Solasean
Jaioterrian hartu gaitu Miren Agur Meabe idazleak, Lekeition, Miramar izeneko txoko ederrean. Orain sei urte Kristalezko begi bat (Susa) liburuarekin arrakasta handia bildu ondoren, erronka berri bati aurre egin eta plazara atera du Hezurren erretura (Susa). Azken hau ez da aurrekoaren jarraipena, baina diptiko bat osatzen dutela uste du autoreak. Memoria egitea fikzioa egitea dela adierazi du.
Kristalezko begi bat eta gero publikatu duzun liburua da Hezurren erretura. Izan al du eraginik horrek?
Gogoan daukat Hasier Etxeberriak Sautrelan elkarrizketa egin zidanean, galdetu zidala ea nola egingo nion aurre hurrengo egitasmoari. Gutxi gorabehera erantzun nion ez nekiela, emango zidala bizitzak zertaz idatzi, eta orduan ere —ez dakit Pessoa ala Rilke parafraseatuz—, bihotza jarriko nuela paperetan. Deklarazio sinplista horrekin esan nahi nuen neure onena jarriko nuela, beste kontu bat izango zela lorpenaren tamaina. Egia esanda, liburu hau idazten ibili naizenean une oro izan dut presente erronka berri bati egin behar niola aurre, baina ezin nuela formatua errepikatu, nahiz eta formatu arrakastatsua izan.
Dudarik ez, begi hartatik datoz hezur hauek. Adibidez, memoriaren gaia, oroitzapenenetan arakatzea gure oraina ulertzeko, horren guztiaren hasikina liburu hartan dago. Badira beste lotura batzuk ere: inoren aipu literarioak erabiltzea autoritate-argudio gisa, idazkuntzari buruzko gogoetak...
Hezurren erretura egiten ari zinela jakin baino lehen hasi zinen hezurrak erretzen? Ala, argiago, nola hasi zinen liburu hau idazten?
Hasieratik neukan intuizioa tituluan hezurrak agertu behar zirela, elementu horrek jarraipena eman ahal ziolako nire ibilbidearen eskemari: azala, eskuak, begia... Denborak gugan uzten duen eragina, hezurrak, edo bizitzaren pisua azpimarratzeko, hezurretako mina.
Asmoa ipuin solteak sortzea zen. Gero, idatzi ahala, eta irakurketa batzuk tartean, apur-apurka hasi nintzen obra zabalago bat irudikatzen, oraina eta iragana txandakatuz eraikitako continuum bat.
Eta nola joan da continuum hori osatzeko prozesua?
Neketsua izan da, batez ere oihartzun sare bat sortu nahi nuelako, obrari kohesioa eta fidagarritasun itxura emateko. Horregatik errepikatzen dira noizetik noizera testuinguruko erreferentziak, giro sozialeko datuak eta beste kontu batzuk: arratoiak, ametsak, seinaleak, tokiak eta pertsonaiak… Amalgama bat egiteko, artifizial gertatu barik eta oreka zainduta.
Liburuan, Nadineri igorritako gutunetako batean protagonistak esaten dio berarentzat idaztea dela baltsa baten gainean zutunik jarri eta orekari eusten saiatzea, ibaiak zer ematen dion, ba horixe sartuz baltsara, eta arraun egitea, bestela, makila lokatzetan inkatuta geratzen dela. Alde horretatik praktikoa naiz, bizitzako gorabehera asko paperera eramaten ditudalako.
Erreturaren irudia oso emankorra iruditu zait.
Erretura esatean idazkuntza esan nahi dut, eraldaketa bat delako. Hartu lehengai bat, dena delakoa, sustraia edo harria edo fruitua, eta horixe erre. Materia hori beste zerbait bihurtuko duzu, errauts; eta maila literarioan, testu. Baina hori egitean, gainera, beste energia mota bat sortzen da. Liburuan bada indarra lortzeko espiritua, nahia. Zentzu horretan, erretura egitea, pertsonaiarentzat soberakinen eta zamengarbiketa egitea den moduan, niretzat idazle gisa ahalduntzea da, bizitzako eragozpenak gainditzea.
Eragozpenak direla-eta, liburuan umore eta ironia handia dago tarteka. Adibidez, hemen: “Ez nengoen neure onenean, ezta hurrik ere, baina kapaz izan banintzen Korrikaren lipdubean parte hartzeko, noiz eta despedidaren biharamunean, lorra lepora eta segi aurrera”
Justu esaldi horren aurretik pertsonaiak esaten du minari ezin zaiola utzi agintea hartzen. Zaurien tamaina gorabehera, ikasi egin behar dugu gero eta bizkorrago jaikitzen. Hau mezu esplizitua da emakumeentzat. La vita è bella ipuinean —titulu ironikoa—, esaten da bizitzaren ederra zera dela, galgunetik aldentzeko jartzen digun ariketa. Konparazioa eginda, Kristalezko begi bat-eko protagonistak, sekulako sufrikarioa zeukan, baina bere askatasunaren bila jokatu zuen, duintasunez, eta, neurri batean, idazteak lagundu zion aurrera egiten. Beste protagonistak honek horretan badu haren antza, baina barre gehiago egiten dio bere buruari, zorrotzagoa da besteekin, eta erradikalagoa ere bada.
Aurkezpenean esan zenuten narrazio-liburu bat zela baina eleberri gisa irakur zitekeela esan izan dizutela. Nik neuk bigarren horrekin egiten dut bat: gauza oso eta koherente baten irudipena eman dit. Etiketa ipini beharrak kezkatzen zaitu?
Etiketek eta sailkapenek gero eta gutxiago kezkatzen naute. Nire kezka, bene-benetakoa, izaten da liburu ona osatzea, liburu eder bat, irakurlearen emozioekin, gogoetekin eta sentimenduekin nahastuko dena eta gozamen estetikoa ere sortuko diona.
Leire Ziluaga editoreak aurkezpenean aipatu zuen moduan, liburuan badira hainbat narrazio-molde: gutunak, egunerokoak… Esan zuen emakumeek idatzi izan dituzten generoak direla horiek, gutxietsi izan direnak. Halakoak azaleratzeko ahalegina egin nahi zenuen?
Bai, Leirerekin lehen aldiz bildu nintzenean, esan nizkion nire hiru premisak: bata, liburuak memoria fikzionatuen kutsua izango zuela; bestea, ipuinei buruz dugun kontzeptu klasikoa malgutu nahi nuela. Adibidez, Ametsen inbentarioa ez da narrazioa egituraz, baina bere soiltasunean kontaera asko barnebiltzen ditu. Eta hirugarrena, literaturaren historian kanonak estimatu ez dituen formak agertuko zirela, egunerokoa eta gutunak, eta autobiografia estiloko kontaketak. Emakumeek gehienbat erabili dituzten generoak dira, eta betertzetik begiratu izan zaie intimitatearen esparrukoak direlako.
Eta nondik datorkizu hori egiteko asmoa?
Josune Muñozekin, Skolastikako tailerretan, konturatu nintzen genero horiek azpi-generotzat hartu izan direla, eta ondorioz emakume askoren lanak ez direla aintzat ere hartu literaturaren historian. Kritikak erabili izan duen begirada oso murritza eta murrizgarria izan da, emakumeek beren ikuspuntutik kontatutakoak gutxietsi dituztelako gehienetan.
Miramarren eman didazu hitzordua, liburua hasten den tokian, hain zuzen ere. Liburuaren aurkezpenean zera esan zenuen: “adoragabetzailea” suertatuko litzaizukeela baldin eta jendeak, protagonistarengan, egilea baino ez balu ikusiko. Zer ikuspegi daukazu autorearen, fikzioaren eta auto-fikzioaren arteko muga horien inguruan?
Miramarren hasten da, eta amaitu ere bai, ziklo bat burutu dela adierazteko.
Nire lehenengo lanak idazten hasi nintzenetik sentsazioa izan dut idazteko beti edango nuela nire bizitzatik, beste era batera esanda, gaurko berbekin, “ni-aren literatura” izango zela nire ildoa, zuzenean edo zeharka. Edozein bizitza arrunt birbalorizatu egin daiteke literatur idazketaren bitartez. Autofikzioa, autoimitazioa, autobiografia... halako eztabaidak uxatu egiten ditut neure buruari esanez idaztea, edo askatasun-ariketa dela edo ez dela ezer. Aurkezpenetarako, irakurle klubetarako, elkarrizketetarako, beharrezkoa da diskurtso oinarrizko bat izatea, argumentario bat, norberaren ideiak ordenatzeko ere, baina bestela ez du garrantzirik. Gainera, irakurleok beti izaten dugu tentazioa egilea ikusteko ertz batean edo bestean.
Nire kasuan, kontziente naiz egilearen eta protagonistaren artean muga lausoa dagoela, eta hori hala da, nahita, nire ildo naturala delako. Annie Ernaux-en xarmaren eragina ere bada. Dena dela, liburu honetan askoz fikzio gehiago dago aurrekoan baino. Ardatzak, denborak, tokiak, materialak, ugariagoak dira. Eta protagonista neu naiz partez, baina baita nire belaunaldiko beste neska, nerabe eta emakume batzuk ere. Datorren urtean, honekin batera idazten ibili naizen poema liburua atera eta gero, nire erronka berria akaso izango da ez autofikzioa, ez autobiografia ez den zerbait idaztea.
Zure ustez moda bat al da?
Moda hitza arriskutsua da, fribolitate puntua daukalako, eta bizkor igarotzen denaren kutsua. Esango nuke indarrean dagoela, eta horrek poztu egiten nau. Laura Freixasen iritziz, dena da autobiografia, oinarri biografikoa %1 edo %99 izan. Baina ezin da ukatu errealitatea zehatz-mehatz jasotzea ezinezkoa den momentutik, nahiz eta borondaterik handiena izan leial jokatzeko, fikzio bihurtzen dela idatzitakoa. Bizitza armiarma-sare oratuezina da, boligrafoarekin jasotzen hasi orduko, desegin edo desitxuratu egiten da.