Solasean
Detaileek eta tonuak batzen dituzte 'Haragia' liburuko ipuinak (Susa). Erortzen diren pertsonaien handitasuna detaile txikiak deskribatuz iradokitzen du idazleak. ainara gorostitzu
Distantziarekin ikusten du Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) Haragia liburua. “Kariñoa badut, zeren denbora asko eman dut idazteko. Haragi pusketa bat ere jarri dut. Baina ez pentsa kutuntasun berezi batekin ikusten dudanik, eta aurrekoa ere ez”. Eta handik gutxira gaur liburuan tonu ugari nahastu zituen, baina Haragia-n ebakitzen duen tonua erabili du. “Tonuak asko esaten du ipuin bati buruz, hitzek baino gehiago askotan”.
Liburuaren amaieran irakur daitekeen Elisabeth de Fontenayren “Sufritzen duen gizaki oro da haragia” esaldiak definitzen du ondoen liburua?
Amorratua edo triste nagoenean hasten naiz pentsatzen eta arrazionalizatzen saiatzen: nola da posible gaizki egotea, azkenean haragia besterik ez bagara? Gihar batzuk, ura, odola, hezurrak... Non dago gaizki egoteko arrazoia? Fontenayrena irakurri nuenean ulertu nuen haragitasunak hori dakarrela; oinaze fisikoa duzunean ere garunera doa min hori; ebaki batek eta emozio batek sor diezazukeen mina oso antzekoak izan daitezke. Ahalegindu naiz emozioek eragindako minaren gune fisikoa bilatzen, baina ez dut aurkitu.
Idaztean pertsonaren alderdi mingarri, ezkutagarri, zikin, maltzur horretara joateak ez dizu min hori bera berriz sortzen? Gauza ederrago eta alaiagoetara ihes egin daiteke...
Ihes egitea ez da inoiz bidea: beti daramazu bizkarrean min ematen dizun hori, kilometro asko eginagatik. Iruditzen zait aurre egitea dela modurik onena ikusten eta ulertzen saiatzeko; pentsatzen dut horregatik hartu ditudala mobil horiek idazteko garaian. Ez da gauza terapeutiko bat egiteko nahirik ere izan; nik uste dut minaren plazerean trebatuta gaudela; tragediak eta dramak eta gauza tristeek emozio asko sortzen dituzte gugan. Oso mingarria eta tristea den zerbait distantziatik irakurtzen denean, pertsonaia horren mina zeure egiten duzu, baina, gero, katarsiaren bidez osatu egiten zara, eta mingarria eta tristea den hori irakurtzea sendagarria da, eta idazteko garaian ere hala da. Pentsatzen dut horregatik gustatzen zaizkigula pena ematen diguten gauzak eta besteen minak.
Zure liburuko literatura makurtzera behartzen duen eredu eta psikologia horren kontrakoa da. Idazle gisa eta irakurle gisa horrela ulertzen duzu literatura?
Bai. Eta batez ere irakurle gisa, eta nahiko nuke idazle gisa horretan zentratuko banintz. Iruditzen zait literaturak izan beharko lukeela norberaren nia ez ezik norberaren motibazioak, ametsak, ilusioak, nahiak ere islatzeko bide... eta, batez ere, ezeren aurrean -ez korronte literario baten, ez sari baten, ez publikoak nahi duenaren, ez besteek esango dutenaren aurrean- ez makurtzeko bide. Eta irakurle naizen aldetik, noski, gustatzen zaizkit makurtzen ez diren idazleak eta makurtzen ez diren pertsonaiei, gizarteei eta talde sozialei buruz aritzen diren idazleak. Indarra ematen didate.
“Makurtzen ez den idazlea”, diozu... Idazlea bere literatur lanetik bereizita ez duzu ulertzen?
Ulertzen dut, zeren, azken batean, literaturgintza oso sistema krudela da. Horregatik ulertzen dut, idazleak ez du beti idazten nahiko lukeena, niri horrek ez dit atzeraka ematen. Atzera ematen dit bere ahotsa inoiz ezeren kontra jasotzen ez duen idazleak, literaturaren mundu idiliko, ameslari, artistiko horretan bakarrik murgiltzen denean. Kezkatu egiten nau horrek. Ez dakit inoiz egon diren hainbeste idazle batera munduan isilik. Beti egon dira inkomodoak diren idazleak, eta nik, egun, ez ditut ikusten.
Zure pertsonaiak sisteman honetan itsusiak diren sentimenduak dituzte, politikoki hain zuzenak ez direnak.
Nire pertsonaiek jakin dute oso praktiko eta pragmatiko izaten. Badakite zein den beren mundu ezkutua, baina badakite berengandik zer eskatzen den, eta badakite ondo nola jokatu, nahiz eta horregatik ez uko egin benetan direnari.
Zure ipuinak ez dira hasiera-korapiloa-bukaera duten ipuin klasikoak. Oso ondo zehaztutako pertsonaien bizian kamera bat jarri duzu. Zergatik une horretan?
Pertsona baten detaile txiki batek askotan pertsona horri buruzko dena esaten digu. Ez dut bizitzako pasarte ezdeus bat hartu, eta ni aurrean jarri eta apunteak hartu. Hartu dut bizitza horietan esanguratsua izan daitekeen momentu bat; handitasuna txikitasunetik sugeritzen saiatu naiz.
Idazkera eta mamia oso lotuak doaz; oso zorrotz idatzita dago esan nahi den hori ere oso zorrotza denean.
Niri, hala ere, ikaragarri gustatzen zaizkit floritura asko dauzkaten liburuak; adibidez, Alejo Carpentierrek hitzekin, egiturekin eta esaldiekin egiten dituen malabarismo horiek asko gustatzen zaizkit. Ez naiz berez idazkera soil baten aldekoa. Baina iruditzen zait ipuin hauek beste idazkera batekin kontatzen hasi banintz mamia kaltetuta aterako litzatekeela. Uste dut mamiak baduela nahikoa indar, eta saiatu nahiz ahalik eta hitz gutxienekin mami hori deskribatzen.
Nolakoa da ariketa hori?
Berridazketak ariketa honetan garrantzi handia du. Hasieran gauza luzeagoa idazten duzu, detaile guztiekin, eta gero joaten zara hori dena husten, eskulturan bezala. Hasieran pertsonaien bizitzari buruzko informazio asko eman dut, eta hirugarren edo laugarren berridazketan kendu egin ditut, zeharka kontatzeko. Kasu batzuetan zaila egin zait; kontrola galtzeko arriskua izan dut. Ez dut baztertzen aurrerago beste estilo bat hartzea; barrokoa asko gustatzen zait.
Intimistak dira ipuin asko, baina T'est très belle ipuinak gure gizartearen miseriak eta kontraesanak erakusten ditu.
Norberak gauzak egiten dituenean bai, bere idealengatik, ametsengatik, mundua aldatu nahi duelako egiten du, ondo, baina azpian pertsona bat dago beti, eta pertsona horrek kontraesanak ditu. Kontraesan horiek pertsona ez dute hobea edo okerragoa bilakatzen: humanoagoa bilakatzen dute. Ipuin horretan abokatuak bere lana egiten du, baina bere bizitza dauka, lanak eta bizitzak elkarri eragiten diote; presoak ere bai, bere borroka dauka eta bere bizitza dauka. Eta zerk ematen dio min handiagoa momentu horretan, gose grebak ala neskaren urruntzeak? Nik uste dut hori ezin dela baztertu, eta politika egiten denean baztertu egiten da. Literatura egitean ezin naiz politikagintzara mugatu, hori ez da nire lana, eta jakin nahi dut zer dagoen pertsona horien -presoaren, abokatuaren, presoaren neska-lagunaren- atzean; azken batean, zer dagoen etiketa horien atzean.
Baina onartzen ditugu kontraesanak?
Kosta egiten da, erosoagoa baita kontraesanik gabe bizitzea. Baina askoz osasungarriagoa eta naturalagoa da kontraesan horiek onartu eta horiekin bizi garela erakustea. Euskaldunok -euskaldunon multzo batek- badugu perfektu izateko beharra, eraso asko jasotzen ditugulako, bai kanpotik eta bai barrutik. Zintzotasun ariketa bat egin eta publikoki, zer kontraesan ditugun onartzeak galbidera eramango gintuen. Baina literaturak ematen du esparru txiki-txiki-txiki bat horrelako gauza txikiez aritzeko, ez dugulako zertan perfektu izan, eta ondo dago geuk ere hori jakitea, besteek badakite.
Barrura begira idatzi omen duzu. Kanpora begira hasteko gogorik?
Iluntasunari ate bat itxi diodala iruditzen zait, orain gauza irekiago edo argitsuago bat egiteko nahian nabilela, nahiz eta ez dakidan lortuko dudan. Idazten dugunean norberaren dena ateratzen da, odola, gorrota, erraiak, behazuna...
Irudipena ematen du zugandik asko utzi duzula liburu honetan...
Oso biolento jartzen nintzen ipuinok idaztean eta berridaztean. Uste dut nire asko kanporatu dudala, baina gorroto, behazun eta bortizkeria handiz idatzi dut. Eta honekin bukatu dut tonu horrekin; uste dut ez naizela berriro tonu horretan zentratuko. Norberak bere filia eta fobiak modu batera bideratzen ditu; nik, tonu baten bidez egin dut. Orain hustu egin naiz. Agortu egin zait tonu hori. Oso argi dut ez dudala holako ipuin gehiago idatziko.