, edo erakusten diguna zer izan zen.

Atlas edo entziklopedia antropologiko bat da saila.

Baina halako pretentsiorik gabe egindakoa. Literatur pretentsioa du nobela bakoitzak, hori bai. Bada exijentzia bat literaturarekin, fikzioarekin. Nobela saila bere osotasunean hartuz gero, gure mundua bere osoan gatibatzen du: musika, kantua, irratiak, egunkariak... Amaiak beti irakurtzen zituen Euskaldunon Egunkaria-ko horoskopoak eta Ines Intxaustiren telebista kronikak; besterik ez zitzaion interesatzen, baina bi horiek bai. Nahiz eta gauza errealak aipatzen diren nobela guztietan, beti fikzionatuak eta estilizatuak dira.

Estilo handiko emakumea da Ezpeldoi.

Bistan dena! Liburu bereziak ditu etxean. Kultua da. Musikan ere jasoa da. Nor gogoratzen da gaur egun Thelonious Monkez? Badu halako aristokrazia feminista bat, esanahi positiboan, nahiz eta baduen beste alde bat arrunta dena, gu guztiok garen bezala azken batean. Baditugu zenbait alde, eta denekin bat egin behar dugu.

Ezpeldoiren liburuetako azalak ilustratzaile oso ezagunek egin dituzte.

Biziki harro naiz azal horiez. Badira hor Garbiñe Ubeda, Asisko Urmeneta, Zaldi Eroa, Unai Iturriaga eta Ainara Azpiazu Axpi. Denek beren erara laburbildu dituzte, irudi estilo ezberdinez, nobelen mamia eta Amaiaren nortasuna. Biziki ederrak dira.

Azken kontu bat. Ezpeldoiren pentsamenduak, asmoak, sentimenduak, desirak, iritziak, kontradikzioak ezagutu ditugu. Baina haren deskribapen fisikorik egin al da inoiz?

Ez dut uste. Joana, adibidez, deskribatuta dago, Amaiaren begietarik ikusten baita. Amaiak bere burua asko gutxiesten du, baina fisikoki ez dakigu nolakoa den. Ez dut irudikatu, ez. Detektibea da: oharkabean pasatzen da, eta denetan hor dago. Beraz, edonork jartzen ahal dio aurpegia, edonork egin dezake zineman.

 

Bilaketa