literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Gorka Bereziartua Mitxelena
Argia, 2022-07-24
[iturburua]
Santi Leone:
«Erdi-sekretuak edo bazterrekoak diren testuak gustatzen zaizkit»

Ekaineko arratsalde batez dugu hitzordua Santi Leonérekin (Iruñea, 1972) Liztor mutanteak ipuin liburuaz hitz egiteko. Formazioz historialaria eta ogibidez euskara irakaslea Iruñeko Hizkuntza Eskolan, gure panorama kulturalean ezaguna zen aurretik saiogile, artikulugile eta itzultzaile gisa egindako lanengatik. Aurten Susa argitaletxearen eskutik publikatu duen liburu hau du estreinako lana narratibaren alorrean.

Hiri Buruzagiko Xabier karrikan dagoen Leiho kafetegian hitz egin bitartean, Peter Handkeren liburu bat dauka mahai gainean Santi Leonék, alemanezko edizioan. Elkarrizketa bukatutakoan berriz, gertu dagoen TBO komiki dendara eraman gaitu argazki-saioa egitera: idazle iruindar honen bi munduak, goi mailako literatura eta pop kultura, erraz gurutzatzen dira, bai idazten dituen istorioetan, baita hizketan ari denean ere.

Fikzioaren eremuan hau da zure lehen liburua, baina ez zara berria letren munduan. Zergatik hainbeste denbora ipuin hauek argitaratu aurretik?

Nire ohituretako bat da gauza guztietara beti berandu ailegatzea. Fikzioa idazteko asmoa aspalditik izan dut, baina batzuetan ez dut astirik izan, besteetan ez dut gogorik izan; eta beste batzuetan ez astirik, ezta gogorik ere. Pandemia hasi baino lehen lantokian sei hilabeteko eszedentzia hartu nuen, hain zuzen idazteko asmoz, eta gero gauzak gaizki atera ziren eta ezin izan nuen idatzi. Asmoa hor zegoen. Poliki-poliki hasi nintzen idazten aspalditik nituen ideiak eta gero sortu diren beste batzuk. Iduri du ezetz, baina pauso handia da momentu batean jartzea eta "hasiko naiz idazten" esatea. Ikaragarri kostatzen zait lehen pausoa ematea, horregatik pasa da hainbeste denbora. Gauza guztiekin gertatzen zait, pelikula klasiko batzuk ere hor dauzkat, ikusi behar ditut, ikusi behar ditut... eta momentu batean "gaur ikusiko dut" esan arte ez dakit zenbat urte pasa daitezkeen. Honekin berdin: azken saiakera publikatu nuenetik [Euskal Herria XIX. mendeko bidaia-liburuetan, Alberdania] hamahiru urte pasatu dira. Baina bitartean beste gauza batzuk idatzi ditut, itzulpen batzuk ere egin ditut... Eta momentu batean erabaki nuen gauza batzuk barnetik atera behar nituela.

Bi joeratako ipuinak sumatu ditut: metaliterarioak direnak, batetik; eta pertsonen arteko harremanetan zentratuagoak bestetik, tonu errealista edo gordinagokoak agian.

Metaliterarioak direnak zaharragoak dira besteak baino eta horietan maiz gaia da idazlea izan nahi eta ezina. Hainbat pertsonaia saiatzen dira idazle bihurtzen, baina beti porrot egiten dute. Edo, Jainko astronautak ipuineko protagonista den Gorka Goenagaren kasuan, lortu egiten du, ikaragarri obra oparoa idazten du, baina tira, ipuinean esplikatzen dira atzean dauden arrazoiak. Bertze ipuinetan bai, tonua errealistagoa da igual, nahiz eta Liztor mutanteak izenekoan, istorioa berez errealista izan arren, ipuinean ikusten ditugu narratzailearen burutazioak, eta badira burutazio nahiko... ez eroak, baina... bueno, bereziak. Liburuko ipuin pare batekin esperimentuak egin nituen: izena aldatu eta nire ikasleekin irakurtzen nituen, ea zer erraten zuten. Hain zuzen Liztor mutanteak-ekin hori egin nuen eta erantzunak izan ziren: "Hau paranoia hutsa da" edo "hau zer da?" bezalakoak.

Eta horregatik gustatu zitzaizun emaitza.

[Barre egin du] Bai. Eta bueno, bi multzo horiek hor daude, baina badira bi multzoak lotzen dituzten gai batzuk, adibidez frustrazioa edo gehienetan lekuz kanpo dauden pertsonaiak izatea protagonista. Badut bertze ipuin bat orain erdi-idatzia. Hau esklusiba bat da, scoop bat [barre egin du]: badakizu Euskal Herrian barna ibili dela Joseba izeneko tipo bat, dirua lortzeko jendea engainatu duena, euskara erabiliz. Niri antzeko zerbait gertatu zitzaidan, baina japoniar batekin: etorri zitzaidan esanez maletak galdu zituela, faborez dirua uzteko. Utzi nion dirua, noski. Orduan, erdi bukatuta daukadan ipuin horretan hori gertatzen da: hasten dira kontatzen Josebarena eta narratzaileak beti, Twitterren, Facebooken, toki guztietan erraten du: "Niri gauza bera gertatu zitzaidan, baina japoniar batekin". Gero Josebaren biktimek afari handi bat antolatuko dute kiroldegi batean eta narratzailearendako sushia eta sakea-eta jarriko dituzte, baina aldagelan. Halako batean, bakarrik sushia jaten ari dela, asotsa adituko du, bat-batean isiltasuna eta gero aieneak eta intziriak. Eta susmatuko du orgia bat egiten ari direla. Eta bera sushia jaten, bakarrik. Anekdota horrek nire ustez adierazten du zein den nire pertsonaien egoera munduan, eta neurri batean, batzuetan, nik nire burua ere horrela ikusten dut. Ez dira taldekoak, baina aldi berean, antzeko zerbait gertatu zaie. Ez daude taldetik kanpo, baina ezta taldean ere: pixka bat bazterrean daude.

Ipuin hauetan berdin aurkituko ditu irakurleak pop kulturako erreferentziak —komikiak, zientzia-fikzioa— eta goi-kulturakoak. Badago bien arteko oreka edo nahasketa bat.

Zineman B serieko pelikulak gustatzen zaizkit. Horrelako filmetan ikusleari eskatzen zaion konplizitatea. Zuk ikusi behar baduzu slasher generoko film bat edo zonbien pelikula bat, badakizu zein diren arauak. Gero ikusiko duzu ea egileak errespetatu dituen, hautsi dituen, noraino hautsi dituen, zertarako... Maiz, Z serieko pelikula txarretan gustatzen zaidana hori da. Egileak esaten dizu: "Pelikula txar bat ikusi behar duzu, baina gure gustuko pelikula da". Gero ikusleak ez du edozer gauza onartzen, baina konplizitate hori gustatzen zait.

Kodea partekatzea?

Bai, hori da. Eta goi mailako kultura ere, ba bai, gauzak interesatzen zaizkit, plazer estetiko hutsagatik. Liburu batzuekin tonua bera nahiko izaten dut. Orain lagun batzuek Hermann Brochen Virgilioren heriotza irakurriko dugu eta liburu hori nola hasten den, lehenbiziko esaldia, nola ematen dion erritmoa narrazioari, hori ikaragarria iruditzen zait. Baina aldi berean, eta hori lotua dago kultura popularrarekin, aunitz gustatzen zaizkit jostetatik duten testuak. Borges ikaragarri gustatzen zait: maiz josteta intelektuala izaten dira haren lanak. Zuk oreka hitza erabili duzu, baina nik erranen nuke neurrigabekeria edo bulimia dela. Adibidez nire emaztearekin mintzatuko bazina erranen lizuke etxean jada ez garela kabitzen. Eta hor badira gauzak eta gauzak, akaso sekula irakurriko ez ditudanak. Batzuetan liburu-dendan zerbait ikusi eta erraten dut: "Zeinen ongi, hau ez zait interesatzen".

Kultuzko testuak ere agertzen dira, komunitate batentzat fundamentalak izan arren, erdi ahanzturan geratu direnak. Arduratzen zaitu gai horrek?

Fama nahiko injustua izaten da. Batzuek sekulako fama lortzen dute, eta mundu guztiari gustatzen zaio haien obra, haien liburu guztiak. Eta beste batzuek ez dute hainbertzeko arrakastarik lortzen eta geratzen dira pixka bat bazterrean. Testu horiek, erdi-sekretuak edo bazterrekoak, gustatzen zaizkit. Batzuetan, ikusten dudanean halako liburuk ez dakit zenbat ale saldu dituela, pentsatzen dut: "Hainbertze saldu baldin baditu, ez da beharrezkoa nik erostea". Aldiz, lurperatuak dauden perlak gustatzen zaizkit. Berriki, eta barkatu nire burua aipatzea, Euskalerria Irratirako kolaborazio batean Elizabeth Taylor izeneko idazle batez mintzatu nintzen. Ingalaterrako idazle bat dela deskubritu nuen eta pentsatu nuen bizi osoa pasatu behar izan zuela Elizabeth Taylor aktorearen itzalpean. Googlen hari buruzko informazioa bilatzeko jarri behar duzu "Elizabeth Taylor writer", ez da nahikoa izena bakarrik jartzea, bertzenaz aktoreak hartzen du leku guztia. Alegia, giltzaren bat behar duzu harengana iristeko.

Aurkezpenean aipatu zenuen zure bizitzako benetako gertakarietatik abiatu zinela kasu batzuetan. Baina, era berean, nabarmen fikzioaren alde apustu egiten duen liburua da hau, ez da azken urteetan modan dagoen "ni-aren literatura" deiturikoaren eremukoa.

Bai, ipuinetako batean pertsonaietako batek dio dena aspergarriagoa dela literaturarik gabe. Egunerokotasuna kontatzea, bere horretan, ez zait aunitz interesatzen, egunerokotasuna bizi egiten dudalako. Literaturak bertze zerbaiterako balio beharko luke nire ustez. Nik ere hartzen ditut abiapuntu gisa benetan gertatu diren gauzak, eta ongi da; baina gero bertze zerbait egin behar da. Adibidez, niri gustatzen zaidan zineman, beldurrezkoan, batzuetan saiatzen dira pelikulan narrazio interesgarria, ona, erakargarria egin beharrean gai inportanteak lantzen: bullyinga, arrazakeria, klasismoa edo homofobia. Bueno, bai, gai inportanteak dira, baina beharbada gaizki landu dituzte edo beharbada narrazioa aspergarria da, edo ez da interesgarria edo sinesgarria. "Baina hau mugarri bat da, zeren orain artio inork ez du gai hori landu", esaten dute. Uste dut halako obsesio bat dugula gaur egun gaiarekin.

Azken ipuinak arreta deitzen du: bullyinga, haurren krudelkeria... baina gaiaz gain, nola kontatu duzun: atzekoz aurrera.

Esperientzia pertsonal batekin lotura dauka, hortik sortu zen. Bukaera den bezalakoa izatea editoreari zor zaio, ni ikaragarri txarra naiz ipuinak ordenatzen eta hori Leireren [Lopez Ziluaga, Susako editorea] proposamena izan zen. Eta nik uste bete-betean asmatu duela. Atzetik aurrera idatzita dago eta beharbada irakurleren batek pentsatuko du poliki-poliki deskubrituko dela zergatik egiten dioten bullyinga. Baina gero ez dago arrazoirik, batzuetan gauzak horrela gertatzen dira, haurrak krudelak direlako edo batzuk erraz bihurtzen direlako biktima, beste motiborik gabe.

Hain zurea duzun ironia ere maiz agertzen da ipuinotan. "Gai inportanteak" landu behar diren garai hau beharbada ez da aproposena ironia erabiltzeko?

Ez, nik uste dut ezetz, eta gaia zein den, are gutxiago. Baina ez da... bai, nahita egiten dudan zerbait da, baina aldi berean berez ateratzen zaidana. Tonu horretarako joera dut eta horrek, ez ipuinetan jakina, baina nire artikulu batzuetan problemak ekarri dizkit. Bada hitz egiten ez didanik egin ditudan kritikengatik. Batzuetan ironia arriskutsua izan daiteke, ez delako ongi ulertzen edo batzuek literalki ulertzen dutelako. Akaso ez dira garairik hoberenak, baina zer eginen diogu.

Nola ikusten duzu alde horretatik gure panorama kulturala?

Beti daude, garaiaren arabera, gai ukiezinak edo pertsona ukiezinak. Niri gertatu zait biak ukitu ditudala eta horrek gatazka batzuk ekarri dizkit. Bolada batean batzuek uste genuen, eta hala adierazi izan genuen, Kirmen Uribe ukiezina zela. Eta gero bueltaka ibili naiz horrekin eta uste dut oker nengoela —edo geundela—: Uribek kritika batzuk aditu behar izan zituen eta batzuk nahiko gogorrak. Egia da babestua dagoela eta ez ditut ulertzen ETBk egiten dizkion erreportaje horiek: "Hau da New Yorken erabiltzen duen mahaia idazteko", Vascos por el mundo literarioa. Baina ez da ukiezina. Gaur egun, ordea, badira gai batzuk, pertsona batzuk, estatus hori lortu dutenak eta kontuz ibili behar da. Ez zait gustatzen sare sozialei gauza guztien errua botatzea, baina batzuetan sare sozialetan sortzen diren eztabaidek ez dute laguntzen, zeren zuk ekintza jakin bat edo iritzi jakin bat kritikatzen duzu eta zenbaitek berehala ulertzen dute —edo ulertu nahi dute— mugimendu guztiaren kontra zaudela: dela abertzaletasuna, dela feminismoa, dela euskara... dena delakoa. Eta bueno, ni ez nago ados pertsona horrekin puntu horretan eta hori adierazi nahi dut, baina pertsona hori nor den eta gaia zein den, ba, zaila izaten da hori adieraztea. Eta ironia erabiliz gero, akabo.

 

Bilaketa