Solasean
Bederatzigarren poema-liburua du Jose Luis Otamendik Disoluzio agiriak hau. Ulergarria da hain ibilbide luzeko idazlea zerbait berri esateak kezkatzea, baina, aurkezpenean esan zuenez, topatu ditu molde berrien zantzuak liburu honen idazketan. Azpeitiako Erdikaleko taberna-zulo batean aritu gara, liburua aitzakiatzat hartuta.
Nola hasi zinen idazten? Zein erreferentziarekin? Zein erreferentzia irakurriz? Zerk bultzatuta?
Ni nerabe garaian hasi nintzen. Nortasuna osatzen doan bide horretan, zaletasunak zein diren bilatzen duzu. Irakurzale banintzen, baina barruak eskatzen zidan esateko neukana ailegarazi nahi nuela, eraren batera edo bestera. Lirismo oso adoleszente baten bidez hasi nintzen. Gustatzen zitzaidan modu bat zen poesia, barru horiek pittin bat askatzen hasteko. Hamalau urterekin idatzi nituen lehenengo gauza batzuk eta, gero, hamazazpirekin-edo, unibertsitateko garai horretan, serioxeago hartu nuen. Nik uste hango giroa gakoa izan zela. EUTGn orduan gu baino zaharrago batzuk zebiltzan: Koldo Izagirre, Ramon Etxezarreta eta kuadrilla hori, gero Oh! Euzkadi argitaratu zutenak. Haiekin tratua egin, Koldori testu batzuk pasatzen hasi, eta lehendik harra banekarren, handik aurrera barrua jan zidan sua bihurtu zen. Garai hartako irakurketa dezente ere Koldoren bitartez egin nituen: Baudelaire, Rimbaud, bai sinbolismotik eta bai bestelako tokietatik, Mallamé, Apollinaire eta abar. Euskal literaturako zenbait gauza ere bai. Aresti zer esanik ez, baina baita Lasa anai-arrebak eta garai hartako beste zenbait erreferentzia ere: Joxe Azurmendik, Mikel Arregik dezenteko pisua izan zuten gure formazio hartan. Ni nahiko neure erara ibiltzen nintzen. Koldo nuen erreferentzia eta gero gainontzean ez nuen kontakto handirik. Hark jarri zuen bidean, handik urte gutxira, nire lehenengo liburua izango zen hori. Gerora, Ustela sailean bi liburuxka atera ondoren, hondoa jo zuen Ustelak, eta liburu bat egin nahian geratu nintzen. Zeinekin aterako, eta halaxe sartu nintzen Susan. Zainetan murrailak hura zela-eta, Susarekin lotura egin nuen eta konplizitate oso handi bat sortu zen handik aurrera. Lagunarte bihurtu zen eta horrek asko hauspotu zuen nire jarduna. Nik uste handik aurrera beste era batera idazten hasi nintzela, askoz kontzienteago.
Hastapen haietatik, nola aldatu da zure idazteko modua? Oraindik ere bulkadaz idazten jarraitzen duzu?
Bai, bulkada bat da. Jolas moduan idazten duzu batzuetan, hausnarketa bat edo halako gogoeta pixarren bat da beste askotan... Gaztetako zerbait esan behar horrekin, askotan, lirismotik jotzen duzu edo formalismotik edo beste ismo batzuetatik. Nik uste surrealismoak ere indar handia izan zuela gugan, hasieran haietan. Hain jolas librea zen! Gainera, guk garai haietan musika ere asko entzuten genuen: rocka eta sinfonikoa eta psikodelia, gero punka etorri zen beste ezpal batekin. Tiro oso libreak ziren. Bestalde, nik uste nahiko snobak izan ginela: orduan tradizioa-eta bertso-munduarekin lotzen genuen. Bertso-mundua maite genuen kantuagatik eta erreferentzia batzuengatik, baina... Ez zenituen gurasoak hil nahi, baina bai emana zetorren hizkera-modua pixka-pixka bat bihurritu. Eta horrela idazten genuen garai hartan: ez ikurrik ez maiuskularik... Eta hortxe kateatuta geratu gara gaur arte. Bulkada horri formalismo horretatik erantzutea kolpe bat jotzea zen, gauza oso txikiak eta konpaktoak idaztea kontzeptu edo irudi indartsu-usteko batzuekin. Garai hartakoak oso poema laburrak ziren gehienetan, eta horrek kinka batera eraman ninduen, Poza eta geroren ondoren, batik bat. Laburrean eman zitezkeen bai jolas lirikoak bai kutsu sozialeko mezuak, baina horrela kinka batera iritsi eta zeure buruari galdetzen diozu: bide honek nora narama? Ba, isiltzera igual, ez? Nik ikusi nuen irtenbidea diskurtsoa luzatzea izan zen: elementu narratiboak sartu eta kontakizun batera-edo ekarri orduan nebilzkien irudi horiek. Eman nahi nituen eslogan horiei egitura pixka bat diskurtsiboagoa eman, arnas luzeagoa. Jendaurrean irakurtzen hasteak ere erabat baldintzatu zuen idazteko modua. Nahiz gauza motz antzekoak izan, musikaltasunari eta erritmoari garrantzia ematen hasi ginen. Nik Miranderekin-eta flipatu egiten nuen garai hartan: goitik behera irakurtzen nuen eta asko gustatzen zitzaizkidan doinu haiek. Orduan, erritmoa eta musikaren sen hori lantzen saiatzen nintzen. Gero alderdi horretatik pittin bat laxatu egin nintzela uste dut, eta librexeago idazten hasi nintzela. Nahiz kadentzia batzuk-eta, ustez, zaintzen saiatu.
Esan duzu hasieratik gustatzen zitzaizun modu bat zela poesia. Poeta izan zara, batez ere: bederatzi poesia-liburu dituzu eta ipuin-liburu eta saiakera-liburu bana. Zergatik poesia?
Ez dakit oso argi. Modu friboloan erantzunda, nik uste intentsitatearekin duela zerikusia. Nik gero oso luze lantzen ditut poemak, baina ideia bat izango den muin hori oso denbora gutxian finka dezakezu. Aipatu dugun bulkada horri erantzuteko gai den oso genero aproposa da. Uneko kolpe horri erantzuteko. Gero mila orraztu emango dizkiozu, baina lehenengo arnas-kolpe horretan datorrenak, gehienetan, agintzen du gerora ere.
Beste generoetan nik uste diziplinak asko jokatzen duela. Eta ni diziplinatua banaiz, baina behin ja liburu bati begira lanean hasten naizenean, bestela oso kaotikoa naiz. Pentsatzen dut poesiari heltzen dion askoren kasua izango dela apunteak han eta hemen hartzea, egunkari muturretan-eta. Gero puzzle hori osatzen hasten zarenean, ikusten duzunean egon daitekeela hor zainen bat liburu edo publikazioren baterako, ja behin zorrotz jarriz gero horretara, nik uste banaizela diziplinatua, baina bestela batere ez. Poesiak nire neurriko adierazpide bat ematen dit. Nobela-eta ez zait burutik pasatu ere egiten. Hori unibertso bat domatzea da eta nik nahiko animalia handi bilatzen dut poema bat etxekotzeko ere. Ipuinekin probatu nuen eta ipuinetan ere ikusten nuen poesiaren kolpeko zera hori.
Orain arteko idazketa modua nolakoa izan den esan duzu. Oraingo liburu honetarako nola idatzi duzu?
Aurreko liburua baino lehen arau bat jarri nion neure buruari. Kapital publikoa arte, urte batzuetan, goizero idazten nuen orrialde bat. Goizero, jaiki eta gosaldu aurretik, gosaldu ondoren, hamar minutu hartzen nituen lanera joan aurretik, eta ri-ra orria bete. Klaro, horrela koadernoak osatzen dituzu parrastaka; baina txakurra da gehiena, eskoria hutsa. Halere, lanerako metodo bezala nik gehien akumulazioa erabiltzen dut, gauza mordo bat bildu eta gero joan ateratzen ezpalak. Hori kontraesanean dator, neurri batean, lehen aipatutako bulkadaz idazte horrekin, baina elkar-eraginak eta elkarrizketa moduak ere beti sortzen dira eta, orduan, lotura posibleek eramaten zaituzte gero beste muntaketa batzuk egitera.
Liburu honetako poemak, esango nuke, antzera idatzi ditudala, baina tartekatuago. Kontrolatuago, ez hain sistematikoki. Metaketa izan da, halere. Askotan, kezka izaten da argitaratzerako aurrekoan egin duzunetik pittin bat bereiztea. Nahiz eta zure ahotsa errekonozitu edo antzeman, gauza berdin-berdina ez dadila izan, behintzat. Gauza berdina egiteko hobeto gaude isilik. Baina ez naiz oso kontziente izan desberdin idazte horretaz berandu samarrera arte. Gero, lagunek irakurtzeak lagundu dit horretan. Haiek esanda konturatu naiz, agian beste era batera esan nahi izan ditudala gauzak.
Aitzakiatzat hartzen dut bigarren poeman: gaur egun nola idatzi edo zer esan. Zer esan, nik, kasu honetan. “Zer esan” ez da Adornoren galdera: Bigarren Mundu Gerra ostean poesiak zeri buruz idatzi behar zuen. Nire posiziotik, nahiko friboloa ere izango litzateke galdera hori hain larri planteatzea. Baina azkenean neure buruari egiten diodan galdera da: orain zertaz eta nola idatzi behar duk? Kezka hori hor dago. Bizi garen Lehen Mundu honetatik eta gure posizio sozial, politiko, ekonomikotik, ematen du zer pentsatua. Orain zertaz idatzi. Nik, alde batetik, lehenengo pertsonan idazteko hautua egin dut. Adinez ere nagoen unean egonda, hainbat gauza jazo dira azkeneko hamarkadetan eta aldaketa dezente ikustea tokatu zaigu. Disoluzioaren kontua, neurri batean, horrekin lotzen genuen. Eta, orduan, zertaz idatzi: lehen pertsona intimo batetik mundukoez jardun.
Aipatzen duzun poeman diozu: “beste poesia molde bat behar du une honek / herri honek / eta ez daukat nik”.
Kontua da: nik ez ote dut esan beharreko guztia esan? Berriz ere ez ote naiz ertz batera iristen ari? Alegia, isiltzeko garaia ez ote dut? Nik uste jende asko kezka horrek bizi gaituela. Esaten dut beste nonbait, gaur egungo munduaren seinaleak ez ditudala barrundatzen. Hemen bizi gara eta hemen gaude, eta ez gara atzokoak, gaur bizi gara. Nik uste, hain zuzen, asmoa badela hori, Disoluzio agiriak ez dela nostalgiaren atzera begiratze bat, hortik zerbait izan badezake ere. Gehiago dela gaurko izateko ahalegin bat, nahiz urtetan aurrera joan. Kuestionatu beharra ikusten nuen idazten ari nintzena, eta gaur esaten ari naizenak balio ote lezakeen inorentzat. Ni kontziente naiz poesia hau ez dela gaur egun behar dena, pretentsio handinahiegia litzateke hori. Baina azkenean ispilu aurrean jartzen zaituen galdera bat da: aber, txikito, zer egiten ari haiz? Eta esan behar duana esatea merezi al du? Nik uste akuilu bezala ere erabili dudala hori. Betiere, zalantza-eremu horretan, jakin gabe seguru pausoak non ematen diren, baina aurrera egin nahian. Nik uste beti mugitu izan naizela kinka horretan. Azken batean, jendartea gatazkatsua den bezala, gaur egungo gizakiok ere bagara gatazkatsuak edo poliedrikoak. Nik alderdi askotariko horiek erakutsi eta islatu nahi izan ditut. Disoluzio batean ere elementu era askotakoak sar daitezke: saturaziora iritsi bitartean, ore bihurtu artean, salda mehe-mehea izan daiteke eta izan daiteke halako morokil lodi-lodia ere. Molekula oso dibergenteak sartzen dira disoluzio batean. Eta nik uste liburu honetara ekarri ditudala alderdi dibergenteak izan daitezkeenak: naturako elementuak bezala, gogoetak, neure hildakoak, oroitzapenak, proklama zati sozialak izan litezkeenak. Nago holako nahaskilo antolatu antzeko bat ba ote dagoen.
“Disoluzioa”k hainbat adiera hartzen ditu liburuan.
Disoluzioa, alde batetik, elementu kimiko gisa ikusten nuen. Baina disoluzioa bada desegitea ere, disolbitzea, endekatzea, adiera sozio-ekonomiko politiko batean. Bestalde, disoluzioa aurrera egiteko beste modu bat ere bada. Hau da, bestelako antolaketa erak bilatzea, azken batean, hemen jarraitzeko. Disoluzioak eraikitze-deseraikitze jolas batera eraman nau, eta hor kreazioaren elementua azaltzen da: Jainkoa eta zazpi egunen kontua, gutako askok umetan Bibliatik ikasi genuen zazpi eguneko kreazio hori. Liburuak zazpi atal ditu. Nahi nuen, neure txikian, kolokan jarri bakarreko egiletza hori, hau dena Jainko batek egin duela, eta azpimarratu jendartea eraikitze sozial bezala, eta, azken batean, gure gorputza ere bai, eta hizkuntza. Eta eraikitze-deseraikitze horretan, Jainkoa eta dirua aipatzen ditut, sistema edo superregitura honen zutabeetako bi bezala. Jainkoa eta dirua askotan elkarri eskua emanda ere ibiltzen dira. Eta hor deseraikitze-ariketa bat egin nahi izan dut, azken batean, beste zerbait beste modu batera eraiki ahal izateko. Orduan, lerroren batean zera planteatzen da: zazpi egun Jainkorik gabe. Jainkoak zazpi egun behar izan bazituen mundua egiteko, guk beste zazpi egun har ditzagun beste zerbait egiteko. Ez dut esaten beste unibertso bat egingo dugunik, baina bai beste diskurtso-modu bat. Badaudelako zenbait egia edo gezur onartu kolokan jarri nahiko nituzkeenak maila poetikoan, maila apal honetan.
Aurkezpenean esan zenuen disoluzio horrek erreferentzia egiten diola nolabaiteko gizarte-aldaketa bati.
Gizarte-aldaketa nahi bati. Aldaketak nozitzen ditugun heinean, beti ari gara nolabait disolbatzen. Eta horrek bere ondorio sozialak ditu: disolbatzen zoaz zeu, baina inguru batean. Hor ore bat edota salda bat egiten zoaz besteekin. Gero, maila kolektiboan, ez da beharbada orain etxafuegoak botatzeko garai aproposena, gu bizi garen eremu honetan. Baina noiz izan da, ba, oraingoa baino askoz hobea? Zaputzek erakusten dute gauzak egiteko beste modu batzuk bilatu beharko ditugula, baina oraindik ikusten da bizirik dagoen jendarte bat. Nik disoluzioa bilaketa horretan ikusten dut.
Gero, paradisuaren ideia ere dezentetan ateratzen da: paradisu izoztua, paradisu hotza eta horrelakoak. Aipatzen dut paradisua nolabait kapitalak txintxo garenoi ematen digun sari bat izan daitekeela. Azkenean bada Jainkoaren irudi klasikoak edo diruaren irudi klasikoak ematen dizun ordain bat, otzana bazara. Ondo biziko zara, baina asumitu behar da Lehen Munduan gaudela eta Lehen Munduan egonik, ez baldin bazaude behintzat halako ergeltasun erabateko batek narkotizatuta, jende mordo bat ari garela paradisu horretatik kanpo uzten. Gero, irudi bat etortzen zitzaidan: sortu dugun paradisu hau ez ote den iglu handi bat, baina geure klima-aldaketarekin ez ote den urtuko eta ez ote gaituen azkenean azpian harrapatuta itoko. Neure baldarrean, nik uste ironia ttantta batzuk ere badaudela tarteka.
Gorputzaren ideiak ere pisu nabarmena hartzen du liburuan.
Dena gorputzean gorpuzten da. Azken batean, emana zaigun espazio- eta denbora-ontzia hauxe da. Komunikatzeko ere gorputza daukagu. Gorputza besterik ez daukagu, eta —melodramatiko jarrita— geure bizitza honetako naufragio honetan dugun salbazio-ohola gorputza da. Baina naufragoa eta salbazio-ohola berbera dira, eta beste hondarrik ez dago.
Fatalismoari hanka egiteko bidea zein da? Hor, poema batean aipatzen dut: “denok hilko gara / baina baldin gure hitzak eta ekintzak / non eta noiz mamitu asmatzen badugu / guztiz izateari utzi gabe”. Nik uste hor dagoela gakoetako bat: gure kapsula honetatik ateratzea eta komunikazioaren eta transmisioaren bidez besteekin zerbait hitzartzera iristea. Azkenean, zeure gorputzetik kanpora transzenditzea da. Keinuetan, objektu hauetan: hemen badaude hari batzuk lotzen gaituztenak elkarrekin. Kontua da hori estimatzen edo kontzienteki geure egiten jakitea, konturatzea egur hauek landu dituenaren eta geure artean badagoela lotura bat. Nik uste liburuak baduela hortik. Nola disoluzioa urtzea ere baden, pentsatu nahi nuke urtze horretatik zerbait geratzen zaigula. Azkenean da aguretzen ari den tipo baten kezka: hi laster joango haiz, baina hemen gauza asko bazeudek ez familiak ez estatuak lotzen ez dituenak, bestelako lurrun batzuk bazeudek. Espiritualtasun xelebreetan pentsatu gabe, baina ikusten nituen nik konexio batzuk eta horrekin ere topatu nahi izan dut.
Sentipena izan dut egoera ekonomikoari eta politikoari egindako aipamenak esplizituagoak direla liburu honetan. Alde horretatik, baten batek literatura “politiko”tzat hartu dezake zeurea. Nola ulertzen duzu zuk literatura politiko hori?
Nik egia esan literatura politikoaren etiketari ez diot beldurrik. Uste dut literatura egiten dudala, eta nik ez dakit beste modu batera egiten. Barruak hala eskatzen zidan eta hala eman diot bide. Poesian, mugitzen zaituzten gaiak azaltzen dira gehienetan. Ni liburuan agertzen diren gaiek mugitzen naute, eta askotan estetikoki interesgarriak izan daitezkeela iruditzen zait, kontrapuntuko mezu bat emateko. Errealitate itsusi batek markoztatutako pieza poetikoak izan daitezke batzuetan poema hauek. Edo, alderantziz: poesiaz jantzitako errealitate txatal batzuk. Baina intimora ekarrita. Betiere, nork beretik, norbere kezketatik, gorputzetik, minetatik edo pozetatik esanda. Ez dakit konstante bat den nire poesian, baina askotan iruditzen zait bi indar horien arteko konbinatoria bat ote den: barruko gauzatxoak eta gero kanpokoak, bi pareta horretan.