Solasean
‘Deklaratzekorik ez’ (Susa) lehen nobela argitaratu du Beñat Sarasolak (Gros, 1984). Aurretik bi poema liburu aurkeztu zituen, eta orain iritsi da eleberria aurkezteko unea. Nobelako protagonistak ez du bere buruarekin eta inguruarekin bakean bizitzea lortzen. Haren ibilerak eta hausnarketak Donostia eta Madril hirien artean kokatu ditu Sarasolak. Irakurleen iritzien zain dago, orain.
Orain, lehen nobela argitaratuta, idazlea zara?
Nobela bat argitaratu arte askok ez zaituzte idazle kontsideratzen. Zineman ere gauza bera gertatzen da. Urteak film laburrak egiten egon zaitezke, baina film luze bat egin arte ez zara zinemagilea. Koldo Almandozi entzun izan diot hori. Literaturan antzera gertatzen da. Halere, bi poema liburu nituen aurrez argitaratuta, eta izan zuten harrerarekin gustura geratu nintzen. Ez naute gutxietsi poeta gisara. Ia hamar urte pasatu dira nire azken literatur lanetik, eta baliteke jende batek ni ez ikustea idazle moduan.
Traizioa egin diozu zeure buruari, aurkezpenean aitortu zenuenez. 40 urte bete arte ez zenuela eleberririk aterako iragarri zenuen.
Sormenean planifikatutakoaren kontra egiten da askotan, ezinbestean. Gainera hobe izaten da arauaren kontra egitea. Nahiz eta ulertzen dudan zergatik esaten den hori. Nobelagileen inguruan, batez ere. Uste dut Ernest Hemingway-k esan zuela, lehenbizi bizi egin behar dela zer kontatua izateko. Ez nuke esango mota horretako idazlea naizenik, bizipenetatik horren estuki idazten dudanik.
Nik banuen istorio bat aspalditik buruan, bigarren poema liburua atera nuenetik. Hasi nintzen garatzen pixkanaka neure barruan. Azkenik, duela hiru bat urte hasi nintzen idazten, eta azken hiru urteak horretan eman ditut. Beste hainbat gauza ere egin ditut. Iristen da momentu bat istorioak berak eskatzen dizula erditzea, hau esatea topiko bat den arren. Ia 35 urterekin ateratzea egokitu zait, eta 5 urtegatik egin diot traizio nire buruari.
Idazketa prozesua, beraz, hiru urtekoa izan da?
Nobela mamitzen lehenago hasi nintzen, aurrelan asko egin nuen. Besteak beste, Gorka Arrese Susako aurreko editorearekin maiz hitz egin nuen. Azkenean iritsi zen nobela idazten hasteko momentua. Oso ondo gogoratzen dut eguna; 2016ko urtarrilaren 1ean izan zen. Lehen esaldia idatzi behar nuela erabaki nuen. Ez dakit zenbat esaldi idatzi nituen. Orduan hasi nintzen nobela idazten. Neure buruari jarri nion data eta abiapuntu bat. Orduan hasi nintzen eta kolpetik asko idatzi nuen lehenengo hilabeteetan. Gerora asko moldatu dut idatzitakoa.
Sautrela saioan aurkezle gisara aritu nintzenean oso gutxi idatzi nuen. Ez nuen denborarik hartzen horretara dedikatzeko. Hor egon da hutsune bat luze samarra denboran, eta hor berriro idazketari heltzea hilabete batzuen ondoren kosta zitzaidan. Oro har uste baino gutxiago. Hiru urte izan dira guztira, gorabehera askorekin.
Uste baino plazer handiagoarekin idatzi duzu nobela, ezta?
Bai, baina hastea kostatu zitzaidan. Azken bertsioarekin jarri nintzenean, hasiera hainbat idatzi nituen. Horietako batean, Saguesko horma ezagunean hasten zen nobela. Hiru edo lau hasierarekin saiatu ondoren abiatu nintzen idaztera. Orokorrean, eroso sentitu naiz idazten. Batez ere, azkeneko zatian. Nobelaren erdia urtebetean idatzi nuen. Ordurako historia eta pertsonaiak landuak nituen. Azken zatia gozatu dut idazten. Mareak aurrera eraman ninduen. Uste nuen gehiago kostatuko zitzaidala, baina gustura aritu naiz.
Ahulezia momentuak ere izan dituzu. Aurrera egiteko laguntzaile onak izan dituzu alboan?
Bai, eta hori oso garrantzitsua izan da. Urte hauen bueltan zortea izan dut ingurune literario gustagarri bat izateko. Poema liburuen lana bakartia izan zen, inork ez zekien idazten ari nintzenik. Ez nuen literatur zale askorik ezagutzen. Bakarrik egin nuen lan hori. 12 urte luze beranduago baditut nire konfidente literarioak, eta testuak pasa eta beraien iruzkinekin beste segurtasun bat hartzen duzu. Hori askotan ez gara konturatzen zein garrantzitsua den, ez bakarrik idazterakoan, edozein sormen proiektutan.
Une honetan eman dezakezun onena eman duzula adierazi duzu.
Inpresio horrekin bukatu nuen. Ez dakit ondo edo gaizki dagoen nobela hau, baina nik behintzat gaur egun ez dut uste hobeto idatzi dezakedanik. Badakit duela 10 urte ez nintzela gai horrela idazteko, eta espero dut 10 urte barru hobeto idazteko gai izatea. Ez dut presarik izan bukatzeko, ez naiz korrika ibili, eta neure burua estutu dut ahal nuen guztiraino. Uste dut idazle bati edo edozeini horrelako sormen lan baten aurrean bere onena ematea eskatu behar zaiola. Bestela, hobe da ez publikatzea edo etxean geratzea. Izan ere, gauza asko daude egiteko mundu honetan.
Antoni Gisberten koadro baten zatia da nobelaren azala. Zergatik hautatu duzu?
Nobelako zati batean agertzen da koadroa. Madrilgo El Prado museoan dago. Hortik tiraka, azala egiteko ideia sortu zen. Koadroa oso handia da, eta azala zati txiki bat baino ez da. Angel Aldarondok egin du. Era berean, azaletik gustatzen zaidan gauzetako bat da agertzen den laguntasuna. Koadroa osorik ikusita ikusleak badaki zer gertatzen ari den, egoera dramatiko bat islatzen duelako. Laguntasun moduko bat islatzen du azalak, hiru lagunen artean. Nolabait sinbolizatzen du nobelan agertzen diren lagunen arteko adiskidetasuna. Beraien artean konfrontazio politiko handia dago, baina sakonean badago kidetasun moduko bat. Protagonistak kidetasun horri eusten dio.
Istorioaren muinarekin ere bat egiten du azalak?
Lotura hori ere badago. Protagonistak Historia ikasi zuen, eta doktoretza bat hasi zuen karlismoaren inguruko ikerketa batekin. Bertan behera utzi zuen, eta karlismoarekin dabil bueltaka. Galdosen Zumalakarregi eleberria irakurtzen ari da. Koadro honetan azaltzen dena liberal baten exekuzioa da. Espainiaren barruan egon den gatazka historikoa da liberalen eta karlisten artekoa. Horrek ere lotura bat du euskal gatazkarekin.
Nobelako istorioa fikzioa dela azpimarratu duzu. Erabat?
Ehunetik ehun. Beste kontu bat da fikzio hori idazteko hartzen dituzun materialak. Zuk bizitakoa, ikusitakoa, entzundakoa, eta hori guztia transformatuta. Askotan gertatzen da ez duzula hartzen zuzenean bizi izan duzun zerbait. Bizitzen ari zarenaren alternatiba bat izan daiteke, edo beste bati ikusi diozun zerbaiten aldaera. Orduan, jakina, sakonean ni eta nire ingurua gaude. Hor elaborazio prozesu bat dago nahiko luzea eta konplexua dena. Azken emaitza fikzioa da. Hor ez dago nik bizitako zerbait. Inguruan ikusi, sentitu eta entzun dudanaren emaitza da. Azken batean, nobelaren testuinguruak, giroak eta pertsonaia askoren trazak nire inguruaren antza dute.
Protagonistak ez du izen-abizenik. Zergatik?
Jolas moduan hasi nuen zerbait da, eta horrela geratu da. Bi arrazoi daude horren atzean. Batetik, literaturan tradizio luze bat dago nobela eta kontakizunetan, izenik gabeko pertsonaiena. Omenalditxo bat egin diot tradizio horri. Bestetik, neure buruari erronka bat jarri nion. Euskarak badauka muga bat gaztelaniarekiko generoa markatzen ez delako. Batzuetan zaila da bereiztea. Dena dela, izenik gabeko pertsonaiari eusteko saiakera egin nuen. Jolas moduan hartu eta bukaeraraino iristea lortu nuen.
Liburutegiko langilea da protagonista. Zorrotza, izaera zailekoa. Zergatik aukeratu duzu horrelako pertsonaia bat?
Gu bezalako edo antzeko pertsonaiez beteta dago literatura. Ariketatxo bat egin dut gugandik erabat urrun ez dagoen pertsona bat erretratatzeko. Liburu honen irakurle tipoari urruti samar edo arrotza egingo zaion pertsonaia bat lantzen saiatu naiz. Uste dut, irakurle mota horri auzitan jarriko dizkiola gauza asko. Zauri batzuetan ozpina botatzen du. Batzuetan asaldatuko da irakurlea eta besteetan barre egingo du egoera ridikuluak sortzen zaizkiolako. Bilatu nahi izan dut irakurle eta pertsonaiaren artean ez egotea identifikazio erraz bat.
Joera erraza dugu literaturan eta zineman pertsonaia batekin identifikatzeko. Saiatu naiz hori ez izatea hain erraza. Irakurlea zirikatzen edo deseroso sentiarazten saiatu naiz. Baina hori oso erlatiboa da, irakurle motaren araberakoa delako. Petrala eta deserosoa da pertsonaia, iritzi politikoetan, izaeran eta esaten dituen gauza batzuengatik. Niretzako garrantzitsua da. Ez izatea erabat atsegina irakurlearentzat. Azkura pixka bat eragitea gustuko dut, eta akaso pertsonaia honek lortuko du.
‘Karlistarik gabeko herri karlista da gurea’ dio protagonistak, solasaldi baten erdian.
Ez da kontu berria. Euskal Herriari egotzi izan zaio karlismoaren oinordekoen emaitza dela. Egungo egoera politikoa, batez ere. Karlistak ez daude politikoki egituratuta, Nafarroan zerbait bai, baina erabat bazterrekoak dira. Pertsonaiak esan nahi duena da gelditzen dela gu guztiongan karlismoak eragindako pentsamolde eta bizimolde moduko bat. Nahiko kontserbadorea, nahiz eta diskurtsoan ziurrenik ez. Kanpotarrarekiko mesfidatia dena. Norbere ingurua babesteko joera duena; batzuetan gehiegi. Pertsonaiak joko hori egiten du. Hau da, karlistarik ez dagoela gaur egun, baina karlismoak hor jarraitzen duela transformatuta.
1996ko lau pasarte daude nobelan, lehen pertsonan kontatuta. Euskal gatazkaren isla dira?
Lau egun dira, lau pasarte oso konkretu pertsonaiaren iraganekoak. Nobelan iragan hori azaltzea garrantzitsua zela uste nuen, pertsonaia nondik datorren ulertzeko. Uste dut nobelako hari nagusia beste modu batera ulertzen dela lau pasarte horiekin. Pertsonaiak badu diskurtso bat, baina hor azaltzen diren gauza batzuk hobeto ulertzen dira iraganeko gauza batzuekin. Jakina, iraganeko pasarte horietan azaltzen da hemen bizi izan diren gatazka politikoaren gauza mingarri ugari. Neurri batean, egia da, irakurlea oso identifikatua sentitu daitekeela garai horrekin. Donostian gertatzen da, gainera. Iraganaren berpizte moduko bat da.
Donostia eta Madril dira agertzen diren bi hiriak. Zergatik bi hauek?
Ba egia esan, Donostia hautatzearena berezkoa da. Ondoen ezagutzen dudan hiria da, nahiz eta asko aldatu den, eta aldatzen ari den azken urteetan. Identifikazio pertsonal bat dago garai bateko hiriarekin eta egungoarekin. Kontaketa hirian kokatzerakoan zailtasun batzuk izan ditut. Ez nuen Donostia modu pintoresko batean agertzerik nahi. Agertoki sinesgarri bat lortu nahi izan du, eta azaltzen diren gauza batzuk lotu istorioarekin. La Equitativa eraikina azaltzen da, adibidez. Neure buruari erronka jarri nion Donostia agertzekoa baina ez edozein modutan, justifikazio narratibo baten menpe baizik.
Ondoen ezagutzen dudan bigarrenhiria Bartzelona da. Logikoena hara joatea zen. Kontraste moduan Madril aukeratzea erabaki nuen. Nobelarentzako aproposagoa zen. Madrilen bereziki pisua dute museoek eta arte munduak. Protagonistaren bikotekideak Arte Ederrak ikasi ditu eta hara doa master bat egitera. Reina Sofia eta El Padro erakutsi nahi nituen.
Egungo Donostiaz zer pentsatuko luke protagonistak?
Eleberrian esaten ditu gauza batzuk. Ziurrenik ez litzateke batere pozik egongo azken urteetako joerarekin. Alderdi hori transideologikoa dela uste dut. Ideologia desberdinetatik gauza antzekoak ikusten ditugu. Turismoarena da gai nagusia. Turismo gehiegizko honek zer nolako inpaktua duen Parte Zaharrean eta Erdialdean. Pertsonaiak harreman estua du Parte Zaharrarekin. Seguru nago egungo egoerarekin ez litzatekeela gustura egongo, ezta ere garai batekoarekin.
Harkaitz Cano alboan izan zenuen aurkezpenean. Egiako Ttan Ttakun irratian elkarrizketa bat egin zenion. Zeinek esango zizun hamarraldi luze baten ondoren alboan izango zenuela?
Ohore bat da. Egun hauetan gogoratu naiz elkarrizketa horrekin. Literaturaren zaletasuna oso modu bakartian eraman nuen urte askoan, Gorka Bereziartua ezagutu nuen arte. Bide horretan oso garrantzitsua izan zen Canoren literatura ezagutzea.
Gogoan dut astebetean nola irakurri nuen Piano gainean gosaltzen, eta gero jarraian Pasaia Blues liburua. Gerora Canoren beste hainbat lan irakurri nituen. Garai hartan musika saio bat egiten genuen Ttan Ttakun irratian. Ez genituen elkarrizketak egiten, baina aitzakia polita iruditu zitzaidan Canorekin harremanetan jartzeko. Halaxe proposatu genion elkarrizketa, eta berak esker onez baiezkoa eman zuen, eta halaxe egin genion.
Egun hauetan ari nintzen gogoratzen gustura irakurriko nukeela bidali nion e-mail hori, baina galduta daukat. Niretzako elkarrizketa hori oso garrantzitsua izan zen. Asko miresten nuen Cano, eta jarraitzen dut miresten. Oso adeitsua izan zen 17 urteko gazte harekin. Abiapuntua izan zen niretzat.
Nobela argitaratuta, zer da espero duzuna?
Lehenik, nobela honek arnasa izan dezala. Ea zein irakurlerengana iristen den eta zein irakurketa izaten dituen. Niretzako inkognita bat da hori. Anbiguotasuna bilatu dudanez protagonistarekin, niretzat misterio bat da jendeak nola irakurriko duen. Desiratzen dudana da nobela honek bere irakurleak topatzea, eta bidetxoa egitea datozen hilabeteetan.
Gogoa duzu zure liburuaren inguruko iruzkinak irakurtzeko?
Bai irakurriko ditut. Badakit literatur kritikaren lana zer den, eta zein baldintzatan egiten den. Ez zaio neurriz kanpoko garrantziarik eman behar. Horrela ere, irakurketa kualifikatu gisara interesgarriak izaten dira iruzkinak.
Nobelagintzari jarraipena emateko asmoa duzu?
Une honetan baietz esango nuke. Luzea izan da prozesua eta neketsua, baina gustu handiz egin dut. Etorkizunean beste nobela bat idazteko moduan ikusten dut nire burua. Aurrerago ikusi beharko da. Argi dudana da proiektuei bere denbora eman behar zaiela, ondo mamitu behar direla, eta saiatu behar dela norbera bere buruarekiko ahalik eta zorrotzena izaten. Publikatzea sinetsita zaudela. Baina momentuz tokatzen da ikustea nobela honek zein ibilbide egiten duen.