literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Edorta Jimenez
Argia, 1986-02-23
Iņigo Aranbarri:
«Poesia erreferentzial baten bila irten behar dugu»

Jonas Poisson deitu diozu liburuari, zer dela eta izen hau?

Jonas Poisson-ekin nahi izan dudana zera izan da: denok ezagutzen dugun pertsonaia bibliko horren historia hartu, gaur egungo gizartearen egoera adierazteko; hau da. Jonas Poisson sinbolo bat da, Jonas Arraina, eta horrek gizartearen edo balearen barruan bizi den gizon, gizarte edo gizon unibertsalaren historia zer den esaten digu.

Zein ildori jarraitzen diozu liburu honetan?

Bibliak edo Testamentu Zaharrak dioenez Jonasek hiru egun eta hiru gau eman zituen balearen sabelean. Hortik banaketa bat iruditu zitzaidan, hiru egun eta hiru gau, gehi beste egun bat gogoeta gisa edo. Balearen barruan iragandako denbora horren ondoren beste egun bat. Zergatik laugarren egun hori? Alde batetik, honekin zazpigarren atala betetzen da; eta zazpiak duen zenbaki magiko-mitiko kutsu horrekin ere jokatu nahi izan dut; eta bestalde. gogoeta bide bezala. Baina, azken finean, gogoeta ere aurreko egunak bezain beltza dela konturatzen gara, kanpoan ala barruan egotea berdina dela.

Pertsonaia aldetik, pertsonaia asko agertzen dira...

Bada honelako literatura eta magiaren inguruko bidaia, eta horrekin aprobetxatzen dut gaur egungo egoera pixka bat azaltzeko. Esaterako, Antiokiarekin askotan nostalgia adierazi izan dut, nostalgia doratua, urrezkoa; eta badago bestaldetik, literaturaren metaliteratura antzekoa. Literaturaz baliatzen naiz literatura egiteko. Liburu honetan asko baliatu izan naiz pertsonaia klasikoez, tradizioz etorritako pertsonaia eta mitoez, Orestes, Lorelei, Cuzco... eta gero amaiera aldera agertzen direnak hurbilagoak, Berenice, katuak edo Leopold Bloom. Pertsonaia maitagarriak ditut gainera Poe, William Worsworth, e.a.

Hainbeste erreferentziarekin, zaila gerta dakioke irakurleari.

Badakit oso liburu zaila dela, erreferentzia asko duelako, eta erreferentzia horiek, beharbada, ez direlako pertsona guztientzat berdinak, eta zailak direlako harrapatzen zenbait kasutan. Badira kulturak ekarri edo laga dizkigun zenbait mito, baliagarriak direnak gaur egunerako. Hor sartzen da Bibliatik kulturako iturri bezala hartutako Jonas; eta tradizioz etorri zaizkigun beste mila.

Hemendik uste duzu doala egungo poesia?

Alde batetik uste dut, gaur egunean idazten den poesia gaztea alde honetatik doala. Badagoela lehen pertsona hori, hau da, poeta, zer den agertu nahi ez izatea. Dorre handi baten egon balitz bezala, eta inguruan trintxerak, ez dugu nahi geurea zuzenean adieraztea, baizik eta pertsonaia askotaz baliatzen gara edo honelako sinboloez, geu atzean geratzeko. Nik uste dut badagoela gaur egungo poesia gaztea dei daitekeenean, ez taldean, baina bai elkarren artean badaudela zenbait adostasun puntu. Denen artean badago joera erreferentzien poesia egitera. Hau da, poeta ez da sekula agertzen aurre ematen normalean, maskara askoren atzean baizik, antzerki txinoan bezala. Horrela, poeta bera babestuta geratzen da, eta maskara horien bitartez mila egoera desberdin adierazten du.

Zure ustez zein tokitan dago euskal poesia gaztea?

Garbi dago, gaur egun, poesia literaturako zenizienta dela, eta liburu honen bitartez badago poesiaren errebindikazioa. Zati batetan esaten dut poesia lehergailua dela, poesiak dinamita bezala funtzionatzen duelako, eta oso jende gutxi ausartzen da dinamita eskutan hartzera. Poesiak badu, nire ustez, nobelak ez duen kontundentzia, eta poesiaren errebindikazioa egon behar luke prosaren aurrean. Prosa beti egon da ondo begiratuta, literatur lan serioa bezala, poesiaren kalterako. Garbi dago poesia ez dela batere komertziala, eta poesia gaztea are gutxiago. Baina, gaur egun Susaren bidea badago, eta nik bide horri jarraitu diot.

 

Bilaketa