Solasean
Santanderren jaio zen Lutxo Egia 1969an, baina Bilbo izan du bizileku txikitatik. Soziologian lizentziatua, bere idazle ibilbidean eleberriak, Ezker hanka falta zuen (Susa, 2005) edota Zubigilea (Susa, 2007), eta poesia, Kalezuloko animalien itzalak (Pamiela, 1999) esaterako, tartekatu izan ditu, eta aurten iritsi zaigu bere lehenengo ipuin bilduma: Txakur ingelesak (Susa).
Mundutik desagertu nahi duten pertsonaiak dira protagonista liburu honetan, ikusezin izan nahi dutenak. Zergatik idatzi duzu eurei buruz?
Azken urteetan hiri soziologiarekin lotutako zenbait liburu irakurri ditut, hiri antropologia esaten denari buruzkoak, alegia. Arlo horretan aldaketa ikaragarriak eman dira espazioak ulertzeko orduan, espazio publikoak adibidez, eta espazio horietan hiritarrak agertzeko duen modua ere asko aldatu da. Adibide txiki bat jartzearren, espazio publiko fisikoa ikusezintasunaren espazioa litzateke, hau da, nik zu kalean ikusten zaitut baina zuk erakutsi nahi didazuna bakarrik ikus dezaket; daramazun kamisetan Korrika jartzen badu, Korrikarekin identifikatzen zarela pentsatuko dut, baina ez dut ezer gehiago ikusiko. Gaur egun, ordea, beste espazio publiko batzuk agertzen ari dira, espazio publiko digitalak, esaterako. Eremu horietan aipatu dugunaren aurkako fenomenoa ematen ari da, alegia, gero eta agerikoago agertzen gara, gero eta gauza gehiago erakusten dugu. Gainera, espazio fisikoek eta digitalek gero eta elkarreragin handiagoa daukate. Hausnarketa horiek literaturara ekartzea oso interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan, material moduan oso egokia zela.
Ikusezin izan nahi duen pertsona asko al dago gizartean?
Bai. Gertatzen dena da gaur egun gizarteak, nolabait esateko, agertzera bultzatzen gaituela, eta internet litzateke horren adibide garbiena. Zure izena google-en idazten baduzu seguru asko zeure burua aurkituko duzu bertan eta “nolatan nago ni hemen?”, pentsatuko duzu. Badago, modu kontziente edo inkontziente batean, korronte horren aurka joaten ahalegintzen denik, edo gutxienez bere burua zeharo kanpo uzten saiatzen denik, baina hori gaur egun ez da batere erraza. Espazio publiko horretan ez agertzea hautu kontziente bat baldin bada ia errebeldia keinu bat izango litzateke, oso zaila da. Gaur egun ez gara geure irudiaren jabe ere. Auzi horiek oso interesgarriak iruditzen zaizkit.
Beraz, horretarako asmo sendoa izanda ere, gizarteak trabak besterik ez ditu jartzen…
Hori da. Alde batetik, inertzia batzuk ageri dira. Beharbada intimitatea balio bezala hartzen genuen garai batean baina gaur egun intimitatearen aurkakoa ere balio bezala agertzen ari da. Hainbat soziologok extimitatea esaten diote horri, ez dakit hiztegietan agertu ere egiten den baina… Espazio publikoan agertze hori balio bezala hartzen da eta hori lehen ez zen gertatzen. Jakina, ez dut esango justu kontrakoa gertatzen denik, baina intimitatearen kontrakoa bezala uler daitekeen hori ere balio bezala agertzen hasia da.
Kontrabiografioa da horren adibideetako bat. Pertsonaia horrek aurreko lanekin arrakastarik izan ez duten idazleen aztarna guztiak ezabatzen ditu berriz hutsetik hasteko aukera izan dezaten…
Hitzez hitz har liteke, bai. Berriz ere interneten aurki genezake horren adibidea: ba al dugu eskubiderik gure aztarna edo arrasto digitala ezabatzeko? Nola lor daiteke hori? Bestetik, eta beharbada horixe da ipuin horretan garrantzitsuena, metafora bat ere badago. Protagonistetako batek bere bizitzako momentu batean zera esaten dio bere buruari: “Nahikoa da, gelditu egingo naiz eta zein momentutan nagoen ikusiko dut, non nagoen eta nondik jo behar dudan”. Horrexegatik esaten du momentu batean beharbada idaztea bera baino gehiago interesatzen zaiola idazteko posibilitatea, edo krisi bilatzaile bihurtzea; hau da, badirudi beldurraren gizartean krisi guztiak txarrak direla eta berak krisi bilatzaile bilakatu nahi du, hain zuzen ere, bere buruari galga jarri eta non dagoen pentsatzen hasteko. Beharbada idazle guztiok uneren batean gelditu egin beharko genuke eta hainbat galdera egin: “Zer idatzi dut? Zer ari naiz idazten? Zer idatzi nahi dut?”. Idatzitakoa aztertu, nor bere buruarekin kritiko izan eta, gero, jarraitu. Ez dakit egiten ote dugun baina egin beharko genuke.
Zenbait ipuinetan errealitatearen muga lausoa izan liteke, esaterako, Zer grina izan daiteke bortitzagorik deiturikoan. Hasieran badirudi kontatzen dena benetan gertatzen ari dela, gero ipuin bat dela esaten da, gero berriz errepikatzen da joko bera… Ez dakizu oso ondo zer den erreala eta zer ez…
Ipuin horrek hiru zati ditu, bata bestearen barruan sartuta dauden hiru ipuin, matriuskak bezala, eta horrekin joko bat proposatzen diot irakurleari. Fikzioaren eta errealitatearen arteko jolas bat eratzen da eta irakurleak gogoeta hori egitea gustatuko litzaidake, alegia, gaur egun zer den errealitatea, zer fikzioa, fikzioa errealitatean sartu ote den ala alderantziz, errealitatea ez ote den, neurri handi batean, fikzio bat… Uste dut Ur Apalategik zioela errealitatea geuk asmatutako konbentziotan edo akordiotan oinarritzen zela, hori besterik ez zela. Gogoeta horiek egiteko jolas literario bat proposatu nahi izan dut eta horregatik daude hiru ipuin horiek bata bestearen barruan.
Errealitatea aipatu dugula, errealitatetik bertatik hartutako elementu dezente daude liburuan: ETAren Mallorcako atentatua, John Lennon-en erailketa… Arrazoi berezirik edo?
Egia esan, izen eta erreferentzia asko erabiltzen dira, bai; hala ere, horietako asko kentzen saiatu naiz. Ez dakit onerako ala txarrerako den, baina erreferentziak sartzearena nire joeretako bat da. Errealitatetik hartutako elementu horiek, ordea, neuk asmatutako beste batzuen ondoan agertzen dira beti. Esaterako, Zer grina izan daiteke bortitzagorik ipuinean sindrome bi agertzen dira: haietako bat nik asmatua da eta bestea egiazkoa. Errealitatearen eta fikzioaren arteko hurbiltzea bilatu dut horrekin, asmo hori nuen.
John Lennon hiltzeko erabili zuten pistola Euskal Herrian egina izan ote zen ere aipatzen da ipuin batean…
Anekdota batetik dator ipuin hori, liburuko ia gehienak bezala. Badut lagun bat afera zinegetikoetan oso aditua dena, aldizkarietan idazten du, garai batean irratietan ere aritzen zen… Halako batean zera esan zidan, “hik badakik David Chapmanek John Lennon hiltzeko erabili zuen pistola hemen Euskal Herrian bertan fabrikatu zutela?”. Jakina, ez nekien hori egia zen ala ez, baina argi eta garbi ikusi nuen horren atzean ipuin bat zegoela. Google-era jo eta kontu horren arrastoan hasi nintzen, eta nahiko erraza suertatu zitzaidan behar nuena aurkitzea, eta aurkitu nuenak ipuin bat idazteko aukera eman zidan, anekdota hutsetik haratago. Anekdota ipuina idazteko aitzakia izan zen, begien aurrean egokitu zitzaidan material polit hura erabiltzeko modua, baina anekdota horrez gain beste gauza batzuk ere kontatzen dira ipuinean, beste gogoeta batzuk ere badaude.
Ipuinak hiri eta herrialde ezberdin askotan kokatzen dira. Horietako toki batzuk oso zehatz deskribatuta daudela dirudi, irakurleak oso erraz koka dezake bere burua bertan…
Toki horietako batzuk ezagutzen nituen, baina ez denak. Horixe da literatura, zuk pertsonaiak, tokiak eta espazioak baliatzen dituzu, hain zuzen ere nahi duzunaz berba egiteko, berdin zait istorio bat hemen edo Dublinen kokatua dagoen; gaiari unibertsaltasuna ematen diozu. Gai bera edozein tokitan jorra dezakezu, eta hori ere islatu nahi izan dut liburuan.
Ariel izena pertsonaia askori jarri diozu…
Hori hautu bat da. Ariel izen anbiguoa da; Argentinan, adibidez, gizonentzako izena da baina beharbada beste toki batzuetan emakumeentzako ere izan daiteke. Nik anbiguotasuna aldarrikatzen dut: kasu honetan generoekin jolastea eta generoaren dekonstrukzioa proposatzen ditut. Azken batean ipuin guztietan sakoneko gaiak identitateak dira, eta identitateen barruan bat generoarena izan daiteke. Anbiguotasun horren beste adibide bat Zer griña izan daiteke bortitzagorik ipuinean aurki dezakegu; borroka armatuaren inguruan protagonistaren sentimenduak ez dira ez zuri eta ez beltz. Joko hori hainbat ipuinetan agertzen da eta hautu kontziente bat izan da, halakoak garela uste baitut. Gizarteak gero eta gehiago oso aukera garbiak egitera behartzen gaitu, batez ere politikan, baina gu ez gara horrelakoak.
Txakur ingelesak jarri diozu izenburu liburuari, lehen ipuinaren titulua. Zergatik?
Hasieratik bertatik erabaki nuen halaxe egingo nuela. Honen aurreko hiru narrazio luzeren ostean aldatzeko goga neukan: estiloari zegokionez, gaiei zegokienez… aldaketa nahi nuen. Baina ipuinak idatzi egin behar ziren eta nire burua behartzeko, jolas gisa, lagun bati hamar astetan hamar ipuin idaztea proposatu nion. Martitzenero biltzekotan geratu ginen, lagunak aste horretan idatzi nuen ipuina irakurri eta zuzen zezan. Txakur ingelesak izeneko hau lehena edo bigarrena izan zen eta oso garbi ikusi nuen izenbururako erabiliko nuela, gustatzen zitzaidan. Hainbat arrazoi egon litezke izenburu bat hautatzeko edo kentzeko, baina hau belarrietatik sartu zitzaidan. Gero, noski, liburua argitaratu bitarteko prozesu bat dago, editorearekin harremanetan jartzen zara, lagunen bati ere ematen diozu irakurtzeko… eta bakoitzak gauza ezberdin bat esaten dizu. Egia esan, une horietan izenburua aldatzekotan ibili nintzen, baina azkenean aurrera egin nuen. Ez dut uste liburuaren izpiritua jasotzen duenik, baina gustatu egiten zait, gustura gelditu naiz izenburuarekin. Eta hori ez da nigan oso ohikoa, behin baino gehiagotan hamaika buruhauste izan baitut izenburua aukeratzeko orduan. Gauza erraza dela dirudi baina azken batean izenburua da balizko irakurleak erakusleiho batean ikusiko duena, eta nahiz eta ez jakin zer irudituko zaion, oso ezberdinak baikara, izenburu on bat jartzen saiatu behar duzu beti. Eta alde horretatik oso gustura nago.
Beharbada lehen ipuin hori da denetan konbentzionalena…
Halaxe da. Ez dauka harreman handirik, behintzat egituretan-eta, beste ipuinekin. Askoz klasikoagoa da, narrazioak elkarrizketak ditu, lineala da… ez dauka zer ikusirik gainontzekoekin. Eta beharbada hori da liburuko lehena izateko arrazoia, nik neuk azkeneko tokian jarri nahi nuen arren. Oso garbi nuen ipuin horrek ez zuela erdian joan behar, baina editorearen iritziz lehena behar zuen izan, beharbada askoz ere irakurterrazagoa delako, irakurleari gutxiago eskatzen diolako eta horrela irakurketari sarrera on bat ematen diozulako. Editoreak horretarako daudela uste dut, gainera; geure liburuei buruz ari garenean idazleok ez dugu inoiz editoreei buruz hitz egiten baina lan hori ere azaleratu beharko litzatekeela iruditzen zait.
Ipuinak estilo aldetik hain ezberdinak izate hori berez atera zitzaizun?
Aurretik ipuinak idatzi izan nituen baina sekula ez bilduma bat egiteko. Beraz, gauza bi garbi nituen liburu honekin hasi nintzenean. Alde batetik, nolabaiteko batasun tematikoa eduki behar zuten ipuinek. Idazlan guztietan niretzat funtsezkoa izaten da gaia, zeri buruz egin nahi dudan gogoeta, zer transmititu nahi dudan; gero irakurleak ulertu behar du hori, jakina. Beraz, gai nagusi baten bidez batasun hori eman nahi nien ipuinen, eta gero azpi-gai batzuk sartu. Baina, aldi berean, estiloaren aldetik ipuinak elkarrengandik zeharo ezberdinak izan behar zutela ere garbi neukan. Eta lar esperimentatu barik, ez baitut uste esperimentatu dudanik, zerbait ezberdina eskaini. Bestela, noski, gai berarekin ipuinak antzekoak aterako zitzaizkidan, ez dakit funtzionatuko zuketen, beharbada bai baina… Baina hautu kontziente bi izan dira gaiarena eta estiloarena.
“Jolas moduko bat planteatzen du, tranpak jartzen ditu eta gozamena da tranpa horietan erortzea”. Harkaitz Canoren hitzak liburuaren aurkezpenean. Intentzio hori al zenuen?
Bai. Lehen aipatu dudan gaiaren garrantziari helduz, azken batean guk literatura egiten dugu eta gai edo ideia hori literaturara ekartzeko modurik egokiena bilatu behar dugu. Kasu honetan nik neuk ere aldatu egin nahi nuen modu hori; jolasa, umorea, erabili nahi nituen, batzuetan ironia, beste batzuetan sarkasmoa… eta esango nuke hainbat ipuinek behintzat badaukatela antzekoa den egitura bat, badirudi badagoela bilaketa bat. Pertsonaiak zerbaiten bila dabiltza beti, irakurlea labirinto horretan geratzen da eta bertatik ateratzeko hari moduko bat behar du. Alde horretatik ez dira oso ipuin konbentzionalak. Gaiak berak (agerpena/desagerpena, bisibilitatea/inbisibilitatea) jolaserako aukera asko ematen zidan, horretaz konturatu nintzen. Ikusitasunaren inguruan, agertzearen eta desagertzeare inguruan jolas ezberdinak planteatzen dira, konstante bat dira ipuinetan.
Lehentxeago aipatu duzun bezala, hiru eleberriren ostean iritsi da zure lehenengo ipuin liburua, aldaketa nahi batek eraginda. Ezberdintasun handiak topatu al dituzu genero baten eta bestearen artean?
Ez dira alderagarriak izan. Ipuin liburu hau sortzeko denbora izan dut, munduko denbora guztia. Zubigilea nobela idazteko Joseba Jaka beka izan nuen baina une hartan beste hamaika kontutan sartuta nenbilen eta ez neukan sormenerako nahi adina denbora. Testu luze bat sortzeko prozesua eta ipuin bat sortzekoa guztiz ezberdinak dira baina batean zein bestean denbora oso garrantzitsua da, funtsezkoa. Ez dakit benetan esan ote dezakedan ipuin liburuaren kasuan askoz hobeto ibili naizela baina aitortu behar dut oso gustura idatzi dudala; aurrekoetan ere bai, noski, baina beharbada prozesua eten eta astebete egoten nintzen idatzi gabe… Oraingoan diziplina batekin idatzi dut, etengabe gainean egonez; gainera, nahi duzunean ireki eta ixteko aukera ematen dute ipuin laburrek, iritsiko ez zarela iruditzen bazaizu, utzi eta aurrerago berriz har dezakezu… Oraingoan benetan gustura ibili naiz. Berriz diot, baita aurrekoetan ere, idazten beti bainabil gustura, baina kasu honetan neukan sentsazioa zen, nolabait esateko, dena kontrolpean zegoela. Aurrekoetan beharbada beldur nintzen; une jakin batean testu luzeek beldurra sor diezazukete, ez baitakizu oso ondo zer idatzi duzun eta 150 orrialde berrirakurri behar baitituzu idazten jarraitu ahal izateko. Baina ipuinak idaztean izan dudan sentsazioa dena kontrolpean edukitzearena izan da. Eta gero beharbada irakurle batek ezetz esango dit, halako puntutan koherentzian huts egin dudala, baina nik neuk sentsazio hori izan dut eta niretzat oso garrantzitsua izan da.