literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Hitzen uberan, 2011-09-09
[iturburua]
Iņigo Aranbarri:
«Arrotzak aldatu egiten du denon jokabidea»

Ostutako haurren kasua pil-pilean da. Ez zen soilik 36ko gerra garaian eman. Azken datuen arabera, 80ko hamarkada arte iraun duen drama izan da. Gaiak komunikabideetan eztanda egin zuenerako, Iñigo Aranbarrik oso aurreratua zuen Zamaontzia (Susa 2011), inprentarako bidean kasik. Nobela honetako hari nagusi bat da hori, baina ez bakarra. Poeta moduan ezagutu genuen, baina nobelagintzan trebatu da azken urteotan Iñigo Aranbarri. Eta nola, gainera. Zulo bat uretan (Susa 2008) nobelarekin gozatu zutenek gustura irakurriko dute Zamaontzia, abandonuaren aurpegi ezberdinak islatzen dituen nobela.

Patagonia Atlantikoan izan zinen 1999an eta abandonatutako zamaontzi baten berri izan zenuen. Nobelaren hazia ordukoa dela esan zenuen Larrabetzun, Literaturian eskaini zenuen prentsaurrekoan.

Patagonian nengoen, afari batean, eta orduantxe atera zen gaia. Gu afaltzen ari ginen tokitik kilometro batzuetara bazegoela itsasoan sartuta barku bat, abandonatuta zegoena. Ordura arte ez nintzen konturatu horretaz; horrelako egoerarik eman zitekeenik.

Vietnamdarrak ziren marinelak. 4 urte egin zituzten han, jendeak emandakoarekin.

Gerora hemen ezagutu ditut antzeko egoerak bai Bilbon eta baita Pasaian ere. Eta pentsatzen dut Bokalen ere gertatuko direla. Hau da, badagoela jendea hilabeteak edo urteak egin ditzakeena enpresak eta burokraziak abandonatuta.

Nire inguruan gertatzen dena ahalegintzen naiz jasotzen. Askotan ez zara konturatzen hori material literarioa izan daitekeen ala ez, horretaz geroago konturatzen zara.

Beraz, duela hamar urtekoak al dira Zamaontzia nobelako lehen ideiak?

Nobelarako gero baliatu dut. Garai hartan, apuntea jaso nuen. 2005ean itzuli nintzen berriro etxe horretara. Galdetu egin nien ea orduko barkuarekin zer gertatu ote zen, "bai, hemen lau urte egin zituzten" erantzun zidaten. Lau urte, pentsa zer den lau urte barku batean sartuta egotea.

Jendeak emandakotik bizi ziren. Garai hartan, krisi ekonomiko larria bizi zuten Argentinan, eta hala ere jendeak eman egiten zien.

Tira, ibili nintzen esperientzia hura jasotzen, esperientzia horren inguruko informazioa biltzen. Barku vietnamdar bat zen hura, baina alboko herrian beste barku errumaniar batzuk egon ziren, halaxe, beste bi hiru urtez. Hemen ere gertatu izan dira antzeko kasuak, ez hain luzeak, baina eman dira horrelakoak.

Kanpotik etortzen direnekiko zer nolako joerak ditugun azaltzeko baliatu duzu marinelen inguruko hari hori.

Bai, inportantea da oso ondo funtzionatzen dutelako literaturaren ikuspegitik. Marinel horiek ez dira atzerritarrak, nahiago dut arrotzaren figura erabili. Bada gizarte bat funtzionatzen duena eta halako batean arrotzaren figura sartzen da bertan. Eta arrotz horrek mudatu edo aldatu egiten du denon jokabidea. Hori interesatzen zait.

Askotan erabili da gai hori, Jose Julian Bakedanok erabili zuen Oraingoz izen gabe pelikulan (1986), beste era batera. Sarkinaren edo arrotzaren figura hori literaturan ere oso inportantea izan da.

Alde batetik, funtzionatzen du gure barneko erradiografia egiteko -maila indibidualean zein gizarte mailan-, baina era berean gugan ere zerbait aktibatzen du eta askotan gauza okerrak aktibatzen ditu. Erakusten du benetan nola jokatzen dugun horrelako egoera baten aurrean. Eta hori niri asko interesatzen zitzaidan.

Hau nobelaren beste hari batekin lotu daiteke, aitonaren figurarekin. Ostutako haurra izandako gizonaren istorioarekin.

Nobelan jaso dena, azken batean, Dario Lafuenteren istorioa da. Nik gizon hau orain dela urte batzuk ezagutu nuen. Bere trauma oso gertutik bizi izan nuen. Berak bazekien ez zela etxe horretan jaioa eta bere garaian erotu egin zen gizajoa. Ezagutu nahi zuen bere benetako jatorria zein zen, baina ez zioten aurrerabiderik eman (ez elizak, ez pertsona ezagunek) eta gainera esan zioten "ez duzu inoiz jakingo, ez ahalegindu".

Gizon honi bizi osoa lapurtu zioten, ukatu zitzaiolako nor zen jakitea. Hor azpian zer dago? Gerra ostean eta orain gutxi arte hemen ezagutu dugun bizitzeko era baten adibide da: familiaren izen ona mantentzea, azken batean, larderia, azken batean botere harremana. Barkuko jende horrekiko dagoen bezala. Botere harremanei buruzko liburu bat da.

Errealitatean bezala, kontakizunean ere haurra fraide baten semea da eta fraide horren familiak ostu egin zuen, familiaren izen ona mantendu arren. Oso berandu jakinarazi zioten haur lapurtua izan zela. Eta esan eta handik gutxira zendu zen. Liburuko ardatz nagusietako bat da.

Boterearen larderia ez dela soilik burokrazia mailan ematen.

Hori da, botere harreman hori sartzen zaigu etxeraino, horri buruz hitz egin nahi nuen eta hori zen nire kezka, erradiografia hori egin nahi nuen. Oso erraza da boterea kritikatzea, baina botere hori maila batean geugan dagoenean... Hori nahi nuen azaleratu.

Nobelan, Mateo Vallejori bere benetako familia aurkezten diotenean, izugarria da pasartea: anaitasuna eta abizena aldarrikatuz, urteetako isiltasunari eta dramari arin nahi zaio izkin egin. Urte horietan guztietan, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Gure gizartean askotan gertatzen da. Momentuko pozarekin estali nahi dugula aurreko kaka guztia. Nik benetan sinesten dut jendeak nahi duela zoriontsu izan momentu horietan eta ez dut dudarik egiten.

Hori gurean ere gertatzen da, eta maila askotan gainera. Pozezko une sinboliko batean nola estaltzen den benetako drama bat. Eta hori benetan gertatu zen, ni egon nintzen bazkari horretan (nobelan ere irudikatzen den unea) eta hori gertatu zen eta gertatzen da beste maila askotan. Azken batean, ez duzu esango gezurretan ari direnik, denek pozik sentitzen dutelako elkartze hori. Baina era berean, egia da aurretik egon den guztia ere benetakoa izan dela.

Abandonuaren inguruko bi gai horiek (marinelak, ostutako haurra) harilkatzen dira beste abandonu mota batekin, nobelako narratzaile den Nereak pairatzen duenarekin. Politikari profesionala da Nerearen aita, lanari emana. Nobelako pertsonaia planoena izango da. Ez du inolako bilakaerarik Nerearen aitak.

Funtzio hori betetzen du, bai. Nereak aurrean behar du sparring moduko bat. Berak badaki ez diola erantzungo eta bakarrizketa moduko bat egituratzen du, "orain eman egingo dizut". Aitortzen du ematen dion bakoitzean igual ez duela arrazoirik, eta inportantea iruditzen zait.

Iraganaren, gertatuaren irakurketa pertsonala egiten dugu eta hori da geratzen dena gure memorian. Momentu batean esaten du Nereak, "aita, akaso pasatzen ariko naiz, baina nik orduan hala bizi nuen eta orain ere hala bizi dut". Nik uste dut hor dagoela beti ere denboraren eragina, horregatik barkatzen dugu eta horregatik egiten zaizkigu gauzak arinago urteak pasa ondoren.

Aitaren figura oso figura pasiboa da, bai. Nik pentsatzen nuen aita askoz ere gaiztoagoa atera zela eta jendeak esaten zidan ezetz, ez dela hain tipo gaiztoa, "tipo utzia da eta horrelako jende asko dago, bere bizitza profesionala lehenesten du. Karrera profesionalarengatik edo politikoarengatik familia erortzen utzi duena".

Beste batek esan zidan aita gizajo bat dela, eta nik uste nuen gaiztoa zela, "gaiztoa ez, gizajoa da eta horrelako asko dago", adierazi zidan lagun honek, eta harrituta geratu nintzen.

Tira, hor dago gakoa, hori da jokoa.

Aurretik argitaratu zenuen nobelan, Zulo bat uretan izenekoan, kazetari bat da narratzaile nagusia. Kazetariaren figura erabili zenuen kontakizuna gorpuzteko. Honakoan ere, pertsonaia batek egiten ditu narratzaile lanak. Alabak aitari idatziz egiten dion kontakizuna da, azken batean, Zamaontzia.

Bakarrizketa bat da, nik uste. Aitona edo aitite Mateo hil zen momentutik, Nereak gauza batzuk birplanteatzeko gogoa du. Aitite Mateo hil dela aprobetxatuz, bere historiaren parte bati itxiera eman nahi dio.

Horretarako ditu koadernoak, eta koaderno horiek laguntzen diote, neurri batean, kontakizuna garatzen. Bidaiak egiten ditugunean, argazkiak edo apunteak edo tiketak gordetzen ditugu. Eta apunte edo tiket edo ohar horiek nahikoa dira jatetxe bat gogora ekartzeko adibidez. "Eta jatetxe horretan honekin egon ginen eta elkarrizketa hau izan genuen". Memoriaren entzima moduan funtzionatzen dute, aktibatzeko zerbait.

Elementu horien bitartez berregiten du iragana, baina berregiten du iragana aitari esan nahi diolako, "kito aita, ez ahalegindu ni orain berreskuratzen, ze ni galdu ninduzun. Eta orain nik nire bizimodua daukat Sararen ondoan eta utz nazazu bakean, ez dut ezer jakin nahi zurekin, zure aukera galdu zenuen garai hartan".

Epaiketa egina dauka Nereak (protagonista narratzaileak) baina nahi duena da bakarrizketa baten bitartez kontatu. Familian gertatu zen guztia galdu egin zuen aitak, lanari emana, eta ez zen enteratu ezertaz.

Pelikuletan bezala, nobela honetan ere plano aldaketak daude.

Ez dakit hain zinematografikoa denik. Nik uste literarioa dela baliabide hori, gero zineak literaturari hartu ziona eta gaur berriro ere zinearen bitartez datorkiona. Nik maite izan dudan literaturan asko agertzen den teknika da, ahotsak aldatzea eta abar. Zineari oso lotua dago, baina uste dut berez literarioa dela.

Niri asko interesatzen zaidan kontua da. Nik behintzat hala hartzen dut. Errealitatea eta literatura ulertzeko ere bai. Ez dut diskurtso jarraitu bat bezala ulertzen, etenak daude, kamara aldatu egiten da tokiz eta hori islatu nahi izan dut nobelan.

Ez da xehetasunetan sakontzen baina era berean iradokizun asko dago.

Xehetasunetan sartzea ez zait gustatzen. Gustatuko litzaidake baina ez dakit egiten. Autore batzuen obra, hain juxtu, horretan oinarritzen da. Jean Etxenoz idazlea, esate baterako. Orain trilogia bat atera du. Lehenengoa Ravelen inguruan osatu zuen, bigarrena Zatopek-ekin eta hirugarrena frantsesez argitaratu da baina oraindik ez da euskaraz atera. Badago detaileak kontatzeko maisutasun bat. Askotan ez da gauza askorik gertatzen baina detaileak kontatzen ditu. Etxenozek zoom bat erabiltzen du gauzarik txikiena kontatzeko. Nik berriz ez dut horrela bizi literatura.

Akziozko nobelak ere ez zaizkit gehiegi gustatzen. Beste modu batean planteatzen dut dena. Askotan zerikusia du egoeraren deskripzioarekin baino, iradokizuna erabiltzearekin. Sugestioa erabiltzerakoan, kontuan hartzen duzu badagoela kolektibo bat non iradokizun horrek funtzionatzen duen. Badagoela jende multzo bat esperientzia oso antzekoak izan dituena. Kasu horretan, sugestioak funtzionatu dezake. Arrisku horiek hartu nahi izan ditut behin baino gehiagotan.

Literatura sozializatzeko ahalegin handi bat sumatu dugu azken urteotan. Zuk zeuk ere irakurle klub bat zuzendu duzu Donostian, ezta?

Donostiako irakurle txokoa eraman dut, bai. Larrabetzuko Literatura Eskolan egon naiz eta egoten naiz oraindik, banago Eako Poesia Egunetan ere... Idazle bezala ere joan naiz irakurle txokoetara. Gaur egun inoiz baino gehiago hitz egiten da literaturaz eta maila handiko eztabaidak ere badira.

Horizontalagoa al da orain irakurlea eta idazlearen arteko harremana?

Bai, eta irakurlea zein den ezagutzeko ideia bat ematen dio idazleari. Irakurlea heldua, emakumea eta asko irakurria da. Euskal irakurlearen profila, zabar esango dut beharbada, baina hori da. Ez daukat datu zientifikorik baina sentitzen dudan zerbait da.

Era berean, oso zorrotzak dira eta asko laguntzen dute obra bera hobeto ulertzen.

Akaso, inoiz baino gehiago hitz egiten da literaturaz.

Askotan krisiaz hitz egiten da, edota literaturaren krisiaz. Baina euskal literaturan inoiz baino idazle gehiago dago, inoiz baino produktu diferenteagoak egiten dira, era askotakoak idazten dira, estilo diferenteetan...

Badaude institutuetan sartuko diren liburuak, badira 200 lagunengana iritsiko direnak, badira gauza estilistikoki zoragarriak... Oso eremu zabala dugula.

Krisiaz ari garenean, beste gauza bati buruz ari garela hizketan uste dut. Ari gara ia nahikoa kontsumoa dagoen, liburuaren inguruan dagoen enpresa mantentzeko. Baina hori beste gauza bat da.

Eta literatura ez dut uste krisian dagoenik. Inoiz baino autore interesgarriagoak daude. Zaharrek jarraitzen dute publikatzen, gazte pilo bat dago, produktu oso diferenteak egiten dira. Irakurtzen da, eztabaidatzen da. Sozializatzeko ahalegin ikaragarria dago. Nik uste dut oso interesgarri dagoela panorama.

Eako Poesia Egunetan Giza materialak irla izateko izeneko liburuxka (Herrijeri Emon Arnasa Kultur Elkartea, 2011) aurkeztu zenuen. Anari kantariarekin batera 2010ean eskaini zenuen ikuskizunean oinarritua. Anariren diskoaren segida al da liburu hau?

Nik uste dut bere diskoan, bere letren atzean badagoela mundu bat. Nahi nuen mundu horretako klabe batzuk eman. Nire poema batzuekin osatu nuen testua eta berak batez ere abestu egin zuen, bere kantuak abestu egin zituen. Irlatasun kontzeptu horren inguruan horrelako gogoeta bat egitea, hori zen xedea.

Zamaontzia liburura itzuliz, zein aurreikuspen dituzu? Zerbait espero duzu?

Ez. Liburuari bere bidea egiten utzi behar zaio.

Baina Zulo bat uretan zure aurreko nobelak oihartzuna izan zuen. Salmenta aldetik ere ondo ibili omen zen.

Bai, harritzekoa izan zen. Baina tira, asko mugitu nintzen, irakurle txokoak eta beste.

Akaso horregatik, grina gehiagorekin heldu zenion nobela berri honi?

Batak ez du bestea ekartzen. Idazle baten baitan, ez dut uste mekanismoa hori denik. Barruak zer agintzen dizun.

Eta zer agintzen dizu barruak?

Oraindik hau oso fresko dago.

Oraindik bizi-bizi daude Zamaontzia nobelako protagonistak zure baitan.

Bai, dudarik gabe. Ideiaren bat edo beste badut, nobela labur baterako asmoa akaso, poemekin ere segi nahi dut... Baina presarik gabe.

Bazabiltza orduan.

Errota beti dabil bueltaka. Baina ez dago presarik.

 

Bilaketa