Solasean
Kalean da jadanik Itxaro Bordaren azken eleberria, Bakean ützi arte izenburukoa. Amikuzeko idazle emankor hau, oraingoz etengabe idazten dituen poesien kaleratzea alde batera utzirik, lan honekin bost ataletan banatuko duen proiektu erraldoi bati lotzen zaio. Zuberoa eta Nafarroa zeharkatzen duen gasbidearen historia errealean oinarriturik, zubereraren hautu garbia egiten du lanketa berezi eta sakona eskatu dion idazlan honetan.
Zein izan da liburu honen nondik norakoa?
1990. eta 1993. urte arteko Zuberoako borroka bat nahi nuen aipatu, gasbidearen aurkakoa, eta horrelako gai bat literaturara igarotzen ez bazen, lur hau burdinazko suge arriskutsu batek zeharkatzen zuela nehor ez zela ohartuko iruditu zait. Ez da salaketa bat, baina esan beharra zegoen.
Hautu horrekin batera, zubereraren aldekoa ere azaltzen da lan honetan.
Euskalkiaren aukera garbia izan da, ez euskara batuaren aurka joateko, nehondik ere ez, lur honetan oraino hizkuntza horretan mintzatzen delako, horren egungo lekukotasun bat da. Izan ere, oso ekoizpen txikia ematen da gaur egun zubereraz idatzirik. Denbora aurrera joan ahala zuberera gero eta gehiago ari da galtzen eta erabiltzeko apustua agertzen da orrialdeotan.
Euskalkiaren lanketa berezia igartzen da, hiztegitik hasiz.
Amikuze eta Zuberoako hitzak usu agertzen dira, ikerketa-lan baten ondorio gisa. Laguntza handia izan dut inguruan hiztegi mailan. Harriturik gelditu naiz pentsatzen bainuen zuberera pastoraletan egokitzen zela bakarrik. Gaurko eleberri batean erabiltzeko hizkuntzaren posibilitateak zein zabalak diren ikusirik, nahikoa aberats da egungo errealitatean kokaturik eleberri bat osoki zubereraz idazteko.
Irakurleen aldetik, ez du beldurrik ematen euskalki txiki batean idazteak?
Arrisku handia da euskalki famatu baina txiki batean idaztea, jende askok beharbada ez baitu eginen indarra irakurtzeko. Baina esperantza dut euskalkiaren mugetatik harat ere irakurria izango dela.
Zure idazle-ibilbidean poesia eta hitz-laua nahasirik eman dituzu, eta badirudi beti ere zure bizipenek baldintzatzen dutela idazten duzuna. Non gelditzen da Bestaldean liburuaren urruntasuna?
Hiri handietan biziz gero, hein bateko bakardadean, indibidualismoan murgiltzen zara. Honat etorririk eta bertan hiru urte emanik jada, halako kolektibitate batean sarturik ikusten duzu zeure burua, parte hartzen da bortxaz kasik hemengo bizimoduetan, borroketan... Nabari da sentimendu hori liburuan.
Liburuaren eraikuntza ere ez da autore batena, kolektibitate batena baizik. Hizkuntza mailan lagundu nautenak, informazioa biltzen, eranskinetako agiriak, irratietako saioak... Narratibara jo dut libertate gehiago dudalako poesian baino eta denboran isurtzen den istorio bat kontatzeko hobe da edukiez baliatzeko.
Oso autobiografikoa dirudi liburuak, eguneroko bizipenei hertsiki loturik dagoena.
Hala da, Maule eta Zuberoa nola bizitzen dugun, gure ohizko ingurumena nola osatzen den. Liburuak, bestalde, segida ukanen du bost istoriorekin, hurrengo lauzpabost urteetan, errealitatea eta fikzioa nahasiz. “Bakean ützi arte” eleberrian agertzen den detektibe bera da protagonista jada idatzirik dudan bigarrenean.
Zein da zure helburua bost eleberri ezberdineko saila osatzeari ekiterakoan?
Euskal Herriko lurraldetasuna eta euskararen galera eta berreskurapenerako urratsak jorratuko ditut lanotan. Zuberoan kokatzen den lehenetik Amikuzera noa, bertako euskalkian idatziz. Ondoren Nafarroako Erriberara, eta handik Bilbo edo Arabara. Amaiera Donostian izango da, saihetsetatik erdigunera bilduz.
Lurraldetasuna leku bakoitzean nola sentitzen den aztertuko dut, euskal mediak... lekuan lekuko euskalkia lantzen saiatzen ari naiz alde teorikotik abiatuz.
Errealitatea fikzioa eta tradizioarekin bat eginik agertzen da eleberrian zehar.
Tradizioa osagai bizia da eta hautu kontzientea da eginikoa. Dena Berreterretxeren kantoriarekin hasi zen, bertako egoera eta egungoaren artean badelako paralelismorik, orduko borrokek badutelako loturarik gaur egungo gasbidearenarekin: bi partetan banaturik jendea, erroak oraingoan ere oso barne eta ondorio luzekoak izango direnak, eta abar. Tradizioa bai, baina baliatu behar dugu nahi dugun bezala, gure beharren arabera, ez fosilizaturik.
Sarreran, idaztea nolabait otoitz egitea dela aipatzen duzu. Zer dela eta baieztapen hori?
Idazteak huste bat suposatzen du, buruan duzun oro isurtzen duzu hor, gogoeta luzeak egin eta gero. Neurri horretan da otoitz baten antzeko eginkizuna, zentzu zabalean ulertua, eta era askotakoa izan daiteke: euskarazkoa, fede modukoa, lurraldetasunarena... Nork bere barnera eta bere herriaren barnera eginiko jauzia.