Solasean
Jon Alonsok, “Idiaren eraman handia” saiakeraren egileak, eleberria prest du. Iruindar honen saiakera dugu Euskaltzaindia eta BBK erakundeek antolatutako iazko Mikel Zarate sariaren irabazlea. Idaztearen ofizioaz ari da liburuan, ironia ukitu batez beti ere, gure egoerari buruz barre egitea komenigarria dela baiteritzo. Honetaz mintzatu gara, aurki Susa argitaletxearen eskutik karrikaratuko duen bere lehen eleberriari buruz ere hainbat kontu atera diogula.
“Idiaren eraman handia” literaturaz egindako saiakera baino gehiago al da?
Liburua idaztearen ofizioari buruzko saiakera da. Gaiak ez dira euskal literaturazkoak bakarrik, betidanik literaturak tratatu dituenak baizik. Euskal Herrian azken urteotan gai horiek hobekien tratatu dituena Bernardo Atxaga da. Hori eta Euskal Herrikoak ez diren beste erreferentzia batzuk hartuta literaturaren inguruko gogoeta bat egin dut.
Kritikariek liburuan egiten duzun ironiaren erabilpena asko azpimarratu dute.
Ironia liburuak duen beste elementuetako bat da, ez inportanteena. Gauzak esateko lagungarria egin zaidana, zilegi da hori erabiltzea, saiakeran bada ironia bat, euskalgintzaren alor asko harrapatzen dituena, hain zuzen ere euskalgintzan gabiltzan guztiok bizi ditugunak. Gure egoerari buruz barre egitea komenigarria baita.
Zeintzuek dira barregurea ematen duten gertakizun horiek?
Agian, liburuaren gauzarik ironikoena plagio hitza esateko euskararen hitz zahar bat hartzean egiten den arrazonamendua da. Hori neurri batean gure egoerari buruz barre egitea da, euskal kulturgintzan dauzkagun hutsuneei buruz eta horiek sortzen duten giroari buruz barre egitea. Bi euskal entziklopediek adibiderako balio dute, plagio hitza bi ortografia desberdinetan aurkezten baitute, ez dute hori bera ere, bateratu.
Ezinbestekoa al da plagioa edo “bahitüra”rik egitea?
Liburuan plagio kasu batzuk ikusten dira, eta plagioa egin behar den ala ez esatea baino, orijinaltasunaren kontzeptua erlatibizatzea da egiten dena. Idazle bati ezin zaio uneoro orijinaltasuna eskatu. Hori da gaur egungo arte merkatuak eskatzen duena eta horren aurrean orijinaltasuna egon badela azpimarratzen dut, baina, aldi berean orijinaltasunak dakartzan aldaketak belaunaldiz belaunaldi eta tradizioarekin batera gertatzen dira. Gauza kolektiboa, talde lana da, eta ez da bakar bati eta unero eskatzen ahal zaion zerbait.
Euskal saiakera aztertzen delarik ez al dirudi etengabe gure zilbor-hesteari eta iraganari begira gaudela?
Pentsamenduan bai, normalean euskaraz egiten diren saiakerak euskal gaiez eta iraganaz ariko dira. Hori ongi dago, baina horretaz aparte gaurko gaiak behar dira, eta ez hori bakarrik, mundu zabalekoak direnak euskaraz egin ahal izatea.
Txema Larreak saiakera mailan Nafarroa dela gehien aportatzen duen lurraldea azpimarratu zuen Argiak egindako elkarrizketa batean. Zer deritzozu horri?
Txema Larreak dioena gehiegikeria iruditzen zait, horrek ezer islatzen badu Nafarroan idazten dela da, Gipuzkoan edo Bizkaian uste dutena baino gehiago, beharbada guk ere uste duguna baino gehiago.
Euskal literaturaren makrozefaliaz mintzatu izan da.
Egia da, azken batean literatura industria bat da, eta euskal literaturan industria oso ahula eta kaskarra da. Hori horrela izanda, dinamikarik handiena non dagoen aintzat hartu behar da. Gipuzkoak darama dinamikaren pisurik handiena, gertakizun naturala da. Askoz ere hobe izanen litzateke oreka handiagoa izatea, eta euskal literaturak Euskal Herrian zehar beste garapen bat izatea. Baina hori aldatzeko, lurraldez lurraldeko euskaldunen kopurua ere aldatu beharko litzateke.
Susaren eskutik eleberria duzu argitaratzear, Durangoko Azokari begira. Saiakeraren ondorioa al da berau?
Saiakeran defenditzen dudan ideietako bat literatura ofizio bat dela da, eta ofizio bat denez, beste ofizioak bezala ikasi eta landu daitekeena; beraz, bestearen ondorioz eleberria egin dudala esan daiteke.
Aurreratu ahal diezagukezu eleberriaren hari nagusia?
Boterearen harremanen gaineko erretratua egin nahi izan dut, botereak denok ukitzen baikaitu. Erretratu hori ironia edo umorearen bidez egina da, era filosofikoagoan egiteko boterea ezagutzen duen batek egin dezake, eta hori ez da nire kasua.
Fikzio gertagarria dugu liburuarena, bazterrak aztoratuko al ditu?
Liburuarekin nahiko nukeen bakarra irakurle saldo batek gustura leitzea da, une atsegin bat pasatzea. Gaur egun eleberri batekin bazterrak nahasi nahi izatea alferrik da, askoz ere gehiago nahasten du egunkari baten azalak. Eleberriak bizi dugun egoeraz barre egiteko balio nahi izan du, eta beharbada, bigarren maila batean, inork horrekin gogoeta pixka bat eginen balu askoz hobe, noski.
Asmoa lehenagokoa izanda ere, eleberria gaurkotasuna duten zenbait gertakizunekin harremanetan jar daiteke. Gaurkotasunarekin jokatzeak lagunduko al dio obrari?
Ezetz uste dut, batez ere ikusi baitut denbora pasatu ahala egunkarietako azalek eleberriaren puska batzuk jan egiten zizkidatela. Gaurkotasuna du, eta nahi du izan, eta neurri batean gertakizun horiek ez diote batere lagundu.