literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Olatz Enzunza Mallona
Berria, 2023-02-21
[iturburua]
Elena Olave:
«Beste modu batera idazteko aukera eman dit liburu honek»

Chantal Maillard idazlearen aipu bat abiapuntu hartuta jarri dio izenburua Olabek bere bigarren poema liburuari: Keinura itzuli. Keinuei so eta horiek ardatz hartuta osatu du lana.

Eguzkiak goxo jotzen du Durangoko Landako gunearen aurrealdean (Bizkaia). Eguerdiko berotasuna aprobetxatzeko asmoz, kanpoaldeko eserleku batean jesarri da Elena Olabe idazlea (Durango, Bizkaia, 1997). Hiru urte igaro dira dagoeneko Zeldak (Balea Zuria, 2019) bere aurreneko poema liburua kaleratu zuenetik, eta, oraingo honetan, keinu txikietan jarri nahi izan du arreta idazleak: Keinura itzuli bigarren lana kaleratu du. 57 poema laburrek osatzen dute liburua —hemezortzi lerro ditu luzeenak—, eta segidan jasota daude guztiak, ataletan banatu gabe. Susa argitaletxeak kaleratu du.

Chantal Maillard idazlearen aipu bat hartu duzu erreferentzia gisa zure bigarren poema liburuko izenburua osatzeko. Eta, hain zuzen, aipamen horrekin eman diozu liburuari hasiera: “Keinura itzuli, keinu motzera, interes bakora”. Keinuak biltzeko ariketa bat izan da liburua?

Bai. Egunerokotasuneko keinu txikiak biltzeko saiakera bat da. Maillarden aipu hori aitzakia edo abiapuntu gisa hartuta eman nion zentzua edo osotasuna liburuari: keinua oso presente dago liburu osoan.

Nolatan hasi zinen liburua idazten?

Poema batzuk aurrez neuzkan idatzita, eta baneukan gogoa kontakizun bat osatzeko; material nahikoa nuela iruditu zitzaidan. Hortik abiatuta hasi nintzen poemak antolatzen eta ordena jakin bat ematen, eta behin zerbait bazegoela ikusi nuenean, liburu forma ematen hasi nintzen.

Liburuko keinuak bi multzotan bana daitezke: desirarekin lotutakoak eta idazketarekin lotutakoak. Bi horiek harremana dute elkarren artean?

Baietz esango nuke. Bi bloke izan daitezke, baina elkarren artean lotura dute: historia bat dago, batetik; eta historia hori kontatzen duen ahotsa dago, bestetik. Azken finean, biak dira desira mota askoren ondorio.

“Desiratzen ditudan gorputzek/ kitzikatzen nautelako idazten dut hau./ Ukitu ezin ditudalako, imajinatu”. Hiru lerrotan asko esaten duzu Gabezia dela eta olerkian. Errealitatearen eta imajinazioaren arteko nolabaiteko nahasketa da?

Poema hori izan zen idatzi nuen azkenetarikoa. Idazketaren inguruan hausnartzen aritu nintzen, eta konturatu nintzen desirak bietatik behar duela, errealitatetik eta irudimenetik. Bien arteko muga oso lausoa da, eta, poesian eta literaturan, are lausoagoa bihurtzen da oraindik. Nire ustez, nahasketa horrek ematen dio indarra idazketari eta literaturari.

Ezezagunaren inguruko jakin-minak pisu handia du liburuaren hasieran. Zerk eraman zaitu horren inguruan hausnartzera?

Ez dakit [barrez]. Inkontzienteki egiten dudan zerbait dela uste dut. Ezezaguna den horrek kuriositatea pizten dit, ulertzen ez ditudan gauzak ulertzeko nahia izaten dut. Beraz, ezezaguna den hori argitzeko modu bat da: ulertu ez arren, interpretatzeko modu bat.

Poemak une kronologiko ezberdinetatik saltoka doaz: iragana, oraina eta etorkizuna tartekatzen dituzu. Intuitiboa den zerbait da, ala hausnartua?

Nahiko intuitiboa izan da. Idazketa prozesuan elkarrekin lotuta ulertzen ditut hiru kontzeptuak; beraz, alde horretatik, asko kostatzen zait orainaren inguruan idaztea iraganera begiratu gabe edo etorkizunean pentsatu gabe, eta alderantziz. Intuitiboki gertatu den zerbait izan da.

Horrez gainera, ia urtaro guztietatik ere igarotzen zara liburuan: negu hasieran hasten da, eta abuztuan bukatu. Natura presente izaten duzu idazterakoan?

Bai, oso. Liburuko kontakizunari lerro kronologiko bat emateko baliatu ditut urtaroak, hasiera eta amaiera bat emateko. Baina, oro har, oso presente izan dudan zerbait izan da. Alde batetik, kontakizuna bera paisaia konkretu batean kokatu dut, eta hori deskribatzeko, natura ezagutzeko eta ulertzeko premia sentitu dut. Beste alde batetik, iruditzen zait naturan badirela potentzialtasun poetiko handia duten kode edo elementu batzuk, eta horiek oso baliagarri suertatu zaizkit idazterako orduan.

“Denbora behar da testua osatzeko, akatsen zentzuez jabetzeko beste”, diozu Egin eta desegin olerkian. Gutxi gorabehera, zenbat denbora behar izan duzu liburua osatzeko?

Urte eta erdi inguru: 2021. urtean hasi nintzen poemetako batzuk idazten, baina gehienak 2022an sortutakoak dira. Hala ere, ez neukan helburu zehatzik buruan. Momentu askotan ez nuen imajinatu ere egiten liburu forma hartuko zuenik idatzitako horrek. Beraz, alde horretatik, lasaitasunez arakatzeko aukera izan dut. Nolabait esateko, beste modu batera idazteko eta neure buruarekin eta idazketarekin zintzoa izateko aukera eman dit liburu honek.

Oro har, laburrak dira poemak. Luzeenak hemezortzi lerro ditu. Nola egiten duzu lan poema bakoitzaren hedadurarekin?

Edizio prozesuaren ondorio izan dela uste dut. Azken finean, sintesia edo zehaztasuna lortu nahian laburtu ditut poemak. Hala, nik neuk ere idazteko beste modu bat aurkitu dut, eta baliagarria izan da buruan nituen ideia edo grina horiek guztiak idatziz formalizatzeko.

Erreferentzia ugari sartu dituzu lanean. Besteak beste, Juana Bignozzi, Itxaro Borda, Louise Michel eta Circe Maia. Zer eransten die haietako bakoitzak zure testuei?

Aurrez bilduta neuzkan aipuak. Beraz, baliagarriak egin zaizkit poemen egiturari ordena jakin bat emateko. Besteen hitzetan nik sentitzen ditudanak islatuta ikustea oso polita da.

Lizar Begoñarekin ere aritu izan zara, Ibon Egaña gidari duzuela, “euskal poesiako begirada disidenteen” inguruan hausnartzen. Zer gogoeta nabarmenduko zenuke hizketaldi horietatik?

Azken urteotan Euskal Herriko poesian izan diren genero eta sexu disidentzien inguruan hausnartzea zen asmoa. Gure kasuan, ikusizko artea hartu genuen ardatz gisa. Izan ere, gure poesian presentzia handia du gorputzak. Uste dut nahiko zaila dela norberaren lanaren inguruko interpretazio osatu eta erabateko bat egitea, baina, nahiko solasaldi interesgarriak izan dira, inolako erantzun itxirik ez dutenak.

Artearen Historia ikasitakoa zara. Nola eragiten dizu horrek idazketan?

Irudiekin pentsatzen edo irudiak interpretatzen irakasten digute karreran, eta, nire ustez, horrek izan du eraginik handiena nire formakuntzan. Idazteko orduan kontuan izaten dudan zerbait da hori: keinu soilak eta lengoaia ezberdinak modu kritikoan eta zehatzean interpretatzeko tresnak eskaini dizkit. Poemak, finean, argazki modukoak dira; askotan momentu jakin bat biltzen dute.

Lehen poema liburuan irudi edo eszena konkretuetatik abiatuta garatu zenituen ideiak. Oraingo honetan ere hala egin duzu?

Oraingoan asmo zehatzago bat izan dut buruan, eta, horri esker, poemak beste era batera idatzi ahal izan ditut. Hau da, ez soilik irudietatik edo eszena bisualetatik abiatuta, baizik eta sentsazio edo pertzepzioetatik. Oso modu bisualean pentsatzeko tendentzia daukat, eta, inkontzienteki bada ere, hortik abiatuta idazten dut.

Hiru urte igaro dira Zeldak zure lehenengo poema liburua argitaratu zenuenetik. Bilakaeraren bat izan duzula nabaritu duzu?

Ingurukoekin beti komentatu izan dut orain nabilela idazten ikasten. Aurreneko liburua beste idazketa mota baten errepresentazioa da; hau da, beste forma batzuen erabileraren ondorio. Eta, agian, momentu honetan iruditzen zait ez nuela asmatu. Banuen zerbait kontatzeko, baina ez nuen lortu forma zehatz batean idazten. Lanketa bat egiteko aukera eskaini dit lehenengo liburuak: gauza asko jarri ditut zalantzan, eta idazketaren inguruko gogoeta asko oparitu dizkit; lagundu dit neure buruarekin ariketa kritiko bat egiten, eta kontziente izaten une jakin bakoitzean zer eta nola idatzi nahi dudan. Garrantzi handia du idazteko moduak. Izan ere, formak ez badu funtzionatzen edo ez badu balio, kontakizuna erori egiten da.

Bide horretan, norbait izan duzu aholkulari lanetan?

Bai, jende asko. Lehenengo liburuaren idazketa oso prozesu bakartia izan zen. Bigarren hau, ordea, guztiz kontrakoa. Lagunak une oro izan ditut alboan gomendioak ematen, zuzenketak egiten... Eta, horrez gainera, edizio prozesua Leire Lopezekin egitea oso aberasgarria izan da. Asko ikasi dut, eta, hein handi batean, esan daiteke liburua hor egin dela. Oso esperientzia polita eta zaindua izan da, eta oso eskertuta nago. Jabetzen naiz azken emaitza hori ez dela nire esku soilik egon; ingurukoek asko lagundu didate.

 

 

Bilaketa