literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Gorka Bereziartua Mitxelena
Argia, 2019-01-13
[iturburua]
Harkaitz Cano:
«Errealitatea baino egiazkoagoa»

Twist (Susa, 2011) argitaratu zuenetik nobelarik publikatu gabe zegoen Harkaitz Cano eta hura bezain indartsua den apustu batekin itzuli da: Fakirraren ahotsa (Susa, 2018). Imanol Larzabal zenaren bizitza fikzionatu du, joan-etorri eta gorabehera handiko lau hamarkadaren erretratua eginez. Donostian elkartu gara berarekin, liburuak eragin dizkigun galdera sorta bat eskuan.

“Argi geratu behar luke gure ardura ez dela errealitatea ekartzea, baizik eta pentsagarria den eta errepresentatua izan ezin den zerbaiten aipamenak asmatzea”, idatzi zuen Jean-François Lyotard filosofoak. Fakirraren ahotsa nobelari buruz ari baldin bagara, esaldiak zentzu handia du. Imanol Larzabal kantariaren ibilbidearen parte batek ezagutu ditu errepresentazioak, kontatu zaigu haren historia erreala. Gutxi gorabehera, hau izan daiteke: ETAko kide izan zen, gaztetan Euskal Herritik alde egin behar izan zuen horregatik; musika militatzeko modu gisa ulertzetik arteari berezko balioa ematera pasa zen, kantari bihurtu zen, kantari eta ez beste ezer, konpromiso politikoa baztertu ez bazuen ere, ez Joseba Sarrionandiaren ihesaldian lagundu zuenean, ezta ETAren kontra agertu zenean ere, Yoyesen hilketaren ondoren; eta azkeneko hori zela-eta, mehatxuak eta boikota jasan zituen, haren ordura arteko inguruak baztertu zuen, alde egin zuen Euskal Herritik bigarren aldiz, oraingoan ia erabateko bakardadean hiltzeko.

Kontakizun hori egina dago, telebistan, prentsan, Imanol oroitzeko antolatu diren ekitaldietan. Baina, hori al da kontatzeko dagoen guztia? Zer geratzen da errepresentatu gabe? Zer ezin da errepresentatu errealitatea ekartzeko erabiltzen ditugun ohiko formen bidez? Azken batean: ze aukera dauzka nobela batek, fikzioak, datu kontrastagarrietan oinarritzen diren generoek —biografiak, dokumentalak— ez dauzkatenak? Fakirraren ahotsa-k galdera horien erantzun posible bat ematen dio irakurleari, Imanol Lurgain pertsonaiaren lau hamarkadako bizitza kontatuz. Fikziozko Imanol: ez erreala, bai egiazkoa.

2017an, nobela idazten ari zela, mezu bat jaso genuen erredakzioan, artean Susa argitaletxeko editore zen Gorka Arresek bidalia: “Imanol Larzabalen argazkien bila nabilek, nobelari portada artistiko samar bat egiteko gero. ARGIAren foto artxiboan oraindik gordeta al daude haren argazki zaharrak?”. Irudien bila etorri zenean esplikatu zuen Cano egiten ari zen dokumentazio-lan eskerga. Prozesu horretaz galdezka hasi dugu elkarrizketa.

Zenbat elkarrizketa egin dituzu nobela honetarako materiala biltzeko?

30 inguru izan direla uste dut.

Eta nola planteatu zenuen kontatu nahi zenuen fikzioaren eta oinarritzat hartu duzun errealitatearen arteko harremana? Material hori eskura edukita, ez zara kazetaritzarantz edo dokumentalerantz lerratu.

Eliminazioz, segur aski. Ez dakit kazetari lana egiten. Neukan materiala kazetaritzarako modukoa zen, baina gauza asko kazetaritzako parametroen arabera egiaztatzen konplikatuak ziren, testigantzak ziren heinean, duela urte askotako kontuak, bertsio diferenteak… Nobela idazteko ez ditut hainbeste erabili datuak, baizik eta pertzepzio subjektiboen mutazioak. Jendea elkarrizketatzen duzunean, nahiz eta gaia eta helburua bat izan, bere bizitza kontatzen dizu jendeak, ikertzen ari zaren gaiari buruzko kontuak baino. Eta ni kazetari-galdetzaile oso eskasa naiz: jendeari hitz egiten uzten diot, nire inpultsua ez da etetea edo esatea “baina lehen hau esan duzu eta, hala ere, orain beste hau diozu”, lan hori ez dut egin. Jendearekin hitz egin nuen, ez nuen ezer grabatu, apunteak hartzen nituen horrelako koaderno batean [kazetaria oharrak hartzen ari dena seinalatuz] eta horrelako bizpahiru bete nituen. Baina gero konturatu nintzen oso gutxitan jotzen nuela koadernoetara, ez bazen gauza zehatzen bila. Ez zitzaidalako interesatzen datua bera, kronika zehatza, non eta noiz egon zen norekin.

Lehen kapituluan eta azkenekoan zure burua agertzen da. Aipatzen duzun prozesu hori erakusteko modu bat izan da?

Deskargu-plegu bat ere izan daiteke, esanez “idazlea naiz eta idazleok honela funtzionatzen dugu, hau da egin dudan sakrilegioa”. Lehenbiziko kapituluan eta azkenekoan agertzen den zinta horren historia benetakoa da, zinta hori existitzen da eta zinta horretan dagoenaz kontatzen dudana da benetan dagoena. Ez zen guztiz horrela izan, noski; ez zen Jean Pharosekin izan, Joxan Goikoetxearekin baizik.

Zergatik Imanol Larzabal?

Bi gauzarengatik: batetik, jazzeko estandarrak dioen moduan, “for sentimental reasons” [arrazoi sentimentalengatik]. Hementxe, hemen bizi izan zen Imanol [elkarrizketa egiten ari garen kaleko eraikin bat seinalatu du hatzarekin] eta ni etxe horretan egon nintzen. Imanol ez zen bertan bizi momentu horretan, baina haren gauza batzuk bazeuden oraindik. Kasualitatea izan zen, nire izeba bat han bizi izan zen etxea berralokatuta. Eta umetan, nik hamar urte-edo izango nituen, etxe horrek niretzat ez zeukan zerikusirik ezagutzen nituen beste etxeekin: leiho borobilak, kuxinak lurrean, olio-pinturak paretetan, disko pila bat lurrean… Badaukat oroitzapen hori, artista baten etxea lehenbiziko aldiz ezagutu nuenekoa. Eta orduan esan zidaten: “Hemen bizi da Imanol”. Nik ez nekien nor zen. Eta geroago entzun izan nuen Imanolen musika —oso gazte frikia nintzen, entzun nezakeen Serrat eta Imanol eta entzun nezakeen Kortatu eta Zarama—, adoleszentzia garaian gustatzen zitzaizkidan bere kantak, batez ere erromantizismoa poro guztietatik zerienak. Poesiara iristeko nire modua ere hori izan zen, saturazioz, jakin gabe poemak zirela Imanolek kantatzen zituenak, Koldo Izagirrerenak edo Xabier Amurizarenak zirela. Hori hasteko: baneukan lotura bat, pertsonaia berezi batenganako erakarmena. Eta bestetik dago denok ezagutzen dugun historia, Imanoli buruz daukagun mito greziarraren kontakizun ia biribil eta gogor hori, bukaera gordin horrekin; hori benetan horrela ote zen, edo zer punturaino zen horrela jakin nahi nuen.

Kontraste interesgarriak aurki daitezke Fakirraren ahotsa-ren eta, adibidez, Imanolen heriotzatik hamar urtera Pausokak eta ETBk egin zuten Imanolen ausentzia dokumentalaren artean.

Ezagutzen dut dokumental hori, nahiko ondo dago…

… paradoxikoa iruditu zait kontu bat: benetako gertakariak eta artxibo irudiak oinarri dituen lan horren aldean, beste maila bateko egia erakusten duela nobelak.

Uste dut Antonin Artaudek esaten zuela: “Inoiz ez erreal, beti egiazko”. Errealitatearen eta egiantzekotasunaren artean nire hautua garbia da. Gainera, errealitatera zenbat eta gehiago hurbildu, niretzat ez du interesa irabazten. Gauza faktikoek, niri behintzat, ez didate hainbeste balio literaturarako. Gehiagorako balio dit pertsona batek kontatutako historia bateko sujerentziaren ondorengo espekulazioak, hori da nire terrenoa, ni hor nago gustura, horrek ahalmentzen dit batzuetan urruntzea eta beste batzuetan gerturatzea, kasu honetan benetako Imanolengana. Hor dagoen transferentzia ez dut inoiz bizi izan horrela: zure pertsonaiaren eta zure arteko transferentzia, berak zer ematen dit niri eta nik berari zer; elkarren arropa mailegatuekin gabiltza.

Borrokarako tresna gisa ulertzen du musika hasieran ikusten dugun Imanolek. Baina gero aldatu egiten da, musikari izan nahi du.

Bitxia izan zen eboluzioa: Parisen erabat aldatu zen egiten zuenarekiko ikuspegia; interesgarria da nola iritsi zen horra, hainbat jende oso klabe ezagutu zuelako eta lagundu ziotelako bide horretan. Zeren badirudi artistak bere bakardadean deskubritzen duela dena, baina jendearekin hitz eginda konturatzen zara nola ezagutu zituen hainbat pertsona eta nola erakutsi zioten bidea, lagundu zioten, aholku onak eman zizkioten: Paco Ibañezen kasua edo Martinarena, adibidez [liburuan Tatiana du izena Imanolek Parisen ezagutzen duen emakumeak]. Artistaren bakardade mitiko hori desegin nahi nuen, argitu nahi nuen konstrukzio horren ingurunea, itzalean geratzen dena.

Deigarria da Arakisen, alegia, Yoyesen hilketa nola kontatu duzun, rewind efektu horrekin. Asko pentsatu zenuen eszena hori nola idatzi?

Beharbada liburuko esperimentu estilistiko bakarra da, txundigarria izan daitekeen bakarra. Buelta asko ematen nizkion disko, kasete, rewind, auto-reverse, A aldea, B aldea, intro… horrelako gauzei. Nahi nuen horrelako gauzek nobelaren estrukturan isla izan zezaten, eta ikusi nuen horretarako momentu bat, non zentzua eduki zezakeen. Yoyesen hilketa izan da momentu klabe bat azkeneko 40 urte hauetan. Nik 11 urte neuzkan eta gogoratzen dut, atzo izan balitz bezala, etxeko sukaldean Mariano Ferrer entzuten ari ginela irratian. Baina ez dakit nola iritsi nintzen nobelako momentu horretara: bi edo hiru aste lehenago Anjel Katarainekin izan nintzen Ordizian, gora eta behera ibili ginen plazan, eta agian hor sortu zen, ia-ia oinez ibiltzearen mugimendu horrekin. “Hau gertatu zen, baina gerta zitekeen ez gertatzea”, pentsatu nuen. “Eta zenbat jendek desioko lukeen ez gertatu izana”. Bueltaka aritu nintzen horrekin, sartu nahian hor tartean ibili ziren horien buruetan. Eta horrela iritsi nintzen modu horretan kontatzera. Momentu batean pentsatu nuen kentzea ere, edo beste era batera kontatzea, baina orain konturatu naiz jende asko horrekin geratu dela. “Ezin diozu eskatu jendeari liburu bat bi aldiz irakurtzeko, baina zuk eman diezaiokezu testua bi aldiz”, pentsatu nuen. Zergatik ez? Zergatik egiten dugu hain esperimentu gutxi? Batzuetan gure burua lotzen dugu. Gehiegi. Eta egia esan, oso gustura ibili nintzen efektu hori bilatzen, aurrerantz eta atzerantz berdintsu baina oihartzun diferenteekin funtziona zezaketen esaldi batzuen bila. Hori Getarian idatzi nuen, pentsatzen nuenean nobela bukatzen ari nintzela, baina…

Izan ere, liburu hau iazko espero genuen.

Nik ere bai [barre egin du]. Uztekotan ere egon nintzen. Askotan hitz egiten dugu frakasoari buruz, oso polita da —“frakasatu berriz, frakasatu hobeto”, Samuel Beckettek zioen moduan—, baina benetan frakasatzen ari zaren sentimendua daukazunean, kosta egiten zaizu proiektuak abandonatzea. Baditut pare bat utziak eta hau ere izan zen horietako bat, albo batera uzteko arriskua izan zuena. Gero indarra eman zidan pentsatzeak, hainbeste jenderekin hitz egin ondoren baneukala zor bat —nahiz eta hitz egiten ari nintzen horietako batzuei paradoxikoki susmoa neukan ez zitzaiela gustatuko egiten ari nintzena—.

Hori sentitu duzu? Elkarrizketatu duzun jendeak ez duela gustuko izango?

Gustuko izan baino, jendeak historiak kontatzen dizkizunean espero du kontatu dizkizun historia horiek berak topatzea liburuan. Eta ni saiatzen nintzen adierazten hau nobela bat zela. Baina alferrik da, jendeak kontatu dizuna ikusi nahi du, logikoa da; eta beharbada ikusiko dute, baina ez espero duten moduan. Oso gertutik ezagutu zuen jendeak eta, batez ere, oso momentu zehatzean ezagutu zuen jendeak, oso presente dauzka oroitzapen eta gertaera batzuk, baina klaro, 40 urteko ibilbidean momentu diferentetan ezagutu zutenekin hitz eginda, oso gauza desberdinak ere kontatzen dizkizute. Nire lana zen hori dena gobernatzea. Eta horrek, fikzioaren mutazioarekin batera, sortzen ditu gertutik ezagutu zutenengan sentsazio batzuk, esateko modukoak “hau ez zen horrela izan”. Pagatu beharreko peajea da.

Joseba Sarrionandiaren ihesa da oroimen kolektiboan leku inportantea daukan beste pasarte bat. Baina hori beste era batean kontatu duzu.

Liburua argitaratu aurretik irakurri zutenek esan zidaten: “Sarrirena kontatu duzu oso… Ez da... Gehiago espero nuen”. Ahalegin deliberatua izan zen, oso heroizatua izan den pasarte bat beste optika batetik kontatzeko. Ihesaldi horrek badauka bere kanta, bere legenda, bere idazle atzerriratua… Zer ekar nezakeen hor? Egin nezakeen gauza pelikulero bat, Alcatrazeko ihesa-ren estilokoa edo batere espektakularra ez den beste modu hau. Baina iruditzen zait badela gertaeretara gehiago hurbiltzen den zerbait, imaginario popularrean dagoen Sarriren ihesa baino.

Donostiarekin kontu garbitze bat ere badago nobelan? “Ogerleko bat balio ez duen katedral neogotikoa” bezalako esaldiak irakurri ditugu…

Narratzaileak dio hori, baina sinatuko nuke. 28 urte daramatzat Donostian bizitzen, baina ni hona iritsi nintzen 13-14rekin. Adin konplikatua da hiri baten lagun izateko: beti izan dut sentsazio hori, Donostiarekin maitasun-gorroto harremana daukadala. Hiri ederra da, ukaezina da, baina ba al daukagu federik hiriaren ederrean? Zu joaten zara Santiago de Compostelara —duela bi aste egon nintzen— eta ez dago ezer, ez dago noriarik, ez dago kaleko posturik, ez dago ezer. Hiria dago, bere jendearekin eta bere bibrazioekin. Eta esaten duzu: “Ze ondo”. Ez du ezer behar, hiria da eta biztanleek badute hiriaren baitan fedea. Eta sentsazioa daukat Donostiak, askotan, daukan eder horretan ez duela adierazten duen fedea, akonplejatuta ari garela konplementuen bila.

“‘Gerra dinamika’ esan liteke eta ados egon. ‘Jendea hil’ esatea, zailagoa da hori”. Zer pentsatua ematen du esaldi horrek, eufemismo batzuek izan ditzaketen ondorio terribleez. Gatazkak zeharkatzen duen nobela da hau, zein da hitzen zeregina horrelako egoera batean?

Oso gai inportantea da niretzat eta beharbada gutxietsi egiten dugu, adibidez Imanoli ETAko beste kide batek esaten dionean: “Ez duk bada pentsatuko gitarrarekin bakarrik urrutira iritsiko garenik, ala?”. Hor badago egia terrible bat: historiak demostratzen duela gitarrarekin bakarrik ez zarela urrutira joango. Eta gero dago ideal humanista bat, sarri defendatzen duguna, baina paretaren kontra jotzera eramaten gaituena: bi bide horien artean, nor den errealista eta nor den xaloa, eta zein den errealistegi edo xaloegi izatearen ondorioa, hor dago eguneroko bizitza eta historiaren garapena. Eta hori ez artikulatu izana, gure eztabaida pobrea izan izana, okerreko hitzekin gauzatu izana, testuinguru askotan, hori garesti ordaindu dugu. Baina hori tradizio humanista eskas baten emaitza da. Euskarak ere hor egin dezake bere ekarpena: tradizio humanista horren xehetasunetara iritsi ahal izatea euskaraz. Eta ez dakit hori zenbateraino erabiltzen ari garen.

Honekin lotuta, nola ikusten duzu azkenaldian gure kultur-giroa?

Azkeneko Durangoko Azokan egin dut ia inoiz egin ez dudana: han egon naiz ia egunero, goizez eta arratsaldez. Eta konprobatzeaz aparte funtzionatzen duela “to sell or not to sell” [saldu ala ez saldu] horrek —alegia, han egoteak saltzen duela—, konturatu naiz belaunaldi askoz ere gazteago bat ari dela irakurtzen eta liburuak erosten. Niretzat berria izan da. Orain arte ez dut bizi izan errelebo-sentsazio hori, 25 urteko jendea liburuak erosi eta erosi, eta horrek poztu eta harritu egin nau aldi berean.

Gauzak dauden moduan, ez dirudi erraza hori gertatzea, ez.

Iván de la Nuezek argitaratu du liburuxka polit bat, Teoría de la retaguardia [Atzeguardiaren teoria] eta esaten du multikulturalismoa saldu digutela globalizazioaren kontrako erreakzio bezala, baina multikulturalismoa izan dela globalizazioaren barruko fase exotikoa, eta hori bukatu da. Eta iruditu zitzaidan esaldi bat, lapidarioa bezain egiazkoa: hizkuntza txikien eta kultura txikien ikusgarritasuna —hain modan dagoen hitza—, ekosisteman betetzen dugun edo bete uste izan dugun lekua, oso auzitan dago. Arrabola ikaragarria pasatzen ari da gainetik eta horrek eskatzen du erresistentzia heroiko bat, guri ez zaiguna arrotza, entrenatuta gaude, baina hor ikusten dut orain ere euskal kultura. Kalitatez eta kantitatez oso osasuntsu, beharbada inoizko osasuntsuen, Gorka Arresek esan ohi duen bezala, baina gure artikulazioa, parametro estrukturaletan, ez dago askoz indartsuago. Askotan burbuiletan bizi gara eta iruditzen zaigu gauzak hobetzen doazela, baina gero “mundua zabala eta arrotza da”, Sarrionandiak esaten zuen bezala. Bada adi egotekoa. Eta hizkuntzarekin, badaukat sentsazioa… Nik gaztelaniaz gauza asko egin dut tarteka, gauzak itzuli-eta, eta ez dakit hori dagokidan. Atzera egitea eskatzen dit gorputzak.

Ze zentzutan?

Ez dakidala zentzurik badaukan nire liburua, orain ari naizen bezala, gaztelaniara itzultzeak. Eta sinetsi izan dut hogei urtez baietz. Baina orain… euskal sortzailea naizen heinean, ez dakit zergatik egiten dudan hau. Gaztelania ere nire hizkuntza da, bai. Badago hemen gaztelaniaz bizi den komunitate bat, bai. Literaturzaleak dira, bai. Kanpoan ere norbaitek irakur dezake, bai. Baina lau parametro horien batura ez dakit nahikoa den ni, euskal idazle bezala, nire liburua gaztelaniara itzultzen jartzeko. Ez dakit denbora galera bat ez ote den. Ez ote nukeen aritu beharko gehiago euskaratik eta euskarara emana.

Gai problematikoa izan behar du, idazle izatea ofizio duzunean.

Eskizofrenia bat dago hor, badago idazle subordinatu sentiarazten zaituen dinamika nahiko perbertso eta sotil bat. Eta ez dakit prest nagoen dinamika horretan jokatzeko.

 

Bilaketa