Solasean
Memoria pertsonal eta kolektiboan arakatuta urteetan idatzitako olerkiak bildu ditu 'Arkanbele kantak' liburuan.
“Biziaren deskubrimendua”, batetik, eta “heriotzaren hurbiltasunaren oharpena”, bestetik; eta, tartean, kabitzen den guztia: bizialdi bat. Hori da Mikel Tabernak (Lesaka, Nafarroa, 1957) Arkanbele kantak (Susa) lanean bildu duena: “Gizon-emakumeon bizipenetatik asko: maitasunak, gorrotoak, gatazkak, natura...”. 25 urte igaro dira lehen poesia bilduma sortu zuenetik, baina inoiz ez dio utzi olerkiak idazteari, eta “poza” hartu du urteetan sortzen aritutakoa egituratu eta zabalduta. Sorterriak leku berezia hartu du liburuaren orrietan: idazlearen bizitzaren eta historiaren pasarte askoren gertaleku izan baita; eta, poesia bezala, inoiz ez baitu guztiz utzi.
Arkanbeleari deitzeko hamaika modu bildu dituzu, eta hitz horrekin osatutako esaera batekin egin duzu izenburua. Zergatik?
Arkanbelea intsektu baten izena da; latinez, Lucanus cervus da. Ikusten duen edozeini gelditzen zaio gogoan, oso ikusgarria baita. Horri Alkaiagan [Lesakako auzo bat, Bera ondoan] ez diogu arkanbele erraten, arkulo baizik, baina arkanbele kanta errana erabiltzen dugu, norbait temosoa denean, lehendik ezaguna diogun zerbait errepikatzen ari denean. Tituluan lotzen dira arkuloa, eramaten nauena leku fisiko eta denborazko batera; errana, gustuko dudana; eta kanta hitza, balio dezakeena poema bilduma baterako.
Bakoitzak bere zoroak bizi dituela diozu; bere arkanbele kantak. Zeintzuk dira zureak?
Hemen agertzen dira batzuk, baina ez naiz oso partikularra; gizon-emakumeon bizipenetatik asko ditut, eta literatura gai erabiltzen ditut: maitasunak, gorrotoak, gatazkak, natura... Ez nuke bakarren bat azpimarratu nahi; gauza desberdinak daude liburuan, eta irakurleak aurkitzea nahiago dut.
Liburuaren hasieran gurasoei eskainitako zenbait poema daude. Omendu nahi izan dituzu?
Bai. Gurasoak hilak ditut. Amari buruzko poemarekin, nolabait ere omendu nahi izan ditut garai bateko emakumeak, nahitaez behartuak zeudenak euren patua gizon batenari lotzera bizitzan aurrera egiteko. Bizitza zaila zen denentzat urte haietan, baina emakumeentzat, koska bat zailagoa. Berez dohain edo gaitasun handiagoak izanagatik, kondenatuak zeuden gizonaren mendean egotera. Baina haietako anitz ez ziren otzan gelditu eta konformatu, eta duintasun handiz egin zioten buru gizarteak ezarri zien egoera bidegabeari. Euren moduan aurrerazaleak izan ziren, gizartean hondarreko 50 urteetan izan diren aldaketa ideologikoak finkatzen laguntzeko. Emakume haien artean zegoen gure ama.
Aitari eskainitakoan, gerraren zama antzeman daiteke.
Amak 11 urte zituen gerra hasi zenean, eta neskatxa baten begiekin ikusi zuen. Gauza askoz oroitzen zen, kontatzen zituen, eta asko ikasi nuen harengandik; dohain handiak zituen, buru izugarria, memoria joria. Aita gizon maitagarria zen, baina diferentea, bederatzi urte zaharragoa, eta gerra hasi zenean 20 zituen. Joan zen gerrara, erreketeekin; ez dakit zer neurritan halabeharrez, edo neurri batean bere borondatez. Aitari buruz galderak ditut, erantzuten zailak direnak. Baina iruditzen zait gerrak markatu zuela. Memoria eginez, ohartzen naiz haren esaldi eta mugimendu batzuek agian bazutela gerrarekin zerikusia.
Gerrari lotutako isiltasunei buruz ere aritu zara olerki horietan.
Orain ari gara gerrako lekukotasunak eta ikerketak ezagutzen, gero eta gehiago, baina iruditzen zait urte luzeetan egon direla isilik bai alde batekoak bai bertzekoak; etxe anitzetan ez zen hitz egiten, lotsagatik edo beldurragatik, edo bi gauzengatik. Modu batean edo bestean, parte hartu zutenen ondorengoak gara, eta pentsatu beharko genuke zer neurritan baldintzatu duen gerrak haiengandik hartu duguna; zer eman edo kendu zigun gerrak.
Bidasoa ibaiak pisu nabarmena du: hari lotutako oroitzapenak ageri dira, zeureak, baina baita kolektiboak ere. Gauza askoren gertaleku izan da Bidasoa.
Bidasoaren ondo-ondoan jaio nintzen. 20 bat urtez egunero ikusten nuen Bidasoa. Hamaika modutan ikusten nuen: batzuetan bare, goxo, lasai, eta bertzetan haserre edo zakar; batzuetan argi, eta bertzetan uher. Indar handia duen elementu bat da nire bizipenetan eta neure baitan. Iruditzen zait itsaso ondoan bizi direnek itsasoa bizi izan duten bezala bizi izan dugula guk Bidasoa. Eta historian badakigu zer garrantzi izan duen: makina bat kasuren gertaleku izan da.
Kontakizun kolektiboagoari lotuta, hizki larriz idatzitako historian agertzen ez diren pertsona eta gertakariak bildu dituzu.
Gizon-emakume anitz ageri dira poemetako lerroetan; batzuk euren izenarekin, eta bertze batzuk izenik gabe. Denak dira neure baitan arrasto bat utzi dutenak, hunkitu nautenak, emozioak eragin dizkidatenak, ikasgai izan ditudanak eta gogoetarako bidea zabaldu didatenak.
Portuges pasak gogoratu dituzu, adibidez. Gai ezezaguna da?
Oro har, baietz uste dut. Gure herria muga da, eta nik txikitan ez nituen inoiz ikusi portugesak noraezean, baina nire adineko bertze batzuek bai. Amak kontatu zidan gure etxera ere etorri zirela behin, galduak, esanez muga pasatu nahi zutela eta han utzi zituztela. Baina gero egon da halako isiltasun bat, ez da gehiegi hitz egin. Pablo Antoñanak egin zuen horri buruzko liburu bat, La cuerda rota; gerora, Rosa Arburuak ikerlan bat, eta Eneko Aizpuruak Bidasoan gora liburuan azpimarra egin du gaiari buruz. Baina ez da behar adina kontatu.
Ijitoei ere eskaini dizkiezu poema batzuk; zein izan da haien egoera Bidasoa inguruan?
Liburuan bada poema bat gertaera historiko batetik sortu dena: XVI. mendean, Paskual Iturbide ijitoa epaitu zuten, lapurreta bat egin zuelako Sunbilla aldean. Iparraldetik sartua zen, ez zekien gazteleraz, eta euskaraz deklaratu zuen. Horrekin erran nahi dut ijitoak ez direla “haiek”, gu ijitoak ere bagarela. Ijito anitz bertan errotu ziren, herri honen orearen parte izateko, lehenago eta geroago etorri ziren eta diren bertzelako jatorrikoekin batera. Gaiari buruzko ezjakintasuna ikaragarria da, eta buhameen estigmatizazioa, gure artean izugarria.
Mikel Zabalza ere ekarri duzu gogora. Bidasoa aldekoei bereziki iltzatuta geldituko zitzaizkizuen egun haiek...
Nik uste dut Mikel Zabalzarenak denok jo gintuela. Ni ordurako Iruñean nengoen, baina, berria eman zutenean, Endarlatsan agertu zenean, segur aski gehiago eragingo zigun, ezagutzen genuelako tokia; gehiago barneratuko ginen istorio ikaragarri hartan.
Alkaiagako bentan izan zenuen gertakari horietako askoren berri. Oraingoan, fikziotik errealitatera pasatu duzu tokia.
Bai, Alkasoroko benta liburuan Alkasoro erabiltzen dut fikzioaren bidez libertate handiagoa hartzeko; Alkaiaga, kasu honetan, izen erreala da. Alkaiagako benta gure sortetxea zen: denda eta ostatua zen, herrietan garai batean ohikoak zirenak. Mundu bat sartzen zen egunero gure etxean, hagitz jende diferentea; bakoitzak bere solas klasea zuen, bere anekdotak kontatzen zituen. Informazioa ere ailegatzen zen, gertatu zirenak eta lehenago izan zirenak, eta telefono bakarra ere etxe hartan egon zen luzaro. Hori guztia izugarri aberatsa zen. Historia lokalean, letra xeheko historian, badira gauza anitz oraindik ez dakizkigunak eta ni erakartzen nautenak.
Beste garai batzuetako kontuak dituzu gogoan poema gehienetan. Memoria egin duzu, baina nostalgiarik gabe, ezta?
Bai, sarrerako narrazioan biziaren aurkikuntzaz hitz egiten dut, eta bukaerakoan, heriotzaren hurbiltasunaren oharpenaz; eta tarteko atalak, neurri batean, kronologikoak dira. Egia da iraganak pisua duela, baina memoria tresna gisa erabili dut, kontatu nahi ditudan arkanbele kantak kontatzeko. Ez da ariketa nostalgiko bat: iragana ederra izan zen niretzat, baina oraina ere bai.
Errimak eta lerro neurtuak sartu dituzu, eta kantuen kutsua eman diete olerkiei. Poesiara kantuen bidez heldu izanaren ondorio izan daiteke?
Niretzat, kantuak izugarri inportanteak izan ziren euskara berreskuratzen hasi nintzenean. Euskal Herrian, eta Espainiako Estatuan ere bai, halako iraultza sozial bat izan zenean —antifrankismoa, kontrakultura, euskararen aldeko mugimendua...—, kantautoreek sekulako garrantzia izan zuten. Haien bidez, poesia asko iritsi zitzaigun, egile ezagunena, eta baita poesia anonimoa edo herri poesia ere. Hortik hasi ginen poesia irakurtzen, eta nire lehenbiziko lanak poesia izan ziren. Beraz, litekeena da kantuetatik etorri izana errimena, bai, baina ez da gauza bilatu edo kontziente bat.
Etorri zaizkizun moduan eman dituzu poemak, beraz. Modu intuitiboan sortzen duzu?
Ez dut oso garbi nolakoa den sortze prozesua. Poemaren hazia handik edo hemendik etortzen da: zerbaitek hunkitzen banau, hitz bat edo lerro bat idatz dezaket, eta uzten dut hor nonbait. Eta behin eta berriz itzultzen naiz. Batzuk hor gelditzen dira, eta beste batzuek aurkitzen dute garatzeko legamia. Batzuetan, gai jakin bat jorratu nahi dudanean, bilaketa kontzienteagoa da.
Azalak istorio berezia du, ezta?
Bai, azalaren egilea Juan Ignacio Larramendi da, beratarra. Oso-oso hurbilekoa dut, eta azalaren irudirako egilearen bila nenbilenean harengana jo nuen. Kasualitatez, harengan pentsatu baino lehen, liburuan haren aitari, Juan Larramendiri dedikatutako poema bat sartu nuen. Eta are gehiago, haren aitona poeta zen, Ignacio Larramendi, eta poesia liburu bat argitaratu zuen, 1960an. Beraz, dena sartzen zen istorio polit batean.
Mende laurdena igaro da aurreko poema liburua argitaratu zenuenetik, baina inoiz ez duzu poesia guztiz utzi, ez?
Alde batera ez dut utzi, ez. Momentu batzuetan gehiago zentratu naiz poesian, eta beste batzuetan gutxiago, baina beti hor izan da. Luzaro eduki dut poema bilduma bat egiteko gogoa, baina kontua zen egitura koherentea aurkitzea. Bizipenetatik sortutako poemak dira, eta horrekin material literarioa egin nahi nuen, irakurle ezezagunengana iristeko. Problema zen liburuari forma egokia ematea. Hau trabatua nuen, eta iruditzen zitzaidan hau egin gabe ezin nuela beste zerbait egin.
Urratsa egin ondoren lasaitua hartuko zenuen, beraz.
Poz handia hartu nuen, gogoa nuelako, eta zalantzak nituelako. Ez dakit kanta hauetara itzuliko naizen, baina beharra sentitzen nuen. Oraingoz, ez dut beste proiekturik esku artean.
Euskara galdua zenuen, eta hori ere jaso duzu Minez olerkian. Idazketak berreskuratze prozesuan lagundu dizu?
Baliteke. Euskara galtzen ari nintzela etorri nintzen Iruñera. Hasi nintzen berreskuratzen, eta hagitz gauza ederra izan zen. Hasi nintzen aurkitzen neure baitan estaliak zeuden hitzak, esaldiak... Eta joan nintzen osatuz nire hizkuntza hura, plater hautsi hura. Hizkuntzaz berriz maitemintzeko era bat izan zen hizkuntza berreskuratzeko prozesua.
“Taberna Irazoki, ez amurri eta ez izoki”, dio liburuan sartu duzun herri koplak. Zu, izokinak bezala, itzuliko zara sorterrira?
Bai. Ez naiz sekula arraso joan, baina itzuliko naiz finko bizitzera herrira. Asmo hori dugu, bai, izokinak bezala.