literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

J.J. Petrikorena
Argia, 1994-04-24
Harkaitz Cano:
«Izenik gabeko hiria eraiki dut kaleak eta atariak komunikatuz»

Harkaitz Canok Kea behelainopean bezala poesia liburua kaleratuko du Susarekin. Lehen liburua du Harkaitz Cano idazle gazteak, poesiaren leihotik begira idatzi duena. Hainbat irudi eta sinboloz josia, Kea behelainopean bezala-k kea eta lainopeko hiria erakusten digu, irakurleak bere kabuz egin beharko duen bidaia luze batean zehar. Apirilaren bukaera aldera argitaratuko baita, aurretik heldu diogu elkarrizketari.

Zure lehen liburua dugu honakoa. Zer prozesu eraman duzu?

Luzea izan da, nolabaiteko batasun bat ematen saiatu naizelako. Poema bakoitza atari diferente bat den arren, gero, izenik gabeko hiria eraiki dut, hainbat kale eta atari komunikatzeko.

Elementuak errepikatu egiten dira, eta hori interesantea da irakurlearentzat; gurutzatu egiten dira poema batzuk, kale horietan beti dago kea eta behelainoa, nahasturik. Gero, hiriaren arkitektura osatzen da liburuan zehar, hainbat irudi eta elementuren bitartez: zubiak direla, heriotza, gereziak, eta abar. Liburuan heriotza da ardatzetako bat, eta horri lotuta gereziak.

Ikuspegi pesimista al da, beraz, mamiari dagokiona?

Pesimista da. Azken batean, optimismoa lortzeko era bakarra pesimismoa eta ironia elkartzea baita. Hasierako poemetan maitasuna ikusten da batik bat azpitik; liburua aurrera doan heinean, heriotzaren protagonismoa areagotuz doa: horiek dira poema ilunenak.

Puntuaziorik ez duzu erabiltzen.

Irakurlea “engainatzeko” abantailak ditu, joko politak sor daitezke eta aditzekin jokatzeko eta, aukerak zabaltzen ditu. Kuriosoa izan da: duela lau urte, puntuaziorik gabeko poesia ez zen poesia niretzat. Baina, denborarekin beste muturrera iritsi naiz.

Zenbakiek ere garrantzia berezia hartzen dute.

1.600 zenbakia erabiltzen dut, eta egia esan, eleberri bat idatz daiteke zenbaki honetaz. Aurreneko aldiz kasualitatez erabili nuen, eta irakasle eta lagunek ez zuten ulertzen, zenbaki bat erabiltzekotan mila edo hamaika egoki eta erabilgarriagoak zirela zioten. Nik, hala ere, aurrerantzean zenbaki hori erabiliko nuela erabaki nuen. Liburuan, zubien inguruan eta erabili dut, eta horren bitartez pista batzuk zabaldu ditut irakurleak bere erara uler ditzan.

Zer poesia maite duzu?

Surrealista samarra. Garai batean gauzak argiago nituen eta orain dena zalantzan jartzen dut. Poema liburu honek surrealista kutsua badauka.

Zer epetan idatzitakoak dira poesiak?

Hasierako poesiak ia denak erori dira. Duela bi urteko poema bat dago; beste guztiak berriak dira. Liburua berrosatu beharrean izan naiz. Agian, hemendik bi urtera poema hauek irakurtzen ditudanean berdin pentsatuko dut, baina eternalki ezin ezer publikatu gabe egon.

Aukeraketa gogorra izan da zenbait momentutan; hainbat poema kanpoan uzteak min egiten du. Gero, egindako lanarekin asetzeko modurik ez dago; hori dugu, azken batean, artista guztiak hondoratu eta salbatzen gaituena.

Poesiaren mundua ezagututa, argitaratzea erraza gertatu al zaizu?

Nire kasuan ez da bide korapilatsua izan; baina, hala ere, idazle gazte askotxok bidea itxita dute. Idatzi idazten da, arazoa ez da hori, baizik eta argitaletxeen gustuko lanak ez direla egiten, nonbait.

“Gaur ez baita poemarik kabitzen zure leihoan” diozu poema batean. Egungo errealitatera etorriz, euskal literaturan poesiarik kabitzen al da?

Lehenago gehiago kezkatzen ninduen horrek. Jendearen sentiberatasun gutxitzearekin zer ikusia zuela uste nuen; orain, egia esan, ez nau gehiegi arduratzen. Askotan, liburu-denda batean hainbeste liburu ikusi eta, inork ez dituela irakurriko pentsatu izan dut, agian hobe litzatekeenean beste aldera pasatu eta irakurle on bat izan, idazle txarra izan ordez. Baina, gero, idazteari utzi nahi arren, ezin...

Agian beste zerbait asmatu beharko dugu poesiarekin, hiru dimentsiokoa egin edo!

Zer diozu gure poesigintzari buruz?

Gurean poesia existentzialista ugari egin da. Poesia gauza konkretuei heltzeko baliagarri izango ez balitz bezala jokatu dugu; nire ustez, horrela jokatzeak ikuspegi okerra erakusten du, poesia ez baita “greziar Jainkoei” buruz idaztea...

Poesiaren leihotik begiratzen jarraitzeko asmoa al duzu?

Leiho hori beti egongo da hor; nik, ordea, denboraldi luzea poesia idatzi eta irakurtzen aritu ondoren prosaren beharra sentitzen dut. Beharbada jenero gustukoena izango dut, baina prosaren beharra ere badut; ipuin batzuk hasita dauzkat... Eleberri baterako ideia bat ere badaukat.

Lubaki taldeko partaide ere bazara; zertan dira zuen lanak eta kritikak?

Gure kritikak eta, askotan gaizki ulertuak izan dira; zenbaitek ez du ezer ulertu eta beste zenbaitek bai, zirikatzea izan dela eta tonu gogorra hainbaten ipurdiak astintzeko erabili dugula. Orain errezitaldiekin gabiltza, batetik bestera. Herri honetan talde gauzak egiteko ez dago borondaterik. Nik uste oso positiboa dela elkartzea, nor bere marfiletan bizi gabe. Eta norbera bere marfiletan bizi bada, marfilak elkarrekin konpartitzea.

 

Bilaketa