literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Maider Iantzi
Gara, 2011-06-18
[iturburua]
Mikel Ibarguren:
«Idaztea gorputz osoaren ariketa da»

Ainhoa Moiuak interpretatutako Zea Maysen kantua izan da aspaldian gehien hunkitu duena, eta liburu hau ere jendearentzat hunkigarria izatea nahi du. Bere sentipen, arrangura eta kezkei hitza ipini die, eta irakurleak berea bezala sentitzea eta intentsitate hori bizitzea desio du. Barruan bor-bor duena kanporatzeari eta bertzeei transmititzeari ematen dio garrantzia, pila bat hustu da, baita bete ere.

“Gogoan ditut denboraz besteko helbideak/ badakit non igarotzen dituen gauak egun guztiak/ ezagutzen ditut sentsazioen partitura idatzi gabeak/ itsasgorak noren belaunak bustiko dituen/ galderak burmuinaren zein aldetan metatzen diren”, hasten da Mikel Ibargurenen poema bat, “Etorri bezala joango naiz” izenekoa.

Aspaldian Ziburun bizi den zestoar honek kartzela eta deserria ardatz hartuta idatzi zituen lehenbiziko bi liburuak, “Hemen gauak lau ertz ditu” 1996an eta “Deserriko karrikak” 2002an. “Joan da negua” berri hau, aldiz, bizi izan duen garairik zailenean jaioa da. “Ilun-ordutan, noraez dabilenaren jitean izkiriatua badago ere, aldi berean ortzimugaren argiari begira idatzita dago. Argi hori gabe ezingo bainuke idatzi”, azaldu digu.

Barrenetik ateratako garrasi ozen bat da, premia handi bati erantzun dio berarekin, eta kontent dago nahi zuen liburua egin duela sentitzen duelako. Hendaiako ostatu batean jarrita, luze aritu gara poemetako hitzen azpiko arrangura eta sentipenez, poetak igaro duen neguaz eta hastear den udaz.

Nondik dator izenburua?

Gabriel Arestik “Joan zen uda eta negua heldu da” idatzi zuen, eta niri neguaren kontzeptua interesgarria iruditu zitzaidan, metafora polita nire barruko guztia adierazteko. Gero, gainera, denok hunkitu gaituen Zea Maysen abestia ezagutu nuen, “ozen esan negua joan egin dela” dioena. Horri esker ere izenburu egokia iruditu zitzaidan nire barneko negua pasatu dela adierazteko.

Gorputz osoarekin idazten duzula adierazi izan duzu.

Bai. Beti sentitu izan dut nahiko era biologikoan idazten dudala, motibo, arrazoi, gogoeta, arrangura, zerbait sentitu behar dut barruan idazten hasteko. Haruki Murakami idazle japoniarrak hori aipatzen du pixka bat; maratoilaria ere bada eta bere aipua oso esanguratsua iruditu zitzaidan nik ere hala sentitzen dudalako. Berak esaten zuen pentsatu eta idaztea gorputz osoaren ariketa dela. Eta nire liburuetan, aurrekoetan zein honetan, gorputza beti agertzen da, gorputz atalak: begiak, ahoa, eskuak, oinak... Gero, beste elkarrizketa batean, euskal soprano bati irakurri nion berak ere kantatzen zuelarik ez zuela eztarriarekin bakarrik kantatzen, gorputz osoarekin baizik.

Ez da buru-bihotzekin bakarrik egindako ariketa.

Ez, erraiekin, azalarekin, eskuekin, gorputzeko min guztiekin idazten dudan sentsazioa dut.

Orduan dena emanen duzu.

Bai, bai, bai. Esaldi, hitz edo sentipen batetik hasi eta metatzen metatzen metatzen joaten naiz. Nire buruari erraten diot horretara jarri behar dudala eta gustatzen zait hasten naizenean buru-belarri sartzea. Idazte prozesuan bizi izan dudan intentsitate hori guztia transmititzeko egina dago liburua egina dagoen bezala. Kontzienteki egindako hasiera eta bukaera bat izan da, liburuari trinkotasun edo corpus oso bat eman nahi niolako.

Bizitza, maitasuna, heriotza, zoriona, bakardadea... agertzen dira.

Nire poetikan orain arte aipatutako gaiak dira. Liburu honetan heriotzak pisu gehixeago izan du, oso momentu txarra pasatu baitugu: minbiziak berarekin dakarren hiztegia ikasi behar izan dugu, bat-batean oso hurbileko bi heriotza izan ditugu... Eta hausnarketetan heriotzak inoiz baino indar handiagoa hartu du, bizitutako sentipen horiengatik. Egia da heriotza tabua bezala dela beti, eman behar ihes egiten diogula, alfer-alferrik finean. Heriotzari buruz mintzatu nahi nuen, bizitzari buruz hitz egitea delako. Heriotza aipatzen dut, baina bizitza da bizi beharrekoa eta saiatu behar dugu kontzienteki bizitzen.

Bideak ere leku handia du zure poemetan.

Ibiltaria naiz, asko gustatzen zait ibiltzea, natura oso hurbil sentitu behar izaten dut eta bidea ere niretzat inspirazio gai da, mugagabea da, beti dago irekia, ez dago aterik, ametsen bila eramaten nau. Bidean noala, nire hausnarrean, zerbait bizia bezala sentitzen dut, askotan bide hori nire barruan ere badagoela sentitzen dut. Beti nahi dut zerbaiten bila joan, beharbada leku bat edo ez-leku bat, denok dugu buruan utopia idealizatu bat. Heltzea nahi dugu, baina gaurko errealitatearen distopian aurrera egin behar izaten dugu. Distopiaren eta utopiaren arteko tarte horretan aurrera egiten laguntzen dit bideak. Beharbada, utopia ez da helmuga bat ere; garrantzitsuena bidea bera da, bidea egitea, bertan egotea eta sentitzea.

Deserrotzeaz mintzatzen zara.

Nire baitan oso errotua den sentimendua da. Inoiz ateratzen ez nintzen sorterria utzi beharra izan nuen, gaur egun nire sehaskari bezala begiratzen diodan sorterria. Hango senide eta lagunak utzi beharrak zauri bat sortu zidan eta hori betirako egongo da. Denborarekin sorterritik kanpo bizitzen ikasi dut, baina beti hara begira nago, egun bat ez da pasatzen harekin pentsatu gabe, mentalki beti joaten naiz hara, edo hango lagunengana. Nire baitan bizi dut, eta kanpoan bizitzen ikasi dut nire baitan daramadalako. Beharbada, inkontzienteki lehen aipatu dudan bidean edo leku horren bilaketan ere itzultzeko gogoa egongo da. Ibilian-ibilian, agian horretara eramango nau.

Maitasuna eta zoriona dira lantzen dituzun bertze kontzeptu batzuk.

Gaur egun bizi garen jendarte hiperkontsumista honetan hitz debaluatuak dira, ez zaie behar den garrantzia ematen. Izan ala ez izanetik eduki ala ez edukiko gizartera pasatu gara, zenbat eta gehiago eduki nor gehiago gara. Hitzen pisua oso galdua dago eta beren garrantzia ematen saiatzen naiz, oso barnean sentitzen ditugun sentipenak direlako. Gehiago edo gutxiago denok sentitzen ditugunak. Ez da erraza adieraztea maitasuna zer den, zoriona zer den, eta poesiak, introspekzioa denez, laguntzen dit beste era batera nire buruari egingo ez nizkiokeen galderak egiten. Gizarte honetan denak merkatu balioa duela sentitzen dut, eta maitasuna motor bat da, bizi indarra ematen didana eta aurrera egiten laguntzen didana. Maitasuna ezkontzen edo familiaren bidez oso domestikatua dagoen kontzeptu bat da, eta beti ari naiz halako hitzen benetako semantikaren bila, benetan zer balio duten, niretzat zer esan nahi duten, zer izan beharko luketen... Ez gaur egungo ikuspuntutik begiratuta, benetan duten pisua emanez baizik.

 

“Nitaz dakizkidanak baino, ez dakizkidanak erakusten dizkit liburuak”

Biluztu egiten zara liburu honetan.

Hala da, neu azaltzen naiz. Ispilu ere sentitzen dut idaztea, batez ere liburu hau, askotan nire buruaz dakizkidanak baino, ez dakizkidanak erakusten dizkidalako. Neurea balitz bezala sentitu dut liburua, eta gustatuko litzaidake irakurtzen duenak ere berea balitz bezala sentitzea.

Gauza batzuetan identifikatzea...

Enpatia sortzea. Nik neuk sentitzen dut besteen testuak irakurtzen ditudanean, poesiak enpatia hori sortu behar du, ez baldin bazaitu harrapatzen, barneratzen unibertso horretan, zerbait falta den seinale da. Era kontzientean idatzi dut bizi izan dudan intentsitate hori transmititzeko, hasieratik bukaera arte asmo horrekin egin dut. Hari existentzial batek lotzen du dena. Garai bateko galdera existentzial horiek oso bizirik daude, gaur egungo jendartean beharbada ahaztu egiten zaizkigu, baina inoiz baino balio handiagoa dute. Nahi dugun bizitza bizitzen dugu, ala gizarteak eta Elizak, iragarkien bitartez eta helarazten dizkiguten mezu guztiekin eraikitako bizitza? Neuretzat, bizitzeak edo zoriona sentitzeak geuk hautatutako jarrera bat izan behar du. Aktiboki ahalegindu behar dugu gure bizitza bizitzen.

Zergatik ez bizi nahi dugun bezala?

Zaila da, hainbeste presio ditugu... Inguratuta bizi gara, bideratuak. Askotan entzun dut: “Dena daukat, baina ez naiz zoriontsu sentitzen, barruan hutsune bat daukat”. Mundu honen oinarria zein da? Beti aipatzen dituzte barne produktu gordina, erosteko ahalmena, turismoa... Jendarte baten neurgailuak horiek dira. Eta zergatik ezin du izan kulturak? Literaturak eta arteak zer ematen digu? Zergatik ez oinarria horietan ere ezarri? Hain formateatuak gaude, Huxleyren mundu zoriontsuan bezala, kritikotasun hori gabe, gure buruaren jabe izan gabe... Horregatik, gizaki bezala gero eta deserrotuago zentzu horretan ere sentitzen naiz. Gizakia naiz, beste erremediorik ez daukat, baina gizakiak bere buruarekin egin duenarekin ez nago konforme. Gero eta urrunago sentitzen naiz gizarte eredu honetatik.

Batek baino gehiagok konpartituko du sentimendu hori...

Bai, eta bereziki orain, krisi garaian. Baina krisiak etimologikoki ate irekia erran nahi omen du. Baliagarria izan daiteke, positibizatzen baldin badakizu. Erortzea ez da berez txarra, jaikitzen jakin behar da.

Liburu hau hori izaten ahal da, hondoraino erori eta gero jaikitzea?

Liburu honek behea jo arazi dit, baina jaikitzen ere lagundu dit. Neure buruarekin konfiantza izaten. Itxaropena ere hori da, geure ahultasun apurretan dugun konfiantza. Neure etsairik handiena neure burua da, eta neure lagunik onena ere bai, borrokarik handienak neure buruarekin ditut. Hori guztia da nire negua.

 

Bilaketa