Solasean
Erretiroa hartzeko prest da Amaia Ezpeldoi landaguneko detektibea, emakume baten desagerpena ikertzeko eskatu diote baina. Itxaro Bordarekin bildu gara Euri zitalari esker (Susa, 2021) eleberriaz hitz egiteko.
Hiru hamarraldiko ibilbide literarioaren ostean, erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio Amaia Ezpeldoiri.
Iritsi zaio, bai, nahiz eta ez dakien zuzen erretiroaren legeak errespetatuko dituen.
Erretiro baketsu bat irudikatu diozu, Zuberoako mendi batean, maitalearekin.
Hori da, eta wifi konexioarekin. Uste dut azken urte hauetan amets hori badela euskal jendartean, norbera bere nukleora biltzea —izan dadin familia, izan dadin bikotea— eta leku idiliko batean bizitzen jartzea, ahalaz iparraldeko edo Baztango xoko batean.
Noiz hasi zinen liburu hau idazten?
2019 bukaeran.
Eta pandemiak zertan harrapatu zintuen?
Laugarren kapituluan. Hasieran.
Zantzuak agertu arren, ez duzu preseski aipatzen.
Zuzenki ez dut sartu. Nahiz eta pandemia-aroa gogorra izan den, iruditu zait nobela honetan ez zuela lehentasunik behar, pasatuko delako, eta segur aski idazle askok bestela ere aipatuko duelako.
Gogoratzen zara nola otu zitzaizun pertsonaia sortzea?
Munduan zeharreko beste pertsonaien molde berean sortu nuen. Euskal Herrian ere baziren detektibeak, adibidez, Bakean ützi arte eleberrian, Amaia Ezpeldoiren saileko lehen tomoan, Haitz Zumeta ageri zen, Gotzon Garateren Izurri berria liburuko pertsonaia. Genealogia horretaz gainera, lehendik banuen beste ikerlari bat, Gure Irratian ari nintzenean grabatu nuen astebeteko serie baterako sortua: Amaia Sheridan. Amerikarra zen, bistan dena [barreak]. Gero, Zuberoara joan nintzelarik bizitzera, gertatu zen gasoduktuaren afera hori, herrialdea bitan banatu zuena, eta ari nintzen gogoetan —nihaur, ez zen galde kolektibo bat—, nola gorde garaiko eztabaidak, gertakariak, manifestazioak… Eta justuki hor Amaia Ezpeldoiren ebidentzia atera zitzaidan, eta ondoren, arazo kolektiboak idazteko orduan, beti erabili dut ene alter egoa bezalakoa bilakatu den pertsonaia hori.
Nobela beltzen ezaugarria da kezka sozialei erreparatzea.
Kezka sozialaren erraiteko modu bat da. Orain nobela beltza da gure liburu-dendetan ikusten ditugun liburuen %80, baina 90eko hamarkadan alderantziz zen, %20 baizik ez zen, eta genero gutxietsia zen. Frantzian roman de quai de gare deitzen ziren, geltokietako eleberriak: hartzen duzu, bidaia batean irakurri, eta kito. Orain alderantziz da, generoak indarra hartu du, jende arruntaren bizipenak ez direlakoan nobela “ohoragarrien” orrialdeetan agertzen. Horiek burgesagoak dira, bikote- edo familia-istorioak, itxiak, klase sozial garaile batenak. Nahi baduzu irakurri Frantziako edo Espainiako edo Bilboko banlieue batean gertatzen dena, nobela beltz bat irakurtzen duzu. Jendartearen geruza desberdinetan sartzeko ahalmena badute eta, bereziki, gertatzen dena ez dute epaitzen, Amaia Ezpeldoik ausarki eta beharbada sobera komentatzen dituen arren.
Kasu honetan, emakumeen, nesken eta haurren aurkako indarkeria eta familiako indarkeria izan dituzu kezkagai.
[André] Gidek erraten zuen: “Familia, gorroto zaitut”. Errango nuke Amaia Ezpeldoik ere ez duela biziki maite familia, bere istorioari dagokionez, bai eta han-hor entzun eta entzuten dituen besteen istorioei dagokienez ere.
Trama sortzeko abiapuntu zehatzik bazenuen?
Banuen istorio bat bildua. Postan nintzen langile, eta behin etorri zitzaidan, Hazparne inguruan, sei urtez etxetik ateratzea zilegi ez zuen emazte bat; amaginarrebak debekatzen zion. Askatua izan edo berez askatu zen. Bizpahiru aldiz egon ginen eleka, eta notatu nituen bere erran eta lekukotasunak. Gai ohizkoa da, askotan gertatu da, eta nahi nuen hori tratatu, fikzioaren bidez, bi ikuspegietatik gainera: familia jatorra batetik eta familia zital seduzitzailea bestetik. Biek badute txarretik, gaitzetik, familietan beti kausitzen da anbiguetate hori. Ez dakigu sekula nor den nor eta zertan ari den. Eta gure familietan berdin...
Gauza latzak gertatzen dira gure etxe ondoan eta ez gara konturatzen.
Ez dakit zerk eramaten gaituen itsutasun horretarat, eta konturatzen garenean ere isilik geratzen gara, ez gara sartzen adibidez karriketako ama-haurren arteko iskanbiletan, ez dugu erraten ezer… Arranguratzen gara, baina ez dugu deus egiten. Ez dakit naturala den edo ez, gure buruen gerizatzeko saioak ote diren, baina hola da. Eta nahi nuen hori ere erakutsi, ez dugula dena ikusten, gure diskurtsoa orojakilea dela uste badugu ere.
Aktualitate soziopolitikoari erreferentzia ugari egiten dizkiozu.
Konturatzen naiz idatzia izan den garaiko aktualitatearen momentu zehatza dela Amaia Ezpeldoiren pasarte bakoitza, lekukotasun historiko baten hatza edo itzala dakarrela.
“Haurtzaroko hitzak eta neologismo zalantzakorrak nahasten nituen”, dio Amaiak. Aberastasun horixe da, hain zuzen, zure idazketaren ezaugarrietako bat.
Maite dut hizkuntzarekin jostatzea, betidanik izan dut joera hori. Askotan ironia handiarekin jolasten naiz, gustatzen zait kontrasteak sortzea, eta gure hizkuntzak badu abantaila bat, badu irekitasun bat: denak hartzen ditu, besoak zabalik. Edozein hizkuntzako hitza, guretzat baliagarria dena, guretzen dugu, eta iruditzen zait hizkuntzari hatsa ukatzen diogula ez badugu joko hori aitzina eramaten. Frantsesarekin XVI. mendetik hona burgesiak egin duen gauza bera ezin dugu egin euskararekin; hau da, hertsatu, garbitu eta are gehiago arautu. Eginen da eta egiten da, baina oraindik badira euskal jendartean hertsatze hori salatzen dutenak edo horren kontra ari direnak, sozialki edo genero aldetik; eta hori agertzen da nobelaren harian. Bada halako burbuila linguistiko bat, bereziki Mango eta Doraren ezteiaren kapituluan islatzen dena.
Kapitulu horretan bertan Joanak esaten du Hegoaldekoei “gero eta urrunago [zaiela]” Iparraldeko euskara, eta paragrafo batzuk beranduago “taulenuita” hitza agertzen da.
Mesanotxea naturala da, eta pasatzen ahal da Iparraldeko hiztegira, euskarazko hitza balitz bezala, eta segur naiz pasatzen ari dela; zergatik ez “taulenuita”, orduan? Badirudi gaur egun euskararen eredu bakarra hegoaldekoa dela, iparraldekoa “patois” aspergarri baten mailara bidaltzen ari garela. Nobelan kausitzen dira gainera hitanoarekin, xukarekin lotuak diren jokoak, trinkoarekin… Hizkuntza, nobela hauetan, beste gorputz ezkongai bat balitz bezala agertzen da.
Hizkuntzarekiko zenuen jarrera aldatu da?
Uste dut bide bat izan dela, gure ekialdeko euskalkirik zorrotzenetatik hasi eta euskara post-batura heldu naiz, euskara-saltsa bitxi horretarat. Forman naizenean ateratzen dudan txistea da, barkatu! Beharbada, nobela guztietan hizkuntza da, justuki, Amaia Ezpeldoik ikertzen duen kasurik potoloena: pasatzen da euskalki batetik bestera, gero batu-antzera, beti aberastuz, eta azken honetan, euskara-era guztiak integratzen dituen arragoa bilakatzen da.
Geografikoki ere egin du bidea.
Euskal Herri osoa ikertu du, eta Landetara ere badoa. Landak oihan artifizialak dira, behialako urmaeletan pinuak landatuz sortuak; badute istorio berezia, ekosistema interesgarria, eta nahi bada Euskal Herriko nobelagintzan amerikar aire bat sartu, eremu horren premia dugu.
Uxue Apaolazaren Mea Culpako protagonistak hara egiten du ihes.
Ez bakarrik hark. Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat liburuan ere agertzen dira Landak. Euskaldun franko hortik badabil asteburu luzeetan. Horregatik diot nik ere nire buruari ihesaldi hori zilegitzen.
Inkestaren bukaeran, bere lagun eta maitale izandakoek laguntzen dute Amaia. Han eta hemen sakabanaturiko lesbianen sare gisa irudikatu dut.
Ideia hori da. Amaia Ezpeldoik ez zuen lagun-sarerik comingouta egin arte. Lehen liburuan mutiko batekin ikusten dugu, gero Joana Garraldaren ezagutza egiten du, eta hortik aitzina batez ere emazteekin ibiliko da. Luzaz egon da bere identitate sexuala argitu gabe, hainbat eta hainbat mendez gure artean gehienok egin dugun bezala. Orain, aldiz, ahots goraz erraten du lesbiana dela, eta horrela, LGBTQI+ sareetara heltzen da, hasierako bere bakartasun malenkoniatsutik urrunduz.
Azala aipatu nahi nuke.
Eleberri honena Ainara Azpiazu adiskide marrazkilariak egin du, liburuaren arima laburbiltzen duela. Azal guztiak artistek egin dituzte, Garbiñe Ubedak lehena, Asiskok pare bat eta Unai Iturriagak Boga Bogarena. Tituluak euskal kantu zatiak dira, ohiturazkoaren eta kantagintza modernoaren artean melodia bakarra osatuz.
Zer bilan egiten duzu?
Niretzat esperientzia izugarria izan da, egoera guztietatik pasatu naiz, bizirik atera naiz eta bizirik atera dut Amaia Ezpeldoi ere, nahiz eta askotan kinka larrian egon den, alde guztietatik. Orain bere maitalearekin doalarik Madalena gain horretarat bizitzera, Euskal Herriak bizi duen beste egoera baten sinboloa izan daiteke. Garai berriak irekitzen dira, eta beste batzuen gain izango da hor ere azaleratuko diren ustelkeria- eta erailketa-kasuak ikertzea!
Ziur zaude bukatu dela?
Bai, uste dut baietz.
Zuk ere hartu zenuen erretiroa baina ez zara joan mendi gain batera bizitzera.
Eta ez naiz joango. Hiriaren beharra badut. Nahiz eta bakarrik bizi izan, maite dut hemen den komunitatea, bereziki San Izpiritun, munduaren erdi-erdian nagoela iruditzen zaidalako.
Erretiroa hartuz geroztik gehiago idazten duzu?
Lehen bezainbeste. Asko idatzi dut betidanik, gehiegi agian, beharbada beldur nintzelako ez nuela denborarik ukanen, halako larritasun-egoera batean tematu naiz, etorkizunik gabekoa banintz bezala. Bitxi da, orain ez dut batere sentimendu hori, badakit denbora ukanen dudala.
Zergatik?
Ez dakit. Adina beharbada. Adinak ekartzen duen zuhurtzia.
Usurbilen egon zara zerbait idazten, ezta?
Bai, pasatu ditut hiru aste han, Udalbiltzaren beka batekin, eta herrian eta inguruetan errotu dut ene ipuina.
Beste zerbait baduzu eskuartean?
Momentuan ez. Nagitu naiz. Justuki ez baitut presiorik, ez dut sentitzen gerla eman behar hori. Lehen bai, beldur ginen mundua desagertuko zitzaigula, inguru-giro apokaliptikoetan jarduten genuen, eta konturatzen gara hor daudela oraino hizkuntza eta jendartea eratzeko ideia ezberdinak; aldatzen doaz baina ez dira desagertzen.