literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Amagoia Iban
Berria, 2018-01-07
Mikel Taberna:
«Literaturan idealizatu egin da mugaren gaia»

'Pamiela' literatur aldizkariaren lehen zenbakian agertu zen, 'Kapi' ezizenpean. Berehala aldatu zen 'Korrok'-era, goitizena aldatu gabe. Poesia, narrazioa eta nobela landu ditu ordutik. 'Harritik hazia' lan kolektiboarekin, antzerkigile bihurtu zen iaz.

Kafea hartu ala ez hartu erabaki bitartean, Harritik hazia antzezlanaren sorrera azaldu du Mikel Taberna Irazokik (Lesaka, Nafarroa, 1957): “Berako Udalaren proiektu orokor baten baitan sortu zen: Oroimena - Berako herriak ez duelakoz ahantzi nahi izena du”. Eta, oroimen horren ehuleen artean, bere ama Pilar. “11 urte zituen gerra hasi zenean. Gure etxean ez zen aunitz hitz egiten hari buruz. Bizimodua ere halaxekoa zen, izan ere. Gure artean solasean patxadan aritzeko aukera handirik ez. Herri edo auzoetako dendak nolakoak diren? Halaxekoa zen gure etxea. Denetarik saltzen zen han, eta ostatua zen. Egunero egoten zen irekia”.

Gorrintxea, etxearen izena. Tabernak idatzia du izen hori bere liburuetan. Etxea hartzen duen Bortzirietako Alkaiaga ez. “Lesakarrak gara izenez, baina beratarrak izatez”. Alkasoro deitu izan dio bere hitz lauzko unibertsoari. Alkaiagako haurtzaroko unibertso errealean ageri zaizkio kamioi koskor batekin ardo eta pentsu partiketan aritzen zen aita eta beti dendan, sukaldean, umeekin izaten zen ama. Eta amaren haurtzaroko eszena baten oinordekotza: “1936ko uztailaren 21ean, gure ama esne marmitarekin bidali zuten Berako etxe batera. 11 urte zituen. Haren etxean ez zekiten ez gerra hasia zela ez deus ere. Gurutzatu zuen Bidasoa, eta marmitarekin sartu zen herrira. Bazen pareta luze bat herriaren erdian, eta pareta haren gaina eta inguruak uniformez jantzitako gaztez beteta ikusi zituen”. Erreketeak ziren. Irudi hura gelditu zitzaion iltzatuta Pilar Irazokiri. Halaxe kontatu du haren semeak, kafetarako ura su gainean ipini bitartean.

Txokolatezko dinamita ipuina amaren irudi horretatik abiatu zenuen.

Bai. Hortik abiatu, eta fantaseatu egin nuen. Marmita utzi eta etxera lasterka joan zela idatzita daukat, eta aurten berean kontatu dit amak, herrira sartu zenean, bi gizon ari zirela solasean, eta batek bertzeari erran ziola Beratik Endarlatsako zubia pasatua zutela Errepublikaren aldeko karabineroek, zubiaren bertze aldean prestatzeko lehenbiziko defentsa lerroa, eta herriko zenbait gizon ere ihesean joanak zirela Irun aldera. Hizketan ari ziren bi gizon haietako bat, bada, fusilatu egin zuten. Berako sei pertsona fusilatu zituzten; eta huraxe bat. Txoferra omen zen, eta Beratik ihes egin zutenen garraio ibili zen. Herrian gelditu zen, bertze zenbait bezala, arriskurik ez zuelakoan, eta atxilotu eta hil egin zuten. Antzerkia prestatzen ari ginela kontatu zidan amak. Batzuetan, galdetuta ere, ez duzu erantzunik jasotzen. Bertzeetan, galdetu gabe ikasten dituzu gauzak.

Harritik hazia antzezlanean ere, amaren haurtzaroko gazte uniformatuen irudi hori ageri da.

Bai. Eta badira erran gabekoak ere. Herritik bidali zuten emakume bati gure etxeko dendan aditu nion neronek, amarekin solasean ari zela: “Oraindik oroitzen naiz nola sartu ziren erreketeak herrira, eta beratar bat haiekin batera, harro-harro”. Izena ere erran zuen. Ezagutzen nuen gizon hura, sekula erran gabea zidaten hura izan zela Berako erreketeen burua. Eta Berako harrobia hiltegi bat izan zen.

Fernando Mikelarenak dio Nafarroako hiltegi handiena izan ote zen...

Bai. Amari entzuna nion hilketak izaten zirela han, eta baserritik tiro hotsak entzuten zituztela aldiro.

Lehenago aipatu dugu Txokolatezko dinamita ipuina. Izen bereko liburuan ere ageri da harrobi-hiltegi hori. Baita zuen antzezlanean ere. Liburua idatzi zenuenetik honaino, zer ikasi duzu garai hartaz?

Bada zerbait, duela ez asko jakin dudana: ihesi joan ziren gizonen etxeko emazteak, haurrak eta zaharrak herritik bota egin zituztela, Gipuzkoan bezala; arestian aipatu dudan emakume hura eta haren familia, konparazio batera. Haur haietako batek gogoratzen du, idatziriko bere testigantzan, zer erran zieten herritik egotzi aurretik: “Frantziara, Gipuzkoara edo fusilatzera”. Eta ez zen Bortzirietan bakarrik gertatu. Altsasu aldean ere bai, oker ez banago. Horri buruz gehiago jakin nahi dut. Antzerkian sartu ditugun izen erreal bakarrak bidalitako emakume horienak dira.

Egia da bazirela jazarpen buru destakatuak herrian. Nik baten berri banuen, baina orain ari naiz gehiago ikasten. Egia erran, ze gutti dakigun horri buruz, orokorrean! Alde egitera behartu zituzten familia haietako batzuekin solas egiteko aukera izan nuen, antzezlanerako dokumentazio bila, eta ez nuen sekula pentsatuko, 80 urteren buruan, hainbeste min egon zitekeenik.

Zuen aita ere ez al zen joan frontera?

Bai. Erreketeekin. 1937ko martxoan. 1916koa zen, eta haiek deitu zain itxoiten bazuen destino okerragoa izanen zuelakoan. Hala erran omen zioten. Ez dut uste hagitz politizatua zegoenik. Ez zuen gerraz deus erran nahi. Anitzetan pentsatu izan dut nola bizi izan ote zuen gerra. Egia ez dakit, egiaz. Horien denen ondorengoak gara han bizi garen gehienak. Lagun artean ere ez dugu askorik hitz egin gai horretaz.

Zenbat jende elkarrizketatu duzue lan kolektibo honetan?

Herritik bidalien izenen eta argazkien bila ibili naiz batez ere. Zenbaiten berri banuen, baina bertze askorena ez. Antzezlana ez da ikerketa historiko berezi baten emaitza izan, hala ere; ez du helburu hori izan. Fernando Mikelarena, Aurelio Gutierrez eta bertze historialari zenbaiten lana aztertu dut, jakina. Parte hartzea proposatu zidatenean, onartu nuen, baina idazten hasi behar, eta ez nuen ikusten irudirik.

Lehen aldia zenuen antzerkia idazten.

Estutasun dezente pasatu nuen. Uztailean emanaldiak iragarriak genituen, eta lehenbiziko testuak azaroan-edo eraman nituen. Egia erran, testua nire eskuek idatzi dute, baina taldekide guzion arteko elkarreraginaren fruitua izan da. Sorkaria xumea da. Auzolanetik etorri da, elkarlanaren bidez. Lehen eszena Ramon Albisturrek berak iradoki zidan, antzezlaneko zuzendariak.

Aranzadikoak ageri dira lehen eszena horretan, gorpu bat lurpetik ateratzen.

Bai. Oroitzen naiz, eszena horretarako eraman nuen lehen proposamena ikusirik, Nagore Orbeltzu koreografo eta antzezleak erran zidala: “Baina honekin oso minutu gutxi ditugu”.

Osatu zenuten, bada, obra oso bat. Nola hartu du herriak zuen proposamena?

Eguna heldu zenean, bete egin zen Kultur Etxeko aretoa. Baita hurrengo bietan ere. Hiru egunez eman dugu, eta ahoz ahokoak funtzionatu du. Ez gara talde profesional bat, baina Arantzara eramanen dugu saioa maiatzean. Lesakara ere bai, akaso. Litekeena da, baita ere, Iruñean edo Atarrabian ematea. Oraintxe bertan, testua berreginen nuke pasarte batzuetan, baina ez didate uzten [barreak]. 1936an hasi eta gaur egunerainoko lerroa egiten du obrak, oraina, nolabait, iraganaren geroa eta ondorioa ere badela ikusarazteko.

Zergatik Harritik hazia?

Harria izaten ahal da isiltasuna, uzkurtasuna, gogortasuna, zurruntasuna eta, beharbada, baita artasuna ere. Horren aurka, “hazia” proposatzen dugu. Biziaren eta bertzelako mundu baten aldeko asmoa eta ideia agertu nahi ditugu. Horregatik, obraren bukaeran, haziak banatu genizkion jendeari, eta hitzordu bat eman: 2018ko uztailaren 21a. Egun horretan nonbait konbokatuko genituela, eta hazi horietatik sortutako altsumak aldatuko genituela erran genien. Horretarako leku egoki bat behar dugu, huraxe izateko Emakumeen Oroimenaren Zelaia. Badugu esperantza lortuko dugula lur puska bat, Bortzerrietan, eta hasiak gara lehenbiziko pausoak ematen. Hazien eta landareen ekitaldiarekin batera, emakumeen istorioak biltzeko eta trukatzeko ekimen bat abian jarri nahi dugu. Ideia are gehiago zehazten delarik, horren berri emanen dizuegu.

Antzezlanean bertan ere, emakumeen bozak badu garrantzia.

Bai. Badakit bertze batzuek lehenago ere errana dutela, baina historia liburuetan emakumerik ez da ageri, eta ez bada ageri, ez da kontatzen egia, ez da kontatzen erdia. Ahal zen neurrian, kontaketa horretan emakumeei eman genien hitza eta presentzia.

Emakumeen gerra garaiko ze bizipen jaso izan dituzu etxean?

Gure amak kontatu izan dit, adibidez, frontean zeuden soldaduak atseden hartzera bidaltzen zituztela, leku seguruetara. Gure herrietako baserrietara etortzen ziren, eta gertatu izan zen soldaduok baserrietako alabaren bat haurdun uztea, eta, gero, emakume hark, gainera, etxekoen gaitzespena jasotzea.

Zure orain arteko nobela bakarrean, Alkasoroko benta-n, agertzen dira gerrako eta bestelako gertakari historiko zenbait ere. Historiak zeharkatzen zaitu zu ere, beste asko bezala?

Letra larriz idazten den historia, nolabait ere, kontatu izan zaigu, baina, lehentxeago erran bezala, zeinen gutti dakigun historia ttikiari buruz, inguratzen gaituzten eta ezagutzen ditugun gizon-emakumeek eta haien aitzinekoek bizi izandakoari buruz. Bertzalde, munduko zokorik urruneneko kontuak irentsarazten dizkigute, eta hurbileneko makina baten berririk ez dugu bat ere. Horiek denak interesatzen zaizkit nik jakiteko, eta, orain behinik behin, bertze deusek baino gehiago motibatzen naute haietaz idazteko. Dena dela, ni ez naiz historialaria, eta, horregatik, kontatzeko nire manera partikularra dut.

Mugatasuna ere aldiro ageri duzu. Zer da muga zuretzat, pertsona zein idazle bezala?

Muga nahitaezko osagaia da nire paisaian, bai paisaia errealean bai irudimenezkoan. Eta bertan, bertzeak bertze, kontrabandoa: jende aunitzentzat ogibide funtsezkoa. Dena dela, horrek ere zenbat aurpegi! Eta ez denak hain ezagunak: kontrabandista ttikiak eta handiak, mafiak; argi-ilunak. Iruditzen zait literaturan gehienbat idealizatu egin direla gaia bera eta protagonistak, baina gurean ere izan ziren, konparazio batera, jende-trafikoko sareak, Bigarren Mundu Gerra igaro eta gero, eta ez da horretaz hainbertze idatzi —Pablo Antoñanak bai, La cuerda rota eleberrian; Rosa Arburuak, Euskal Herriko mugaz gaineko Portuges pasan saiakeran...—. Eta izan ziren aski pasarte beltzak. Gaur ere ez dakit ez ote diren.

Zer da Korrok aldizkarian agertu ohi zenuen Kapi-taz, Mikel? Gaur egundik begiratuta, nola ikusten duzu?

Korrok ikusten dut gerora egin dudanaren oinarrian. Alegia, hura gabe ez dakit ailegatuko nintzen orain nagoen tokira. Oroitzapen ederrak ditut denbora hartaz. Kapi hura berde ikusten dut, arrunt berde, bere alde on eta txar guziekin: lotsagabekeria puska bat eta segurtasunik bat ere ez. Halere, ez dut uste hainbertze aldatu naizenik ere.

Eta Mendearen ilunabarrean idatzi zuen Mikel hura nola dakusasu?

Taldean aritzetik bakarka aritzera pasatzea izan zen; lagunen babesik ez izatea. Neroni neure buruaren kontra. Zalantzak barra-barra, baina idazteari emana, inoiz baino gehiago.

Poesia idazten al duzu oraindik ere?

Idazten saiatzen naiz, bai. Agian, agian... zerbait aterako da noizbait ere.

Zer ari zara idazten orain?

Arestian aipatu dugun idatzi edo kontatu gabeko gure historia hurbileko gertaera batzuk oinarri dituen zerbait lantzen ari naiz. Lortzen badut amaitzea, kronika historikotik gehiago izanen du fikziotik baino.

 

Bilaketa