literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Josu Landa
Susa, 1985-07
Mikel Antza:
«Argitaratzeko aukera daukanak agintzen du»

Zorioneko Sanfermin egun hartan hegaz joan zitzaigun Mikel Antza eta beronen eskutik beste bi txoriñok hanka egin zuten freskotasunari berriz ere eta aspaldiko partez eutsi nahian. Joan aurretik, berriz, mota askotako izkribu eta izkributxo utzi digu zenbait aldizkari eta egunkaritan (ba al duk hortik “Underwood” tipoko idaz-makinarik?), eta ondoan irakurri ahal izango duzuen elkarrizketatxoa, ez baita modua ezer esan gabe alde egitea. Idazleen eskubide eta irtenbideei buruz ari zitzaigun. Hortaz, garbi dago zein den gure betebeharra: Mikelen hitzak magnetofoitik atera eta zuei eskaini ahalik eta modu onenean. Zuek bezala, gu ere desiratzen gaude laster Mikelen “izkributxoak” irakurtzen segitzeko aukera izatea (ez al duk oraindik “Underwood”ik aurkitu?). Bien bitartean, hona hemen gure lagun hegalariari lapurtutako hitzak.

Gaurko literaturaren mugidan, badirudi nolabait badagoela halako egoera euforiko bat, hik barrutik ezagutzen duana, alde positiboak alde batetara utziz, esango al diguk zeintzuk dira horko alde beltzak, beltzak baino gehiago ezkutuak, ikusten ez direnak, batez ere idazleari zein desmasiak egiten zaizkio?

Arrazoi duk, esan ohi duk, gero eta liburu gehiago ateratzen dela, gero eta idazle gehiago dagoela, gero eta literatura hobea egiten dela... Asuntoa hor prozesu batetan ulertu behar da, gauza gehienak bezala; horri buruz hor dugu idazleen elkarte bat, profesionalizazioaren alde eta idazlearen eskubideen alde jokatzen duena, teorian. Prozesu horren barruan gauza askotan mejoratu gara: idazle gehiago dago, obra hobeak idazten dira, editorialak ugaldu egin dira, baina asuntoa da hemen literatur mugidak bide komertzialetatik jo duela eta hor arriskua da beste lekutan edo beste literaturatan azpiegitura mailan gertatzen dena guri ere gertatzeko.

Idazleen elkartea aipatu duk; hi ez hago barruan, suposatzen diat ez haizela ados egongo, dena dela zeintzuk uste duk direla horrelako elkarte batek defenditu behar lituzkeen eskubideak?

Nik ikusiko banu elkarte batek benetan lan egiten duela idazle bezala nik ditudan eskubide posible batzuen alde sartuko nintzateke baina niretzat nik egiten dudan lan bategatik ehuneko hamarra pagatzea ez da nire eskubide moral eta etikoa; nik uste dut horren aurretik askoz gauza inportanteagoak badaudela eta gauza inportante horiek izango lirateke alde batetik idazlea bere obraren jabe izatea, behintzat bere lanaren jabe izatea. Hor asuntoa da momentu batetan elkarte batek erabakitzen duela idazleak profesionalki lan egin behar duela eta beraz idazleari zor zaiola diru bat bere lanaren trukean. Nik horren aurrean duda asko egiten dut, lan horren balioa zein den ez dagoelako batere finkatuta, hamar folioren prezioa aldatzen da segun zein den pagatzailea, hau da Aurrezki Kutxa baldin bada sariketa literario batetan edo editorial bat baldin bada. Orduan niri benetan eskubidea zein den aklaratzea gustatuko litzaidake. Eskubidea ehuneko hamarra baldin bada, idazleari beti ehuneko hamarra ordaindu beharko litzaioke eta orduan mundu guztia joango litzateke sariketetara ze merkatu beltza hor dago eta gehiago pagatzen da. Nik uste dut eskubideek askoz gehiago lana kontrolatzearen aldetik jo behar dutela, idazlea ez dadin izan tipo bat editorialez editorial joaten dena, bere lanari buruz inork ezer esaten ez diola, nahiz eta askok eduki halako idazleek osatutako teoriazko aholkularitza batzuk; ez dakit zenbatetaraino funtzionatzen duten horiek, baina bueno joan bere produktu horrekin eta edozein gauzagatik onartzen baldin badiote (gehienetan prosa delako), ba hori, behin entregatuz gero bere lana hor bukatu da, ordaintzen diote ehuneko hamar hori eta bukatu da eta nik uste dut gaur egun Euskal Herrian ba daudela posibilitateak, oraindik merkatua ez baitago hain komertzializatua edo behintzat komertzializazio horren barruan zirrikitu batzuk ikusten dira eta zirrikitu horietatik posible dela lan bat egitea hori horrela izan ez dadin, hau da, idazleak bere liburua landu dezan, bere liburua bere sentitu dezan, prozesu guztian, eta ez dadin eman momentu batetan horrelako dibortzio bat, nire ustez nahiko peligrosoa.

Zer iruditzen zaik, idazleak ez duela behar bezala agintzen literaturaren mugidan?

Argi dago idazleek ez dutela agintzen. Orain gutxi leitu nian 1981. urtean Eren atera zen entrebista bat Aranburu Altunarekin, Hordagoko Zabaletarekin eta Ereineko Lizundiarekin eta hor botatzen ziren iritziak dira lau urte hauetan literaturan agindu dutenak. Argi dago nork agintzen duen, argitaratzeko aukera daukanak agintzen du, horiek markatu dezakete momentu batetan zer argitaratu eta zer ez argitaratu.

Sariena ere badago; sariketen kontra mintzatzen da asko baina gero eta gehiago dago.

Formula bezala ez dute onartzen baina azken finean bizi egin behar da, edo hobe esateko, nire usterako loterian jokatzea bezala da, tramite batzuk betetzen dituk, presentatzen haiz, eta tokatzen bazaik gainera ba idazle bat haiz. Hor dagoen arazo handia da ez dagoela idazlea eta saria ematen dutenen artean iritzi trukaketarik, ez baldin bada saria suertatuz gero, eta orduan ere ez dago iritzi trukaketarik.

Igual asuntoa izango litzateke bide aberasgarriagoak bilatzea.

Bai kontaktu zuzen bat eskaintzen duten bideak. Nire ustez idazle taldeak izan daitezke bide bat, gertatzen dena da idazle askori ez zaiola gustatzen taldean ibiltzea, idazleak beti oso bakarlari izan behar duela eta hori. Niretzat mito bat dago horrekin eta beno neurri batetan horrela izango da, baina nik uste dut hori dela bide bakarra, idazleen arteko elkarte bat baina elkarte literarioa ez profesionala, iritziak aldatzeko eta ideiak trukatzeko elkarte bat edo bideak asmatzeko eta beno ni alde horretatik literatur talde bateko, aldizkari bateko partaidea naiz eta gure talde bezalako beste batzuk daude, nire ustez bideak hori izan beharko luke, behintzat hortik jo beharko luke, hortik ikusten da bide posible bat, aldizkariak eta taldeak sortzen. Eta argitalgintzari dagokionez bistan dago, argitaletxe gehien-gehienak ez direla bakarrik literatur liburuekin aritzen, dirua batik bat besteetatik ateratzen dute, orduan horretaz bide posible bat idazleek berek argitaratze bideari ekitea da; jakina, honek baditu bere eragozpenak, orduak eskatzen ditu, lana eskatzen du, baina bestela bere lana bitartekoen eskuetan jartzen du, horretan formulak bilatu behar dira, eta niretzat bide argiena momentu honetan idazleek berek argitaratzea da eta idazleek berek kontrolatzea ahal duten neurrian beren produktua. Hori ez bada egiten bide erraza ez delako da noski, beti izango da erosoago liburua editorial batetara eraman eta akabo. Niri pertsonalki bide hori ez zait atsegin eta ez dut esaten teorikoki, praktikoki nik argitaratu dudan liburu bakarra “Susa”n eta inguruko jendearen laguntzaz argitaratu dut eta nik badakit horrela ez balitz izan liburu hori ez zela horrela aterako eta liburua atera da nik nahi nuen bezala; beste editorial batetara joanez gero ezingo nuen horrela egin eta niretzat hori oso inportantea da, norberak kontrolatzea bere lana, lan hori produktu bihurtzen da eta orduan produktu horrek ez dauka testua bakarrik, azala dauka, itxura dauka, eta gauza pilo bat du.

 

Bilaketa