literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Iratxe Esnaola
Argia, 2011-06-05
[iturburua]
Iņigo Aranbarri:
«Gorroto dut boterearen hizkuntza»

Zamaontzia da Iñigo Aranbarriren azken eleberria. Esan gabeak du bertan garrantzia, bigarren mailan isilka-misilka datorren barne zurrumurruak. Lehen planoan daude Vallejo familiako hiru belaunaldiren harreman gatazkatsua, ebatsitako haurren afera eta arrotzaren presentziak gurean sortutako erreakzioak. Horiek denak lotu ditu ezkutatzen zaiguna eta duguna iradokitzeko.

Hamabost urte atzeragoko gertakizunez ari zaio Nerea Vallejo aitari hizketan. Aitortza bat al da? Idatzitako gutuna?

Ez nago seguru idatzizko aitorpena denik, jario luze gisa ikusten dut, bakarrizketa da gehiago, bi helburu dituena. Batetik, aitari garbi uztea noiz eta zergatik eten zen bien artekoa. Aitonaren heriotzarekin garai bat ixten da, horra iragana berriro bizitzeko aitzakia. Eta, bestetik, bere buruarekin gertaeren garraio-ariketa hori egitea benetan zer gertatu zen jakiteko. Askotan pasatzen baita zerbait berriz bizi nahian hasten garenean zalantza sartzea, ea gogoan dugun hori hala gertatu zen benetan edo moldatuta gorde dugun akorduan, bizitzen segi beharra dagoelako. Pertsonak berarekin daraman zerbait dela uste dut hau. Gertatu zena ez dugu inoiz berriz biziko. Gainera, geure burua zuritzeko baliabide aproposa ere bada.

Abandonua gai nabarmena da, hainbat alorretan. Familia artekoa, adibidez. Baina baita haur lapurtuekiko edo atzerritarrekiko, instituzioen partetik.

Gaitz zabaldua denik ezin uka utzia izatearen kontu hori, ez da zaila azaltzen, denok gaude edo egon gara inoiz abandonatuak, eta administrazioa denean ez da okerrena. Alabak aitari leporatzen diona hori da hain justu, nola utzi zuen bazter karrera politikoa leheneste aldera. Abandonua hemen esteka da, sentimendu mailako hari bat pertsonaia nagusi guztiak lotzen dituena. Nolanahi, aitari leporatzearena oso agerikoa da. Horren azpian bada beste geruza bat, eta hori da benetan interesatzen zaidana, alegia, konturatzerako nola aldatzen den gizarte bat errukitik destainara. Kasu honetan, eta arrotzak herriak agertzen direlarik, susmoaren kultura da nagusitzen dena. Ezinegonaren indarrak nola zikintzen gaituen erakusten ahalegindu naiz, oso geurea den giza miseria azalerago utzi.

Eta ezinegon horretan aitak alaba arrotzaren aurrean “babestu” baino, posesiotzat hartzen du.

Bai, hori da motorretako bat, eta hutsa aitarena bakarrik balitz… Herrian ere aldaketa ematen da. “Jabetza” hor dagoelako, hamaika eratan. Dirurik ez duen jendearengandik espero dugu metroa ez ordaintzea, baina ordaintzen dutenean orduan larritzen gara. Baina nola ordain dezakete ez badute dirurik! Horren azpian dagoen mekanismoa da atera nahi izan dudana, bigarren maila horretara iritsi, giza kondizioaren hezurra jo.

Narrazioaren ikuspuntutik, lehenengo pertsonan eta perspektiba bakarretik datorkigu kontakizuna. Ez zenuen ikuspegi gehiago nahi?

Ez, ez dut nahi izan. Bakardadearen sentsazioa areagotzeko egin dut horrela. Eleberria drama soziala da, baina minuskulaz idatzitako “ni”-rik txikienetik kontatua. Horregatik dira denak bakarrak. Bai marinel arrotza, bai eta familiako hiru belaunaldiak ere, aitona Mateo, aita eta Nerea bera.

Bakardade horrek mina dakar eta minaren erreakzioa isiltasuna da. Zer dio isiltzen denak, isiltzen denean?

Isiltasunarekin aita zigortu nahi du Nereak. Aita antipatikoa egiten da, dudarik gabe, baina uste dut ez dela gizon krudela, ez dio sufrimendurik eragin nahi alabari; kontua da ez duela asmatzen. Pertsona utzia da, hori bai. Aldrebes bat. Baloreen lehian lehenago du lana eta karrera politikoa etxeko arazoak konpontzea baino. Beraz, haserretik datorkion erantzuna du isiltasuna Nereak, beste batzuekin hitz egiten baitu.

Neska nerabearen eta emakumearen larruan sartu zara, bai eta sinesgarri egin ere. Idazleak edozein pertsonaren esperientzia erreproduzi dezake?

Edozein ez nuke esango. Adibidez, emakume batek poesian hitz egiten duenean bere barne geografiaz, hori ezinezko nuke erreproduzitzea. Kasu honetan neska da, baina kontatzen duena kontatzen duen mailan, egin daiteke idazlea gizona izanik ere. Duen alde afektiboa hori da, afektiboa. Plano horretan ez dut zailtasunik ikusten.

Ez da azpimarratu nahi izan lesbiana denik.

Neska batekin du harremana Nereak, hor du behar duen babesa, orain eta hemen, emakume batek ematen dio munduaren aurreko txerazko aterpe hori. Kito, hori da dakiguna. Heterosexuala balitz ez dut uste ezertan aldatuko litzatekeenik kontakizuna planteatuta dagoen bezala egonda.

Iragana berreraikitzen oso tematua dago Nerea. Zertarako, gauzak ez badira izan ziren bezala gogoratzen?

Bere burua sendotzeko seguru asko. Behar du definitu, behar du aitaren kontra egin, hain dago mindua egin zionarekin. Iragana kontakizunera ekarrita bere burua osatzen ari da, marrazten ari balitz bezalaxe.

Gerra ostean lapurtutako umeen gaia ere ageri da. Memoria historikoan, ez daude hildakoak bakarrik. Zer gehiago dago?

Larderia dago. Irabazleek ezartzen duten gizarte-logika dago, sufrimendua eta lotsa sentiarazterainoko jarrerak daude. Gizartea ez ezik honen pozak, tristurak eta beldurrak kontrolatzearen harrokeriaz ari naiz. Logika horretan sartzen da umeak ostea, hemen zein munduko edozein bazterretan. Eta ebatsi ondoren lotsa, eta izua, eta belaunaldiz belaunaldi pasarazi nahi den isiltasuna. Heriotzarena berarena baino ikaragarriagoa egiten den hizkuntza da larderiarena, seguru asko mailarik pribatueneraino sartzen zaigulako.

Memoriak baditu milaka aurpegi. Zulo bat uretan zure aurreko eleberrian ere mintzagai zen. Gerra ostean hildakoena; Latinoamerikako diktaduren memoriarena. Zure kezka iturri da.

Badira disimulatu ezin diren obsesioak. Zuk diozun hori da nireetako bat. Bateko zein besteko kasuak gertutik bizitzeak are barnerago sartzen dizu harra. Eta ez dakizu bila ibili zarelako ezagutu dituzun ala eurak diren zure bila ibili direnak. Nik ezagutu izan dut eleberriko Mateo Vallejo, gertukoa nuen. Bitan bahitu zuten. Aurrena gurasoei, eta gero hiru urtera arte bularra eman zion emakumeari. Hil baino urtebete lehenago jakin zuen nor zen, neuk bizi izan nuen nola bortxatu zuen iraganak gizona. Ez daukat ahazteko. Berriz diot; gorroto dut boterearen hizkuntza hori, eta izua diot, isila delako, ohartzerako sarin-gasa bezala sartzen zaigulako biriketaraino...

Ume lapurtuen arduradunak aurkitzea ez da samurra…

Nola izango da ba, arduradunak, eleberrian bezala, etxekoak badituzu. Senide guztiek hartutako erabakia da txintik esan gabe hiltzea. Zirrikitu bat baino ez da gelditzen agerian eleberrian. Horra idazlearen leiho bakarra mundu hori erakusteko. Pentsa zenbat diren leihorik gabe joan diren istorioak, betirako amatatu direnak. Hori ere bada literaturaren eginbeharretako bat.

Serenity Star da Abran ez aurrera ez atzera dagoen zamaontzia. Bertan daudeabandonatuak langileak administrazioek zer erabakiko zain.

Enpresek abandonatutako tripulazioak hor egon dira beti, Bilbon, Pasaian zein Bokalen. Nahikoa da begiak izatea ikusteko. Ez da oraingoa, eta unibertsala da. Patagonian, urteak zeramatzan zamaontzi bat ezagutu nuen Caleta Olivian 1999an. Normalean portuetako langileek lagundu ohi diete, nazioarteko marinelen sindikatuek... Zorte pixka batekin jendeak emandakotik bizi izan dira.

Marinel atzerritarrei euskaldunek egindako harrera nolakoa da? Lehen ere esan duzu errukitik destainara zer azkar pasatzen garen.

Nik uste dut beharra duen diferentearen aurrean sentitzen duguna hurrengoa dela: prest gaude laguntzeko baina nahikoa da susmo txiki bat, keinu bat, detaile zatar bat, eman dugun adina gorrotatzeko. Ez da xenofobia agerikoa, baina ez da berdintasunetik ulertzen. “Geureekin” barkaberagoak gara.

“Drama ikuskizun bihurtu den jaiera honetan” diozu. Eguneroko komunikabideetan bezala?

Ez dago azaldu beharrik zein den morboaren bidea. Gogoratu hemen jendea gerra ikustera joaten zela. Bada memoria liburu bat Azkoitian apaiz izan zen Joxe Izurrategirena, bertan Elosu gainera nola igotzen ziren kontatzen du, zertara eta fronteko bonbak nola lehertzen ziren ikustera. Poztu egiten da gizona danbatekoekin, futurista bat dirudi. Horixe, gerra ikuskizun. Orain ez dugu izerditu beharrik ere, nahikoa da telebista piztea umeak laztantzen ditugun bitartean.

Abrako golkoa da eleberriko espazio nagusia. Lekua apropos aukeratua dago.

Jakina. Ez da esaten, baina Algortako Portu Zaharra izan daiteke. Atzerriko marinelekin hitz egiteko ingelesez ondo dakien hamahiru urteko neska bat behar nuen, portu industrial bat, metroa eta hegazkinak, eta era berean herri bildu gisa bizi den komunitate bat. Nik bizi izan nuen Algorta hura. Baina ez izanda ere, zer. Literatura da.

Izenburura gatozen: zamaontzia. Bizitzak zamaturik gauzka. Ez dakit idazketak zama arintzen duen.

Niri ez. Istorioa bukatuta ere, ez naiz lasai geratu, ez dut liberaziorik sentitu. Lehenaz gain, zama norberarekin dator. Baina hori ez da berria, ezta?

Idatzi ez bazenu hobe, beharbada?

Nahiago nuke! Horrexegatik idazten dugu, ordea, horrelako istorioak horrela kontatu beharra sinetsita bizi garelako.

Eta iragana ate joka izaten dugulako maiz. Beti iraganaren itzala eta kezka gainean.

Gustatuko litzaidake bestela idaztea, iraganaren pisurik gabe, garena ez garela haien itzala sinetsita, libreago, hona eta orain asteroide bat bezala zeru garbitik erorita. Hiztegia hartu eta min ematen diguten hitz guztiak ezabatuta aurkitu. Ez dut esperantza galdu, baina honezkero hurrengo Big Bangaren ostean izan beharko du.

 

Bilaketa