literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Felix Ibargutxi
El Diario Vasco, 2019-01-12
[iturburua]
Iņigo Aranbarri:
«Egunero zapaltzen ari gara giza flysch bat»

Iñigo Aranbarri eskarmentu handiko idazleak bere lehenbiziko pausoa eman du ipuingintzan: 'Munduko tokirik ederrena'

Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1963) besteak beste eleberria eta olerkia landu izan ditu orain arte, baina lehengo azaroan 'Munduko tokirik ederrena' (Susa arg.) plazaratu zuen, hamar ipuin dakartzan liburua. Estreinaldia ipuingintzan. Euskal Filologia ikasi zuen eta Durangoko Hizkuntza Eskolan egiten du lan. Lekeition bizi da.

Ipuinetan Urola aldeko mikrokosmosa azaltzen da. Ez da 'Urola' hitza aipatzen, baina aztarna batzuk ematen dituzu: garai batean kartzela izandako eraikina, orain anbulatorio dena, erreka... Liburuak badu batasun paisajistikorik.

Eta kupula, Loiolakoa, hori ere agertzen da. Nik ondoen ezagutzen dudan bailara da. Liburuko istoriook, oinarrian, nik ezagututako pertsona eta gertaerak dituzte. Baina oinarrian... gero fikzionatu egin ditut erabat. Ez dira kronikak, inondik inora. Pentsatu nuen egokia izango zela norberaren 'atzo' horretatik abiatzea, norberak ondo ezagututako giro horretan kokatzea istorioak. Hala ere, pertsonaiek ez dute Urola mailan jokatzen soilik, balio unibertsala dute.

“Hor dugu mutilen arteko moztadea ere. Zer motzak izan garen sentimenduak adierazteko!”
“Liburuko istoriook, oinarrian, nik ezagututako pertsona eta gertaerak dituzte”

Tarteka drogak azaltzen dira istoriootan. Urola aldea ere kolpatu zuen drogak, jakina.

Bi ipuinetan agertzen da heroina, edo heroinaren aztarnak. Gure belaunaldiak ondo ezagutu zuen trafikoa eta kontsumoa, eta nire atzo hura kontatu nahi nuenez, ezin hori aipatu gabe utzi. Dena den, ez droga eta ez indarkeria dira liburuko gaiak, atzean dagoen teloia dira. Gai nagusia pertsonen arteko harremanak dira, edo hori nahi izan dut behintzat.

Tabernan elkartzen dira gazteak. Zure liburuan bada bat, 'The Moon' izenekoa.

Ipuinetako batek taberna du kokalekua, hor gertatzen dira gauzak nagusiki, eta beste ipuin batean, taberna hori nola sortu zen agertzen da. Lehenengo pub haietaz ari naiz.

Ez txikiteroen tabernak, gau-girokoak baizik.

Hori da. Gazteagoen tabernak. Hala ere, orduko pub haiek orain dezente aldatuta daude.

Zer moduz moldatu zara ipuinaren neurri horretan? Orain arte eleberriak publikatu izan baitituzu.

Eroso sentitu naiz, buruan neuzkan istorio hauek garbi neukalako ipuinentzako modukoak zirela; liburuko azkena izan ezik, hori eleberria ere izan zitekeen, baina etsi-etsian liburuan sartu dut. Gainera, pentsatu nuen liburua ixteko istorio ona zela, zeren liburua bi lagunekin hasten da, eta bi lagunekin bukatzen. Esaten dizudana: eroso ibili naiz. Ni ez naiz idazkera luzekoa. Seguru asko literatura uler-tzen dudan moduagatik, ni ez naiz gehiegi azaltzekoa.

Azaltzen da Loiolako santutegiko kupula, baina gero ez da fraide eta apaizik agertzen.

Ez zen nire asmoa bailararen argazki bat egitea. Fikzioa egiteko erabili dut bailara.

'Atzoko' hizkera agertzen da zenbait hitz eta esamolderen bitartez.

Nik egunerokoak ditut horrelako hitz eta esaerak, giro horretan nabilenean. Besterik da beste giro bateko jendearekin hizketan ari zarenean. Horrelako hitzek, liburuan, ez dut uste komunikazioa oztopa-tzen dutenik.

Liburuaren kontrazalera esaera hau ekarri du editoreak: “Giza flysch basa bat da bizitza”.

Ez dakit adin kontua den, seguru asko bai. Gero eta gehiago gertatzen zaidan gauza da: bazoaz paseoan eta segituan etortzen zaizu burutazioa: aiba!, hemen zer zegoen lehen?, eta hor? Ez da bakarrik aldaketa urbanistikoa izan, sentitzen duzu beste pertsona batzuk zeudela. Izan ere, ez gara lehenak, zapaltzen ditugun toki guztiak habitatuak izan dira, jendea egon da bertan, eta horren gainean gara garena... Ez gara lehenak mundu honetan, egunero zapaltzen ari gara giza flysch bat. Nolabait, produktu historiko bat gara. Ez dira mamuak, baina liburuan badaude iraganeko itzal batzuk denbora guztian.

Liburua aurkeztu zenuenean, aldamenean Anari izan zenuen, eta hark esan zuen liburu honetan literatura maskulinoa dagoela. Alegia, emakume gutxi agertzen dela.

Beno, agertzen dira emakume batzuk, eta tabernan badaude neska batzuk zerbitzatzen... Hor badago maskulinitateari lotutako gauza bat, interesatzen zaidana: xamurtasunaren kontua. Mutilen artean, nahiz eta lan-giroa gogorra izan den, egon da xamurtasun bat, gehiegi erakutsi edo lagundu ez duguna literaturan. Eta hor dugu mutilen arteko moztadea ere, zer motzak izan garen -eta garen- oinarrizko sentimenduak adierazteko! Hor ditugu gizon gazte horiek, laguna hil zaiena lan-istripu latz batean, eta joaten direnean alargunarengana kapaz ez direnak behar den bezala hitz egiteko, pertsonen moduan.

Lan-istripu benetan latza ageri da ipuin horretan: fundizioan burdin-salda erortzen zaio gainera langile horri. Benetako gertaera al da?

Oinarrian badago antzeko gertaera bat.

Bonbak bezalako esaldiak bilatzen dituzu”, esaten du protagonista batek. Zuk zeuk ere hori bilatuko zenuen, ezta?

Bai, generoak horretara eraman nau. Ipuin batean ezin zara luzamendutan ibili.

 

Bilaketa