literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Miel Anjel Elustondo
Argia, 2003-02-09
Igor Estankona:
«Idatzitakoa gehiegi aztertzen ez duen idazleetakoa naiz»

Igor Estankonak Durango atarian argitaratu zuen “Tundra”, bigarren poema liburu duena. Oraintxe dela lau urte kaleratu zuen “Anemometroa” bezala, Susa argitaletxearen eskutik nahi izan du plazaratu. Adinez gazte, paperak zipriztintzen ditu eta koadernoak betetzen. Poema sorta heldu denean, berriz, batu egiten du, atondu, eta argitaratu.

Hiruzpalau hilabete dira “Tundra” kalean denetik. Irakurleak liburuari egin dion harrerari buruz hasi gara hizketan, gidoian ez bazegoen ere.

Sentsazio onak ditut. Kalderapekoko errezitala izan nuen lehenengo termometroa. Inguruan dituzun lagunek ez dizute beti egia esaten, uste izaten duzu zer edo zer ezkutatu egiten dizutela, fio izaten zara, eta poztu ere bai gustatu zaielakoan, baina nahiago izaten duzu hurrekoak ez dituzunen harrera ezagutu. Hortaz, Kalderapekon egin nuen emanaldiaren ostean, gustura geratu nintzen. Bestalde, liburua argitaratu eta aste pare batean norbera izan ohi da protagonista, baina euskal literaturaren zurrunbiloan galtzen gara gero. Dena dela, hitz onak jaso ditut, eta horrixe eusten diot.

Andolin Eguzkitzak, Felipe Juaristik, Iñaki Mendizabalek eta bestek egin dizkizute “Tundra”ren iruzkinak. Ontzat eman dute zure lana...

Bai, nork bere aldetik. Andolinena ez dut kritikatzat hartu. “Euskaldunon Egunkaria”n idatzi zuen, horretarako ez zen iritzi zutabe batean, baina eskertzen diot poesiari leiho egitea munduari buruzko gogoeta edo egoera politikoaren gaineko oharrak egiteko tartean. Gutxitan sartu da literatura zutabe horietan. Bestalde, gainezka egin zidan apur bat, “Seiko urrea” izeneko tartean, Igor Estankonaren izena ikusteak...

Aitortu behar dizut Eguzkitzak egin zuen ariketa bera egin nuela nik. Alegia, “Tundra”, definizio bila joan nintzaizun: eskualde polarretako estepa belardia da bere esanahia. Eremu latza etorri zitzaidan gogora. Azalean bertan, halakoxe irudia dugu.

Nik izenburu hotza nahi nuen. Ez nintzen abiatu geografia hotz baten bila, hala ere. Hotza, interpretazio tarte handirik utziko ez zuen izenburua, orri zuri baten sentsazioa eman zezan gura nuen: liburua irekitzeko irrika eragiten duen orri zuria, alegia, dena esaten dizuten titulurik gabe. Zirriborro txiki bat nahi nuen izenburuan, irakurlea galdezka hasteko jakin-minez: “Zer dago honen ostean?”.

Nirekiko, lortu duzu, hein batean bederen. Beraz, esan duzunaren arabera, izenburua, azaleko ilustrazioa barne, eta barruan gorderik dagoen poesia ez datoz eskutik...

Ez, berez ez. Prozesu ezberdin bi izan dira, gainera: poemak alde batetik, eta titulua bestetik. Dena dela, behin titulua aukeratu eta justifikazioa dator, kointzidentzia denak eta abar. Baina bi bide ditut nik. Ohitura dut ene koadernoan, poemak idatziz batera, izan litezkeen tituluen zerrenda egiteko.

Beste titulurik izatekotan, zein?

Amilotza. “Txamilotzea” esaten dugu. Neguan zalaparta handia ateratzen digun txoria dugu. Arrazoia? Izenak dakarzkidan oihartzunak gogoan: amildu, hotza. Tundra, finean.

Liburua irakurtzean ez nizuke atalik bereiziko. Felipe Juaristik, hiru “leiho” aipatu zituen, hiru aparte egin baituzu liburuan.

Editorearen aholkua izan zen. Eta eskertzen diot esana. Jaka beka eskatu nuenean, erreka baten antzera joango ziren poemak nituen gogoan, bata bestearekin kateaturik, A-n hasi eta B-n bukatuko zirenak. Baina hori polita da proiektuan, nahiz eta gero ez bideragarri izan. Horretan, Gorka Arrese editoreak, hiru zedarri ezartzeko aholkua eman zidan; atalik bereizten ez bazuten ere, irakurleari pausalekua emango lioketenak, liburuan bere irakurraldia kokatzen lagunduko lioketenak. Halaxe egin nuen.

Inondik ere, ez zen “Anemometroa (bis)” egiteko garaia.

Ezta pentsatu ere. Ez niokeen neure buruari barkatuko. Areago, irakurleak ere ez zidan barkatuko. “Anemometroa” ez besterik egin nahi nuen. Uste dut irakurleak berak ere, “Anemometroa” kaleratu eta joan den lau urte honetan, nora edo nora aurrera egingo zuela. Orain dela lau urteko ikuspegia baino, egun egiten ari naizen poesia eskaini behar nuen. Eta irakurlea eta biok “Anemometroa”n bezala “Tundra”n berriro batzen bagara ondo, eta batzen ez bagara ere, aurrera.

Poesiaren bidean, beti ere...

Aginduz egindako narrazio batzuk ezik, beti poesia. Eta narrazio horiek berak ere, nahiko poetikoak egin izan ditut. Beharbada, etorriko da beste zer edo zer. Halako batean.

Zein bide egin nahiko zenuke literaturan.

Lehenengo aldiz egin didate galdera. Ibilian nabil. Literatura, meta dut, belar-meta. Hondo-hondotik hasi, eta gora jaso, urteen poderioz. Nik koadernoak betetzen ditut, idatzi eta idatzi, batzuetan inozentekeriak, besteetan lan duinak... eta, noizean behin, liburuan atontzen ditut. Nik ez diot literaturari besterik eskatzen: argitaratzeko aukera. Epe laburragoan bada hobe, baina konformatuko nintzateke lau urtetik behin argitaratuko banu. Liburu asko argitaratuko nuke bizitzan.

Titularra egin didazu: “Konformatzen naiz lau urterik behin argitaratuko banu”.

Horrela esan dut? Ez gero besterik gabe ebaki! Ni konformatzen naiz lau urtetik behin argitaratzen uzten badidate, baina horrek esan nahi du lau urtetik behin lanak atontzeko aukera dudala, urteetan egindako lanaren balantzea egiteko, alegia.

Koadernoak betetzen dituzula diozu. Jaka beka lortu zenuen eta horren babesean lanari lotu zinen alai zu ere.

Bekarako proiektua aurkeztu nuenean, lagina ere erakutsi behar izan nuen. Ez nuen lan handirik hartu behar izan, zeren ordurako hainbat eta hainbat poema nuen idatzirik. Orain, dena dela, lotsa ematen dit lagina ikusteak berak. Hura erakutsi eta esaten dizutenean: “Ez, hori ez da lagina, bihar-etziko liburua baizik”. Bazeneki hori entzun eta zelan beldurtzen zaren! Testuak ontzen, ordenatzen, orrazten, atontzen hasi nintzen, eta horixe kosta zitzaidan batez ere. Materiala banuen, berria ere idatzi nuen, baina “Anemometroa”n ez bezala, poemaren alderdi teknikoa, erritmoa, hizkuntza... hobetzen jardun dut batik bat.

Poetaren bakardadean jardun duzu, ala badituzu laguntzaileak.

Gorka Arresek laguntasun handia eman dit. Alternatibarik onenak eskaintzen dizkizu, esandakoa hobetzeko bidea, alegia. Gainerakoan, hurreko ditudanei ematen diet. Haietaz fio naiz. Muturra okertzen badute, zer edo zer ondo ez dabilen seinale. Eta ez dira ari edukiari buruz, formari buruz baino. Gehienbat. Irakurtzeko erosotasuna falta zaiolako testuari-edo.

“XXI. Mendeko Idazle Berriak” izeneko erakusketan, zuri eskainitako tartean diozu: “Bizipenek eta irakurraldiek gainezka egiten didatenean idazten dut”. Zertan da idazle izatea?

Detaile txikietan gara idazle. Halako esaldi bat entzun, irudi bat piztu edo dena delakoa, eta paperaren bila doana da idazle. Ez, beraz, zera hori buruan gorde eta bihar-etzi, halako batean, zer edo zer egin uste duena. Paperaren bila behar du. Ni, berriz, idatzitakoa gehiegi aztertzen ez duen idazleetakoa naiz. Badira dena utzi eta gelan sartzen direnak. Nik, oraintxe, beste ardura batzuk ditut, baina, hala ere, hori ez da inoiz izan nire idazteko estiloa. Idazterakoan benetan eskertzen dira zipriztindu dituzun orri zatiak. Hori ere bai.

Idazle zaitugu, eta gazte, baina ez zarete bi izenok uztartzearen aldeko: idazle gazte.

Eta beste izen bat ere bada horiekin batera: belaunaldia. Beti ukatu dugu hori guk. Seguruenik, bata bestearen oso ezberdinak ikusten ditugulako geure buruak. Beste belaunaldi batzuk ez bezala, guk ez dugu izan katarsirik, zedarri historiko garrantzitsurik, jendea identifikarazten duen zer halako bat... Idazle gazteen egunak eta antolatu izan ditugu, baina “belaunaldi” asmo barik.

Liburu kritika egiten duzu “Deia” eta “Gara” egunkarietan. Liburu onak irakurtzeko aukerarik bai?

Bi egunkarietan ere, poesiak du lehentasuna nirekiko. Bestalde, poesia zail da sistematizatzen eta 3.500 karakterretan errenditzen. Baina horrixe eskaintzen diot tarterik gehiena, seguru, neu ere poesia idazle naizelako.

Kritikak egiterakoan kontuz ibili behar...

Kontuz ere ez. Nire izaeraren arabera jokatzen dut: ez zait gustatzen gatazkan ibiltzea. Esango dute kritikoak koldarrak garela. Baina ez, ni neu naiz koldarra, kritiko jardun edo ez. Pax vobis egiten dut. Irakurtzen ari naizen liburuan okerrak bilatu arren, edo idazlearekin bat ez etorri arren, ez nabil zaurian ekinean. Azaletik esango dut ez zaidala gustatzen, eta aurrera.

“Tundra” argitara zaharra ez, noiz izango duzu proiektu berriren bat abiarazteko sasoia?

Poesia gosea ez galtzea da kontua. Orriak zipriztintzen, koadernoak betetzen jarraitu nahi dut. Horrela, egun batean iritsiko da ordua paperak hartu eta atontzeko. Lau urte barru-edo...

 

Bilaketa