Solasean
Ezustean egokitu zaion bolada gogor bateko sentimenduak, gogoetak eta “egia txikiak” bildu ditu 'Joan da negua' liburuan, “ilunduran” baina beti “argi bati begira” idatzitako poemetan.
Gaur egun Ziburun (Lapurdi) errotuta sentitzen bada ere, deserrotzearen sentimendua barneraino sartua duela dio Mikel Ibargurenek (Zestoa, Gipuzkoa, 1967), eta horixe duela poesia idazteko akuilu, hots, bere buruari bestela egingo ez lizkiokeen galderak egiteko bultzada. Hemen gauak lau ertz ditu (Susa) liburuarekin egin zuen estreinaldia, 1996an, kartzelako bizipenetan oinarritutako poemak plazaratuz, eta laugarren poema liburua kaleratu du orain, Joan da negua (Susa).
Joan da negua izenburua ezarri diozu liburu berriari.
Gabriel Arestiren “joan zen uda, eta negua heldu da” esaldia gogoan harturik, neguarena metafora nahiko pertinentea iruditu zitzaidan, hitz joko bat eginez niretzat negua joan dela adierazteko. Zea Maysen Negua joan da-ta abesti hunkigarria entzun nuen gero, eta azkenean metafora ezin hobea bihurtu da nire barruan gertatu den guztia adierazteko.
Izenburuak aipatzen duen negu horretan poetak gertakari gogorrei aurre egin behar izan die.
Gertaera gogorrak gertatu zaizkigu familian azkenaldian, aitaginarrebaren eta aitaren heriotza horien artean. Horretaz gain, beste eritasun batzuen ondorioak ere jasan ditugu etxean. Poema liburuaren sustrato bat abiatua nuen lehendik, baina gertakari horien ondoren sentitu nuen horren inguruko neure egia idatzi behar nuela. Ez hizki larriz idatzitako egia, neure egia txikiak baizik. Neguarena beti izan dudan kontzeptu bat da, negu luze, gogor eta ospelarena, udaberriaren eta udaren bizipozarekin kontrastean. Baina gertaera gogor horien ondoren, nire egia txikiak kontatu behar nituela pentsatu nuenean, horiek neguaren kontzeptuarekin lotzen hasi nintzen, eta izenburu hori hautatu. Zea Maysen abestia behin eta berriz entzuteak erabakia indartu zuen.
Minbizia eta erietxeak agertzen dira, tarteka, poema batzuetan…
Erietxeetako itxarongeletan egon beharra izan dugu, minbiziarekin zerikusia duten hiztegiak ikasi behar izan ditugu, eta neure ikuspegitik kontatu nahi izan dut benetan gertatu zaidana. Ilun-orduetan edo ilunduran idatzitako liburua da, baina beti argi bati begira, ortzemugari begira. Gertaera gogorrak izan ditugu eta argi horren beharra izan dut.
Heriotzak ere presentzia handia du.
Nire poetikan beti agertzen diren gogoetak eta sentsazioak agertzen dira liburuan: deserrotzea, bizitza, maitasuna, heriotza… Baina egia da liburu honetan heriotzak indar berezia hartu duela. Azken finean, ulertu dudalako heriotzari buruz hitz egin behar dela bizitzari buruz hitz egiteko, bizitza ezin delako ulertu heriotza ulertu gabe. Heriotzaren irudia beste begi batzuekin ikusi dut orain, gertatu zaizkigunek oso inpaktu handia eragin dutelako niregan. Heriotzaren irudia pixkanaka errebelatzen doan argazki baten antzekoa da, gero eta gardenagoa ikusten joan naizena. Horrela sentitu dut. Dena den, liburua ez da soilik heriotzaz. Heriotzari buruz ari naizenean azken batean bizitzaz ari naizelako, aurkia eta ifrentzua direlako, bata bestearen osagarri.
Gizakiaren eta gizartearen inguruko gogoetarik ere bada.
Oinarri ekonomizista eta produktibista duen egungo jendartearen egoeraz ere idatzi dut. Nire ikuspuntutik, neure subjektibitatetik, bakardadea, zoriontasuna, denboraren joana eta gisako kontzeptuek zer esan nahi duten azaltzen saiatu naiz; zer balio duten eta zer balio izan beharko luketen-edo aletzen. Gaur egungo jendartean hustuta erabiltzen diren kontzeptuak dira, axalkerian eta errazkerian, oso arrunt bihurtutakoak. Kontzeptu horietan sakontzen ahalegindu naiz. Neure buruari egindako galderak dira poemak. Poesia horretarako erabiltzen dut. Beste era batera neure buruari egiten ez dizkiodan galderak egiteko baliatzen dut poesia, eta bizi dugun krisialdiaz eta gizartearen egoeraz ere hausnartu dut.
Deserrotzea izan duzu beti, zuk askotan adierazi izan duzunez, sormenerako akuilu eta motore.
Deserrotzearena aspaldidanik barruan txertatua daukadan bizipena da. Sorterria eta bertako adiskide eta lagunak utzi beharra deserrotze handia izan da beti niretzat. Gero ikasi dut jaioterritik aldenduta bizitzen ere, baina deserrotzearena oso barneratuta dudan sentimendua eta ideia da. Gerora, deserrotze hori garatzen ere joan da, eta gaur egun gizaki gisa gero eta deserrotuago sentitzen naiz gaur egungo gurpil zoro honetan. Gero eta inkonformistago. Azken batean, gizaki ahul baten ikuspuntutik idatzitako sentsazio bat ere bada. Gizaki huts gara, hezur eta azal besterik ez, eta eman behar auskalo zer garela! Gizakiarekin berarekin ere, geure espeziarekin ere, ez nago batere konforme. Naturaren barruan beste elementu bat izan beharrean, gizakiak guztiaren erpinean ezarri du bere burua, naturatik erabat alde egindako ikuspegi batekin. Horrek ere sekulako deserrotzea sentiarazten dit, eta hori gero eta indar handiagoaz agertzen da nire poemetan.
Bigarren pertsona erabili duzu poema askotan.
Idazten dudanean beti dut presente, edo orain artean hala izan da behintzat beti, zu bat. Zentzu hertsian, maite dudan pertsona hori da, neska-laguna, baina horrek ez du esan nahi hura bakarrik denik zu hori. Irakurlea ere nire paperean jar dadila nahi dut, poeman zu irakurtzen duenean, enpatia senti dezala.
Lau atal ditu liburuak, baina atalek ez dute izenbururik; ezta gai , estilo edo bestelako elementu bereizgarririk ere.
Hasten naizelarik, nahi izaten dut hasi eta buka dena bat izatea poema liburua, eta gainera saiatzen naiz hari bat ematen, gorputz bat izan dezan, continuum bat izan dadin. Oraingo honetan inoiz baino ahalegin kontzienteagoa egin dut horretarako. Gaiak nire poemetako betiko gaiak badira ere, saiatu naiz aurreko liburuetan aipatzen nituen gaiei inoiz baino sakontasun handiagoa ematen. Hasiera eta bukaera bat ditu, eta kontziente bilatutako zerbait da hori. Ez nuen beste liburu bat gehiago idatzi nahi, benetan liburua egin nahi nuen, eta emaitzarekin oso gustura geratu naiz.
Zer leku hartzen du, zeure ikuspegitik begiratuta, zure obraren barruan?
Lehendabiziko liburua idatzi nuenean, duela 15 bat urte, ez nuen batere kontzientziarik liburua idazten ari nintzenik ere. Bigarren eta hirugarren liburuarekin kontzientzia hori pixkanaka garatuz joan da, baina liburu honen kasuan erabat kontzientea izan naiz liburu hau egin nahi nuela, eta nire egia horiek edo gure ideia horiek azaldu, nire bizipenak literaturara ekarri. Liburu hau eskuetan dudala, aurreko hirurak honen zirriborro gisa sentitzen ditut. Haiek gabe, hau ez zen izango. Haiek ekarri naute honetara, liburu honen hiru osagarri izango balira bezala. Aurreko liburuak zirriborroak direla sentitzea ona iruditzen zait, bilakaera bat dagoela erakusten duelako; egin nahi nuena kontzienteki egin dudalako eta horrek betetzen nauelako. Egunen batean hau ere zirriborro bilakatzen baldin bada, hori ere seinale ona izango da.
Horretarako bidean, hasia zara beste zerbait idazten?
Ez. Betealdia dudanean, horretara jarri eta idatzi egiten dut, baina orain barrenak askatuta eta erabat hustuta sentitzen naiz. Nik ez dakit barruko bulkada edo zera hori sentitu gabe idazten, ez dakit idazteagatik idazten. Oso biologikoki sentitzen dut idaztea, eta gainera sentitzen dut gorputz osoarekin idazten dudala. Liburuan ere presentzia handia dute gorputzak eta gorputzaren atalek, liburua ez da soilik buru-bihotzez idatzia. Ez nintzen esaten ausartzen, baina beti sentitu izan dut Haruki Murakamik esaten duena, pentsatzea eta idaztea gorputz osoaren ariketak direla.