literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Juan Luis Zabala
Berria, 2011-07-26
[iturburua]
Iņigo Aranbarri:
«Ez dut uste literaturaren helburua justizia banatzea denik»

Hirugarren nobela kaleratu du aurten Iñigo Aranbarrik. 'Zamaontzia', neurri batean, “gure jendartearen erradiografia bat” dela dio. Abandonuaren hainbat aurpegi erakusten ditu, eta baita diskurtso politiko zuzenen azpian gordetzen den xenofobia ere.

Poeta gisa agertu zen euskal letren plazara, duela 25 urte, Iñigo Aranbarri, baina orain, poesia libururik aspaldian argitaratu gabe, bi nobela kaleratu ditu denbora gutxian, kritikak oso ondo hartuak biak ere: Zulo bat uretan (Susa, 2008) eta Zamaontzia (Susa, 2011). Lehena gaztelaniara itzultzen ari da orain, Meettok argitaletxeak kalera dezan; alemanezko itzulpena ere bidean dago, Pahl-Rugenstein argitaletxearen eskutik. Memoriaren gaiak garrantzi handia du bi nobelotan, Aranbarrik (Azkoitia, 1963) “obsesioka” lan egiten baitu, eta memoria eta memoriari lotutako kontu asko baititu obsesio nagusien artean.

Dario Lafuenteri eskaini diozu Zamaontzia. Ume bahitua izan zen, nobelako Mateo Vallejo bezala.

Duela hiru edo lau urte ezagutu nuen Dario Lafuenteren kasua. Haren historia Mateo Vallejoren historia bera da. Gurasoei kendu egin zieten umea, eta hiru urtera arte baserri batean hazi zen. Hiru urterekin, Bilbora eraman zuten, beste familia batera, eta han galdu zen haren arrastoa. Gertatutakoaren berri zuten gehienek isilik gorde zuten kontua, baina emakume batek zekiena azaldu zion Dario Lafuenteri, 84 urte zituela eta gaixorik zela. Handik gutxira hil zen. Nobelan kontatzen den Mateo Vallejoren historiak asko du, beraz, errealitatetik.

Azken hilabeteetan hasi dira azaleratzen ume bahituen kasuak, eta hedabideen agendetan daude gaur egun. Zer ondorio ateratzen duzu zuk orain artean ezkutuan egon den errealitate horretatik?

Ez dakit obsesioa den, baina asko kezkatzen nau —eta uste dut nobelaren zati batzuetan agertzen dela hori— boterea zeintzuek daukaten. Nork daukan ez botere politikoa, baizik eta botere morala, ekonomikoa, soziala eta askotan etikoa ere, eta nor geratzen den botere horretatik kanpo. Nobelan, hori islatzeko, kanpoko marinelen istorioa dago alde batetik, herrian zer harrera egiten zaien erakusten duena, eta errukitik larderiara edo menostera zein muga mehea dagoen; bestetik, gerra osteko giro itogarrian moralaren izenean lapurtu edo bahitutako umeen kasua.

Memoriaren gaiarekin lotura estua du Zulo bat uretan nobelak ere. Erakartzen zaituen gaia da.

Uste dut memoriak literaturarako oso baliabide garrantzitsuak dituela. Memoriaz hitz egiterakoan, ez dugu normalean memoria indibidualaz hitz egiten, kolektibitate baten memoriaz baizik. Badago, beraz, sentimenduen unibertsalizazio bat. Asko obsesionatzen nauen gaia da. Ez dut uste hutsetik sortuak garenik. Nonbaitetik gatoz, eta gaur egun gertatzen dena aurretik izandako beste gertakarien ondorio da. Gerra karlistak gertatu baziren, aurretik Azkoitiko zalduntxoen ustezko liberalismoaren aurkako borroka batzuk egon zirelako gertatu ziren… Beti dago kate bat. Eta memoriak errealitatearekin oso harreman estua duenez, irakurlea hunkitzeko puntu horiek askoz ere minberagoak dira. Uste dut badagoela sentsibilitate berezi bat memoriak ukitzen dituen gaien inguruan.

Zulo bat uretan nobelako Imanoli leporatzen dioten hura lepora dakizuke zuri ere: “Hik memoria maite duk, ez historia”.

Bai. Memoriak oinarrizko balioetan, gizatasunaren balioetan, hunkitzeko gaitasun handia du, Literaturarako oso baliagarria, historia ez bezala. Historiak arazo handi bat du: historia irakurri eta hurbiltzen ahalegindu gaitezke, baina historia ezin dugu interpretatu gaur egungo ikuspegietatik. Askotan entzuten dira honelako galderak: “Eta gu orain dela 40 urte zer izango ginen? Karlisten eta liberalen garaian, karlistak edo liberalak izango ginen? Nafarroako konkistaren garaian, zer egingo genuen?” Baina ez daukagu nahikoa elementu guk egoera horiek nola biziko genituen jakiteko. Joera handia dago orain dela 40, 200 edo 500 urteko gertaerak gaur egungo ikuspegietatik ulertzeko edo justifikatzeko, eta hori oso zaila da. Eta askotan zilegi ere ez da hori egitea.

Memoria historikoa hain aipatua den garai honetan, bada iraganean gehiegi arakatzea kaltegarri izan daitekeela dioenik. Baita alde guztietan egindako gehiegikeriak gogoratu behar direla dioenik ere, alde batekoek egindakoak ezkutatu gabe.

Nik ez dut uste ezer ezkutatzen denik. Baina konparazioak eginez gero, emaitzak nabarmenak dira. Duela 75 urte bide bazterretan fusilatuak izan ondoren oraindik lurpean daudenen artean ez dago frankistarik. Dena den, uste dut kezka hori ez dela literaturarena. Historiarako ondo dago hori, edo kolektibo sozialetarako, baina ez literaturarako. Ez dut uste literaturaren helburua justizia banatzea denik. Literaturan pertsonaiak sinesgarri egin behar dituzu; beraz, kontraesankorrak. Ezin dira ez biktima huts eta ez borrero huts izan. Bai nobela honetan eta bai aurrekoan, ahalegina egin dut pertsonaien artean erabat zuririk izan ez dadin, eta ezta erabat beltzik ere. Literaturak badaki hori ikusten. Beti antzemango zaizu noren aldekoa zaren, baina gutxienez pertsonaiak ez daitezela izan karikaturizatuak. Literaturari ezer gutxik egiten dio manikeismoak adinako kalterik.

Abandonuak batzen ditu liburuko pertsonaia nagusiak. Askotariko abandonuen eta abandonatuen galeria erakusten du nobelak.

Hor badago, nahita edo nahi gabe egina, erabilera sinboliko bat. Hari bat nahi nuen, giro bat ere sortzeko. Serenity Star ontziaren eta ontziko marinelen abandonuaren ideia 1999an kosta atlantikoko Patagoniako leku abandonatu batean ezagutu nuen kasutik dator. Enpresak abandonatutako itsasontzi bateko marinelak han zeudela kontatu zidaten, jendeak emandakotik bizitzen. Sei urte geroago itzuli nintzen herri hartara, eta esan zidaten marinelak joanak zirela, han lau urte eman ondoren. Gero jakin nuen Euskal Herrian ere egon direla horrelako kasuak. Abandonuaren irudiak maila sinboliko batean indarra har zezan istorio indartsua iruditu zitzaidan.

Abandonuak batu egiten ditu pertsonaiak nobelan, gehienak behintzat.

Bai. Baina ez diote elkarri esaten abandonatu egiten dituztela eta elkarrekin horren kontra egin behar dutela. Bakoitzak bizi du bere abandonua ahal duen moduan.

Nerearen aita da denen artean defentsa gutxien duena nobelan. Ez dugu haren ahotsik entzuten, eta egiten dituen guztietan, aldez edo moldez, huts egiten du…

Nobela argitaratu baino lehen irakurri zutenei galdetu nien ea aita gaiztoa iruditu zitzaien, eta ez zuten gaiztotzat jo. Batek baino gehiagok erabili zuen hitza izan zen gizajoa. Asmatzen ez duen pertsona bat ikusi zuten, giza trebetasun gutxi duena. Pertsona utzia da, eta utzikeria afektiboaren ondorioei buruzko gogoeta bat ere badago liburuan. Beharbada politikaren karikatura bat ere badago hor, gordin samarra. Baina aita ez da, nire ustez, pertsonaia okaztagarria, irakurleari gorrotoa sentiarazten diona. Denok dakigu iragana berregiten dugunean ez garela benetan gertatu zena berregiten ari, gaurko ikuspegitik berregiten duguna baizik. Nerea jabetzen da horretaz, eta aitortu egiten du. Beste modu batez, honelako zerbait esaten ari zaio aitari: “Akaso gogorregia izaten ari naiz zurekin, baina nire oroimenean dagoena da min handia eman zenidala”.

Egun eta hemengo gizartean diskurtso politikoki zuzenen azpian gordetzen den xenofobiaren argazkia egin duzu nobelan.

Nik uste dut askotan geure burua edertzen dugula errukiaren kultura praktikatuz: “Gizajoak! Lagundu egingo diegu”. Baina normalean bertakoei erraz barkatzen zaizkien gauza asko ez zaizkie barkatzen kanpotik etorritakoei. Zergatik? Lagundu diegulako. Eta lagundu diegulako uste dugu eskubidea dugula kontuak eskatzeko ere. Gurekin zorretan baleude bezala. Hortaz, ez da errukia praktikatzen duguna, kontratu bat baizik, neurri batean. Oso egoera prekarioan bizi den jendea berehala bihurtzen da susmagarri.

Metroko txartela ordaintze hutsarengatik, adibidez.

Bai. Nobelan herriko jendea hasten da susmo txarra hartzen, zergatik eta metroa ordaintzen dutelako. Dirurik ez badute, nola ordaintzen dute? Ez da susmo txarra hartzen hesi gainetik jauzi egin eta doan sartzen direlako, ordaintzen dutelako baizik. Edo zer egiten dute erakusleiho bati begira, ez badute dirurik? Horrelako susmoak bizi-bizirik daude, eta egunero ikusten ditugu. Xenofobia horrek askoz gehiago kezkatzen nau lehen mailako xenofobia astapotroak baino. Askoz ere larriagoa da, eta nahi gabe ere errazago ateratzen da. Nobela hau bada, neurri batean, gure jendartearen erradiografia bat. Hori ere bada literatura, gu horren marraztu nahi bat.

Kontaketa ez da lineala. Denbora plano bat baino gehiago dago, elipsiak… Nola egituratu duzu nobela?

Nik ez dakit beste era batera idazten. Beharbada egin beharko nuke ariketa bat, baina uste dut ez nukeela asmatuko nobela lineal bat idazten. Seguru asko irakurketen ondorioa da, ikusitako filmena, beste mila eragin irenstearen ondorioa. Garbi nuen hasieratik ez nuela nobela esperimentala egin nahi, baina baita ere ezin zela erabat kontaketa lineala ere izan. Arrazoi sinple bategatik. Neska batek kontatzen dio aitari 15 urte lehenago zer gertatu zen. Memoriarekin jokatzen denean, aurrerako eta atzerako pausoak daude. Memoria ez da lineala, bizitza ere ez nire ustez, eta literatura are gutxiago.

Irakurleari ezin zaio dena murtxikatuta eman, baina beste muturrera jotzea ere arriskutsua izan daiteke. Nola bilatzen da puntu egokia? Intuizioz?

Bai. Nik uste dut intuizioz egiten dela. Gaztetan, literaturarako zaletasuna hartu genuen garaian, irakurleari ariketa handia eskatzen zioten liburuak gustatzen zitzaizkigun, dena eginda ematen ez zutenak, irakurleari hutsuneak betetzea eskatzen ziotenak. Eta hutsune horiek, kasu askotan, esperientzia kolektiboetatik betetzen dira. Arriskua sor daiteke irakurleak hutsune hori betetzeko behar den esperientzia kolektiboa ez duenean. Eta uste dut kasu askotan puntu horretara iristen ari garela. Hau da, gaur egun euskal literaturako irakurle askok ez dutela idazleak utzitako hutsuneak betetzeko behar den esperientzia kolektiboa, heziketa hori ez dutelako, memoria kolektibo hori ez dutelako… Kontuz ibili beharra dago. Baina den-dena eginda eskaintzen duen egitura lineal batekin egiten dena ez da literatura. Hori beste gauza bat da. Irakurleari eman behar zaio isiluneetan pertsonaien atzeko berbaroan irakurtzen segitzeko aukera. Arrazoi horrexegatik uste dut ez dela gertaerarik ikaragarriena xehe-xehe ematen nobelan. Nahiago izan dut laino bat bezala utzi, susmo hutsak bolumena har dezan.

Zure nobelen kritiketan “prosa” eta “estiloa” laudatzen dituzte kritikariek, beste idazle gutxienetan bezala. Nola eraikia dago zure prosa hori, zure estiloa?

Literaturak eta hizkuntzak bat egiten duten intersekzio puntua bakoitzak leku banatan jartzen dugu. Nire kasuan, ahalegintzen naiz barruan daukadan hizkuntzan idazten. Ahozko erregistroa hor dago —ez bakarrik nire jaioterrikoa, ezagutu ditudan euskaldun askoren oihartzunak ere bai—, literatura idatzia hor dago… Hizkuntza horren durundioa barruan izan eta horrekin erregistro sinesgarri bat egiten saiatzen naiz. Hitzak neurrian erabilita adierazpidea ez murriztea, hori da beti nire asmoa. Horrek dakar, esaterako, elipsi asko, elementu sintaktiko guztiak ez agertzea… Ahozkotasun hori ere komunikazioa da eta nik proba egin nahi dut idatzian ere zein neurritan funtzionatzen duen. Hau ez da obsesio berria niregan, eta uste dut nire nobela guztietan dagoela ahalegin hori.

Ez duzu ezer edozer moduz esaten. Garrantzi handia ematen diozu esaldi bakoitzaren osaketari eta adierazkortasunari.

Nik idatzitako nobelak neuk sinetsi behar ditut lehenik. Eta bai aurreko nobela eta bai hau ahoz gora irakurrita dauzkat, bitan edo hirutan. Erritmoa hartzeko irakurtzen dut nobela horrela, ia-ia poema bat izango balitz bezala; jakiteko zer elementu dituen soberan, ea funtzionatzen duen edo ez. Beti egiten dudan ariketa bat da, baita prosa lanekin ere.

Poeta batek idatzitako nobelak direla igarri ahal zaie, ondorioz.

Seguru askorik bai. Oso ahozko erregistroa erabiltzen dut, isiltasun handiekin, eta lehen aipatu dudan elipsi kolektibo horren erabilera handiarekin. Niri literatura hala gustatzen zait. Nobeletan, beti izaten dudan irudipena izaten da istorioa ez dela hainbestekoa. Gero emaitza kontrakoa izaten da, eta esaten didate istorioarekin 800 orrialdeko nobela egin daitekeela. Baina nik ezin dut. Literatura bizitzeko dudan moduarengatik, ezin dut 200 orrialde baino gehiagoko nobelarik idatzi. Eta, irakurle moduan, nire sentsazioa da nobela askori orrialde asko kenduko nizkiela; gehiegi esaten dela, egitura sintaktiko latino luze horiek erabiliz, erlatibozkoak, kausal esplikatiboak eta beste…

Kezkatu egiten zaitu erraztasunaren izenean literaturtasun maila eskaseko liburuak izatea askotan aipatuenak eta arrakastatsuenak?

Ez nau kezkatzen literatura hori egoteak, eta badakit nireak bezalako liburuekin ezinezkoa dela best-seller izatea. Baina mindu egiten nau idazle batzuen lanei zailaren eta hermetikoaren etiketa jartzeak. Uste dut literaturak baliabide espresibo oso diferenteak erabil ditzakeela, arte plastikoek eta abarrek bezala. Eta bakoitzak jakin behar du, bere buruarekin zintzoa izanez, zer topatu nahi duen, edo nola adierazi buruan darabilen hori.

25 urte dira Jonas Poisson poema liburua kaleratu zenuenetik, zure estreinakoa. Zer aldatu da harrezkero literaturaz duzun pertzepzioan?

Niri orduan bezain zaila iruditzen zait orain literatura egitea. Idaztean asko sufritzen dut, eta orduan bezala orain ere arazoak dauzkat. Baina, bestalde, uste dut euskal literatura gaur egun inoiz baino gehiago sozializatu dela; irakurle txokoak daude, Larrabetzuko Literatura Eskola sortu zen, Literaturia, Mikelazuloko ekitaldiak, Eako Poesia Egunak… Azken urteetan ahalegin handia egin da euskal literatura inolako konplexurik gabe sozializatzeko, eta ez dut uste inoiz egon denik hainbeste idazle batera idazten, eta hain estilo diferentetan.

Lehen urteetan poeta gisa agertu zinen bereziki plazara. Baina poesiaren arloan 13 urte daramazu libururik gabe. Non dago Aranbarri poeta?

Poesia idazten jarraitu nahi dut, baina arazoak ditut. Ez zait gustatzen idazten dudana eta zailtasun handiak ditut poema on bat egiteko. Horregatik, poema eta poema artean nobelak idazten ditudala esan daiteke. Fase horretan nago. Une honetan errazago idatz dezaket nobela bat poema bat baino. Nobela bat idaztea asko kostatzen zait, baina poema on bat idaztea ikaragarri zaila dela iruditzen zait, askoz ere zailago.

 

Bilaketa