Solasean
Juanito Oiarzabal, Eneko Pou eta Alberto Zerainekin batera Ama Dablam 2004 espedizioa burutu berri du Juanrak. Tontorra poltsikoan ekarri duela esan digu. Hirian (Bilbo) bildu arren, mendia gure imajinarioan genuela solastatu gara Madariagarekin. Mendiaz, literaturaz, poesiaz eta Izozmendiak liburuaz aritu gara oharkabe pasatzen den poeta eta mendizale honekin.
Mendira joatea —poesia idaztea legez— ihes egitea ote da?
Niretzat bai. Egunekotasunak ito egiten nau, eta asteburu oro mendira joatea, kirola egitea eta aire freskoa hartzea bizitzea eta aireratzea da niretzat. Horrelako espedizioetara joaten naizenean energiak kargatuta etortzen naiz, bizimodu petral honi aurre egiteko gogoz. Oraintsu Nepal aldetik ibili naiz berriro, dagoen mendirik ederrenetako baten magalean eta gailurrean gozatzen. Hango bizipenek aldatzen dute nire barrua.
Mendiz mendi, paisaiaz paisaia. Har dezagun literatura koadro baten gisara. Nola ikusten duzu euskal literaturak osatzen duen paisaia?
Zabala ikusten dut. Pasaiaren muinoetan eta ordokietan gauza asko kabitzen dira, paisaia honetan ertz eta bazter asko antzeman dezakegu. Euskal literaturaren pasaia ere horrelakoxea da. Irudi berezi asko gordetzen duen paisaia zabala da. Berean begiak kokatzen badituzu, koadrora hurbildu ahala, collage antzeko bat badagoela begitantzen zait. Ahots asko eta esateko modu asko entzuten dut paisaia horretan.
Eta zure burua paisaia horretan?
Nik paisaia bazterretatik ikusteko ohitura izaten dut, ez naiz bidearen erditik ûerakustenû joaten den horietakoa. Paisaia, agian, hobekiago ikusten da erdigunetik begiratuta. Orduan, besteek esan beharko lukete ni non nagoen, ba ote nagoen ere. Nik paisaia zabala ikusten dut eta horretan nire burua, txiki.
Beste paisaia batean ere zure arrastoak utzi dituzu, gaztelaniazko poesia paratu baituzu. Zer dela-eta?
Nire ama hizkuntza gaztelania da. Euskaldun bihurtu nintzen nire familian euskaldun peto-petoak nituelako, baina ez zidaten irakatsi, ahalegin bortitza barrutik sortu zitzaidan. Katea ez zela eten behar pentsatu nuen eta horretan ahalegindu nintzen. Harro sentitzeko moduko lehia izan zen. Euskararekin izan dudan harreman horretatik euskara irakurtzeko grina handia izan dut, pilo bat irakurri dut euskaraz, eta irakurtzeko zaletasunak gaztelaniazko poesia irakurtzera ere eraman nau. Asko irakurri dut bi hizkuntzetan, baina idatzi dudan gaztelaniazko poesia ariketa linguistikoa izan da niretzat, ea hizkuntza horretan nituen kezkak garatzeko gai nintzen argitzeko.
Bilbokoa zara —Gabriel Aresti bezala— euskara nahiz gaztelaniazko poesia paratu duzu dagoeneko. Zer da zuretzat poesia?
Ez dakit poesia mailu bat ote den! Wallace Stevens-ek esaten zuen “sasitzetan sartzen den indioilarra dela poesia”. Poesia gure inguruarekin eta munduarekin, oro har, harreman mota bat gauzatzeko modua dela esango nuke. Ezagutzen ez dudanaren kontra egiteko antidoto gisa hartzen dut nik. Bizitzen ez jakitearen ondorioa izan daiteke poesia. Artista askok desoreka bat du bere baitan. Nik ez dakit desorekatuta nabilen mundu honetan, baina zer edo zerengatik izango da poesia paratzeko dudan grina hau.
Poeta gisara zure ibilbidea aintzat hartzekoa da, alabaina, esango nuke ez zarela poeten “ohorezko” klubean agertzen.
Ez dut inoiz nire burua poeta handien artean ikusi ezta kokatu nahi izan ere. Poeta apala naizelako, agian. Nik egiten ditudan ekarpenak txikiak dira. Honezkero, adindunen artean izaki, poesia ibilbide horretan gazte sentitzen naizen arren, ikasteko gogoarekin segitzen dut. Ez dut uste nahikoa jakinduria dudanik “ohorezko” poeten artean kokatzeko.
Izozmendiak da zure azken liburua. Zer da berau zure ibilbidean?
Orain bi urte, koaderno berri bat hartu eta zerbait sakonagoa egitea erabaki nuen. Honen aurreko koadernoaren bukaeran novo rumo hitzak jarri nituen, beste norabide bat hasi nahi nuela adierazteko-edo. Izozmendiak liburuaren poemak hausnarketa baten ondorio dira. Bizitzan nork bere hautua egiten du eta bere bidea hartu. Hala ere, nahiz eta ibilbide zehatza aukeratu, batzuetan izozmendiak bezala ibiltzen gara munduan. Noraezean, itsas korronteek bultzatuta.
Izozmendien xedeak eta izozmendien noraezak definitzen dute liburua.
Hor nonbait! Gizon-emakumeok zeregin zehatz bat bete behar dugulakoan munduratzen gara. Xede baten bila joaten gara, auskalo zer dela-eta. Gehienetan noraezean gabiltza. Batzuetan alderrai ibiltzen gara, zertarako etorri garen eta zein den gure eginbeharra jakin barik. Guzti honi erantzuteko mila arrazoi aurki dezakegu, baina ez dira nahiko, aurrera segitu beharrean gaude.
Izozmendiak edo icebergak pertsona lakoak gara. Metafora polita.
Bai. Normalean icebergaren punta ikusten dugu, ez dugu urpean dagoen beste aldea edo zatia ikusten. Icebergak sorrarazten duen beldurra ez da azaltzen den aldearengatik, barruan gordeta daukanarengatik baizik. Izozmendiaren metafora oso egokia iruditzen zait ere pertsonentzako: pertsona bat ikusten dugunean ez dakigu zer daukan barruan. Nik neronek ere zer daukadan ez dakit-eta. Adibidez, folio baten aurrean esertzen garenean eta gure barrua hustean harrituta gera gaitezke gure baitan daramagunarekin. Orduan, eguneroko gertakarien aurrean ez dakigu zer-nolako erantzuna eman dezakegun. Erantzun hori deskubritzea da bizitzea, nolabait.
Nola moldatzen zara folio horren aurrean?
Normalean uholdeka idazten dut, folio aurrean sentimenduek bor-bor egiten didate, bihotzean, tripan, buruan, eztarrian edo hortzen artean. Hitz batzuk ez dira hortzen artean geldirik egotekoak. Boligrafoaren puntara pasatzen dira eta hortik foliora. Nolanahi ere, uneari ematen diot garrantzia, espontaneitatea eta naturaltasuna oso garrantzizkoak dira niretzat. Poema ez dut egiten gogoeta sakon baten ondoren, poemen hausnarketak beste plano batean gauzatu ohi ditut.
Erantzunen bila joate horretan, Bitoriano Gandiaga, Roger Wolfe, Roque Dalton, Horacio Quiroga edota Yukio Mishima agertzen dira liburuan edo zure ibilbidean.
Bidelagunak dira eta nire kode partikularrekoak. Horietako batzuk bere buruaz beste eginiko poetak dira. Beste batzuk gaztetatik ezagutu ditudan poetak dira. Poemek poeta horien mezu ezkuturen bat gordetzen dute.
Poemak eguneroko esperientzien ondorioak dira. Norena dira poemak? Zu zara beraietan beti?
Ez zait ni neu poemetan bakarrik agertzea eta biluztea gustatzen. Batzuetan besteen larruetan sartzen naiz, pertsonaia askoren ahotsak entzuten ditut. Hori da literaturak ematen digun ahalbidea. Norberaren inguruan bizi direnen esperientzien islak eta keinuak paratzea arrunta da. Ezinbestekoak dira, zu eta zure ingurua gauza bera izaten dira sarritan.
Zentzu horretan ez dituzu hitzak baztertzen, zuretzat denak dira baliagarriak.
Poesian edozein hitzek balio dezake. Hitzen esanahia baloratu behar dugu. Ditugun altxor bakarrak dira. Hitz guztiek badute bere funtsa. Adibidez, haikuak edota poesia minimalista gustatzen zaizkit hitz batek dena azal dezakeelako. Halaber, hitz kopurua tamainan gustatzen zait. Hitz asko baldin badago poema ez da esanguratsua. Hitz gutxirekin gauza asko eta indarra agertu ahal baduzu poemak balio handiagoa dauka, nire aburuz.
Poesia defentsan eta erasoan idatz daiteke.
Baietz uste dut. Irakurle asko gure poemen aurrean modu defentsiboan jarriko dira seguru, eta beste batzuk erasoan. Poetak ere askotan sentitzen gara erasanak eta defentsiban. Agian, hau dela-eta, erasoan idazteko modua aukeratzen dugu.
Munduan barrena ibili ohi zara. Munduko egoera eta noraeza ere islatzen dituzu zure poesian.
Zorionez edo zoritxarrez, munduaren alde askotan ibilia naiz. Asia aldean nola Ameriketan. Denetarik ikusi dut. Nire begiek ezin dute ikusten dutena ahaztu. Egoera tristeak ikustean bihotza apurtzen zait eta egoera pozgarriekin, ostera, puztu. Hori ere ageri da poesian, jakina.
Hitz gutxiko poesia eta denetaz berba egitea hobesten duzu.
Guztiaren gainean egin behar dugu berba. Askoren ustez, ezin da poesia idatzi lur jota ez bazaude. Alegia, holako egoera sentikor batean nekez idatziko duzu poema alairik. Bizitza honek, tamalez, arrazoi asko ematen dizkigu eroria eta goibel ibiltzeko, triste, eta ez zoriontasunean murgildurik egoteko behintzat.
Zer da zalantza zure ibilbidean edota poesian?
Bizitzan dena da zalantza. Nik pauso bat eman orduko aurrekoa ondo eman dudan zalantza daukat. Ez ote dudan...
Hala ere, ezin bizitzari desertzioa egin.
Eta era berean, badakigu ihes egin behar dugula —Izozmendiak liburua ixten duen poemak esaten duen bezala—, baina ez dakigu nondik ihes egin, zergatik ihes egin, eta batzuetan desertzio bat egiten dugunean ere, desertzio horretan erabat galduta ibiltzen gara, ez dakigu benetako erabaki ona hartu ote dugun.
Suizidioaren gaia ere aipatu duzu, Terminal I eta II poemetan.
Esperientziak sorrarazten dizkizuten sentsazioak eta ondorioak dira poema horiek. Poetok errealitatea islatu behar dugu paperean. Errealitatea krudela da, baina ez dago modu hobeagorik krudeltasun horretaz jabetzeko idaztea baino. Errealitatea krudela eta erabiltzen dituzun hitzak gogorrak izan arren.
Zer ondorio atera duzu azken ibilbide poetiko honen ostean.
Liburua amaitutakoan oso gustura gelditu nintzen, hori ez ezik hustuta ere bai. Liburua plazaratu nuenetik esan dezaket ez dudala ia poema berririk idatzi, ez dudalako horrelako behar handirik izan. Ideiak pasatzen zaizkit, baina boligrafoa hartzeko betarik ez dut. Beharbada, hustuta sentitzen naizelako.
Isiltasuna ere paregabea da.
Bai. Isiltasunean ere, bolada batean behintzat, oso ondo sentitzen naiz. Presiorik gabe bestelako hausnarketak egiten dituzu. Isiltasunak ez du nolabaiteko presio hori sakatzen.