literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Argia, 1988-01-10
Mikel Antza:
«Idazle bilakatu da nire salbazio txalupa»

Mikel Antza idazle gaztea duela hogeita sei urte jaio zen Donostian. Badakigu hiri horretako zenbait auzotan eta Bilbo aldean ere bizi izan dela bere ikasle garaietan. 1979an Susa taldera sartu eta bertan eman ditu argitara hamaika literatur lan. Argiako erredakziokoa ere izan da, duela bi urte eta erdi gure artean egotea galarazi zioten arte. Teatreroa ere izan zen, eta Iñaki Uriarekin batera. Beteluko balnearioko mirakulua, antzerki-lana idatzi zuen; orain ere beste bizpahiru antzerki-lan gehiago baditu buruturik eskuartean. Susa-rekin argitaratu zuen lehen ipuin-liburu hura: Lehen bilduma 82-84. Azkeneko Durangoko Azokarako bigarrena kaleratu du: Odolaren usaina.

Euskal Herritik deserriraturik bizi eta, nola ikusten duzu hemengo kultur panorama derrigorrezko distantzia horretatik?

Ur tragoxka bat eta zigarroa piztuko dut. Distantzia ona da orokorrean zurrunbiloan gertatzen diren zerarik esentzialenak baizik iristen ez direlako, zurrunbiloak sor dezakeen zorabiotik salbu geratuz... baina zurrunbiloak daukan aberastasuna bezalakorik ez dago: Ikuspegi distortsionatu bat sor daiteke, egia da. Hala ere, alde batetik ez da hainbeste denbora igaro, eta beste alde batetik, orain arte nahiko ongi informaturik egon naiz. Esan nahi dut liburuak iritsi zaizkidala, egunkari mordoxka bat irakurri dudala, txaskarriloak ailegatu direla nire belarrietara. Letren mundua badoa apurka-apurka. Zerbait umotzen ari ote den susmatzen dut. Topikoak dira. Orain bi urte nabari zen abiadak jarraitzen duela iruditzen zait. Itxurazko lanak argitaratzen dira. Tira, karroza bat bezala mintzo naiz.

Argitaratu berri duzun liburuan susmatzen da halako batasun-nahi bat, eta baita duela hiru urteko liburuan ere. Zer desberdintasun egon daitezke ipuin-bilduma bat eta ipuin-pilaketa soil baten artean?

Diferentzia nagusia, nik arbitrarioki ezartzen dudana, intentzioan legoke. Nik badut bi liburuotan sartu ez ditudan ipuin ugari, ipuin-liburu horien asmotan sartzen ez zirelako. Ez diot nik egin dudan aukera denik zuzena, ez eta etorkizunean ez dudala burutuko ipuinen pilaketa izango den liburu bat. Aukera arazoa izan da agian, ‘bilduma’k egiteko aukera izan dut nik, ipuin batzuk bururatu zaizkit eta burutu egin ditut. Ipuina den entitate autonomoari, elkar erlazionatzeko modua ematen saiatu naiz, berez liburu batean elkarrekin agertuko direla kontuan hartuz.

Une honetan ipuinak direla medio atera da zure izena kalera, baina antzerkian bezala beste arlotan ere ibili zara. Nola jotzen duzu zeure burua: narradoretzat?, antzerkigiletzat?, poetatzat?

Harrokeriarik gabe, idazletzat dut neure burua; oraingoz. Eta hori horrela da, azken denboraldian idazletzak betetzen duelako ene denborarik gehiena. Idaztea bilakatu da nire salbazio-txalupa. Eta idazletzaren barruan ziurren sentitzen naizen arloa narratibarena da. Antzerkiarekiko ditudan aferak esplikatzeko une zabalago bat beharko nuke. Badago asunto bat mintzatzen hasi eta gehiegi maite ez dudana: jeneroen arteko banaketa da. Orain poesiaz eta abarrez mintzatzen hasi beharko nuke. Eta ez dut maite nik egin izan dudalako zenbait saio edo idatz saio zuzenean zein jenerotan sar daitekeen ez dakidana.

Zure poemagile-arloa da beharbada gutxienik ezagutzen duguna. Izan ere, zure poemarik ez dugu inon irakurri.

Bueno, hori ez da egia, literatur aldizkarietan eta batez ere Susa-n argitaratu izan dut poesiarik. Ez dut poema-libururik argitaratu, nahiz eta egin egin ditudan. Alferkeriak edo poema-pilaketa bat egitearen beldurrez ez naiz ausartu libururik argitaratzera. Ezer baino gehiago idatzi dut nik poesia, pribatuki maite ditudan poemak, baina ez dut topatu poema horiek bilduko lituzkeen arnasa edo aitzakia, ez bada neronek idatziak izan direla. Eta arrazoi eskasa da hori. Buelta asko ematen dizkiot asunto horri, batez ere orain, maleta gutxirekin eta motxila arinarekin ibili behar baita, eta nire poemek sekulako karga egiten didate, mikrofilmatu egin beharko nituzke, edo diskete batean bildu, edota agian, behin behingoz landu, galbahetik pasa eta salbatzen direnak argitaratu, besteak ahantziz. Eginen dut agian.

Ezer baino gehiago poesia idazten duzula diozu, baina irakurtze aldetik ere horrela al da?

Horretaz mintzatzera nindoan. Oso poesia irakurle txarra naiz. Erradikalkiago esanez: ez dut poesia maite. Matizatu beharreko erantzun lapidarioa: ez dut ikasi poesia maitatzen. Edo protesta oihuak isiltzearren: poeta gutxi batzuen poema batzuk baizik ez ditut maitatu. Egia esan azken aldian oso poesia gutxi leitu dut, eta leitzen dudanean, ez dut behar bezalako patxadaz irakurtzen. Kantuetan bilatzen dut poesia. Antzerkia berriz, irakurria baino jokatua atsegin zait. Irakurle porrokatua bilakatu naiz azken urteetan, eta nire irakurketa heterogeneoa orekatzen saiatzen naiz, hizkuntzak eta generoak konbinatuz. Narratibari eta saioari eskaintzen diot denborarik handiena.

Baten batek indibidualismoaren islak nabaritu izan ditu azken aldiko euskal literaturan, eta oro har kultur agerpenen munduan...

Ez dakit indibidualismoarekin zerikusirik duen esatera noanak, baina iruditzen zait azken denboran agertzen diren idazleek ez dutela beraien artean aparteko hartu-emanik. Plazaratu diren idazle taldeak —kolektibo zentzurik gabe ulertu— “maisurik” gabeko taldeak izan dira. Ez daude nolabaiteko babesa edo kontseilua emango duten idazle zailduak. Ez dago kontaktu hori. Idazlearen patua omen da, pizti bakartiarena egitea, asoziala, idazle batengan horrek aditzera ematen duen kontraesanarekin. Bitxia iruditzen zait hartu-emanik eza, maiz problema bertsuen aurrean egoten baikara folioa idazmakinan sartzerakoan. Izugarrizko oroitza ona utzi zidan niri Gandiagarekin Donostiako Arrano Beltza elkartean izan genuen... hasieran konferentzia eta azkenerako elkarrizketa eta poema-irakurketa bilakatu zena. Handik ateratzerakoan horrelakoak maizago egin beharko genituzkeela komentatu genuen batzuek. Gauza sinpleak dira batzuetan efektiboenak eta aberasgarrienak.

Idazleak ez al dira negarti koadrila bat?

Je, bai, akaso bai. Begira: badoa tipo bat gauerdi inguruan, triste, abaildurik, eta beste bat topatzen du. Sakelan daraman botilatik tragoxka bat eskaintzen dio morala igotzearren, eta besoak sorbaldetan aurrera egin dute elkarrekin biek, negar zorian. Aurrerago emakume deskontsolatu batekin topo egin dute, sexu-kontuei erreparatu gabe eskaini diote edatera, eta aurrera doaz bidean. Goizaldeko ordu bietarako intziri eta negar malkotan blai doan jende koadrila osatu dute. Hara! Taberna bat zabalik. Bertara sartu dira, eta nagusiak botila batzuk atera ditu... morala igotzearren. Bat-batean haien arteko bat poema bat errezitatzen hasi da bere albokoak beste bati ekiten dio. Guztiak ari dira norgehiagoka latzean, laztasuna nabari da batez ere haien eztarri marrantatuetan. Idazleak direla ohartzen direnerako, nork berea ordaindu eta nor bere bidetik etxeratzen da.

Irakurria dugu inon: “Literatura soledade infinituan sufritzen den presentzia da”. Horra hor puntua.

“Literatura soledade infinituaren segadatik ihes egiteko droga da”. Ze polita eta erraza, ezta? Gertaera beridikoetan oinarritua.

Uste duzu subentziorik gabe euskal literatura existituko litzatekeela?

Hor mezenasgoaz egiten den interpretazioa da garrantzia duena. Kontuak eskatzen dituen mezenasgoa gaiztoa da, mezenasgo horrek diru publikoaz egiten duen interpretazioa zuzena ez den heinean. Kondeszendentziaz egiten da batzuetan mezenasgoa, fabore moduan. Dirua tartean sartzen delarik ‘gaizki ulertuak’ ugaritzen dira. Hala ere, oraingoz, literaturari dagokionez, ez zait iruditzen mezenasgo hori modu oso txarrean egin denik. Arazo bat formala izan daiteke, gobenutxoko ahoberomaileak esaten duenean: “guri esker...!”. “Aizak hi, tronpatu egin haiz” esan behar litzaioke. Dena dela, debate hau politikak biziatua dago, Euskal Herrian zintzilik dauden oinarrizko arazo batzuk konpondu gabe ari gara-eta.

Bon, gaiaz desbideratzen ari naiz. Subentziorik gabe noski existituko litzatekeela euskal literatura. Argitaratze moduak izango lirateke aldatuak. Bat edo batek esango du, “aiba!, orduan zertarako subentzionatu, berdin jarraituko badute!”. Eta hor dago xedera, tranpa, diskutitu behar da dirua nola eta nori banatu, zertarako.

Bestalde, negargarria da euskalduntze alfabetatzearen egoera, eta hori gabe agian bai ez litzatekeela euskal literaturarik existituko. Hizkuntzaren borroka galtzen ari den bitartean literatura osasuntsu badabil, espejismo baten aurrean gaude, edo bestela heriotzara kondenatuta dagoenari denbora pasarako distrakzio ematen ari gatzaizkio. Hor debate oso bat egin beharra dago.

Antzerkigintzan inkursiorik ere egin izan duzu. Bada polemika franko antzerkiaren inguruan.

Mugida horretan murgildurik egon naizen moduan, modu gero eta kritikoago batez, aitortzen dut, bi urte hauetan begirada gero eta haserreagoz jarraitu dudala antzerki munduaren bilakaera, amorru, hoztasun eta eszeptizismora ere lerratu izan delarik zenbaitetan.

Biltzarraren deskalabrua, talde elebidunen prepotentzia, diru-laguntzaen banaketan egindako erasoak... Urruntzearen fruitu al da nire erreakzioa, nire amorrua? Agian nire begirada erabat distortsionaturik dago... Dena dela, Azpeitian izandako kongresu moduko horren berri ahalik eta zuzenena izan nuen iaz adiskideek pasatutako grabazioen bidez. Guztiak entzun nituen, magnetofoiarekin bakarrizketan aritzeraino, esan ziren zenbait tontakeria eta astakeriaren aurrean harridura esklamazioak niretzat gordez. Inpotentzia.

Baina, badakizu, dagoeneko ohitzen hasia naiz. Adibidez, azken aldian egun karitan agertu diren antzerki taldeen protestek irribarre gaizto bat baino ez dute lortu nigandik, irribarre eszeptiko bat. Zein zaila den Euskal Herrian antzerkilari profesional bat izatea! Zerbait gaizki doa gure antzerki munduan.

Antzerkia eta idazleen arteko auziari begira, badirudi egokiena elkarrekin aritzea litzatekeela, baina ez da maiz gertatzen. Ez al dago nolabaiteko dibortziorik antzerki taldeak eta idazleen artean?

Dibortzioaz galdegiten didazu, eta ez dakit zer erantzun, agian juezaren aurretik pasatu gabe ondasun banaketa baten aurrean geundekeela erantzun nezake. Instintuz jotzen du idazleak antzerki talderantz, edo bestela antzerki taldeak sortzen ditu bere testuak. Nik ez dut erraz konprenitzen tiraderan gordetzeko idazten duen antzerkigilea, ez bada nork jokatu topatzen ez duena, litekeena da eta. Agian modelo zaharrekin jokatzen dugu, edota modelo distortsionatuekin, ahantzi egiten dugu Brechtek bere taldea zuela eta abar. Orain autore klasikoak, Moliere bat adibidez fenomeno isolatu gisa irudikatzen ditugu, eta hori ez da horrela. Tronpatzeko beldur handirik gabe esango nuke antzerkigile handi bakoitzaren alboan bere obrak jokatu dituen antzerki talde bat egon dela. Eta gure antzerki xumean ere adibideak ez dira falta.

Badirudi antzerkiak gaur egun erabiltzen dituen estrukturek ez dutela asko laguntzen idazleek eta taldeek elkarrekin topo egin dezaten, ezta?

Gaur egunean, mesfidantza, ezezagutza eta topagune ezak dira nagusi. Broadwayko totxoez gaztigatzen gaituzte antzerki taldeek. Antzerkigileek borondate onenaz hogeitaka antzezlerentzako obrak ekoizten dituzte. Gai usatuegia da, idazlea antzerki taldearekin lanean... Esan esatea da bat, eta egin egitea bestea. Gainera, gaur eguneko antzerkiak ez du maite egile bakarraren figura, beste zerbait behar du. Arriskutsua izan daiteke behiala ongi funtzionatu duten egiturak gogoetarik gabe errepikatzen saiatzea, horrek dakarkeen antzutasun eta frustrazioagatik. Moldeak ugariak izan daitezke, eta agian bai idazlea eta bai antzerki taldea amorante berri bila dabiltza. Batak telebistan gidoigile gisa aurki dezake bere zorion eta statusa, besteak idazle modelo berri edo zaharberritu batengan.

 

Bilaketa