literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Lander Arretxea
Argia, 2017-12-24
[iturburua]
Eider Rodriguez:
«Literaturarekin ukitu eta zauritu ez ditugun lurralde asko daude oraindik»

Sei ipuinek osatutako Bihotz handiegia (Susa) liburua argitaratu du Eider Rodriguez idazle errenteriarrak. Aurrez landutako tonutik asko urrundu gabe, konbikzio berrituekin idatzi ditu ipuinok. Dagoeneko asko egin dituela-eta, bestelako elkarrizketa osatzen ahalegindu gara; eta lortu ere, lortu dugula esan digu.

Ez dira oso serio hartu behar idazle batek aurkezpenean esandakoak, baina nonbaitetik hasi behar: Bihotz handiegiarekin idaztearen plazera berreskuratu omen duzu.

Denbora asko egon naiz fikzioa idatzi gabe eta beldur pixka bat banuen: eskua galdu izana… Tarte horretan askotan galdetu diot nire buruari: “Idatzi, zertarako?”. Baina behin hasita, konturatu nintzen baietz, oraindik ere gustatu egiten zaidala, eta gauzak gertatzen zaizkidala idazten dudanean.

Lehenengo liburuetatik hona asko aldatu zaizkizu “zertarako” galdera horren erantzunak?

Apur bat bai. Oraingo honetan idatzi dut ni arduratzen nauten gauzei buruz, eta ez horrenbeste nire ustez besteei gustatuko zaien gauzei buruz. Lehenengo liburua azken finean beti da abentura bat, idazle izatea zer den ezagutzea eta abar. Gero bigarrena eta hirugarrena bai izan ziren nolabaiteko inertzian idatziak; eta uste nuen geldialdi luzeago hau kalterako izango zela. Baina iruditzen zait ezetz, konbikzioak indartu ere egin zaizkidala. Gauza asko dauzkagu guk, eta dauzkat nik, kontatzeko eta idazteko. Lurralde eta espazio asko ez ditugu literaturarekin ukitu, zauritu edo zabaldu oraindik. Gainera ni bezalako norbaitengan —adin jakin batekoa, genero jakin batekoa, lurralde jakin batekoa…— gurutzatzen dira hainbat eta hainbat ardatz interesgarriak izan daitezkeenak, edo behintzat beste ikuspegi batetik begiratzeko balio dezaketenak. Zentzu horretan, indartuta idatzi dut, ikuspegia zabalduta.

Bihotz handiegia ipuina da luzeena. Ohikoa da izenburura ipuin bat eramateko joera, eta oker ez banago, hala egin duzu zuk liburu guztiekin. Alferkeria da, edo ondo biltzen du izenburuak bestela ere liburuaren muina?

Badago nire ezin edo herren bat, izenburuak jartzeko zailtasun bat, bai. Asko kostatzen zait, baita besteen izenburuak ondo ulertzea ere. Baina beste plano batean, liburu osoaren tonua biltzen dute bi hitz horiek. Gaixotasun edo akats bati egiten dio erreferentzia; baina aldi berean bihotzak okzidentean duen maitasunarekiko lotura dago; eta gainera, “handiegia” horrek egokitasun falta ere adierazten du.

Ipuinotako pertsonaiek nork bere buruari nekez aitortzen dizkion desirak eta pentsamenduak dituzte, baina zaila da nolabaiteko enpatia ez sentitzea. Halako pertsonaiek erakartzen zaituzte eta ezin diezu iskin egin, edo bada hautu bat horren atzean?

Nik uste dut haiek aurkitzen nautela ni, baina bizitza errealekoak ere halakoxeak gara. Inguruan dugun pertsona anodinoenak ere halako batean harrituko gaitu auskalo zerekin. Ez zait iruditzen, beraz, liburuko pertsonaiak ez-ohikoak direnik: denak bezain arraro eta sinple dira. Baina, agian, momentu txar edo ez-ohiko batean harrapatu ditut.

Esplizituki azaltzen da batzuetan, besteetan ez, baina ipuin asko daude zure errealitate gertukoenean kokatuta. Geografikoki behintzat: Donostia, Hendaia, Errenteria…

Iruditzen zait egon dela euskal literaturan ihes egiteko joera bat: gureak bezalako izen-abizenak dituzten pertsonengandik, gu bezalako jendea bizi den herrietatik… Vancouverreko Alice, auskalo nongo Jack… Gure izenekin, gure herrietan, gureak bezalako problemak dituzten pertsonen berri eman nahi izan dut nik. Errealismo horrek asko erakartzen nau: gure miseriak beste zerbaitetan bilakatzeko aukera horrek plazera ematen dit.

Zazpi urte joan dira Katu jendea argitara eman zenuenetik. Tartean, Joseba Sarrionandiaren obra eta itsasoarekin duen harremana aztertu dituzu doktorego tesian. Izan du lan horrek eraginik ipuin hauetan?

Neurri batean bai. Hiru urtez beste idazle baten obrari begira aritzeak ematen dizu perspektiba bat: zure lanarekiko, hizkuntzarekiko, bizi zaren tokiarekiko… Horrek onerako eragin dit. Aldi berean, beldurra galdu diot huts egiteari. Oso denbora laburrean idatzi behar izan nuen tesia, egunero aurreratuz… Beste helburu eta erregistro batekin aritzen zara bai, baina muskulua indartzen lagundu didan gimnasia ariketa modukoa izan da, hala ere.

Zinema ikasketak egindakoa ere bazara. Ikus-entzunezko lengoaiaren ezaugarrietako bat bada pentsamendu edo gogoetak ekintza eta irudiekin erakustea. Literaturan gogoetei hitzak jartzea errazagoa izan arren, zuk ere maiz jotzen duzu irudietara.

Pertsonaien hausnarketa intelektualek pisu handia duen literatura horrek, pentsamenduaren literaturak, asko aspertzen nau. Horretarako nahiago dut saiakera irakurri. Zinemak, orokorrean, beste bide bat hartzen duela egia da, baina baita idazle askok ere: Ameriketan, atlantikoaren beste aldean, ekintza eta dialogoen bidez kontatzen da nagusiki, eta ni ere hor nago erosoen.

Gorka Arrese Susako editoreak esan duenez, idazle gisa hazi zarelako daude liburu honetan aurrekoetan baino ipuin luzeagoak.

Oraingo honetan, ipuin batean kontatu nahi izan ditut istorio bat baino gehiago, eta horrek berez dakar espazio gehiago behar izatea. Kontatu nahi nuena kontatu nahi nuelako atera dira orri gehiagoko ipuinak. Azkeneko ipuinaren abiapuntua da ama batek alabari esaten diola dituen eskuak ez direla bereak. Horrekin egin zitekeen ipuin labur eta efektista bat, baina ez zen hori nik kontatu nahi nuena. Gauza gehiago nahi nituen esan edo erakutsi: bi gorputzen arteko distantzia, ama eta alaba zenbat urrundu ziren, biek ala biek, oso modu desberdinean bada ere, euren jatorritik urruntzeko hartutako joera.

Bide batez: ez da Arreserekin lan egin duzun lehenengo aldia, baina Susan editatuko duen azkenetakoa izango da Bihotz handiegia. Nola izan da prozesua?

Erraza izan da. Oso presente egon da, baina gainean egon gabe. Berak errespetatu du nire erritmoa eta esango nuke nik ere berea errespetatu dudala. Bera ere, ni bezala, mejoratu egin da adinarekin, eta oso ondo ulertu dugu elkar. Barre asko egin dugu bidean, eta nire momentu neurotikoenetan ere jakin du ni lasaitzen. Pena handia dut Susako editore lana utziko duelako, egia esan.

Orain gutxi gorputzek Bertso Txapelketa Nagusi honetan izan duten garrantziaz idatzi duzu. Zure ipuin hauetan ere gorputzak oso presente daude.

Beltzek idatzitako literatura asko irakurri izan dut, bereziki Txalaparta argitaletxean lanean aritu nintzen garaian, eta idazle beltzek asko egiten duten zerbait da gorputzari buruz idaztea. Usainak, formak… Emakumezkoek bereziki. Nik uste dut badagoela hor norbera ukitu, usaindu eta paperera eramanez besteentzat ere ukigarri, alegia ikusgarri, egin nahi bat. Nire kasuan ez da nahita egindako zerbait izan, baina a posteriori konturatu naiz baietz, gorputzen deskribapenek, haiekin jolasten duten pertsonaiek, tokia dutela liburuan. Liburuaren azalak ere ondo ordezkatzen du hori.

Egia da euskal literaturak ipuin-liburu ugari eman dituela, baina badirudi oraindik idazle batek ez duela pauso definitiboa eman nobela bat idazten duen arte. Zuk ipuingiletzat duzu zure burua?

Nik belarri hobea izango banu agian idatziko nuke poesia, edo kalakariagoa banintz, nobelara joko nuke akaso. Baina agian nire ezaugarri pertsonaletara eta nire bizi baldintzetara ondoen egokitzen den generoa ipuinarena da. Ez da ez hobea, ezta okerragoa ere. Egia da ez duela nobelaren prestigio bera, baina beste aukera batzuk eskaintzen ditu. Irakurri denetik irakurtzen dut, hori bai. Horretan ez naiz batere zurruna.

Saiakera idazten ez, baina sustatzeko lanean bai ari zara, Eskafandra bildumaren bidez.

Kultur munduko lau lagun hasi ginen hasieran biltzen, asmo jakinik gabe, kultura, euskara eta feminismoa uztartzen zituzten zenbait kezka konpartitzeko. Taldea handitu zen pixkanaka, eta azkenean hortik atera dena izan da bilduma bat, guretzat feminismoan erreferentziazkoak izan daitezkeen liburuak euskarara ekarri nahi dituena. Baina erronka ez da hori bakarrik: liburu horien sustapena egitea eta haietan dauden borrokak gureekin uztartzea ere bai. Gaur eta hemen eragiteko bokazioa du, mundua pentsatzeko bideak proposatzekoa. Silvia Federiciren Caliban eta sorgina atera dugu oraintxe, eta sekulako liburua da, ni asko markatu ninduena.

ETBtik kendu duten Sautrela literatur saioko taldean ere hartu zenuen parte. “Analfabetismo kulturala bultzatzen ari dira, arrakasta handiz, gainera”, esan zenuen Berrian.

Debaluatutako esparrua da literaturarena, eta hori ez da bakarrik naturalki gertatzen. Badaude erabaki batzuk, egunero modulatzen gaituztenak. Literatura ez interesatzeko bezala modulatu nahi izan gaituzte, eta horren ordaina da daukaguna. Kultur politika nefastoen ondoriozko hau. Suizidio komunitario eta programatu bat da, ez bakarrik literaturarekikoa; kulturarekikoa eta hizkuntzarekikoa ere bai. Haserretu egiten naiz gai honekin.

 

Bilaketa