Solasean
Hamabi urte igaro dira Jose Luis Otamendik (Azpeitia, 1959) Lur bat zure minari argitaratu zuenetik. Adierazpen poetikorako beste modu bat jorratu du orain, “biluziagoa”, Erlojuen mekanika poema liburu argitaratu berrian.
Liburua amaitua zuela, ordenagailuko bilatzailearekin liburuko hitzik erabilienak bilatu eta honako hauek agertu zitzaizkion: jendea, mundua eta ni. Hiru hitz horiek horrelaxe, huts-hutsik eta elkarren segidan, Erlojuen mekanika poema liburuaren “laburpen erradikal” bat izan daitezke, Otamendiren ustez.
Antologiak aparte, seigarren poema liburua duzu Erlojuen mekanika. Hamabi urte dira bosgarrena, Lur bat zure minari, argitaratu zenuenetik. Lehen ere urteak ematen zenituen poema libururik argitaratu gabe, baina oraingoan marka denak hautsi dituzu.
Lur bat zure minari argitaratu ondoren ere esan nuen liburu hark ahalegin handia eskatu zidala eta haren ondoren atseden tarte handi samarra beharko nuela, gauzak nola zetozen ikusteko. Berriro liburu berdina egiteko beldurra izaten dut beti, uste dut poeta guztiok izaten dugula. Gauzak erraz egiteko modu bat eskuratzen duzunean, errazkeria horri aurre egin behar diozu. Ez dut uste haustura erradikalik dagoenik Lur bat zure minari eta Erlojuen mekanika-ren artean , baina, diskurtsoa erabat aldatu gabe bada ere, gutxienez forma aldetik beste irtenbide batzuk bilatzen saiatu naiz. Horri guztiari erantsi behar zaio nire laneko erritmoa berez dela makala.
Nolakoa izan da liburuaren sortze prozesua?
Nire kasuan lehenengo pausoa metaketa izaten da beti: poemak idatzi eta idatzi. Gero hasten naiz begiratzen ea ba ote dagoen zerbait diferentea. Oraingo honetan, neu ere ez naiz zeharo kontziente izan orain dela gutxi arte idatzita neukan horretan halakorik egon zitekeenik. Errezitaldiek eta han-hemenkako poema solteen argitalpenek oihartzuntxo bat jasotzeko aukera ematen dizute, gertuko ingurutik, eta oihartzun horrek esaten zidan ez nintzela lehengo gauza bera esaten ari. Horrek asko animatu nau neure gaurko egia adieraziko zuen lan bat osatzen, beste adieraz-modu batzuekin, beste kolore batzuk indartuz eta nabarmenduz... Eta duela urte eta erdi inguru hasi nintzen horretan. Segurtasun handirik gabe abiatu nintzen, beti bezala, baina ingurukoen oihartzunek adoretu naute, eta baita abiatzeko corpus zabala izateak ere, poema kopuru handia, azkenean liburuan 52 baino geratu ez badira ere.
Erlojuen mekanika. Zergatik izenburu hori?
Denbora jendearen neurrira ekartzeko ahalegina adierazi nahi izan dut izenburu horrekin. Nire egunerokotasuna zertan den esplikatzen saiatu naiz, poesiaren moduaz baliatuta. Eta saiatu naiz adierazten era askotako erlojuek neurtzen dizkigutela egunak: hitzorduak, konpromisoak, ospakizunak, lana, oporrak, poemak... Uste dut mekanika humano bat dagoela horren guztiaren atzean. Bizitzak aldi eta aro bakoitzean denborari modu ezberdin batez begiratzera jartzen gaitu. Batzuetan denbora ehizatu, erlojuetan preso hartu eta otzan-otzan gorde dezakegula sinesten dugu, baina gero, denbora eta erlojua bi gauza direla ohartu orduko joaten zaizkigu lainezak eta txoro-haizeak.
Lau atal ditu liburuak, baina ez diozu izenbururik jarri atal bakoitzari. Atal bakoitzean gai jakin bat nagusitu arren, liburuko gai nagusiak, aldez edo moldez, atal guztietan agertzen dira.
Atalen banaketa baliatu nahi izan dut irakurleari erritmo bat, sekuentzia batzuk eta balizko geltoki batzuk eskaintzeko. Lehen atalean hitza da gako nagusietako bat. Hitza da guri eman zaigun funtsezko ondarea, eta lehen ataleko poemetan zaindu eta gorde beharreko hitzezko errepublika bat eratzeko gogoa eta irritsa agertzen da, grina hori; jendeak elkar ulertzeko eremu libre eta zabala, abiapuntu gisa. Ez dira nireak poema honela amaitzen da: “ahotsak entzuten ditut besteren buruetan”. Bigarren atalean, eguneroko gauzek hartu dute indarra, zati intimoa da, nahiz eta jendea ez dudan bistatik galtzen. Hirugarren atalean, berriz, parodia nagusitzen da, barre egiten diot geure kolkoari, karikatura tankerako poema batzuk eskainiz. Azkenekoan, kezka sozialak eta kezka politikoak agertzen dira, zentzu hertsian hartuta poema politikotzat jo daitezkeenak daude. Dena den, horiek ardatz nagusiak dira, eta atal bakoitzean badira beste ataletako kezka nagusiei erantzuten dieten keinuak.
“Lañotasunaren poeta” zarela dio Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia kaierak bildumako zure antologiaren hitzaurrean, zure poesiaren “sinpletasun izugarri zaila” laudatzen du. Beste adieraz-modu batzuk izan arren, idazteko modu pertsonal horri eutsi diozu funtsean.
Laudoriozko hitzak dira horiek, eta ezin ditut egiaztatu. Esan dezakedan bakarra da sinpletasun horren bila jarraitzen dudala. Forma aldetik, uste dut Lur bat zure minari baino pixka bat biluziagoa dela Erlojuen mekanika. Oro har, nik uste dut aurreko liburuetan bazegoela sinpletasunik irudietan eta kontzeptuetan. Baina liburu honetan, koskatxo bat estutu eta komunikazioan ere sinpletasuna bilatzen ahalegindu naiz, egitura errepikatuekin, erritmoa ahozko esateko erara hurbilaraziz... Ez dut uste estiloan aurreko lanekiko haustura handirik dagoenik, baina bai sintaxian eta bai lexikoan apalago jokatzen saiatu naiz.
Elementu autobiografiko asko agertzen da, egunerokotasunarekin lotuak horietako asko, eta badago autoparodiarako eta autoironiarako joera ere; hirugarren atalean bereziki beharbada, baina liburu osoan oro har.
Beharbada esan daiteke aurreko liburuan goraki hitz egiten nuela, eta liburu honetan bestela jokatu dudala, neure eguneroko kezka txikietatik abiatuta. Probatu nuen goratik hitz egiteko fase hori eta oraingoan nahiago izan dut beste ikuspegi bat eman. Lur bat zure minari-n gerra edo gutxienez gatazka giro orokor bat zegoen, eta giza harremanak eta beste kontu batzuk giro horren barruan agertzen ziren. Erlojuen mekanika-n, aldiz, gerra edo gatazka giroak liburuaren azken laurdena baino ez du hartzen, azken atal horretatik kanpo ere agerpenik baduen arren. Autoparodiaren eta autoironiaren bidez, neure inkongruentziak eta kontraesanak agertzen dira, eta kontraesanen motor hori lagun hartuta ahal dudan moduan aurrera egiten saiatzen naiz.
Euri kontuak liburua aurrekaritzat jo daiteke alde horretatik, egunerokotasun autobiografikoaren eta autoparodiaren agerpenaren aldetik?
Beharbada bai. Dena continuum bat da azken batean. Lur bat zure minari-n ere asko zegoen bizitakotik, baina erreferenteak aditutakoak edo irakurritakoak ziren nagusiki. Erlojuen mekanika-n, edo Erlojuen mekanika-ko poema batzuetan behintzat, neuk pertsonalki eta zuzenean bizitako bizipenak dira abiapuntu. Aipamen batzuetan nabarmena da hori: haginlariari egindako bisitetako gorabeherak, nire familiak erlojugintzarekin dituen loturak... Euri kontuak-en ere baziren horrelakoak, norberaren egunerokotasunaren mundu txikiko kontuen agerpenak, nahiz eta han gatazkak presentzia handia izan.
Zahartzearen, hondamen fisikoaren eta heriotzaren inguruko kezkak ere poema askotan agertzen dira Erlojuen mekanika-n.
Urteetan aurrera egin ahala, gero eta nabarmenago agertzen zaigu gure alderdi organikoa. Lehen sumatu ere ez genuen egiten zerez eginak gauden, baina orain gero eta gehiago, eta seguru hemendik aurrera handitu egingo dela joera hori. Lehen aipatu dudan parodia asmoarekin lotuta dago gai hau. Gauza bat da denboraren kontzientzia hartzea, eta beste bat denbora menpean hartzeko ahaleginaren porrota. Batetik, denbora menperatu eta erlojuetara ekarri nahi dugu, baina, bestetik, erlojuek beren sistema ezartzen dute eta sistema itxi horri ere kontra egin nahi diogu, esanez ez dela hori denbora neurtzeko modurik aproposena. Guk utopia bat edo beste erloju modu batzuk proposatu ditzakegu, baina ez dugu asmatzen. Kinka horretan gaude.
Liburuko poema askotan agertzen da fede edo sinesmen falta, konbentzimendu edo “fiertasun” gabezia bat. Baina hala ere, horren gainetik, ezaxolakeriaren aurkako jarrera garbi eta tinko bat dago, lo geratzeari izua. Tentsio hori nabari da liburu osoan.
Utopiarik gabe ez dago bizitzerik, baina askotan fedea falta zaigu utopiarako jartzen zaizkigun bideekiko. Nik uste dut inkonformismoa nahitaezko jarrera dela poetarentzat, idazlearentzat, edo edonorentzat bizitzaren aurrean. Poesia, eta orokorrean sormena, ezaxolakeriari, kaosari, denboraren diktadurari jartzen diogun hesia da, neurri handi batean. Inmobilismoa azkena da poeta batentzat. Borroka nahitaezkoa da, eta borroka egin beharra dago, nahiz eta oker egon eta nahiz eta askotan horrek maite ez ditugun ondorioak ekarri. Borroka nahitaezkoa da, nahiz eta batzuetan, liburuaren hirugarren atalean batez ere erakusten den bezala, borroka horrek patetiko bihurtzen gaituen, nahiz eta 60 urteko rockeroen itxura hartu.
Honela dio Erloju ote naiz poemaren amaierak: “nire aldia nire sasoia / nire denbora markatu gabe / bizi ezin duen mekanika bat naizela etsita”. Aritmetika ariketak poema, berriz, honela amaitzen da: “kontatzen ahazten bazait / kito / ni ere ez nago”. Ezin isilik etsi beraz.
Geure garaiaren testigantza ematen ez badugu, alferrik ari gara. Gure garaia ezagutu nahi duenak, hemerotekak ez ditu aski izango. Bai sentimenduen eta bai pentsamenduen beste elementu eta ikuspuntu batzuk beharko ditu. Bestela, inoiz ezer izan ez bagina bezala izango da. Uste dut hori dela poetaren konpromisoa, esan egin behar dugula zer garen eta zer sentitzen dugun. Gertaberritzea poemaren amaierak “... poesia federik gabe maite dut”, dio . Ez da erlijio bat, inondik ere ez, baina bai bizitzeko jarrera bat, borroka egin beharra etengabe, inoiz gauzak hobeto etorriko diren ustean.
Zer aldaketa nagusi sumatu edo ikusi dituzu euskal poesian azkeneko urteetan?
Lehendik datozen esateko moduei beste batzuk erantsi zaizkiela iruditzen zait, eta aukera asko zabaldu dela. Duela urte batzuk egon zen halako impasse moduko bat, diskurtso berri gutxi agertu zen garai bat, eta bazirudien belaunaldien arteko katea eteteko zorian egon zitekeela, baina gaur egun ahots gehiago daude, eta oso tonu diferenteetakoak dira, gainera, ahots horiek . Alde horretatik, baikorra izateko arrazoiak daude, nahiz eta jakinekoa den poesia argitaratzea ez dela erraza. Zorionez, uste dut argitaletxeak ere ahalegin handia egiten ari direla poesiaren alde.
Poesia idazteko dituzun erreferente nagusiak aldatu egin dira Lur bat zure minari argitaratu zenuen garaitik, edo lehengo berak izaten jarraitzen dute?
Ez naiz inoiz ere oso irakurle ona izan. Ahal dudana edo eskura iristen zaidana irakurtzen saiatzen naiz, nahiz eta joera batzuk beti izan ditudan bereziki gustukoak. Poesia idazterakoan, nire oinarrizko erreferenteak duela urte batzuetakoak izaten jarraitzen dute: Derek Walcott, Seamus Heaney, Vladimir Maiakovski, Paul Celan, Philip Larkin, Raymond Carver, Juan Gelman, Koldo Izagirre... Beti itzultzen naiz izen jakin batzuetara. Dena den, egia da, bai, azken urteetan modu diskurtsiboagoetara jotzen duten poeten lanak irakurri ditudala.
Liburutik kanpoko bideetan gero eta presentzia handiagoa izaten ari da poesia. Zer aldaketa ekarriko ditu horrek, zure ustez?
Aurrera begira, horrek poesiaren eta poeten zereginaren zabaltze bat ekar dezakeelakoan nago. Gizarteko jardun aktiboekin gero eta lotuagoak ageri dira oro har poetak gaur egun, dela Interneteko guneetan, dela antzerki emanaldietan, dela kantaldi eta errezitaldietan... Jendearengana gerturatzeko gero eta modu gehiago lantzen dira, eta horrek bideak zabaltzen ditu. Aurreneko poema liburua kaleratu nahi duen poetarentzat bidea gero eta zailagoa dela iruditzen zait, eta Internetek beste aukera batzuk zabaltzen ditu alde horretatik, nahiz eta Interneteko argitalpena liburuaren parekoa ez izan. Neurri batean, Interneteko bideek garai batean aldizkariek izan zuten zeregina dute gaur egun poesiaren zabalkundean.
Zure bibliografia errepasatuta, argitaratu dituzun liburu guztiak poema liburuak direla ikusten da, bi izan ezik: Euri kontuak ipuin liburua eta Iñigo Aranbarrirekin elkarlanean idatzitako Loiolarik ez balitz saiakera. Itzuliko zara ipuingintzara edo saiakeragintzara?
Ni Erlojuen mekanika-ren lurrunetan nago oraindik, egia esan, liburu berriaren uharan. Egunen batean lur bazterra joko dugu, eta ea orduan zer etortzen den. Bitartean, ez nago ezer esateko moduan.