literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Peru C. Saban
Argia, 1999-11-28
Harkaitz Cano:
«Norberaren obsesioak nahitaez azaltzen dira»

Nobela beltza da kaleratu berri duzun “Pasaia blues”. Pertsonaia galtzaileak, bakartiak...

Bai, hasierako helburua zen pixka bat poliziakoa egitea, nahiz eta gero falso-poliziakoa atera den. Hari poliziakoa aitzakia da azkenean, gero beste gauza batzuk txertatzeko. Badauka arrisku hori. Nobela poliziakoaren oso genero zaleei beharbada ez zaie gustatuko, ez baititu ezaugarri guztiak betetzen. Zerbait errealistagoa egin nahi nuen. Lagunek beti esaten zidaten ea aurreko nobela non zegoen kokatuta, pertsonaiak nongoak ziren, ematen baitu amerikanoak direla. Gauza errealista ingurukoa eta hemen kokatua egiteko premisa hartu nuen, eta beste premisa zen iluna izatea, nahiko beltza.

Eta horretarako “euskal gaia” deituriko horixe aukeratu duzu.

Bai, gainera orain ematen du modan jarri dela. Hainbat gauza ateratzen ari dira gai horri buruz. Bazirudien garai batean inork ez zuela gai hori hartu nahi, eta orain berriz ematen du idazle guztiek eduki behar dutela beren liburua “euskal gaia”ri buruz.

Zergatik aukeratu duzu zuk?

Errealismo kontuagatik. Nire irakurketak eta nire asmoak mundu onirikotik errealistago batera joan dira, orain dela hiru edo lau urte Carver irakurtzen hasi nintzenetik. Azken finean egia da: bakoitzak den garaiari buruz eta dagoen denborari buruz idatzi behar duela. Beti idazten duzu horri buruz, nahiz eta tronpetista beltz bati buruz idatzi. Kasu honetan hemen zuzenki kokatzea erabaki dut.

Cesar-en pertsonaia, Ertzaintzako ikerlaria, fisonomista bakartia, filosofo traza gehien duena da.

Hori pixka bat erabili nuen bakardadeari buruzko gogoetak sartzeko. Tipoa erabat bakarrik dago, isolatuta, gainera voyeur bat da eta beti bizi da nolabait bestengandik zurrupatuz. Berak ez dauka ezer, ez dauka etxerik. Nobela honetan gehien interesatu izan zaidana pertsonaien eboluzioa izan da, nola pertsonak ez diren iragazgaitzak, nola batak bestean eragiten duen, askotan itxura eman arren ez dagoela eraginik eta bakoitza bere ideiekin eta bere munduan dagoela.

Pertsonaia bakarti hauei dena hain iluna agertzen zaie... azkenean geratzen zaiena estiloa da, erretzeko modua.

Bai, nik uste azkenean estilo horrek dezente esan nahi duela. Ez da bakarrik posea, estiloa ez da posea, posea estiloaren azala da, baina estiloa azpian dago. Estiloa sukar horia bezalakoa da: edo badaukazu, edo ez daukazu. Horregatik uste dut pertsonaia hauek estiloa daukatela, baina ez posea bakarrik, baizik estiloa. Hori eman nahi izan diet behintzat. Zigarroaren inguruko keinu horiek guztiak bere garrantzia daukate, neure buruan behintzat.

Zigarroa estiloaren adierazle garbiena da liburuan, ezta?

Hori da lagunek eta nire liburuak irakurtzen dituztenek asko esaten didaten beste gauza bat, eta zu zeu ere askotan konturatzen zara zeinen errekurrentea zaren elementu batzuei. Nire kasuan izan daiteke kea, zigarroak, telefonoak... azkenean bakoitzak geure fetitxeak edo obsesioak dauzkagu eta nahi edo ez azaldu egiten dira. Poema batzuk dauzkat orain, egunen batean poemario baten parte izango direnak, eta poemarioaren izenburua momentuz “Norbait dabil sute eskaileran” da. Hau idatzi nuenean izenburua bururatu zitzaidan besterik gabe, baina gero esan nuen “aiba!, baina nire aurreneko poema liburua “Kea behelainopean bezala” zen”. Ez da premeditatua, baina gero konturatzen zara dena hari baten barruan doala. Idaztearen gauza polita hori da: konturatzea pixkanaka mapa-mundi bat egiten eta betetzen ari zarela: kontinente bat egin gaur, eta beste liburu batean beste bat bete, baina azkenean dena dago marko berdinaren barruan.

Asko idazten duzu bada: zutabeak, artikuluak, ipuinak, poesia...

Bai, gehiegi segur aski. Orain gainera irratian nabil egunero. Goizeko hamarretan joaten naiz egunero irakurtzera... edozer gauza, ez dakit, egun horretan ateratzen dena. Hombre, bi era daude hori ikusteko: batzuk esaten dute, horri erretze goiztiarra deitzen zaio ziklismoan, “erreko zara”; baina nik beste alderdia sinesten dut: ofizioarena. Nik behintzat pentsatu nahi dut azkenean arian-arian ikasten dela. Eta egunen batean ondo idazten badut, izango da txapa handia emateari esker. Zuk idatziko duzun hori argitara aterako den presioa edukitzeak torlojuak estutzen dizkizu. Nik zaborrak idazten baditut irratirako, joan behar dut eta zabor horiek irakurri behar ditut mikrofono aurrean, eta programa egiten dutenak nire inguruan daude. Orduan saiatuko naiz zaborrik ez egiten. Ni gustura nago, martxa horri momentuz gustua hartu diot.

Olatzek nobelaren une batean zera dio: “Barre egitea eta istorioak kontatzea dun salba gaitzakeen bakarra”.

Bai, oso iluna da, baina momentu batzuetan ironia eta umorea ere erabiltzen duten euren artean. Niretzako ekuazioa da: pesimismoa gehi ironia berdin optimismoa-edo. Orduan, gauza guztiak hartu behar dira alde horretatik.

Nobela honetan gertatzen den guztia egiaz bestalde dago. Badago errealitate mediatiko jakin bat mundu bi horiei buruz eta zuk kontatu nahi izan duzu horren atzean dagoen mitologia eta mundu ezkutu hori, bai alde batekoa zein bestekoa. Hortik abiatuta, nahiko fantastikoa da kontatzen dena.

Nik ez dakit nola funtzionatzen duen komando batek, eta beharbada hori ezagutzen duen pertsona batek irakurtzen badu esango du “hau ez da horrela, ez da posible; ezinezkoa da komando bateko kide bat goizeko hamarretan kruasan bila joatea”. Egiazkotasunari ez diot garrantzi gehiegirik eman, baizik eta imajinatu dut nola izan daitekeen. Badago Veronica pertsonaia hori ere, bukaeran toke fantasmagorikoa hartzen duena: Cesarren sukarra da, Aingeru Guardakoa, edo zer da? Zati batzuk oso errealistak dira, eta beste batzuk oso fantastikoak izan daitezke. Beti izan dut buruari alde egiten uzteko joera. Hemen, lotzen saiatu naizenean ere, nahi gabe zure kolorea jartzen diozu. Nire lagunek “canokeriak” deitzen diote horri.

“Bi Pasaia daude: txatarra meta erraldoiena, eta ispiluaz bestaldeko mundua. Batzuetan ez zen erraza jakitea zeinetan ari zinen bizitzen”. Zein da ispiluaren beste aldea?

Mundu faltsu hori, gezurrezkoa edo fantasiosoa, nahi duzun bezala deitu. Gu orain non gaude, ispiluaren alde honetan edo bestean? Lotuta dago ere errealitateak fikzioa gainditzen duela dioen topikoarekin, egia dena. Nire pertsonaia bat Lupe Vele aktore mexikar bat zen, dena gaizki ateratzen zitzaiona eta heriotza xelebrea eduki zuena; eta New Yorkera bizitzera joan nintzenean behekoaren buzoian “L. Vele” jartzen zuen. Zer da? Idazten ari naizena gertatzen ari zait. “Kea behelainopean bezala” atera zenean ere Donostian kristoren behelainoa izan zen astebetez. Nik Donostian ez dut beste halako behelainorik ezagutu. Harrigarria. Beste batean bazegoen nire pertsonaia bat testamentuan zera jarri zuena: “Hiltzen naizenean bota nire errautsak kanpofubolean, baina ez bota denak batera, bota kutxaradaz kutxarada: gure ekipoak gol bat sartzen duenean bota kutxarada bana”. Jendeak esaten zidan: “Cómo se te va la olla”. Handik urtebetera Holandan lege bat atera zen esanez “zure gustuko kanpofubolean zure errautsak botatzea nahi baduzu, hau da normatiba”. Eta halako hainbat gauza. Ispiluaren bi aldeak askotan harremanetan jartzen dira. Zuk eraikitzen dituzun armiarma sareak dira, azkenean dena fikzioa baita.

Non kokatzen zara zure istorioetan?

Orain arte hirugarren pertsona sartzen saiatu naiz, apropos, lehenengo nobela autobiografikoa izan ohi dela esaten denez, urruntzeko. Baina pixka bat nekatuta nago eta hurrengo liburua lehenengo pertsonan kontatuko dut. Hurrengoan pertsonaia nagusi bat izango da, eta ni izango naiz. Beti nobela berbera idazten da? Ba bai, mapa-mundiaren leku batetan edo bestean kokatuko da. Paul Austerrek oso ipuin polita dauka horri buruz. Bere seme txikia ikusten du margotzen, edo mamarratxoak egiten, eta esaten du: “seguru momentu honetan egiten ari den mamarratxo hori bere bizitzan egingo dituen bidaia guztien eskema dela. Unibertso paralelo txikiak errepikatzen dira, eta bizitza bukaeran bere joan etorrien planoa egingo balu, marrazki biak berdinak izango lirateke”. Azkenean mamarratxoak egiten ari gara denbora guztian

 

Bilaketa