literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Irune Berro
Berria, 2008-01-17
Lutxo Egia:
«Hiria hamaika harremanek sortzen dute egunero, ez eraikin fetixeek»

Denbora tarte laburrean, Bilbo “produktore izatetik produktu izatera” igaro dela uste du Egiak. Hiri ereduaz eta botere harremanez gogoeta egin du nobela berrian.

Lutxo Egiak (Santander, Espainia, 1969) istorio bi harilkatu ditu Zubigilea-n (Susa, 2007). Bilboko Zorrotzaurren egingo duten operazio makrourbanistikoaren gainean eraikitakoa, eta, 1964an, Bartzelonan, Europako Futbol Txapelketan kokatzen den sabotaje saioa.

Nobelan bi gogoeta gai jorratu dituzu, batik bat: batetik zubiaren irudia eta bestetik hiria. Zer esanahi hartzen dute zure obran zubiak eta hiriak?

Boterea izan dut gogoeta gai nagusia. Eta horretarako, zubiaren irudia erabili dut. Zubia bitartekaritzaz hitz egiteko erabili ohi dugu. Baina ni ideia horretatik aldendu naiz. Nire ustez, bitartekaritzan garrantzitsuak dira aldeak, eta ez zubiak. Eguneroko bizitzan, gure harremanetan, arlo sozial, politiko nahiz ekonomikoan, biko harremanak sortzen ditugu askotan. Dualismoa: zuria-beltza, biolentoak-ez biolentoak... Sailkapenak egiten ditugu. Badago diskurtso bat esaten duena hortik aldendu behar dugula. Baina batzuetan, hori esaten duenak bere burua erdian kokatzeko esaten du hori. Ekidistantzia sortzen du, eta horrek boterea ematen dio. Hiria ezinbestekoa zitzaidan nobela osatzeko. Bilboren eraikitze prozesuan ematen ari diren hainbat fenomenori erreparatu diet, kritiketan sartu gabe.

Zubiaren anti-irudia landu duzula esan duzu.

Eleberrian badago pertsonaia bat, Andres Peruarena arkitektoa. Beste bulego batzuetako bi arkitektorekin lan egin behar du. Harremanak gatazkatsuak izango dira arkitekto bi horien artean, eta Peruarenak erdian kokatuko du bere burua, arkitekto bi haiek elkarrengana hurbiltzeko. Azken batean, fantasia bat eraikiko du, botere harreman hori faltsua baita. Dualismoen artean bere burua jartzen duenak espazio faltsua eraikitzen du. Hirugarren espazio bat, baina faltsua, ez baita existitzen. Politikagintzan askotan ematen den fenomenoa da hori. Liburuan, hori salatu dut: zubiak ere beste irudi bat ekar dezakeela, bitartekaritzarekin zerikusirik ez duena.

Honelaxe diozu liburuan: “Auzunea zubira moldatu: arkitektura ulertzeko modu xelebrea, gero eta zabalduagoa egun”.

Bilbon -eta beste hiri batzuetan- fenomeno bitxia eman da: denbora laburrean, pasatu gara produktore izatetik produktu izatera. Ikonizazio prozesua eman da. Marketin urbanoa egin dute, Bilbao marka sortu dute. Hiria zelan eraikitzen den kritikatu gabe ohartzen gara planifikatuta daukatela hiria nola eraiki. Zorrotzaurre, adibidez, hiperrealismotik sortuko dute. Arkitektoa zein izango zen erabaki aurretik esan zuten Bilboko Manhattan izango zela. Irudi zehatza sortu zuten. Ezinezkoa. Manhattan badagoelako bat. Hiri berria horrela sortu dute, ikono bidez.

Masa kritikorik gabe ez dago arkitektura onik, zenbaiten ustez. Bilbon badago masa kritikorik, zure iritziz?

Jende askok esango du Bilbon badagoela arkitektura ona: Guggenheim, Euskalduna, metroa... Baina, beharbada, herritarrek parte-hartze handiagoa eduki beharko lukete hiriaren eraikitzean. Daniel Burenek Salbeko zubian jarritako obra nahiko polemikoa izan da, besteak beste, Guggenheimeko bisitariek aukeratu dutelako boto bidez.

Eta hamar bisitaritik bederatzi Euskal Herritik kanpokoak dira...

Ezarri digute hiria eraikitzeko modu bat. Bilbo munduko mapan jartzea izan da helburua, erakusleiho batean. Merkantzia bihurtu dute. Horren aurrean, burua makurtzea besterik ez omen zaigu geratzen, horrela egin ezean, susmagarri bihurtzen baikara.

Masa kritikorik ez dago, hortaz?

Nik ez diot ez dagoenik. Ahaleginak egiten ditut ulertzeko non bizi naizen. Hori da kritikoa izatea. Kritikoa izatea ez da esatea AHTren aurka nago, eta beste horren kontra. Kritikoa izatea da esatea: Non bizi naiz? Zer ari dira bertan eraikitzen? Nor ari da eraikitzen? Zergatik? Zein da helburua? Horrekin pentsamendu bat garatzeko eta hautuak egiteko. Gero moduak topatu behar ditugu hori guztia bideratzeko.

Dimitri pertsonaiak dio: “Hiri puta honetan berriari esker aberastu nahi duenak oztopo dik zaharra”. Hiri bat berreskuratzeko beharrezkoa da zaharra bazter uztea?

Ez, inondik inora. Gaur egun memoriaren kolapsoa ematen ari da. Abandoibarran, adibidez, duela hogei urte Euskalduna ontziola zegoen, eta istiluak ere bai. Hori guztia ezabatu da gure buruetatik, beste gauza batzuk ezabatzen diren moduan. Kontua ez da amore ematea. Baizik eta bideak bilatzea aldaketa horiek horren traumatikoak izan ez daitezen. Identitateei buruz ari naiz. Gaur egun, ziurrenik Abandoibarrarekin identifikatzen gara, edo Guggenheimekin, edo Puppyrekin. Baina ezin ditugu beste barik onartu identitate berri hauek eta lehen genituenak baztertu. Memoria mantentzea garrantzitsua da. Hiriak hamaika faktoreren ondorioz aldatzen dira. Horregatik, argi izan behar dugu non bizi garen, eta eutsi behar diegu gure identitateei. Bilbo atzerritarrez bete zaigu. Eta honi buruz hausnarrean, lehengo egunean irudi bat etorri zitzaidan burura; Athletic atzerritarrez beteta: Gehry, Hadid, Stern, Pelli, Siza, Moneo, Starck... Hamaikakoa osatu arte. Bilboko Athletic izan beharrean, Bilboko Pritzker deitu beharko genioke. Izarren Ligan jokatzeko hiria eraiki nahi dugu, eta Izarren Ligan jokatzeko izarrak behar ditugu, nahitaez. Ametzolako geltoki intermodala egin dute berriki. Baina badakigu zein arkitektok egin duen? Bi espazio sortzen dira -eta ez naiz eremu geografikoaz ari-. Bata denok ezagutu behar dugu, hedabideek behartuta. Bestea ezkutuan geratzen da.

Nobelako beste esaldi bat: “Azpijokoa eta bezerokeria leporatzen zizkioten udal gobernuari”. Hori gertatu da Bilbon. Hau da, zenbait auzo elkarte eta talde politikok bi irizpide horien arabera jokatu izana leporatu diote Bilboko Udalari sarri askotan. Zer iritzi duzu?

Espekulazio handia dago mundu horretan. Hirian eraikitzeko lurrei kalifikazioa aldatu behar zaie, saldu, erosi... Harreman horietan sartzen dira politikariak, enpresak... Agerikoa da hor zer dagoen.

Halaxe dio liburuko beste pasarte batek: “Glamour-a irrikatzen duen gizarte batean bizi gara azken batean. Ezkerreko mugimenduak karga dira hura lortzeko, baina azkenean jendeak kopak eta El Correo-ren argazkian agertzea desiratzen ditu”.

Hiria eraikitzeko politikariek marketina baliatzen dute, baina hori arlo guztietan gertatzen da, literaturan ere bai. Hiriak merkantziak dira, baina idazleak ere merkantzia gara. Egungo gizartearen ondorio bat da hori. Komunikabideetan agertzea garrantzitsua da, eta, jakina, El Correo-ko argazkiarena metafora da. Baina badago mundu bat horren inguruan harikaltzen dena.

Fernando Pessoa eta Julio Cortazarren aipu bana ekarri duzu liburura. Cortazarrek dio: “Un puente es un hombre cruzando un puente” (Zubi bat da pertsona bat zubi bat igarotzen).

Hiria herritarrek osatzen dutela diote biek. Ikonoak edo fetixeak eraiki daitezke, baina hiria haimaka harremanek sortzen dute egunero, eta harreman txiki horiek sortzen dituzte identitateak, edo sortu beharko lituzkete identitate nagusiak, eta ez eraikin hutsek eta haien irudiek.

 

Bilaketa