literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Beterriko Liburua, 2008
Eider Rodriguez:
«Ez galdetu zergatik idazten dudan, nik ere ez baitakit»

Oreretan jaio zen 1977an. Hendaian bizi da egun. Publizitatea ikasi zuen eta editore lanetan aritua da. Bere azken liburua argitaratu du 2007an, Haragia, eta orain, liburu hori bera gaztelerara itzultzen ari da. Ba omen du beste istorio bat buruan, baina momentuz nahiago du beretzat gorde, badaezpada, bidean ezer gal ez dezan.

Errukirik gabe idatzitako hamabi ipuin mikatz eta garratz dakartza, Haragia, azken narrazio liburuan. Umore beltz ukituarekin, gizabanakoen ahuleziak agerian utzi ditu.

Berria egunkariko elkarrizketa batean diozu oso argi duzula ez duzula horrelako ipuinik gehiago idatziko, hustu egin zarela, agortu egin zaizula tonu hori. Beraz, bota al duzu zentzu horretan botatzeko zenuen guztia?

Egia esan, elkarrizketetan zernahi esaten dugu. Iruditzen zait hurrengo aldian idazten jartzen naizenean tonua ez dela bera izango baina, nik uste dut berriz jarri arte ere ezin dela esan. Guztiz gainetik kentzea oso zaila iruditzen zait, baina pentsatzen dut tonua pixka bat samurtuko dudala.

Berez atera al zaizu tonu hori?

Bai. Egia da pixka bat bilatu ere egiten duzula, testu osoari koherentzia emateko baina, ez da behartutako zerbait izan.

Baliteke zure hurrengo lanean beste erregistro bat erakustea?

Bai, nahiko nuke behintzat, hala izatea. Uste dut hurrengoan erruki pixka bat gehiagorekin idatziko dudala. Bai, azken lan honekin jada goia jo dudala iruditu zait, erruki gabekoa ezin naiz izan.

Gizabanakoon ahuleziak landu dituzu etengabe lan honetan. Hain ahulak al gara?

Bai, oso ahulak garela uste dut nik, batez ere mozorroa kentzen dugunean. Ahulezia hori, ordea, askotan estali egiten dugu izateko modu politikoki zuzenarekin, irribarre zuriarekin, makilaiarekin, kirola eginez edo dena delakoarekin, baina nik uste dut benetan, eta hori ona da, oso ahulak garela, oso hauskorrak. Era berean, baita oso indartsuak ere, uste duguna baino askoz gehiago.

Pertsonaia horiek estropezu egiten dute euren eguneroko bizitzetan: bulimia duen gizarte maila altuko emakume bat, lanean mobbing-a jasaten duen neska bat, bizitza pertsonalean arazoak dituen abokatu bat... Beste elkarrizketa batean zuk diozu gaur egun debekatuta dagoela erortzea. Bizi al liteke pertsona erori gabe?

Bizi, bizi liteke, baina nik ez dakit hori zer bizimodu klase den, erortzen ez denak jakingo du. Nik uste dut askoz hobea dela erori eta altxatzen jakitea edo erori eta gehiago ez altxatzea, beti soka zuzen, egoki eta seguru baten gainean ibili eta sokaren bi aldeetan zer dagoen ez ikustea baino. Nire ustez, hobe da erortzea eta erori egin garela onartu ondoren, altxa egin behar dugula pentsatzea. Baina badiotsut, badaude erotzen ez diren pertsonak. Agian gero, bizitzan aurrera egin ahala erori egingo dira, baina nik ezagutzen ditut oraindik erori ez diren pertsonak. Horrek ez du esan nahi eroriko ez direnik, baina badaude ahalegin handia eginez eta euren ahuleziak agerian utzi gabe, erortzen ez direnak. Nik uste dut bizi daitekeela erori gabe, ez dut uste gomendagarria denik, baina bizi, bizi daiteke. Nik ez ditut pertsonaia horiek aukeratu, erortzen direnak baizik. Jendeak esan dit nire liburuko pertsonaiak oso muturrekoak direla, baina niri ez zait iruditzen, are gehiago, uste dut horrelako pertsonaiez inguratuta gaudela. Kontua da jendeari ez zaiola gustatzen esatea anorexia daukala edo arazoren bat daukala bikotearekin edo dena delakoarekin. Jendeari ez zaio gustatzen berak ere arazoak dituela onartzea, oro har, arazoak estali eta aurrera egiten du.

Zergatik oinarritu zara ahulezia horietan? Ez al zitzaizukeen atseginagoa gertatuko pertsonen alde alaiagoei buruz idaztea?

Nik oso ondo pasatu dut liburu hau idazten. Kazetariren batek esan dit liburua iluna dela, baina nik barre egin dut liburuarekin, zentzu horretan gozatu egin dut. Nik ez dut gozatzen idazterakoan, baina ahal izan dudan neurrian, liburu honekin gozatu egin dut. Pertsonaia bati aurrez aurre, mozorrorik gabe begiratu eta pertsonaia horrek mozorroa kendutakoan zer egin dezakeen edo nora irits daitekeen pentsatzea dibertigarria da eta, era berean, interesgarria. Niretzat, zerbait atseginagoa idaztea gehiegi behartzea litzateke, liburu hau idatzi nuen garaian behintzat bai, orain ez dakit.

Idazten ez duzula gozatzen esan duzu...

Ez dut uste inork gozatzen duenik. Nik uste dut jendeak normalean ez duela gozatzen idazterakoan, nik behintzat, gozatu, ez dut gozatzen, eta ez galdetu zergatik idazten dudan, nik ere ez baitakit. Idazten oso jende gutxik gozatzen duela iruditzen zait. Jendeak, askotan, egindako esaldiak erabiltzen ditu zergatik idazten duen azaltzeko: kanporatzeko idazten duela, bere barnea husteko, gizartea hobeto ulertzeko..., nik ez dut uste horregatik denik. Beste inpultso bat dela esango nuke, beste edertasun klase baten bila joateko beharra, arrazoi mistikoagoa, nahiz eta guri gustatu ez. Baina ez zait iruditzen barnea husteko denik, horretarako modu asko daude, idaztea baino askoz ere atseginagoak direnak.

Hainbat kritiko eta hedabidek mikatzak eta garratzak bezala deskribatu dituzte zure kontakizunak; zu berriz, idazle zorrotza omen zara. Ados al zaude horrekin guztiarekin?

Niretzat harrigarria izan da jendeak “gogorra liburua, ezta?”, esatea. Gogorra? Umorea badu, ezta? Agian umore beltza izango da baina, umore pixka bat badauka. Bakoitzak bere modura ulertzen du. Mikatzak eta garratzak? Ez dakit, nik badakit erruki gutxirekin idatzi ditudala narrazioak, horrekin ados nago, zorrotza izatea hori baldin bada, ados nago. Eta bai, mikatzak eta garratzak ere izan daitezke, egoera batzuk halakoxeak dira. Beraz, bai, onartu dezaket kritika hori, sinatuko nuke.

Bere buruaz beste egiten laguntzen duen agentzia bat ere aurki dezakegu zure ipuinen artean. Inoiz horrelakorik ezagutuko ote du gizarte honek?

Ez dakit, ni oso iragarle txarra naiz, ez dut inoiz asmatzen zer eguraldi egingo duen ezta haurdun dagoen emakume batek neska ala mutila izango duen. Baina zertara iritsi garen ikusita, ez litzateke oso harritzekoa izango eta ez zait gaizki iruditzen. Uste dut jende asko hilda hobeto legokeela bizirik baino, eta hori modu errazagoan egiteko aukera baldin badauka, zergatik ez? Gauza okerragoak egiten ditugu.

‘Haragia’ jarri diozu izenburu liburuari, bertan aurki daitezkeen ipuinetako bati bezala. Zergatik ‘Haragia’ eta ez, esaterako, ‘Salgai’ edo ‘Tekla bat’?

‘Haragia’ hitza askotan errepikatzen da liburu osoan zehar. Gainera, uste dut liburua oso haragizkoa dela, asko fijatzen dela gihar, izerdi, malko, odol..., eta antzerako ezaugarrietan. Bestetik, lehenengo ipuina ‘Haragia’ deritzon hori izatea nahi nuen, baina ez diot ‘Haragia’ izena jarri ipuin horrek sinboliza dezakeelako osotasunaren mamia edo antzeko arrazoiren batengatik, ez da horregatik izan. ‘Haragia’ hitzaren sonoritatea asko gustatzen zait, oso hitz samurra da baina, era berean, ordezkatzen duen kontzeptua ez da batere samurra. Kontraste hori gustatzen zait, eta nik uste dut funtzionatzen duela izenburu bezala.

Zuk esan bezala, kontakizunetan ‘haragia’ hitza behin baino gehiagotan aurki dezakegu: haragi gosea, haragizko muxu bat, sagarraren azken haragi zatia, aurpegi haragia, aho barruko haragi hezea... Berez atera zaizun zerbait izan da ala aurrez pentsatua?

Berez atera zait. Aurreko liburua itzultzen aritu naiz, eta konturatu naiz han ere dezentetan aipatu dudala ‘haragia’ hitza. Honetan ere ez da batere behartua izan. Liburuan gai batzuk errepikatzen dira, dela heriotza, dela maitasuna, sexua, oinazea... Iruditzen zait horiek haragiaren dimentsio ezberdinak direla, eta beraz, ondo ordezkatzen dutela hori.

2004an argitaratu zenuen zure lehen liburua, Eta handik gutxira gaur. Ipuinen formatua aukeratu zenuen orduko hartan ere. Gustuko generoa izango duzu, noski.

Bai. Asko gustatzen zait irakurtzerako garaian zein idazterakoan. Nobelak ere erakartzen nau, poesiak batere ez, eta saiakerak apurtxo bat. Beraz, nik uste dut hurrengo liburua nobela edo berriz ere ipuin sorta izango dela, poesia behintzat ez, hori argi eta garbi daukat. Irakurtzeko gustatzen zaidan arren, neure burua ez dut ikusten horrelakorik idazten.

Eta, zer du, bada, ipuinak hainbeste erakartzeko?

Produktu kultural bat kontsumitzen dudanean, oso maniatikoa naiz ekonomiarekin, hau da, pelikula batean juxtu ikusi behar dudana ikustea gustatzen zait, soberan dagoen guztia kenduta. Ipuin batek horretarako joko handia ematen du. Iruditzen zait nobeletan betelan handia dagoela. Ipuinetan ere badago, baina ipuina egokiagoa iruditzen zait betelan hori ez egiteko. Horrez gain, uste dut nobela batek, ondo funtziona dezan, oso andamiaje konplexua eskatzen duela, eta nik ez dut, orain arte behintzat, nire burua horretarako prestatuta ikusi. Orain ere ez dakit ikusten dudan, baina probatzeko gogo gehiago daukat. Gainera, iruditzen zait ipuin batean edozein istorio sartzen dela, uste dut nobela asko, askoz ipuin hobeak liratekeela nobelak baino. Ni nahiko lehorra naiz idazten, eta beraz, ondo datorkit ipuinen generoa. Ipuin baten eta nobela baten erritmoa oso ezberdinak dira. Guk ere geure barne erritmoa daukagu idazteko, eta nirea, oraingoz behintzat, ipuinarena dela uste dut.

Iaz, liburu hura bera gaztelerara itzuli zenuen, Y poco después ahora. Zer moduzko esperientzia?

Oso samurra egin zait. Azken finean, kontuak nire buruari bakarrik eskatu behar nizkion, eta leialtasuna ere nire buruari bakarrik zor nion. Alde horretatik polita izan da. Horrez gain, testu orijinala nirea izanda, gaztelerara itzultzeak, gauza batzuk fintzeko aukera eman dit, testu orijinalari literalki lotu gabe. Uste dut itzulpena nahiko ongi gelditu dela, batez ere horregatik, azken finean, nire beste bertsio bat delako beste hizkuntza batean, ez da itzulpen hipermegaliteral bat. Orijinala beste idazle batena izan balitz, ezingo nukeen itzuli dudan moduan itzuli. Orain Haragia ere itzultzen ari naiz, eta aurrekoan eskarmentu pixka bat hartu nuenez, errazagoa egiten ari zait, askotan bakarrik doa.

Idaztea ala itzultzea?

Idaztea, dudarik gabe. Oso erraza egiten zait nik idatzitakoa itzultzea, baina ez dit batere plazerik ematen. Beste baten lana euskarara itzuliko banu, erronka horrek gehiago berotuko ninduke. Nirea itzultzea oso erraza da, gustura egiten dut, baina, nolabait esateko, ez nau ‘jartzen’. Idaztea askoz ere gehiago gustatzen zait.

Publizitatea ikasi zenuen. Lehen begiratuan behintzat ez dirudi idazteko grina ikasketek sortu zizutenik.

Ez, nik uste dut irakurzaletasunetik datorkidala batez ere. Betidanik oso irakur zalea izan naiz, eta egun batean, ni ere erori, eta idazten hasi nintzen. Hori bai, esan behar dut, idazten hasi naizenetik ez dudala modu berean irakurtzen, eta faltan sumatzen dudala aurreko irakurtzeko modu hura, birjintasun hura, gozatzeko beste modu bat zen. Lehen, liburua gustatzen bazitzaidan gozatu egiten nuen, eta gustatzen ez bazitzaidan bota, eta kito. Orain, pixka bat ofizio bilakatu da, arkatza eskuan dudala irakurtzen dut... Plazer hutsaren alderdi hori galdu egin du. Noski hartzen dudala plazera irakurtzerakoan, baina lehen askoz ere gehiago, lehengoa plazer aratzagoa zen.

Zer moduzko osasuna du euskal literaturgintzak?

Oso idazle onak ditugula esango nuke, gutxiengo bat direla, noski, eta hala behar duela gainera. Eta etorriko direla gehiago. Bestetik, gero eta gehiago itzultzen da euskarara, eta horrek poza ematen dit, gero eta aukera gehiago baitago atzerriko literatura euskaraz irakurtzeko, asko gustatzen zait hori.

Jendeak liburutegietatik oso liburu gutxi hartzen ditu euskaraz. “Oso gutxi daude”, irakurleen erantzuna. “Gutxi daude jendeak ez dituelako hartzen, horregatik ez ditugu ekartzen”, liburuzainarena. Oiloa ala arrautza lehenago?

Bietatik pixka bat dagoela esango nuke. Ni irakurtzen hasi nintzenean, ordurako Elkarrek sekulako lana egina zuen Salinger, Orwell eta beste hainbat idazleren lanak itzultzen. Zorte handia izan nuen, Elkarren itzul-bilduma osoa baineukan, eta oso ohituta nengoen euskaraz irakurtzen. Horrez gain, ikastolan euskarazko klaseak ematen zizkigun irakaslearekin ere zortea izan genuen, eta liburu onak irakurri genituen euskaraz. Baina tokatzen bazaizkizu urtean bi liburu txar euskaraz, eta hurrengoan ere beste bi liburu txar, hortik aurrera ez dago zereginik, ez duzu euskaraz irakurriko. Horregatik diot nik zortea izan nuela. Niretzat euskaraz irakurtzea ez zen euskaraz idatzitako obrak irakurtzea bakarrik, itzulpenak ere irakurtzen nituen, eta hauek oso aberasgarriak izan ziren gero irakurtzen jarraitzeko garaian. Eta jendeari zer gertatzen zaion? Bada, egia esan, ez dakit. Nik jende asko ezagutzen dut Berria irakurtzeko gai ez dena. Nahiz eta euskalduna izan, jendea orokorrean ez dago ohituta euskarazko prentsa irakurtzera, ideien mundua, albisteen mundua, mundu garrantzitsu hori ez dagoelako euskaraz. Eta ezagutzen dut euskaraz irakurtzen ikasi duen jendea Berria irakurtzen hasteari esker. Baina oraindik jende asko dago, nahiz eta euskaldun petoa izan, Berria irakurtzen hasi eta ez duena ulertzen. Oso gai konplexua da, niretzat behintzat eta konponbide zaila duena.

Labetik atera berria duzu zure azken lana. Orain atsedena, ala zure irudimenak ez du atsedenik hartzen?

Badut istorio bat buruan eta apiril aldera hasi nahiko nuke idazten, nahiz eta oraindik, zein forma izango duen ez jakin. Kontu hauetarako superstizioso samarra naiz eta ez zait batere gustatzen nire proiektuak kontatzea, iruditzen baitzait indarra galtzen dutela bidean. Baina bai, badut zerbait idazteko. Ez dakit egingo dudan ala ez, baina saiatu, saiatuko naiz.

 

Bilaketa