Solasean
Proiektu hau noizkoa da, noiz bururatu zitzaian?
Hire inguruan, gurasoei eta zaharrei entzundako gauzek leku konkretu baten inguruan eta ezagutu ez duan garai batean lilura bat ematen ditek. Nik ez nuen egiteko asmorik, beste bi edo hirurekin hasi nintzen, eta beti honekin bueltaka, ez dut “obsesionatua” hitza esan nahi, baina bai, beti bueltaka. Horko zenbait gauza entzunak dira, beste batzuk asmatuak. Baina, esate baterako, nire informanteek gauza bat esan eta handik sei hilabetetara aldatu egiten ziren, ez zuten gauza berdina esaten, nahiz eta pertsonaje berak izan; ez ziren gezurretan ari, baizik eta, ez dakit zahartzen edo, kristoren transformazioak egiten zituzten, zein baino zein literarioagoak. Orduan pentsatu nuen horri forma bat eman eta ahaztea. Inguruan neukan material bat zen.
Eta idazketa berria izan al da?
Apunteak neuzkan aspaldikoak, eta zenbait gauza bai berriak ziren, baina dena berriz egindakoa da.
Material guzti hori edukita nola egin zenuen aukera nobela hain laburra uzteko?
Nik uste dut nahiko nobela mardula dela.
PiXka bat konprimitua dago...
Bai, motza da baina konprimitua, hasieran erritmo lentoagoa dago gero baino. Nik hori propio egin nuen. Asmatzea edo ez beste arazo bat da, hala egin behar nuen edo ez. Baina erritmo horrekin egin nezakeen beste hogei-hogeita hamar orrialde gehiago. Hori sarrera batean dago, eta gero prezipitatu egiten da asuntoa. Horrela ikusten nuen. Moderato bat, adaggio bat eta gero beste moderato baten ondoren, beste andante bat.
Hik hasieran luzeago egiteko asmoa huen?
Ez, ez. Hor pertsonaia nagusi bat dago, idazleari laguntzen diona, informante gisa, bukaeran ikusten da kontatzen diola... Hori nahi nuen kontatu, hortik aurrerako bizitza niri ez zait ezertarako interesatzen. Hori interesatzeri zait aukera galdu baten istorioa. Ez dakit, komedia triste bat, tipo bat sekulan erabakirik hartzen ez duena... Testu bat azkenean hori esaten du besteak: “Testigu baten biharra zakau!”. Epoka eta garai bati egindako aproximazio bat duk, oso gauza konkretu bat, ez dut generazio bat juzkatu nahi, baizik kasu bat. Eta hortik aurrerako bizitza ez zait batere interesatzen, berrogeita hamar urte lanean, lanetik etxera, etxetik lanera. Orduan hasi beharko nuke beste era batera. Beste nobela bat egin beharko nuke: zuka edo hika berarekin, “gorroto haut”, “maite haut batzutan”... Aita, ama sartu beharko nituzke...
Orduan hiri interesatzen zitzaian pertsonaia baten historiaren momentu konkretu bat...
Bai. Eta alde horretatik niri hizkuntza mailan ere interesatzeri zitzaidan. Epoka eta toki horretako zenbait hitz eta jiro jasotzea. Euskarak gauza guztien gainetik planeatu egiten duela uste dut nik, kontrasolapan esaten den bezala euskarak osoan menderatzen zuen garai eta leku batean gertatzen da. Eta, bai, zenbait pertsonaiatan erdararen lilura ere azaltzen da. Sagardotegian pasaitarrak aitarekin erdaraz, eta aitak ere erdara maite zuela. Baina, niri interesatu egiten zitzaidan euskara horri omenaldi edo aproximazio bat behintzat egitea.
Garai hartako euskarari egindako aproximazio hori nola eraman duk konkretuan?
Alde batetik eta fundamentalki beraien garaiko jende askori entzunez. Ni edozein hitz defenditzeko pronto nagok. Kalitatea ez, baina zergatik eta bai.
Hiru maila agertzen dira, narrazioa, agertzen diren esaldiak, eta kurtsiban agertzen direnak...
Horiek bertsoak dira, e? Tipo honek ideologia bertso eta dotrinaren bitartez hartu du. Eta bere bertso guztiak bere bizitzaren kontrakoak dira. Nik etxean ikasitako bertsoak eta nire familian aditutakoak, denak dituk kapanteak. Nire ustez fatalismo edo resignazio hori bertsoen bitartez sartu izan zaio askori, generazio horri. Bertsoak ideologia dominantearen aparatu bat zirela, eta horregatik jarri ditiat hain zuzen parentesi artean.
Lehen irakurketa batean hitz bakoitza aukeratua dagoela antzematen da, oso landutako nobela dela, alegia.
Nik uste dut, balorerik baldin badu, hor duela bere balorea, gauza oso aukeratua eta landua dela.
Horrek zailtasuna ere ematen dio nobelari.
Baina problema ez da euskararena, beste maila batekoa da. Haurrak harritu egiten dira gailegoak idiei “arre, boi!” esaten dielako. Zergatik harritzen dira idiak aurrera egiten dutenean? Euskaraz idiei ez zaie “arre” esaten, “arre” da mando eta asto eta zaldientzako, idiei “aida” esaten zaie. Adibide bat da, besterik ez. Hau mundu rural-kaletar bat da. Zailtasun bat izan daiteke insinuantea dela, ez direla gauzak zuzenean esaten, tipoak ez du ezer esaten, beti da testigu, ez dago barne monologorik. Horregatik izan daiteke zaila. Ironia dago, eta nik uste dut ironia insinuantea dela beti. Baza hori jokatu nahi izan diat.
Nobelan agertzen den mundu hori gaur egun gehien bat ezezaguna izateak zaila egin dezake irakurketa...
Niretzat ere mundu hori ezezaguna zen; baina nik ez diot hainbeste eskatzen irakurleari. Nik irakurlea anekdotarekin baino, zerbait gehiagorekin geratzea nahi nuke, ironia hori dena entenditzen ez badu, edo dena adieraztea lortu ez badut, ea gehiena hartzen duen, eta batzuetan barre egiten badu, beste batzuetan, negarra ez dut esango, baina halako tristura bat... Niretzat oso tristea da, nahiz eta gauza txokante eta barregarri asko egon. Ni horrekin konforme nago.
Idazterakoan ze zailtasun nagusi izan duk?
Niretzako frenatzea. Anekdota gehiegi ez sartzea. Hor bazeudek tipoak joko gehiago ematen dutenak. Hor zailtasuna ez, tentazioa segi eta gauzak sartzeko. Nik uste dut hor duela bere tamaina.
Lehen aipatu duan mundu edo mentalidade horretan sartzeko entzundako gauzak erabili dituk, baina horretaz aparte ze lan edo inbestigazio egin duk?
Handirik ez, inbestigazio baino konstatazio lana. Nik belarri ona zaukaat, eta horrek asko laguntzen naik. Asko entzun diat, nahiz eta ezertarako balio ez zuten gauzak izan. Eta egia da hor kristoren kimatze lana egin dudala, ipuin eta istorio piloa neukan eta ezertara ez zetozen gauzak kendu egin ditiat. Pentsatzen diat gauza batzuk kendu egin behar nituela hortik, bestela txistosoegi edo anekdotario bat gerta zitekeen. Asko kendu ditiat eta oso politak, beste batean aprobetxatuko ditiat. Ordu asko entzun diat, baina ez propio horretara, “Lokuzio” horrekin ere liburu zahar, bertso eta abar zirela eta poso handi samarra neukan. Baina ez da hari esker eskribitutakoa, eta handik ez zagok ezer kopiaturik. Ez zagok ezer ere.
Lehen esan duk nobela honek anekdotario bat izateko arriskua zuela, anekdotaz gain zer duk hik eman nahi huena?
Hori zuek esan behar duzue.
Baina asmo bat huen, ezta?
Nik ez diat esango ze asmo neukan, nik esango diat orain leituta historia triste bat dela. Nik uste dut ironia dagoela azpitik, adjektibo gehiegi sartu gabe gauzak esaten direla. Nik partido hartu diat hori eskribitzerakoan, beti esaten da partido hartzen dela, baina nik kontzienteki hartu diat. Eta era elegante samar batean ahalegindu nauk egiten, hor bazagok protagonistaren kritika bat, bere munduaren kritika bat.