Solasean
Kalterako diren lohiak eta sasiak errez joan behar dela uste du Meabek; erre, haietatik indarra eta argia ateratzeko. Idazketa hori da Meaberentzat. Hala erakutsi du 'Hezurren erretura'-n.
Bere burua irudiekin hobeto azaltzen duela dio Miren Agur Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1962), eta erruz datozkio burura hizketan hastean. Liburu bat idaztea zer den edo bizitza bera zer den azaltzeko, esate baterako. “Baltsa batean joatea bezala da; ibaian behera zoaz, orekak egiten, zutik eta korrontearen arabera, beti ez irmo, eta ibaiertzean ikusten dituzun elementuak jasoz. Ustekabekoak. Momentu bakoitzean ibaiak zer eskaintzen dizun, lata ugerra edo luma, horiek dira zure baltsara sartu eta baliatzen dituzunak, itsasora heldu arte”. Hain justu, itsaso eta portu inguruetan agertu ohi da maiz idazlea, baina Bilboko hormigoi artean jarri du hitzordua, eta etxean hartu du BERRIA, lanleku duen gelaren bestaldean.
Maiatzean eman zenuen argitara Hezurren erretura. Zer zeneukan buruan bidea hastean?
Nire prozesuaren hasiera beti izaten da intuitiboa. Sei urte dira Kristalezko begi bat argitaratu zenetik, eta handik laster hasi nintzen ipuinak idazten. Ipuinak bildu ahala, ohartu nintzen askotan agertzen zela iragana, umetako oroitzapenak, eta ardatz bat sortzen ari zela, berez. Beste ipuin batzuk, berriz, helduaroan girotuta zeuden. Orduan eskema bat egin nuen multzo bien pisua orekatzeko. Eta testuak antolatu ahala, txirikorda biak, iraganarena eta orainarena, lotzen jarri nintzen, dena kohesionatuko zuen amalgama bat sortzen. Horregatik errepikatzen dira hainbat item: animaliak, pertsonaia batzuk, tokiak, ametsak, seinaleak... Eta horregatik ageri da ia guztietan narratzaile bera, horrek batasuna eta sinesgarritasuna ematen diolako.
Lan berriak Kristalezko begi bat-ekin diptiko bat osatzen duela zenioen.
Argi dago hau ez dela liburu haren jarraipena, pertsonaia gehienak ez direlako berberak. Argumentuak, espazioak, denborak eta abar askoz ugariagoak dira honetan. Kristalezko begi bat haustura sentimental baten kontakizuna zen, begiari buruzko jakingarriekin eta esperientziekin tartekatuta. Hala ere, handik dator beste hau, “begi hartatik hezur hauek” esango genuke: gaietan badira loturak; adibidez, nortasunaren eraikuntza, oroimenaren balioa, maitasun eredu erromantikoaren kuestionatzea, bakartzearen eta ahalduntzearen arteko gatazka, idazteari buruzko gogoetak... Estiloan ere badaude antzekotasunak: bietan daude erreferentzia literario franko, eta fragmentazioaren ideia.
Hain zuzen, batzuek nobela fragmentatu modura irakurri dute Hezurren erretura, eta ipuin sorta modura beste batzuek.
Ipuin sorta bat da, nobela baten moduan irakur daitekeena. Asmoa ez zen nobela bat idaztea. Gainera, estu begiratzen badiegu, ipuin guztiak ez dira ipuinak. Esan nahi dut ipuinaren kontzeptu klasikoa malgutu nahi izan dudala. Sailkapenek, gaur egun, ez dute zentzurik, ez bada didaktikoa. Ohiko egituretatik irteteak sortzen zidan kezka puntu bat, baina idaztea, askatasun ariketa ez bada, ez da ezer, eta aurrera ba. Bizikidetzan jarri ditut eguneroko desordenatu bat, poema bat, ametsen inbentario bat... Azken hori, adibidez, emakumeek kontatutako ametsen zerrenda da, eta, aipamen labur-laburrak izan arren, narratibitate potentzial izugarria dute. Oso collagezalea naiz, eta horrek badauka konexiorik artearen, bizitzaren eta memoriaren fragmentazioarekin.
Bi plano tartekatu dituzu; memoriaren eta nortasunaren eraikuntzak gurutzatzeko modu bat izan da?
Bai. Iraganeko pasadizoetan badagoenez gutxi gorabeherako hari kronologiko bat, horrek, bide batez, balio du esplikatzeko helduaroan hitz egiten ari den emakumea zergatik den orain dena, neurri batean.
Emakume heldu horren istorioetan bakardadea agertzen da, maitasuna, adiskidetasuna... Horiek izan dira gai bizienak zuretzat?
Aspaldian bizien sentitu ditudan gaiak dira. Hemen modu jakin batean jorratu ditut, baina ertz asko dituzte, eta beste liburu bat, edo liburu guztiz desberdin bat emateko jokoa emango lukete.
Bakardadea, esaterako. Nahikoa politizatuta daukagu?
Hemengo pertsonaia nagusi izengabearen bakardadeak badauka erlaziorik adinarekin, etxeko hildakoekin, bizitzako galerekin, maite izan dituenengandik apartatzearekin... La vita è bella ipuinean nabarmentzen da gehien. Terriblea da, katua ere falta... Hala ere, bakardade bat sentitzen du, barruko zuloa, ez duena ezerk berdintzen, halako estigma moduko bat, ezen eduki, lagun onak ere baditu, seme ederra, plan piloa, baliabideak... Begira, nire lehen ipuin liburua idatzi nuenean, 1986an, han ere bakardadea oso presente zegoen. Uneka... gaba deitzen da. Bizitza uneak dira, baina, azkenean, hor dator gaua. Ordutik aurreikusi dut bakardadean bildutako emakume bat. Hori bai, liburuan esaten da bakardadea zera dela, askatasunaren plazenta. Ahalduntzeak prezioa du, hezurrak baztertzea. Zer da hezurrak erretzea? Soroan soberan dauden lohiak eta sasiak erretzen diren moduan, bizitzan ere paretik kentzea kalterako direnak. Eta erretzeak suntsiketa dakar, baina badakar energia ere.
Ongarria.
Hori da. Eta berotasuna, eta argia. Idazkuntzaren aldetik, erretzeak balio bikoitz hori dauka niretzat: idaztea erretzea da, memoriaren lehengaiekin lan egitea, baina hortik indarra ateratzea.
“Andre usatua naiz. Andre usatuak gara”, dio La vita è bella ipuinean narratzaileak; gogora etorri zait Idurre Eskisabelek atsoaren figuraz dioena.
Zer esango dizut... Begirada patriarkalak baldintzatzen du gizartearen dinamika. Esate baterako, oraindik ere kuestionatu egiten da bakarrik bizi den emakumearen balioa —izango du akatsen bat! arraroa baietz izan!—, baita emakume adintsuarena ere, nolabait porrot egin izan balute legez. Kontsumo gizarte honetan, adin batetik aurrerako emakumeak, gainera, baliogabetu egiten dira, ustez gainbeheraren sasoian sartzen direlako.
Ironiaz salatu duzu.
Bai. Usatuak-ek hiru esanahi ditu: ohituarena —Lekeition, usatuta egotea ohituta egotea da—, higatuarena, eta txarto erabiliarena. Hortik datorkio pertsonaiari min sakona, eta erabilia sentitu izan delako joko du bakardadera. Hortik datorkio erradikala izatea ere. Pasa den mendearen erditik hona lan ikaragarria egin dugu emakumeok etxean, gizartean eta munduan nahi, behar eta zor zaigun tokia aldarrikatu eta irabazteko. Aldiz, gizonezko gehienak errentetatik bizi dira oraindik, eroso, ahalegin mentalik egin behar dutenik pentsatu ere egin barik.
Orri berean, beste azpimarra hau: “Konfiantza dut 'des-' aurrizkiak noranzko egokian eramango nauela”.
Mari Luz Estebani eskertu behar. Iaz Eako Poesia Egunetan hitzaldi aparta eman zuen okupazio-desokupazioari buruz. Guztiz argigarria da nola erabili ber-, bir- eta des- aurrizkiak gure pentsamoldea beste era batera egituratzeko. Horrek eman zidan abiapuntua.
[Koaderno txiki baten tankerako liburuxka bat atera du, Logroñoko (Espainia) Agosto Clandestino jaialdiak argitaratua; gonbidatuetako bat izan da aurten]. Datorren urtean kaleratuko dut laugarren poema liburua. Liburutxo honetan badaude han azalduko diren batzuk, eta harreman handia daukate Hezurren erretura-ko mezu batzuekin. Batek dio: “Orain aurrizkien lengoaian bilatzen dut aterpe: / deskode berri hau hautatzen dut iraultzarako beso”. Apropos diot deskode, keinua eginez Azalaren kodea-ri. Deseraikitzea, berbideratzea, batzuetan, beharrezkoa da norberaren bizitzari zentzua emateko, ziklo bat amaitu eta beste bat hasteko. Flow ideologiarekin ez naiz lar ondo moldatzen, gauzak bere horretan joaten uztearekin. Gure urratsez hausnartzen ez badugu, bizitzaren txotxongilo hutsak gara, ez bagara sentitzen egiten dugunaren protagonista, ez badugu egiten duguna argumentuz janzten.
Zure obra zure bizitzako esperientziari oso lotua eraiki duzu. Nola egin biluzte horri etekin literarioa ateratzeko?
Hurrengo erronka urrunagotik idaztea izango da agian. Orain arte nire bizitzatik edan dut gehienbat. Nire idatzietan beti ageri da nire ni narratzaile edo poetikoaren eta ni biografikoaren arteko identifikazioa. Ez dut izan erreparorik neure burua agerian uzteko. Biluzteko, nahiz eta biluzte horretan dena ez den ikusten dena, eta ikusten dena ere ez den dena. Pertsonak armairuak bezalakoak gara: batzuk ate biak egurrezkoak, barrukoa ondo gordeta; beste batzuk, erdia kristala eta erdia egurra; besteek aterik ez... Bakoitzaren hautua da, betiere trataera literarioa emanez gero.
Horrek ez du esan nahi liburuko ni hiperprotagonista une oro neu naizenik. Oinarrian egon litezke esperientzia biografiko batzuk, neureak edota inorenak, baina lehen pertsonaren aterpean eman dira. Edukia erreala da, baina ez autobiografikoa nahitaez.
Autofikzioaren etiketa emakumeek idatzitakoa gutxiesteko erabili izan bada ere, badirudi zuk aldarrikatu egiten duzula.
Emakumeek idatzitako literatura beti gutxietsi izan da, autofikzioa izan edo ez. Horra hor Annie Ernaux, marabilla bat. Zenbat eztenkada ez zituen jaso, ea nor zen bera bere intimitatea eta abar irakurleei halako fideltasunez kontatzeko, itxuraz behintzat. Jarrera iraultzailea izan zuen, birbalorizatu egin zuelako pertsona arrunten bizitza. Poesiari begiratuta, beste eredu bat, Forugh Farrokhzad. Bere poemak itzultzen ari naiz. Munstro bat izan zen 1950eko hamarkadako Iranen, emakume musulman bat bere desioak eta frustrazioak lau haizeetara zabaltzen. Nire jarduna ez dakit aldarrikapena den; baldin bada, hobeto.
Kristalezko begi bat-en “autoimitazioaz” hitz egiten zenuen.
Autofikzioaren ia gauza bera da niretzat. Bietan gakoa norbere buruaren proiekzioen batura egitea da; hau da, zeure burua egoera hipotetikoetan jarri, bizi izan ez dituzunak barne, eta hor nola jokatuko zenukeen planteatu eta garatzea. Idazlearen izena, protagonistarena eta narratzailearena bat datoz. Hori da nire jokoa. Kristalezko begi bat-en erraza zen: kristalezko begi batek benetako begi bat imitatzen du; nire kristalezkoak ez du zure begia imitatuko, nire bestea baino. Hezurren erretura beste gauza bat da, beste jende askoren bizitzak daude. Askoz fikzio gehiago dago.
Beste garai baten erretratu bat ere josten da iraganeko ipuinetan. Erlijioak pisu handia zuen sasoi bat.
Neurri batean, lekukotasun bat ematen dute. Elizako morala, mojetako praktikak, filantropia xalo hori, hospiziora joatea zaharrak bisitatzera... hori guztia gure egunerokoa zen. Dena zen “kontuz honekin, kontuz horrekin...”. Orduan, irudimenarekin jolasten ginen, geroa imajinatzera: “Ni naiz 18 urteko etxekoandrea, Hawaiin bizi naiz, hiru seme-alaba ditut...”. Jolas egiteko modu konkretu hori literatur molde honen oinarrian egon daiteke.
Ez dakit hainbeste entzuten den nitasunetik lasai idaztea.
Ez pentsa lasai idazten denik, baditu arriskuak, eta sortzen ditu buruko minak, ikarak eta zalantzak. Adibidez, non da esan dezakedanaren muga? Noiz egingo du oka irakurleak? Hala ere, hori izan da nire hautua. Koherente sentitzen naiz horrela, asebeteago, zintzoago, zintzotasun hori erlatiboa izanda ere. Nire nitasunetik idatzi ezean, plantak egiten nenbilela sentitzen nuen, nitasunetik idatzita ere plantak egin arren.
Amaitzeko, Eider Rodriguezek zera dio zutaz Idazleen gorputzak liburuan: “Meabe izango da agian gorputzaz gehien idatzi duen euskal idazlea”.
Gustatzen zait hori, gorputzaren gainean idaztea kontzientzia kontua ere badelako. Asko idatzi dut, bai, eta hori nire gorputzarekin harreman anbiguoa dudala: gorputza da mundu honetara lotzen nauen arkitektura, baina ispilu aurrean betertzetik begiratzen diot. Gorputza da, gainera, min psikologikoaren habia, eta gaixotasunarena, eta ama izateko bitartekoa, eta komunikazioa gauzatzekoa... Batetik, autorretratuak etengabe agertzen dira nire testuetan; identitatearen bilaketarekin dute zerikusia, baita neure izatea berrestearekin ere. Bestetik, gorputzaz idaztea emakume subjektua aldarrikatzea ere bada, emakumeari ahotsa ipintzea, deskribatutakoaren zentroan jartzea. Irabazi egin behar izan dugu hori, baita emakume gisa desira esplizitatzeko eskubidea ere. Transgresioa egiteko modu bat ere izan da, batzuetan naturala, konpromisozkoa baino gehiago. Gorputza ezagutza tresna bat da, norberaren burua eta ingurua bera testatzeko.