Solasean
Imanol Larzabal Lurgain bilakatu. Herri honen historiako pasarte hurbilak fikzio bihurtu. Literaturaren ekarpenean sinesten segitzeko. Cano. 'Fakirraren ahotsa' nobelaz.
Diktadura amaierako eta osteko urteetako kultura aparraldia idealizatuta ez ote dagoen. Orduan askoz gauza gutxiago egiten zen arren, “egindakoa gaur baino gehiago” jarraitzen zela. Goserik ezaz mintzo da Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975), mahai gaineko kafeari eragin bitartean. “Gosea izatetik goserik izan ez eta disimulatzera pasatu ginen lehenik; goserik izan ez eta ez disimulatzera helduak gara”. Zurrut. Imanol Larzabalen gosea. Barkatu, Lurgain. Imanol Lurgain. Fakirra. Canoren nobela: Fakirraren ahotsa (Susa). Iragan hurbilaren egiak fikzioaren bitartez esplikatzeko ariketa. 30 pertsona elkarrizketatuta. Orduak eta orduak. Grabatu gabe, bolalumarekin oharrak hartzen. “Orain, apunte denak hartuta ere, ez dago kronika ateratzerik hortik, iparrorratza beti izan nuelako nobela bati begira jarria. Elkarrizketatu guztiei esan nien hori lehendabizi, den-denei”. Zurrut atzera.
Oraintxe ote zen Fakirraren ahotsa argitaratzeko abagunerik aproposena?
Bai. Baina ez momentu soziopolitikoagatik bakarrik. Duela, demagun, zortzi urte argitaratzeko, gertuegi litzateke Imanolen heriotza. Niretzako, penarik handiena da ez jakitea zein izango zatekeen Imanolen lekua gure gizartean, gaur egun, hil izan ez balitz. Eta uste dut jende askoren ezinegona ere horri zor zaiola. Imanolekin hitz egin gabe zerbait geratu zaion jende asko dago, oso gazte hil zelako, eta artean gogorra zen momentu hartan. Iruditzen zait minaren bibrazio hori oso presente dagoela modu oso subjektiboan jende askoren baitan, eta horrek asko baldintzatzen du irakurketa.
Pertsonaia askoren benetako izenak ezkutatu egin dituzu; bakarren batzuena ez. Idaztean, jabetuko zinen izen fiktizio horiek barnean biltzen dituzten benetako pertsonaien xerka abiatuko zela irakurle asko.
Fakirraren ahotsa ez da nobela biografiko bat, ez kronika. Pertsonaietako batzuk ez dira beren izenez ageri, ez direlako inor. Egiten dakidan gauza bakarra hau da, egin dudana. Pertsonaia batzuk izen-abizen propioz agertzen dira, kontatzen dudana ia-ia kronika publikoa delako.
Badaude pertsonaia batzuk asko urruntzen direnak kronikatik edo benetako kronologiarekin bat ez datozenak, baina 30 pertsona elkarrizketatzeak hori dauka. Fikzioaren ikuspegitik, nire gusturako, pertsonaia gehiegi daude orain liburuan, baina ezin izan dut gehiago sintetizatu. Bi, hiru, lau pertsona daude pertsonaia zenbaitetan. Pertsonaiak aleazioak dira, azken batean. Ez dago %100 pertsona bat denik; beti behar duzu disolbentea nobela batean.
Egindako elkarrizketetan jasotako informazioari nitroglizerina deitu izan diozu, eta zure nobelari profanazio eta sakrilegio.
Imanol Larzabal oso pertsonaia gertukoa delako. Haren anekdotaren bat denek daukate Donostian. Sekuela bat idatz dezaket Durangoko Azokatik hona kontatu dizkidatenekin eta beharbada egingo dut, gainera, ordurako kronika ondo idazten jakingo dudalako [barre txikia].
Batzuetan, pudorea izan dut. Fikzioa izan arren, ez nuen nahi gauza inpudiko lar. Testuak desosegua sortu behar badu, barrua mugitu behar badio irakurleari, orduan bai, baina arrazoi morbosoengatik ez.
Azken bost urteak eman dituzu lan hau ontzen. Zenbateraino aldatu dira tarte horretan liburua bera eta buruan zenuen Imanol?
Hor bi gauza daude. Batetik, ahots diferenteak egon daitezke liburuan, urteak pasatu direlako. Hori komikilariekin ikasten den zerbait da: pertsonaia berarekin hiruzpalau urte ematen badituzte lanean, hasierakoak ez du zerikusirik bukaerakoarekin. Denbora joan delako eta beren marrazteko era aldatu delako. Idazleari antzeko zerbait gertatzen zaio.
Beste gauza da Imanol Larzabalekiko nire pertzepzioa. Inork ez dit desegin lehendik nuen pertzeptzioa, baina denek harritu naute. Testigantza guztiek eman didate ezusteko zerbait. Nik espero nuen Imanol baino pertsonaia muturrekoagoa aurkitu dut arlo askotan. Bai kontraesanetan, bai koherentzian.
Zerk hunkitu zaitu gehien Imanolengandik?
Beharbada, artista izaera haren bizitzaren motor printzipala izateak. Banuen horren intuizioa, baina ez nuen uste hainbesterako izango zenik. Badago jendea bere artearekiko jaidurak arrastaka daramana bizitza guztian, eta bizitzako arlo ezberdinetan hartzen dituen erabaki asko horri segika hartzen dituena. Imanol horietakoa zen.
Halaxe ageri duzu, Parisera ETAko militante gisa heldu eta kantagintzan buru-belarri sartzen.
Parisera iristen den momentutik, han ezagutzen duen kantugile mota baten bila abiatzen da. Hil arte. Eta kantugintza horrez gain, Parisen ezagutu zuen giroa eta bizimodua ere bilatu zituen beti. Nire ustez, patrikako Paris bat nahi du izan, nora joan, han. Eta hori ez da posible. Uste dut hori dela bere kontraesan eta frustrazio askoren iturri ere. Ensimismamiento horrek ez ote zion iraun bukaera arte... Gaur egun erreproduzitzen den zerbait dela uste dut.
Zer zentzutan?
Imanolek bizi izan zuena, Georges Moustaki, Paco Ibañez eta besteren estandarra ekarri eta euskaraz kantatuz bera bihurtu nahi izatea... ez al dugu gauza bertsua egiten idazleok, zinemagileek, musikariek? Beharbada, berdin-berdin, ez gara konturatzen ez dela posible. Besteren parametro estetikoak berdin ditzakegu, agian. Besteren talentua berdin dezakegu? Agian bai. Baina hizkuntza hegemoniko baten abantailak izan ditzakegu? Ez! Orduan, zein da konponbidea? Hizkuntza hegemoniko baten makulua izan denbora guztian? Gero eta duda gehiago daukat. Ni orain Fakirraren ahotsa itzultzen ari naiz, gaztelaniara, eta neure buruari galdetzen diot: “Zertarako?”. Are, neure buruari esaten diot, M-ak taldea gogoan: “Ez dut berriro egingo!”.
Liburuko pasarte distiratsuenetako bat Arakisen (Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en) hilketarena da. Liburuaren hasieran edo bukaeran idatzi zenuen hori?
Duela bi udazken idatzita dago, Kataluniako erreferendumaren egunean. Idazketaren azken asteak ziren, ustez, baina ez zen hala izan. Bi zalantza handi neuzkan: nola kontatu Sarriren ihesa, eta nola kontatu Yoyes-en heriotza. Azken horren formula topatu nuenean, kolpe batean idatzi nuen. Denboraren ralentizazio bat bilatzen duen pasartea da. Oso kamera geldoan kontatu beharrekoa zen, hor zer gertatu zen ulertzen joateko.
Bada beste pasarte bat liburuan, lagun batek Imanoli kanta bat gehiago jendaurrean ez kantatzeko eskatzen dionekoa.
Metafora bat da. Liburuko printzipala, nire ustez. Bizitzari edo iraultzari aurre egiteko bi ikusmoduren arteko txirikordatze sorgor bat dago liburuan, hasieratik bukaeraraino. “Ez duk bada pentsatuko gitarrarekin bakarrik urrutira iritsiko garenik, ala?” esaldia hor kokatzen da. Eta aipatu duzun metafora hori ere bai. Lagun baten oroitzapena bizirik mantentzeko modua norbere talentutik kantu bat egitea denean, kantu hori isilaraztea da gerta dakiokeen gauzarik okerrena musikariarentzat. Arteari, musikari eta kantuari fedea dion batentzat, klaro. Gitarrarekin soilik urrun helduko ez garela uste duten horientzako, beharbada, ez da horren inportantea. Eta, berez, pasarte horretan ez da ezer, hitzezkoa ez denik. Hor ez dago eraso fisiko bat, ez dago mehatxu bat. Hori kuantifikatzen, jurisdizionalki epaitzen hain zaila denez, uste dut hori dela, hain zuzen ere, literaturaren lekua eta funtzioa. Horra, hain justu, ezin dutelako iritsi ez parlamentuetako batzordeek, ez historialariek. Horra, fikzioa iritsi daiteke.
Errelatoaren borroka betean eman duzu lan hau, izan ere. Herri honen iragan ez hain urrunaz ari zara bertan, ETAz, milien eta polimilien arteko ezinikusiez...
Miliekin eta polimiliekin badago gauza bat: beraiek ez dutela ulergarri egin oraindik ordukoa. Baina gero, guk kontatzen dugunean beraiek kontatu nahi izan digutenaren gure bertsio fikzionatua, esaten dizute: “Ez zen horrela izan, baina”. Bada, konta ezazue behingoz nola izan zen. Ni horren gaztea ere ez naiz; ez horren zaharra ere, hori lehen pertsonan bizi izateko, baina esango nuke gauza asko ez dituztela kontatu beraientzat ere ulergaitzak direlako.
Batzuk ulergaitzak, besteak deserosoak.
Baita ere. Oso oreka zaileko liburu, pertsonaia bat da hau, eta, alkimia horretan, azkeneko momentura arte afinazioak eta irakurketak eta iritziak jaso ondoren egindako lanaren emaitza da, liburu bat momenturen batean bukatu behar delako.
Iazko Durangorako emateko asmoa zenuen, izan ere.
Bai, eta atzerapena ere horren ondorioa izan da, neurri batean. Xehetasun batzuk kontrastatu nahi izatea eta beste, badakizu. Egia da, aldi berean, kazetari lan onak ez duela ziurtatzen nobela ona. Nik ez nuke formula hau errepikatuko, ez dut uste errepikatuko dudanik.
Aurreko zure nobelan, Twist-en (Susa, 2012), ez zenuen elkarrizketen formula erabili, nahiz eta gertakari erreal batzuk izan zenituen han ere abiapuntu.
Horixe zen Twist-ekiko ezberdintasun handiena: publikoa zen informaziotik bakarrik elikatu nintzen, minaren eta testimonioaren alde publikoa erabili nuen Twist-en. Kasu honetan, ez. Besteak beste, ez nuelako errepikatu nahi Twist-en formula. Eta orain, badakit hau ere ez dudala errepikatuko, hurrengo liburua idatziko dudala lehen pertsonan eta digresio hutsa izango dela zerogarren orrialdetik azkenekora.
Hau urrats bat izan da, beraz, digresioranzko zure eboluzioan?
Bai [barreak]. Gogoa daukat lehenbiziko pertsonan idazteko, eta, ez dakit nola esan, etxetik atera gabe. Gainera, neke bat ere sentitzen dut euskal gaiarekiko eta errelatoarekiko, eta nahikoa da. Dudarik gabe, bada zer esana hor eta jarraituko dugu idazten, baina beste gauza batzuk ere baditugu egiteko eta esateko, ezin dugu beti lotuta egon.
Urrats hau egitea posible ote zenuke aurretik Twist egin gabe?
Neurri batean, Imanol pertsonaiarekin eta prozedura honekin ez nintzateke ausartuko baldin eta aurretik Twist ez balego. Twist-en formula ez nuen errepikatu nahi, esan dudan bezala, eta bada beste alde handi bat bi liburuen artean: Lasa eta Zabala 20 urterekin hildako bi mutiko dira, eta Imanol ia 57 urterekin hil zen. Batzuek eta besteak fikzioari utz diezaioketen arnasgunea oso desberdina da. Twist-ek pirueta estilistikoa ahalmentzen zuen, eta, beharbada, Fakirraren ahotsa-k ez hainbeste.
Larzabal garai baten kontaketarako katalizatzaile, tximistorratz gisa ikusten duzulako?
Pospoloak bezala funtzionatzen duten pertsonaiak daudelako, eta, badakizu, pospolo horri piztuta eutsi nahi diozu ahalik eta denbora gehienean. Eta ikaragarria da konturatzea eskuetan daukazuna suziri bat dela ia-ia. Bigarren mailako pertsonaiek ere, gutxieneko karisma bat ikusten diezunean... Interesgarriak diren pertsonaiak topatzea gauza ederra da.
Liburu honen formulak badu ondorio bat: fikzioa da, bai, baina egin nituen 30 testigantza horiek gabe, nobelako hamar lerro ere ez lirateke existituko. Nire digresioak ere, nik uste, kontatu dizkidaten gauzen eta kezken eta zertzeladen harira datoz, nahiz eta gero oso nireak izan.
Larzabalekin alde distiratsuak eta ilunak elkarren ondoan agertu dituzu liburuan.
Ekualizazio bat egiten saiatu naiz. Eta hori senarekin egiten da. Sen literarioarekin, nik eskaintzeko daukadan bakarrarekin.
Fakirraren ahotsa-ri buruz esan direnetako ezerk mindu zaitu?
Ez. Urteekin, barrera batzuk garatzen dituzu, eta liburu honekin desasosegu pixka bat ez sortzea litzateke frakasoa. Literatura egitean lokatzetara jaistea gustatzen zaidala esaten badut, ezin dut espero gero ez lokaztea edo norbait mindua ez sentitzea.
Mecanografiak narrazio antologia ere (Txalaparta) aurkeztu duzu Durangoko azken azokari begira. Esana duzu bilduma horretan zure idazle bilakaera ikusi duzula, zeure buruaren erretratu kubista moduko bat.
Oso sentsazio berezia izan da, bai. Besteen testuetatik elikatu eta testu berriak egin daitezkeela sinesten dut, baina nire lehenbiziko ipuinak irakurtzean, literatura gehiegi ikusten dut orain. Idazten oso gazterik hasten zarenean, beharbada, estetikari heltzen diozu lehenik. Ni, behintzat, horrela hasi nintzen. Irudipena daukat gero eta gutxiago idazten dudala besteen liburuetatik elikatuta —nahiz eta Marguerite Yourcenarren Hadrianoren oroitzapenak oso presente egon Fakirraren ahotsa-n—. Egituraren biribiltasuna ez zait hainbeste inporta. Testuan egia puska bat, zeuretzako eta irakurlearentzako flotadore bat, egotea inporta zait, idazketa kanonikoaren edo liburuaren borobiltasunaren edo perfekzio estetikoaren kontra joan arren. Funtzionatzen badu, gaindituta dagoelako da. Tatuatuko nukeen esaldi bat da. Funtzionaltasun aspergarri horretatik haratago zerbait egin beharko dugu, ba? Badaukat gogoa erabat libre idazteko liburu bat; gehiegikeriaz josia, beharbada.
Zeure buruari eutsiz idazten al duzu askotan?
Bai, eta badaukat gogoa nire ni mutante muturreko baten agerraldia egiteko. Literaturatik ere asko lapurtuko dut, baina lapurreta aitortuak izango dira denak. Idazten hasten zarenean, zer lapurtzen ari zaren oso ondo jakin gabe lapurtzen duzu. Orain, sentitzen dut lapurtzen dudala biziraupenagatik. Fakirraren ahotsa-rako askoz gehiago hartua nuen berez Hadrianoren oroitzapenak-etik, baina 100.000 karaktere inguru moztu nituen.
Nobela jibarizatu duzu.
Hori da Susakoekin daukadan beste txantxa bat: Fakirraren ahotsa-k Twist-ek baino 70.000 karaktere gutxiago ditu, eta helburua da hurrengoek beren aurrekoak baino 70.000 gutxiago izatea. Horren arabera, beste lau nobela geratzen zaizkit idazteko. Ez dago gaizki, nahikoa da [barreka]. Orain, nire ametsa da 2020an urte sabatikoa hartzea.